|
Poema xipiak laxoan
XXVI
Behartuen begiak
Ha! jakin nahi duzu zergatik zitutan egun hastiatzen. Horren entzutea eni zuri argitzea baino nekeago izan zaizuke; ezen, uste dut, emaztetan aurki daitekeen hartze gabeko behazun ederrena zira. Elgarrekin egun luze bat iragana ginuen laburra iduritu zizatana. Elgarri ontsa hitzemana ginuen gogoeta guziak bienak ukanen ginituela, eta gure bi arimek hemendik goiti etzutela bat baizik eginen; —berri denik ezer eztuen ametsa, ororen buruan, hau ezpada, gizon guziek amestua izanik ere, batek eztuela gauzatu. Arratsean, apur bat akitua, jarri nahi ukan zinuen edandegi berri baten aitzinean karrika handi berri-berri baten izkina bazegiena, hunek, oraino legarrez bete-betea, bere ospe bururatugabeak lorioski erakusten baitzituen. Edandegiak dirdiratzen zuen. Gazak berak hastapeneko sukar hura hedatzen zuen, eta bere indar guziaz argitzen zituen xuriz dirdiran zauden harresiak, mirailen oihal lilluragarriak, xiri eta harlatxen urreak, hedekilako xakur batzu bazeramatzaten nerabe matela biribilduak, andereak ukabilaren gainean zadukaten mirotzari irriz, ninfak eta jainkosak buruan fruitu, orhaki, basa-ihizikiekin, Hebe ’ta Ganymede batzu besoa luzatuz anfora xipi hormakidunaren eskaintzen edo hormaki nahastekatuekilako harrixut iduri kolore bietakoaren; ixtorio guzia eta mithologia guzia tripuntzikeriaren zerbitzuan ezarriak. Gure aitzinean zuzen, galzadan, berrogei bat urteko gizon gaizo bat bazagon zutik, aurpegia akitua, bizarra urdintzen hasia, esku batez bazadukala mutiko xipi bat eta bazekarrela bertze besoan ibiltzeko ahulegi zen haurño bat. Sehiaren lana egiten zuen eta haurrer arratseko airea harr-arazten. Guziak phildetan. Hirur aurpegi horiek ezin gehiago serios ziren, eta sei begiak edandegi berriari itzatuak zauden miresmen berdin batekin, baina adinaren araura. Aitaren begiek zioten: «Zein ederra den! zein ederra! iduri du munduko urre guzia harresi horietan jartzera jina dela.» — Mutiko xipiaren begiek: «Zein ederra den! zein ederra! baina bakarrik gu bezalakoak eztiren jende batzu sartzen ahal diren etxea da.» Xipienaren begiak aldiz, sobera lilluratuak ziren bozkario zozo eta barnatu batez bertze gauzarik erraiteko. Kantu egilek diote atseginak arima ontzen duela eta bihotza guritzen. Arrats hartan kantuak arrazoin zuen, nihauri zoatanean. Enintzan bakarrik begi familia hortaz hunkia, baina sendi nintzan gure baso eta pitxerrez, egarria baino handiagoez, apur bat ahalgetua. Ene behakoak zuren gana itzuli nituen, maite maitea, hetan neure gogamenaren irakurtzeko; zure begi hain eder eta hain bitxiki eztietan murgildu nintzan, zure begi ñabarretan, Burukeriaz beteak eta Ilargiaz esondatuak, erran zinautanean: «Jende horiek ezin jasanak ditut bere begi athe handiak bezala idekiekin! Etzinezakea edandegiko nagusia hemendik urrun-araz ditzan othoitz?» Hain da elgar entzutea neke, aingeru maitea, eta gogamena hain entzun-araz ezina, elgar maite duten jenden artean ere!
Poema xipiak laxoan |