|
Poema xipiak laxoan
XV
Bixkotxa
Bidaiaz nindoan. Jarria nintzan eskualdea handitasun eta noblezia xoragarrikoa zen. Hortarik zerbait iragan zaitekeen ordu hartan ene arimarano. Ene gogoetak hegaldaka zabiltzan aireak zuen arintasun berdinarekin; sendimendu arruntak, hala nola hastioa eta maitasun mundutarra, agertzen zizaztan orai azpian nituen lezetan zoazin hedoiak bezain urrun; arima iduritzen zizatan hartaz inguratua nintzan zeruko gopoila bezain zabal eta garbi; lurreko gauzen orhoitzapena etzizatan bihotzera ahuldurik eta xipiturik baizik jiten, urrunean, bertze mendi baten aldapan alhan ari ziren abelalde ezin ikusien zilintzaren soinua bezala. Aintzira xipi geldiaren gainean, bere barnatasun neurrigabeaz ilun, baziragan batzuetan hedoi baten itzala, zeruan hara hegaldatzen zen aireko gizandi baten soingainekoaren leinurua bezala. Orhoit niz ere sendialdi ospedun eta arraro horrek, higitze handi osoki ixil batek egina, beldurraz nahasi bozkarioz betetzen ninduela. Hots, sendi nintzan inguratzen ninduen ederza sustagarriari esker, neurekin eta mundu osoarekin bake beteginean; uste dute ere, ene dohatsutasun osoan eta lurreko gaitz guziaren ahazte betean, gizona ona jaioa dela dioten egunkarien ez hain irriegingarri aurkitzerano jina ninzala; —soin senda ezinak bere galde biziak berrituz, akiduraren arintzeaz eta igaite hoin luzeak eman gosearen hausteaz gogatu nintzanean. Sakelatik hartu nituen ogi zati gotor bat, larruzko kikera bat eta botikariek denbora hartan bidaiarier beharrorduan elhur urarekin nahasteko saltzen zuten edariño batekilako bottoila bat. Gostuan ene ogiaren mozten ari nintzan, harrabots arinarin batek begiak goiti-arazi zauztanean. Ene aitzinean bazagon phildez jantzi izaite ttipi bat, beltza, ileak harro, haren begi sartu, ohildu eta othoizle bezalakoek ogi zatia iresten baitzuten. Eta entzun nuen hasperenka, mintzo aphal eta erlats batekin hitz hunen erraiten: bixkotxa! Enintzan irri egin gabe egon ahal ene ogi abantzu xuria hartaz ohoratzen zuen izena entzunez, eta zerra eder bat moztu nuen harendako eta eskaini. Emeki hurbildu zen, begiak bere gutiziatik baztertu gabe; gero, zerra eskuaz hartuz, bizi-bizia gibelera egin zuen, ene eskaintza egiazkoa izan etzadin edo eginik jadanik dolu nindadin beldur izan baliz bezala. Baina ordu berean bertze salbai xipi batek bulkatua izan zen, nik dakita nundik jalgia, eta hain osoki lehenbizikoaren berdina nun haren anaia biritxiarendako hartu ahalko baitzen. Biak lurrera erori ziren, janari baliosaz aharran, batek ez nahiz agian erdia anaiarendako galdu. Lehenbizikoak, sumindua, bigarrena iletarik hartu zuen; hunek hari hortzez beharria, eta hartako zati xipi bat bere hizkuntzako sakre miragarri batekin thuaz igorri. Bixkotxaren jabe zuzena bere aztaparñoen sartzera entseatu zen ebaslearen begietan; bere aldian hau ari zen indar guziez bere etsaia esku batez itho nahiz, bertzeaz guduaren saria sakelan sartu nahiz. Baina, etsiak berphizturik, garhaitua zutitu zen eta irabazlea lurrera egotzi zuen urdailean buru ukaldi batez. Zer balio du haien haur indarrek hitzemaiten zuten baino biziki luzazago iraun zuen gudu higungarri baten erakusteak? Bixkotxa bazabilan eskuz esku eta ephe oroz sakelaz aldatzen zen; baina, ondikotz izariz ere aldatzen, eta azkenean, ezinduak, hats-hantuak, odoletan, jarraiki ahal gabez gelditu zirenean, gehiago etzen, egia erran, gudu gairik batere; ogi zatia ezeztatua zen, eta haiekin nahasia zen ondartz bihiken iduriko porrosketan barreatua. Ikusgarri horrek eskualdea lanhotua zautan, eta ene arima gizon ume horiek ikusi aitzinean hartan gozatzen zen bozkario geldia osoki joana zen; aski luzaz trixterik egon nintzan, neure buruari ethengabe errepikatuz: «Bada beraz herri mirazko bat han ogia bixkotxa deitzen baita, goxokeria hain arraroa nun aski baita anaien arteko gerla oso baten sortzeko!»
Poema xipiak laxoan |