|
Poema xipiak laxoan
XVI
Erloia
Xinatarrek orena gatuen begietan dakusate. Egun batez misionest bat, Nankin-go hiri bazterrean zabilala, ohartu zen sakelorena ahatzia zuela, eta mutiko ttipi bati galdegin zaukon zer ordu zen. Zeruko Inperioko haurra lehenik dudan egon zen; gero, bere baitaratuz, ihardetsi zuen:«Erranen dautzut.» Ephe guti berantago, berriz agertu zen, gatu gotor bat besoetan, eta hari so eginez, erraiten den bezala, begiko zurietan, zalantzan egon gabe erran zuen: «Ezta oraino osoki eguerdi». Egia zena. Ni aldiz, Felina ederraren gana gurtzen baldin baniz, hain ontsa izendatua, bere sesuaren ohorea dena eta aldi berean ene bihotzeko urgulua eta izpirituko usain ona, izan dadila gaua, izan dadila eguna, argi betean ala ilun osoan, haren begi adoragarrien zolan, beti orena badakusat argiki, beti berdina, oren zabal bat, ospedun bat, mundua bezain handia, minuta eta zekundetan zatikatzerik gabea, —erloietan ezarria ezten oren geldi bat, eta bizkitartean hasperena bezain arin, behakoa bezain zalu. Eta nardatzale zenbait heldu balizata nahastera ene soa ordulari xoragarri hortan gelditua denean, zenbait Jeinu gaizkile eta bihurri, zenbait ordugabeko Demonio heldu balizata erraitera: «Hoin arthoski zeri so hago? Izaite horren begietan zer duk bilatzen? Orena ikusten duka, hilkor xahutzale auherra?» zalantzarik gabe ihardets nezoke: «Bai, orena badakusat; Eternitatea da!» Eztea hala, anderea, hau zinez merezigarria den madrigal bat dela, eta zuhaur bezain handinahia? Egiaz, hanbat atsegin ukan dut galankeria urguluntzi hunen josten, nun jeus ezpaitautzut ordainez eskatuko.
Poema xipiak laxoan |