Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XLVII

 

Andereño Lantzeta

 

         Hiribazterreko burura heltzen ari nintzanean gazaren argipean, beso bat senditu nuen enearen azpira eztiki sartzen, eta mintzo bat entzun beharrira erraiten: «Medikua zira, jauna?»

         Behatu nuen; neska handi bat zen, azkarra, begiak idekiidekiak, arinki thindatua, ileak bonetaren xingolekin batean airera.

         «— Ez; eniz medikua. Joaitera utz nezazu. — Oi! ba! medikua zira. Ontsa badakusat. Etxera zaugi. Nitaz ontsa askietsia izanen zira, zoaz! — Segurki, ikustera jinen nizazu, baina berantago, medikuaren ondotik, debrientxoa!... — Ha! Ha! —egin zuen beti ene besoari lotua, eta irri karkailetan hasiz,— mediku jostakin bat zira, mota hortako batzu ezagutu ditut. Zaugi.»

         Mixterioa azkarki maite dut, beti uste baitut argituko dutala. Andere lagun hartaz eremaitera utzi nintzan beraz, edo izaitekotz ustegabeko asmakari hartaz.

         Egoitza gaixtoaren erakustea bazterrera uzten dut; poeta frantzes ontsa ezagutu batzuetan ediren daiteke. Bakarrik, Regnier ohartu etzizakon berezitasuna, baziren mediku aipatu batzuen bizpahirur iduri murruetarik dilindan.

         Nola gastatua izan nintzan! Su handi, arno bero, zigarro; eta gauza on horien eskaintzean eta berak zigarro bat phiztuz, neska bitxiak erraiten zautan: «Etxean bezala egizu, adixkidea, gostura eman zaite. Ospitalea eta gaztaroko denbora ederra orhoit-araziko dauzkizu. — Ha bada! ile zuri horiek nun bildu dituzu? Etzinen horrela, ezta oraino hain aspaldi, L... ren azpiko zinelarik. Orhoit niz zuk zinuela laguntzen operazione larrietan. Horra bada gizon bat mozten, urratzen eta muxarratzen maite duena! Zuk zinazkon tresnak eskaintzen, hariak eta idortzeko oihalak. — Eta, operazionea eginik, bazionean urgulurekin, sakel-orenari behatuz: «Bortz minuta, jaunak!» — Ho! ni, banoa orotara. Jaun horiek ontsa ezagutzen ditut.»

         Ephe zenbait berantago, eni hika mintzatuz, bere leloa berriz hasten zuen, eta erraiten zautan: «Mediku hiz eztea hala, ene gatua?»

         Errepika ezin entzun horrek zangoen gainean jauzi eginarazi zautan. «Ez! egin nuen eroturik.

         — Barbera beraz?

         — Ez! Ez! hiri buruaren mozteko ezpadun! Emagaldu debru sakratua!

         —Ago, egin zuen berriz, ikusiko duk.»

         Eta harmairutik paper meta bat atheraz, aro hartako mediku aipatuen potret bildumaz bertzerik etzena, Maurinek harmarrazkituak, Voltaire kaian urte ’ta urtez hedaturik ikusi ahal izan baita.

         «To! hau ezagutzen duk?

         — Ba! X... dun, izena azpian din ere bertzela; baina nihaurek ezagutzen dinat.

         — Banakian! To! horra Z..., bere ikastaldian baziona, X... ez mintzatuz: «Arimako iluna aurpegian badakarren mustro hori!» Hori guzia, gauza batean bertzea etzelakoan aburu bereko! Nola irri egiten ginian hortaz Medikuntzako Eskolan, lehenago! Orhoit hiz? — To, horra K., ospitalean arthatzen zitian jazartuak gobernuari salatzen zitikana. Jazarraldien denbora zian. Hoin gizon ederrak bihotz hoin guti ukaitea, nola datekek? — Horra orai W., mediku angeles aipatu bat; Parisera egin dikan bidaian hatzeman diat. Andereño baten itxura dik, eztea hala?»

         Eta sokaz estekatu paketa bat hunkitzen nuelarik, hura ere mahixkan ezarria: «Ago apur bat, egin zuen; hori, barneko languntzalena duk, eta hau, kanpokoena.»

         Eta inguruan hedatu zuen margazki meta bat, begitarte biziki gazteago batzu erakusten baitzituzten.

         «Berriz elgar ikusiko diagularik, hire potreta emanen dautak, eztea hala, maitea?

         — Baina, erran naukon, jarraikiz, ni ere, neure aburuari, mediku nizala zergatik dun uste?

         — Hain hiz gixakoa eta ona emaztendako!

         — Arrazoinkatze bitxia! egin nuen neure baitan.

         — Ho! Guti diat hortan huts egiten; andana ona ezagutu diat. Jaun horiek hain maite ditiat nun, ez eri izanik ere, batzuetan ikustera joaiten bainauek, ikusteko baizik ezpada ere. Badituk hotz-hotza erraiten dautatenak: «Etzira batere eri!» Baina bertze batzuek ongi hartzen naute, sinoak egiten baiteztauet!

         — Eta hartzen ehautenean...?

         — Jainkoa! Debaldetan ikusi ditutalakoz, hamar libera uzten ditiat khebide gainean.

         — Hain dira eztiak eta onak, gizon horiek!

         — Pitié-ko ospitalean aurkitu diat barneko laguntzale xipi bat, aingerua bezain pollita dena, eta jendetasunekoa! eta lanean ari, mutiko gaizoa! Haren lagunek erran diate dirurik etzuela, aitamak jeusik igortzen ahal eztaukoten behartu batzu ditikalakotz. Horrek konfienxian ezarri nik. Ororen buruan, aski emazte ederra nuk, nahiz ez gazte-gaztea. Erran dakeat: «Ene ikustera haugi, haugi usu. Eta enekin, ez hadila jena; diru beharrik eztiat.» Baina hartzen duk gauza hori erran daukeatala molde andana batean; eztaukeat gordin-gordinik erran; hain nindian haren aphaltzeko beldur, haur maite hura! — Alta! sinets hezakea erraitera ausartzen enizan gutizia bitxi bat badiatala? — Nahi nikek ene ikustera bere esku-zaku eta taulierrarekin ethor ladin, odol apur batekin gainean berdin!»

         Hori erran zuen aire laño-laño batekin, maite lukeen komedialarisa batez gizon batek erran lezakeen bezala: «Eman duzun aldi aipatu hartako jantzia soinean ikusi nahi zitut.»

         Nik, hisituz, egin nuen berriz: «Hitan tirria hoin berezi hori sortu zaunan aroaz eta aldiaz orhoit haitekeaa?»

         Erran nahi nuena entzun-arazi naukon, nekerekin; heldu nintzan azkenean. Baina aire biziki trixte batekin ihardetsi zautan, eta ere, orhoitzen nizan bezenbat, begiak bazterrera itzuliz: «Eztakiat... enuk orhoitzen.»

         Nolako bitxikeriak eztira hiri handi batean aurkitzen, ibiltzen eta behatzen jakiten den ber? Bizia mustro ogengabez betea da. — Jauna, ene Jainkoa! zu, Egilea, zu, Nagusia; zu Legea eta Libertatea egin dituzuna; zu, egitera uzten duzun errege, zu, barkatzen duzun jujea; zu kausaz et’ariaz betea zirena, eta ene izpirituan itsuskeriaren gutizia ezarri duzuna ene bihotzaren aldatzeko, sendatzea lantzeta baten puntan bezala; Jauna, urrikal zaite, urrikal zaite gizon eta emazte eroez! Oi Egilea! mustroak izan daitezkea zertako diren badakien bakar Haren begietan, nola egin diren eta nola ez eginak izan zaitezkeen?

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007