|
Poema xipiak laxoan
V
Ganbara bikuna
Ametseria bat iduri duen ganbara bat, ganbara bat zinez izpirituduna, han gelditua dagon airea arinki gorraxtaz eta urdinez margoztatua baita. Han arimak auhertasunezko mainu bat hartzen du, urrikiak eta gutiziak usainontzen dutena. — Zerbait ilunabarreko, urdinaran eta gorraxtaran; atseginkeriazko amets bat iguzkiaren itzalaldi batean. Mublek molde luze batzu dituzte, eroriak, gurituak. Mublek ametsetan iduri dute; erran laitezke lotarik dabilanaren biziarekin, landaretzea eta lurkia nola. Oihalek hizkuntza ixil bat mintzo dute, liliek nola, zeruek nola, iguzkiek etzaterakoan nola. Murruetan ederlaneko itsuskeriarik batere. Amets hutsaren ondoan, aztertu ezten iduripenaren, ederlan garbia, ederlan zinezkoa blasfemio da. Hautu ezin hobeko usain on izpi bat, heze arin-arin batekin nahasia, badabila aire hortan, izpiritua erdi-lotan landaretegi bero bateko sendimenez leriatua denean. Musulinaren euria nasai leihoen eta ohearen aitzinean; elhur uhainetan ixurtzen da. Ohe horren gainean etzana da Jainkosa, ametsetako erregina. Baina nolaz da hemen? Nork ekharri du? zein mixteriozko botherek du ametseria eta goxatasunezko tronu hortan ezarri? Horra bada ilunabarra zilatzen duten garrekilako begi horiek; mirale xorrotz eta izigarri horiek, duten maltzur lazkarritik ezagutzen baititut! Bereganatzen dute, azpiratzen, beha dagozkien zuhurtziagabeari behakoa iresten. Usu ikertuak ditut, ikus-nahia eta miresmena manatzen dituzten izar beltz horiek. Ha! zein debru ongi-nahiari zor daukot horrela mixterioz, ixilez, bakez eta usain onez inguratua izaitea? Oi dohatsutasuna! ohiki bizia deritzogunak, duen hedamen zoritsuenean ere, ezer eztu berdinik orai ezagutzen dutan eta minutaz minuta, zekundaz zekunda atseginekin hartzen dutan bizi goien horrekin! Ez! ezta gehiago minutarik, ezta zekundarik! Aroa joan da; Betikotasuna da errege, goxatasunezko betikotasun bat! Baina ukaldi izigarri, phizu batek jo du athean, eta, ifernuzko ametsetan bezala, aitzur ukaldi batek golkoan joiten ninduela iduritu zata. Eta Mamu bat sartu da. Uxer bat da legearen izenean oinazkatzera heldu zatana; ohaide ahalgegarri bat da miseriaz oihu egitera heldu eta bere biziko zirtzilkerien emaitera enearen oinazen gainera; edo egunkari bateko buruzagiaren laster-mutila ezku-izkirio baten jarraipenaren eskatzera. Parabisuzko ganbara, jainkosa, ametsetako erregina, Zylfida, «Rene» handiak zion bezala, mira hori guzia Mamuak jo duen ukaldi abrean ezeztatu da. Zer laztea! orhoit niz! orhoit niz! Bai! Atherbeska hau, betiereko aspertzearen egoitza hau, enea da ba. Huna muble zozo, erraustu, markestuak: khebidea surik eta itxindirik gabe, thuz zikindua; euriak errautsean marrak utziak dezteen leiho trixteak, esku-izkirioak, zirri-marraturik edo ez bururatuak; izkiriatzekoak hartan egun ilunak marratuak dituen almanaka! Eta bertze mundu bateko usain on hura, hartaz burxoratzen bainintzan sendikortasun xorroxtu batekin, ondikotz! nik dakita zer mutzidura higungarriz nahasia den tabako usain gaixto batek lekua hartu dauko. Hatsa hemen lastima kharmindu batean hartzen da orai. Mundu hertsi huntan, baina okaztatzez hain betean, gauza bakar batek dauta oraino irriño bat egiten: xaralika bottoilak; adixkide zahar eta jarraikia; eta adixkide guziak bezala, ondikotz! pherekuz eta zimarkuz emankor. Oi! ba! berragertu da Aroa; Aroa da orai errege, eta zahar itsusi horrekin batean itzuli da haren debruzko lagundia: Orhoitzapen, Urriki, Herstura, Beldur, Antsia, Arneskaitz, Haserre ’ta Zaineria. Segurtatzen zitut orai zekundek azkarki eta ospez dutela joiten, eta bakoitzak, erloitik jalgitzean, badio: — «Bizia niz, Bizi ezin jasana, ezin jabaldua!» Ezta gizonaren bizian Zekunda bakar bat baizik mezua berri on baten iragartzea duena, berri on bat, bakoitzari ezin argituzko beldurra bademakon berri ona. Bai! Aroa da errege; berriz jarri du bere bothere abre osoa. Eta igortzen nau, idi bat banintz bezala, bere akulu bikunaz. — «Bee bada! aberea! Izerdi hadi bada, esklaboa! Bizi hadi bada, danatua!»
Poema xipiak laxoan |