|
Poema xipiak laxoan
III
Edergilearen «confiteor»-a
Zenbat sarkorrak diren larrazkeneko egun ondarrak! Ha! sarkorrak oinazerano! ezen badira sendimen ezin goxoago batzu ez garbi izaiteak ezpaitee indarra ekhentzen; ezta ere mugagabearena baino punta zorrotzagorik. Goxatasun handia behakoaren murgiltzea zeruaren eta itsasoaren neurrigabean! Bakartasun, ixil, zeru urdineko garbitasun ezin erkidatua! bela ttipi bat itsas-hertzean ikharatzen, eta, bere ttipitik eta bakarretik, ene izanara sendagaitzaren berdina, sagailoaren kantu ezin aldatua, gauza horiek orok nitan gogoetatzen dute, edo nik dut hetan gogoetatzen (ezen ametseriaren zabalean, m-a laster galtzen da); gogoetatzen dute, diot, baina musika eta margazki aran, estakururik eman gabe, arrazoinkatzerik gabe, ondorioztatzerik gabe. Bizkitartean, gogamen horiek, nitarik athera daiten ala gauzetarik jalgi, berehala azkarregi bilakatzen dira. Atseginean gemenak ez-ontsa bat emaiten du eta oinaze egiazko bat. Ene zain luzatuegiek eztemate gehiago dardaraldi oihukari eta mingarririk baizik. Eta orai zeruaren barnatasunak goibelzten nau; duen garbiak sumintzen. Itsasoaren sendikaitzak, ikusgarriaren alda ezinak jazarrarazten naute... Ha! behar dea betiere sofritu, ala betiere ederrari ihes egin? Naturaleza, urriki gabeko lilluratzalea, etsai beti irabazlea, utz nezak! Ene gutizien eta ene urguluaren azikatzetik geldi hadi! Ederraren lantzea gudu bat da, hartan erdergilea laztarekin oihuz ari baita garhaitua izan baino lehen.
Poema xipiak laxoan |