|
Poema xipiak laxoan
XIX
Behartuaren jostagailua
Libertimendu ogengabeko bat gogora eman nahi dautzut. Hain da ogendunak eztiren josteta guti! Goizean atherako zirenean bide handietan astira ibiltzeko xedearekin, sakelak betezkizu sos bateko puxkileriez —hala nola polixinela zabaldua, hari bakar batek derabilana, arotzak ingude joiten, zalduna buztana xixtu bat duen zaldiarekin—, eta edangien luzara, zuhatzen oinean, ezkain ezazkizu aurkituko dituzun haur arrotz eta behartuer. Ikusiko dituzu haien begiak neurririk gabe idekitzen. Lehenbizian eztira hartzera menturatuko; bere zorionaz dudan egonen dira. Gero eskaintzari bizi-bizia aztaparrez lotuko zazko, eta ihes eginen dute gatuak emana dauezun zatiaren jatera zutarik urrun doazin bezala, gizonaz mesfidatzen ikasirik. Bide batean, baratze zabal bateko burdin-sarearen gibelean, buruan ageri baitzen jauregi pollit baten aitzin zuria iguzkiak joa, bazagon haur eder larru leun bat, hain aphainak diren baserriko jantzi hetarik soinean. Aberatseriak, axolagabeak eta gauza baliosen ikusteko ohidurak haur horiek hain pollitak egiten dituzte, nun uste bailizateke bien artean edo beharrean diren haurrez bertze orhe batekoak direla. Haren ondoan, bazatzan belarrean mirazko jostagailu bat, bere nagusia bezain frexko, bernizatua, urreztatua, arropa gorrindol batez jantzia, eta gandorrez eta berinakiz estalia. Baina haurra etzen bere jostagailu hautetsiaz axolatzen, eta huna zeri beha zagon: Burdin-sarearen bertze aldetik, bidean, khardo eta asunen artean, bazen bertze haur bat, zikina, herbaila, khedarztatua, alderdigabeko begi batek ederra aurkituko zaukon haur erromes hetarik bat, ezagulearen begiak karrosazain moldeko berniza baten azpian margazki betegin bat asmatzen duen bezala, baldinez, miseriaren higuntasun leundutik garbitzen balu. Bi mundu, errepidea eta jauregia, berexten dituzten hesola horien artetik, haur behartuak haur aberatsari erakusten zaukon bere jostagailua, hunek amikatuki ikertzen baitzuen gauza arraro et’arrotz bat bezala. Eta, jostagailu hori, zikintsu ttipiak khitzikatzen zuena, untxi sareztatu baten barnean higitzen eta inharrosten, arratoin bizi bat zen! Aitamek, xuhurtasunez agian, jostagailua bizian berean hartua zuten. Eta bi haurrak elgarri irriz zauden anaiatasunean, hortz xuriaz berdin batzuekin.
Poema xipiak laxoan |