|
Poema xipiak laxoan
XLIX
Jo ditzagun behartuak
Hamabortz egunez ganbaran hetsirik egona nintzan, eta aro hartako liburu modakoez inguratua (badu hamasei edo hamazazpi urte); erran nahi dut hogei-ta laur orenetan jenden dohatsu, zuhur eta aberats bilakatzeaz ari diren liburuez. Irakurriak nituen beraz —iretsiak dut erran nahi—, zorion publikoaren eragile horien guzien asmakeria guziak, behartu guzier esklabo bilaka diten konseilatzen dauetenenak, eta oro errege tronutik aurdiki batzu direla sinets-arazten dauetenenak. — Ezta ustegabekoa edirenen orduan burxorora eta zozotasunera hurbilzen den gogo molde batean baldin banintzan. Iduritua zizatan bakarrik sendi nuela, ene gogo zokoan hetsia, haien hiztegia berriki irakurria nuen emazteki erran guziak baino goragoko ideia bat. Baina etzen ideia baten ideia bat baizik, zerbait biziki guti argi zena. Eta jalgi nintzan egarri handi batekin. Ezen irakurgai gaitzen gostu amorratuak sortzen baitu arau berean aire hartzeko eta edateko behar bat. Edandegi batera sartzera nindoalarik, eskelari batek bere xapela eskaini zautan, tronuak uzkail lezazkeen behako hetarik batekin, izpirituak gauza higitzen balu, eta otanzale baten begiak mahatsak ontzen balitu. Aldi berean, mintzo bat entzun nuen beharrira ahapetik ari, ontsa ezagutu nuen mintzo bat, orotan lagun dutan Aingeru on batena zen, edo Demonio on batena. Zokratezek bere Demonio ona bazuenaz geroz, zergatik enuke ene Aingeru ona, zergatik enuke, Zokratezek bezala, ene erotasunaren paper ageria, Lelut xotilak eta Baillarger zentzudunak izenpeturik?[1] Ezberdintasun hau bada Zokratezen Demonioaren eta enearen artean, Zokratezena etzizakola mintzo zaintzeko, abisatzeko eta debekatzeko baizik, eta eneak aholku emaitea, esondatzea, sinets-araztea onhartzen duela. Zokratez gaizo hark etzuen demonio eragozle bat baizik; enea baieztatzale handia da, egintzako Demonioa, guduko Demonioa. Eta bada, haren mintzoak ahapeka hau erraiten zautan: «Bertze baten heineko bakarra, hori phorogatzen duena da, eta libertateko gai den bakarra, haren irabazten badakiena.» Ordu berean, eskalearen gainera jauzi nintzan. Ukabil ukaldi bakar batez, begi bat hetsi naukon, bilakatu baitzen, zekunda batez, pilota bezain lodi. Azkazal bat hautsi nuen hari bi hortzen phorroskatzen, eta ezpanintzan aski azkar sendi, beratza sorturik eta ukabil jokoan guti ari izanik, berehala zahar haren erahiltzeko, hartu nuen esku batez soinekoaren lephokotik, bertzeaz zintzurretik hatzeman, eta hasi nindakon bizkorki harresi bati kontra buruaren inharrosten. Aithortu behar dut inguruneak lehenik ikertuak nituela begi ukaldi batez, eta egiaztatua herri bazter huts hortan, aski ephe luze batendako, poliziako gizon ororen menetik urrun nintzala. Gero, bizkarrera igorri ostiko batez, lepusteiaren hausteko aski indarduna, hiruretan hogei urteko gizon hura aurdikia nuela, lurrean zen zuhatz adar gotor bat harturik, jo nuen bizteka bat guritu nahi duten kozinerren gemen hisituarekin. Bapatez, —oi mirakulua! bere theoriaren zuzentasuna egiaztatzen duen filosofoaren oi gozamena!— ikusi nuen hezurreria zahar hura itzultzen, mekanika hoin bereziki andeatuaren baitan nehoiz ere uste ukanen enuen gemen batekin zutitzen, eta, hitzemaite onekoa iduritu zizatan herrazko so batekin, gaixtagin okhitua gainera jauzi zizatan, bi begiak ubeldu zauztan, laur hortz hautsi, eta, zuhatz adar berarekin, arraultze bat bezala jo ninduen. — Ene sendagailu gementsuaz, urgulua eta bizia itzuliak nauzkon beraz. Orduan, kheinu ainitz egin naukon eztabada bururatua bezala nadukala harr-arazteko, eta Athariko zofixta baten satifamenduarekin erran: «Jauna, ene heinekoa zira! ene moltsaren enekin uzitzeko ohorea egidazu; eta orhoit zaite, egiazki filanthropoa baldin bazira, zure lagun guziak behar dituzula balia-arazi, elemosina galdeginen dautzutenean, zure bizkarrean entseatzeko oinazea ukan dutan theoriaz.»
[1] Bi eroetako mediku horiek erakutsi nahi ukana zuten Zokratez Greziako filosofo aipatua eroa zela. (Itzultzalearen oharra).
Poema xipiak laxoan |