Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXXVII

 

Ilargiaren ongi-eginak

 

         Ilargiak, burukeria bera baita, leihotik behatu zinan, hire ohakoan lo hindagolarik, eta erran: «Haur hau gustatzen zata.»

         Eta guriki jautsi zen hedoiezko bere mailaldetik, eta ixilixila berinan hara sartu. Gero etzan zunan hire gainean ama baten samurtasun malguarekin, eta bere margoak hire aurpegian utzi. Ñiñikak hortik musker geldituak zaizkin, eta mazelak, ohigabeki hits. Ikuslari hari behatzean zaizkin begiak hain bitxiki zabalduak; hain samurki hau zintzurrean tinkatua nun betikotz atxiki baitun nigar egiteko gura.

         Bitartean, bere bozkarioaren hedamenean, Ilargiak ganbara guzia betetzen zuen, fosforazko aire batean bezala, pozoin argidun batek bezala; eta argi bizi horrek guziak gogatzen zuen eta erraiten: «Betiereko jasanen dun ene musuaren eragina. Ederra izanen hiz ene moldera. Maite dinatana eta maite nauena maitatuko ditun: ura, hedoiak, ixila eta gaua; itsas neurrigabe muskerra; ur moldegabe ’ta molde orotakoa; han izanen ez hizan lekua; ezagunen ez hauen maitalea; lore izigarriak; amets egin-arazten duten usain onak; pianoen gainean goxatzen diren gatuak, eta emazteak bezala, mintzo erlastu eta ezti batekin, auhenetan daudenak!

         «Eta ene maitalez maitatua izanen hiz, ene gortelariez lausengatua. Gizon begi muskerren erregina izanen hiz, zintzurra tinkatua baitauenat ere gauazko ene pherekuetan; itsasoa maite duten horiena, itsaso neurrigabea, harrabostun eta muskerra, ur moldegabe ’ta molde orotakoa, han eztiren lekua, ezagutzen eztuten emaztea, erlisione ezezagun bateko isensu-untziak iduri duten lore gaizkorrak, borondatea uhertzen duten usain onak, eta haien erotasunaren ikurrak diren ihizi basa et’atsegaleak!»

         Eta hortako nun, haur maite gastatu madarikatua, orai hire oinetan etzana, hizan guzian Jainkosa izigarriaren, ugazama gaizkorraren, ilargijoak diren guzien amaño pozointzalearen leinuruaren bila!

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007