|
Poema xipiak laxoan
XXI
Tentamenduak
Bi Satan ezin ederragoek eta Debrusa batek, ez gutiago ohigabekoa, igan dute, barda, lo datzan gizonaren ahuleziari Ifernuak hartarik jaukitzen diren mailaldea, eta segeretuz harekin harremanetan jartzen direna. Eta ethorri zaizkit lorioski ene aitzinean emaitera, taulada batean bezala zutik. Edertasun ifernutar batek bazarion hirur izaite horietarik, horrela agertzen baitziren gauko zola ilunean. Itxura hain burgoi zuten eta menperatzale, nun lehenbizian egiazko hirur Jainkoendako hartu bainituen. Lehen Satanaren aurpegia sesu dudazko batekoa zen, eta bazen ere, haren soinaren inguruetan, Bakuz zaharren guritasuna. Haren begi eder ahultzera emanek, margo ilunaran eta nahasi batekoak, baziduriten briolet oraino ekaitzaren nigar phizuez bete batzu, eta haren ezpain erdi-idekiek lurruntxi bero batzu, hetarik usain-oneria bateko hats ona jalgitzen baitzen; eta hasperen bazagien aldi oroz, mamutxa muxketatu batzu argitzen ziren, hegaldatuz, haren hats sutsuan. Haren gorrindolezko soinazpikoaren ingurua hartzen zuen, gerriko moldez, suge argi orotako batek, burua goitituz, begi itxindidunak amultsuki haren gana itzultzen zituela. Gerriko bizidun hortarik dilindan zauden, edari gaizkorrez bete bottoila batzuekin aldizkatuz, ganibet dirdiratu eta barbereriako tresna batzu. Esku eskunean bazadukan bertze bottoila bat barnekoa gorri argi batekoa zuena, eta iragarkitako hitz bitxi hauk zituena: «Edazue, hau ene odola da, phizkarri hoberena»; ezkerrean arrabit bat atseginen eta oinazen aldatzeko baliatzen zukeena, eta akelarreko gauetan bere erotasuneko khotsuaren hedatzeko. Haren aztal-beharri beratzen inguruan herrestan zauden urrezko gatina baten erhaztun hautsi batzu, eta hortik heldu zizakon ahalgeak lurrera begien beheititzera bortxatzen zuenean, urgulurekin behatzen zauen oinetako azkazaler, harri ongi landu batzu bezala dirdiran eta leun. So egin zautan bere begi lastimatu ezin konsolatuekin, hetarik baitzarion mozkorreria sarkor batek, eta mintzo kantari batekin erran: «Nahi baduk, nahi baduk, arimen jaun eginen haut, eta gauza biziaren nagusia izanen hiz, zizelkaria buztinaz izan daitekeen baino ere gehiago; eta hire baitarik jalgitzeko atsegina, beti berphizten, ezagunen duk, bertzetan sartuz heure bururaren ahazteko, eta hire gana bertze arimen ekharr-araztekoa heurearekin bat egiterano.» «Esker handi! izaite puxkileria horietaz zer egin eztiat, ezpaitikee ni gaizo hunek baino gehiago balio. Nahiz ahalge zenbait badiatan orhoituz, jeus eztiat ahatzi nahi; eta ezpahindutan ezagutzen ere, mustro zaharra, hire mixteriozko ganibeteria, hire bottoila dudazkoak, oinak trabatzen dauzkaten gatinak, hire adixkidantzaren behargabeak aski argitzen ditien itxurapen batzu dituk. Atxizkik hire emaitzak.» Bigarren Satanak etzituen ez hoin itxura aldi berean tragikoa eta irrikoia, ez egin-molde sarkor hoin ederrak, ez eta edertasun beratz usainondu hori. Gizon zabal bat zen, begirik gabeko aurpegi lodi batekoa, zorro phizua izterren gainera baitzagokon, eta larrua urreztatu eta marrazkitua zuena, larrantzadura batez bezala, orotako miseriaren molde ainitzak itxuratzen zituzten izaite xipi higokor eli batez. Baziren gizon xipi mehakoil batzu bere nahitara itze batzuetan dilindatzen; baziren kurlo txar mehe batzu, haien begiek othoitzez amuina galdatzen baitzuten esku daldaradunek ere baino hobeki; eta ere ama zahar batzu ilhorkin batzu ekhartzen zituztela bere diti ahituer lotuak. Bazen oraino bertze ainitz. Satan lodiak ukabilaz joiten zuen bere sabel neurrigabekoa, handik jalgitzen baitzen burdin-kalaxka luze ’ta ozen bat, giza-mintzo ainitzek bazegiten auhen nahasi batean bururatzen zena. Eta irriz ari zen, bere hortz andeatuak ozarki erakutsiz, gaitzeko irri zozo batean, herri orotako gizon batzu bezala sobera ontsa auhalduak direnean. Eta horrek erran zautan: «Eman dezakeat guzia ukaiten duena, guzia balio duena, guzia ordaintzen duena!» Eta bere zorro izigarrian jo zuen, horren oiharzun ozenak egin baitzuen haren elhe arruntaren argipena. Burua nardaturik itzuli nuen, eta ihardetsi: «Enuk, ene gozameneko, nehoren miseriaren beharretan; eta eztiat, hedatzeko paper batean bezala, hire larruan erakutsiak ditukan zorigaitzek iluntzen ditikan aberastasunik.» Jainkosa aldiz, gezur bat nerrake ezpanu aithortzen lehen ikuspenean gozagai bitxi bat aurkitu naukola. Gozagai horren mugatzeko, jeusi enezakoke erkida beherapenean diren emazte biziki eder batzuenari baino hobeki, haien ederrak baitaduka eraikuntza aurdikien edertasun sarkorra. Itxura aldi berean manukaria zuen eta arinegia, eta haren begiek, nahiz joak, bazuten indar lillugarri bat. Gehienik ohartu nindakona, haren mintzoaren mixterioa izan zen, hartan aurkitu bainituen «kontralto» goxoenen orhoitzapena eta aguardientaz gelditu gabe ikuziak diren zintzurren erlastura. «Nahi duka ene botherea ezagutu?» erran zuen jainkosa aizunak bere mintzo xoragarri eta bitxiaz. «Entzuk!» Eta ahoratu zuen gaitzeko tronpeta bat, xingolaztatua, xirulaki bat bezala, munduko egunkari guzietako izenburuez, eta, tronpeta hortarik, ene izena oihukatu zuen, horrela airean zehar joan baitzen ehun mila ortzantzen harrabotsarekin, eta boboril urrunenaren oiharzunak errepikaturik itzuli baitzizatan. «Debrua! egin nuen, erdi garhaitua, horra balios dena!» Baina emazkar lilluragarria hobeki ikertuz, ezagutzen nuela iduritu bezala zizatan, ene ezagutzako frikun batzuekin dringatzen ikusirik; eta tutaren soinu erlatsak ekharri zautan beharrietarano tronpeta zirtzildu baten nik dakita zein orhoitzapen. Hortakotz ihardetsi nuen, ene erdainu guziarekin: «Habil! enun egina izendatu nahi eztinatan batzuen ohaidearekin ezkontzeko.» Segur, banuen hoin uko egite bihoztunaz burgoi izaiteko dretxoa. Baina, zorigaitzez, iratzarri nintzan, eta indar guziak utzi ninduen. «Egiaz, egin nuen neure baitan, ontsa phizuki lokhartua ninzatekeen horrelako arranguren ukaiteko. Ha! berriz itzul ahal balaite iratzarria nizanean, enezake hoin beratzarena egin!» Eta mintzo goraz hel egin nauen, barka zezataten othoiztuz, neure buruaren desohoratzea behar izanen zen bezenbat eskainiz haien fagoren merezitzeko; baina azkarki laidoztatuak nituzkeen, ehoiz ezpaitira berriz itzuli.
Poema xipiak laxoan |