Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

X

 

Goizeko oren batean

 

         Azkenean! bakarrik! Ezta gehiago karrosa berandu eta ahitu batzuen burrunba baizik entzuten. Oren zenbaitez, ixila ukanen dugu, atsedena ezpada. Azkenean! gizabekokiaren tirania ezeztatu da, eta eztut nihauren ganik baizik sofrituko.

         Azkenean! hatshartzea haizu zata ilunbezko mainu batean! Lehenik, zerrapoari itzuli bieko bat. Iduri zata gako itzuli horrek ene bakartasuna handituko duela eta orai bizitik berexten nauten barrikadak azkartuko.

         Bizi laztagarria! Hiri laztagarria! Egun hau berrikus dezagun: letretako gizon batzu ikusi, batek galdegin baitauta Errusiara joan zaitekeenez lurreko bidez (Errusia irla batentzat hartzen zukeen); bihotz onez aharratu agerkari bateko buruzagiarekin, ihardokitze bakoitzean ihardesten baitzuen: «Hemen gizon zuzenen alderdia da», horrek entzutera emaiten baitu bertze egunkari guziak frikun batzuek eginak direla; hogei bat jende agurtu, hetan hamabortz ez ezagunak zaztalarik; esku tinkatzeak neurri berean egin, eta hori eskularru batzuen erosteko artharik hartu gabe; aroaren hiltzeko, erauntsi batean, jauzikarisa baten baitara igana izan othoiztu bainu Benustra baten jantzia marrazki dezakotan; antzoki buruzagi bati gortea egin, uztean erran baitauta: «Ontsa bazinegike behar bada Z... ri hel eginez; ene idazletan gizon phizu, zozo eta aiphatuena da; harekin zerbaitetara hel zinitazke behar bada. Ikusazu, eta gero ikusiko dugu»; neure buruaz espantu egin (zergatik?) ehoiz egin eztitutan egintza itsusi batzuen gatik, eta beldurtiki ukatu bozkariorekin egiten ditutan bertze gaizki batzu, aho-berokeriazkoa, giza-errespetuzkoa; adixkide bati zerbitzu errex bat ukatu, eta frikun betegin bati izkiriozko gomendio bat eman; uf! bururatua dea bada?

         Orotaz khexu eta nitaz ere, nahi nuke bada apur bat oneratu eta neure buruaz hoilatu gauko ixilean eta bakartasunean. Maitatu ditutanen arimak, laudatu ditutan guzien arimak, azkar nezazue, niganik urrunzkizue gezurra eta munduko alphor ustelgarriak; eta zuk, Jainko jauna, emadazu neurtitz eder zenbaiten ontzeko garazia nihauri erakuts dezatatenak enizala gizonetan azkena, enizala gutiesten ditutanak baino beherago.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007