|
Poema xipiak laxoan
XX
Sorzainen dohainak
Sorzainen bilzarre handi zen, dohainen banakatzearen egiteko, hogei-ta-laur orenetan jaioak ziren haur sortu-berri guzien artean. Halabeharraren noizpaiteko Ahizpa alditsu hek oro, bozkarioaren eta oinazearen Ama bitxi hek oro, biziki ezberdinak ziren: batzuek itxura ilun eta muttur zuten, bertzek eroxka eta maltzur; batzu gazteak, beti gazte izanak, bertzeak zaharrak, beti zahar izanak. Sorzainetan sineste duten aita guziak ethorriak ziren, bakoitza bere haur sortu-berria besoetan. Dohainak, Antzeak, Ustegabe onak, Gertaldi ezin garhaituak auzitegiaren ondoan metatuak zauden, sariak tauladan bezala, sari banakatze batean. Berezia zena, Dohainak etzirela indar baten ordaintzeko da, baina osoki alderantziz oraino bizi izana etzenari eman garazia bat, haren zoria muga zezakeen garazia bat eta haren zorigaitzeko bezenbat zorioneko ithurburu bilaka zaitekeena. Sorzain gaixoek bazuten zer egin; ezen galdatzalen jendea handia zen, eta ararteko mundua, gizonaren eta Jainkoaren artean jarria, gu bezala Aroaren lege laztagarriaren menean baita, eta haren ondore mugagabenean, Egunak, Orenak, Minutak, Zekundak. Egia erran, minixtro batzu entzunaldi egun batean bezain urduri, edo «Mont-de-Pieté» izeneko mailegutegiko langileak bezala herriko besta egun batek hartze urmak haizu uzten dituenean. Uste dut ere artetan erloiaren orratzari so egiten zutela gizon epaileak bezain ezin egonean, goizetik bere alkietan, ezin dagoketelarik auhariaz, etxekoez eta bere xapina maitez amets egin gabe. Baldin bada, naturaz gaineko justizian, lehiatze ’ta ustegabetik zerbait, ezkaitela harri batzuetan berdin izan dadin ere gizonenean. Guhaur ere, gertaldi hortan, juje zuzengabeak ginitazke. Beraz egun hartan eginak izan ziren bitxi bezala har zaitezkeen zenzugabekeria batzu, Sorzainen jite berezi betierekoa, burukeria izaiteko orde, zuhurtzia baliz. Horrela otanaz bezala fortunaren bereganatzeko indarra familia biziki aberats bateko ondoko bakarrari emana izan zizakon, hunek, garitaterako gogorik batere gabe izanez, ez eta ere biziko ontasun agerienendako gutiziarik, behar baitzuen berantago bere miliunez handizki eragozpenean izan. Horrela emanak izan ziren Ederraren eta Bothere poetikoaren amorioa bere ofizioz harrigilea zen erromes ilun baten semeari, etzezazkeelarik, edozein moldez, bere haurreria lastimagarriaren antzeak lagun, ez beharrak arin. Ahatzi dautzuet erraitea banakatze hori, ospeko aldi horietan, dei egiterik gabe dela, eta dohain bat ere ezin daitekeela ez onhar. Sorzain guziak zutitzen ari ziren, ustez eta bere lana egina; ezen eskaintzekorik batere etzen gehiago gelditzen, gizaki xeheria horri botatzeko emaitzarik batere, gizagaizo bat, sal-erosle behartu ttipi bat, uste dut, jeiki zenean, eta hurbilena zuen Sorzainari hunen lanho kolore orotako zaiatik lotuz, egin baitzuen: «He! anderea! ahazten gituzu! ene ttipi hau gelditzen da oraino! Eniz jeusendako jina izan nahi.» Sorzaina eragozpenean izan zatekeen; ezen etzen ezer gelditzen. Ordu zeno orhoitu zen bizkitartean lege biziki ezagun batez, nahiz bekan erabilia, naturaz goitiko munduan, jainkoaizun ezin hunki horietaz, gizonaren adixkide eta usu haren tirrietara jautsi behar dutenetaz, hala nola Sorzainak, Laminak, Arrobioak, Basandereñoak, Basamutilak, Nizkak, Urandere eta Urmutilak, —erran nahi dut horrelako aldietan, emaitekoak agortuak direnean, Sorzainer uzten baitaue oraino bertze baten, gainerateko eta ohigabeko baten emaiteko ahala, berehala moldatzeko asmamen aski baduen ber alta. Sorzain onak ihardetsi zuen beraz, bere lerroari zoakon lardetasun batekin: «Hire semeari emaiten dakeat... emaiten... bertzer laket izaiteko Dohaina!» «Baina laket nola? laket izan?... laket izan zergatik?» galdegin zuen hisituki botikari xipiak, hain ohikoak diren arrazoinkari hetarik baitzatekeen, Zentzugabearen arrazoinera goititzeko ahal gabeko hetarik. «Hala baita! hala!»ihardetsi zuen Sorzainak haserreturik, hari bizkarra itzuliz; eta berriz bere lagunen multzora joanez, erraiten zauen: «Zer diozue Frantzes xipi handiuste hortaz, oro argitu nahi duena, eta semearendako emaitzarik hoberena ukanik, galde egiteko ausartzia baitu oraino eta Ezin-ukatuaren eztabatzekoa?»
Poema xipiak laxoan |