Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XIII

 

Alhargunsak

 

         Vauvenargues-ek dio badirela baratze publikoetan bidexka batzu gehienik handi-nahi hautsiek, asmatzale zorigaitzekoek, loria ilhortuek, bihotz erdiratuek, hetan orzantzaldiaren azken hasperenek oraino burrunbatzen duten, boztu eta auherren behako ozarretik gibel egiten duten arima harramantzadun eta hetsi guziek hartzen dituztenak. Bazterleku itzaltsu horiek biziak maingutuen bilguneak dira.

         Leku horietara dute poetak eta filosofoak bere uste egarrien bidatzea gehienik maite. Bada hor alhagia segurra. Ezen baldin bada haren ikustea gutiesten duten une bat, aberatsen bozkarioa da gehienik. Hutsaleriazko zirimola horrek ezer eztu bereganatzen dituenik. Aldiz, ezin ihardokituki eremanak sendi dira ahul, higatu, trixtatu, emazurtz den guziaren gana.

         Begi ezagutzadun batek eztu behinere huts egiten. Itxura idor edo aurdiki horietan, begi sartu eta hits, edo guduaren azken zimiztez dirdiradun horietan, ibilara hoin baratz eta ikharatuetan, irakurtzen ditu berehala maitasun enganatuaren, atxikimendu ez ezagunaren, indar ez sariztatuen, xumeki, ixilki jasan gose ’ta hotzaren leienda ezin zenbatuak.

         Batzuetan ohartu zirea jarleku horietan alhargunsa bakartu, alhargunsa behartu batzuer? Doluz jantziak ala ez, haien ezagutzea errex da. Bertzela ere, bada beti behartuaren doluan hutsegiten duen zerbait, are zaurigarriago badagien harmonia eskas bat. Bere oinazeaz zikoitz izaitera bortxatua da. Aberatsak badakar berea bete-betean.

         Zein da alhargunsa trixte ’ta trixtagarriena, harekin bere ametsa ezin utzi dezakeen haur bat eskutik deraman hura, ala bakar-bakarrik den hura? Eztakit... Aldi batez gertatu zata mota hortako atso atsekabetu bati jarraikitzea; hark idor, zut, bere izaite guzian bazekarren, lephoko ttipi higatu baten azpian, emazte pairakor baten urgoitasuna.

         Ageri zen kondenatua zela, bakartasun oso batez, mutxurdin zahar baten ohiduretara, eta zituen bizimoduen ara gizon moldekoak gehitzen zaukon haren idorrari halako mixterio xixtakari bat. Zein ostatu miseriakoan eta nola bazkaldu zen eztakit. Irakurtzeko salara jarraiki nindakon; eta luzaz barrandatu nuen gazetetan, begi higikor lehenago nigarrek erre batzuekin, berri harendako azkar eta berezi batzu bilhatzen zituen bitartean.

         Azkenean, arratsaldean, larrazken zeru xoragarri baten azpian, urrikiak eta orhoitzapenak handik metan jausten diren zeru hetarik baten azpian, baratze batean bazterturik jarri zen, entzuteko, jendetzetik urrun, erreximenduen musikak jendalde paristarra hetaz goza-arazten duen musikaldi hetarik bat.

         Hori zatekeen atxo ogengabearen (edo atxo garbituaren) atseginkeria ttipia, adixkiderik, solasaldirik, bozkariorik, ixilmintzalerik gabeko egun phizu hetarik baten konsolamendu ontsa irabazia, Jainkoak gainera erortzen uzten zaukona, urte ainitzez geroz behar bada! urtean hiruretan hogei-ta-bortz aldiz.

         Bertze bat oraino!

         Ehoiz enagoke behako bat eman gabe, ezpada orotara maitasunezkoa, bederen jakin nahizkoa, musikaldi publiko bateko hesiaren inguruan metatzen diren erromesen jendaldeari. Orkestrak egozten ditu gauan zehar besta, garaipen edo atseginezko kantuak. Zaiek herrestatzen dute dirdiratuz, behakoek elgar gurutzatzen; astidunak, jeus ez eginaz akituak, bilintzi-balantzaka ari, alegia musikaz nagiki gozatzen. Hemen ezer ez aberatsik baizik; ezer axolagabeaz eta bere buruaren bizitzera uzteaz hatsa hartzen eta harr-arazten eztuenik; ezer, ezpada han kanpoko heskailuari tinkan dagon jendetze hura, kittorik hatzemanez, haizearen gostuz, musika izpi bat, eta barneko labetegi phindardunari so.

         Gauza ohargarria da beti aberatsaren bozkarioko leinuru hori behartuaren begiaren zolan. Baina egun hartan, zamarrez eta indianaz jantzia zen jendetze horren erdian, ohartu nintzan haren nobleziak inguruneko arrunteria guziari kontra egiten zaukon bati.

         Emazte handi bat zen, maiestatuduna, eta bere itxura guzian hain noblea nun ezpainiz orhoit haren berdinik ikusirik iraganeko eder arixtokratikoen bilduma guzietan. Bertute gora baten airea bazabilan haren izaite osoan. Begitartea, trixte eta mehatua, osoki berdinean zen hartaz jantzia zen dolu handiarekin. Hura ere, harekin nahasia zen jendetzea eta ikusten etzuena bezala, so zagon mundu argi hari begi barnatu batekin, eta entzuten zuen burua eztiki higituz.

         Ikuspen bitxia! «Seguraz ere, egin nuen, behartasun horrek, behartasuna baldin bada, eztuke diruari behatze zikoitza onhartzen; aurpegi hoin nobleak erraiten dauta. Zergatik bada dago bere nahitara orbain bat hoin dirdirakorra badagien ingurumen batean?»

         Baina ikusi nahiarekin haren ondotik iragaitean, arrazoina zer zen asmatzea uste ukan nuen. Alhargunsa handiak bazadukan eskutik haur bat hura bezala beltzez jantzia; sartze saria hain xumea izanik ere, sari hori aski zen behar bada ttipiaren behar zenbaiten ordaintzeko, eta hobeki, behargabeko zerbaiten, jostagailu baten.

         Eta oinez etxeratua izanen dateke, gogoetan eta ametsetan, bakarrik, beti bakarrik; ezen haurra nehon ezin egona da, eztitasunik, pairamenik gabea; eta ezin dateke ere, ihizi hutsak bezala, zakurrak eta gatuak bezala, oinaze bakartuen hartzeko on izan.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007