Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XVIII

 

Bidaiara gomita

 

         Bada herri eder-eder bat, nasaitasuneko herri bat, haren ikustera joaitea amesten baitut emazte lagun ohiko batekin. Herri berezia, Ipharreko lanho-pean ithoa, Sartaldeko Orientea izenda laitekeena, Europako Xina, hain ederki da burukeriazko olde beroa han orstatze jakinduru eta arinetan ari izana.

         Nasaitasuneko herri egiazko bat, han oro eder baita, aberats, geldi, zuzen; aberatseria atseginekin baita ordenuko mirailan agertzen; bizia jori baita eta hats-hartzeko ezti; handik nahasmen guziak eta ustegabea bahituak baitira; zoriona ixilarekin ezkondua; janaria bera aldi berean poetikoa baita, gixena eta sustagarria; han oro zure iduria baita, ene aingeru maitea.

         Miseria hotzetan gutaz jabetzen den eritasun sukardun hura badakin, ezagutzen ezten herriaren min hura, ikusinahiaren herstura hura? Hire iduriko eskualde bat badun, han oro eder, aberats, geldi eta zuzen baitun, han asmamenak eraiki baitin sartaldeko Xina bat eta aphaindu, bizia hatshartzeko ezti baitun, zoriona ixilarekin ezkondua. Hara da bizitzera joan behar, hara joan behar hiltzera!

         Bai, hara da joan behar hats-hartzera, amestera eta sendimenen mugagabeaz orenen luzatzera. Musikari batek izkiriatu du Balzara gomita; nork du eginen Bidaiara gomita, emazte maitatuari, arreba hautetsiari eskain daitekeena?

         Bai, ingurumen hartan lizateke bizitzea goxo, —han, oren baratzagoek gogamen gehiago baitute, han erloiek zoriona ospe barnatuago eta errankorrago batekin joiten baitute.

         Ohol dirdiradunetan, ala larru urreztatu aberastasun ilunekoetan, bizi daude ixilik margazki dohatsu, geldi eta barnatu batzu, egin zituzten ederlangilen arimak iduri. Iguzkiak etzaterakoan, jateko sala eta saloina hain aberaski koloratzen dituztela, oihal eder batzuez iraziak dira edo berunak xeheki zatikatzen dituen leiho gora landuez. Mubleak zabal dira, ohargarri, bitxi, arima xorroxtu batzu bezala zerrapoz eta segeretuz zainduak. Mirailek, burdinakiek, oihalek, urreriek eta faianzak joiten dute begiendako sinfonia ixil eta mixteriozko bat; eta gauza orotarik, xoko guzietarik, tiranten arteketarik eta oihalen izurretarik usainon berezi bat jalgitzen da, Sumatrako berriz-itzul bat, bizitegiaren arima bezala dena.

         Nasaitasunezko herri egiazko bat, dionat, han guzia aberats dena, garbi eta dirdiran, hala nola konzienzia eder bat, sukaldeko kaxa lerro miragarri bat, urreria distiragarri bat, joieria nabartu bat! Munduko thesorak hara biltzen dira, gizon langile eta mundu osoaren merezimenduak ontsa zor dituen baten etxera bezala. Herri berezia, bertzeak baino goragoa, ederlana Naturalezari zakon bezala, hau han ametsaz berritua baita, zuzendua, edertua, bermoldatua.

         Bila ditzatela, bila oraino, gelditu gabe gibela ditzatela bere zorionaren mugak, baratzegintzako alkimixta horiek! Hiruretan hogei eta ehun mila florinen sariak aitzinera dezazkotela bere egintza handi-nahietara helduko denari! Nik aurkitu ditut ene tulipa beltza eta dahlia urdina!

         Lili paregabea, tulipa berraurkitua, alegorietako dahlia, horrara, herri eder hoin geldi eta ameslari hortara, lizateke bizitzera eta loratzera joan behar, eztea hala? Ez ote hinzateke hire idurikoaz inguratua, eta ez ote hezakeen heure burua ager-araz, mixtikoak bezala mintzatzeko, hihauren iduriko mirailan?

         Ametsak! beti ametsak! eta gehiago da arima handi-nahia eta beratza, are gehiago dine ametsek egin daitekeenetik urruntzen. Gizon bakoitzak badakar bere baitan bere jitezko lo-belar izaria, ethengabe izertua eta berritua, eta, sortzetik hiltzera, zenbat oren dugu khondatzen zinezko gozamenaz beterik, egintza helduaz eta deliberatuaz? Ehoiz biziko girea izpirituak eman dautan margazki hortan, ehoiz hire iduria den margazki hortara iraganen?

         Thesora horiek, muble horiek, aberatseria hori, ordenu hori, usainon horiek, mirakuluzko lore horiek, hitan ditun. Hitan ere ibai handi horiek eta ubide geldi horiek. Garraiatzen dituzten gaitzeko untzi horiek, gauza aberatsez betebeteak, hetarik jalgitzen baitira untzi-lanetako kantu beti berdinak, ene gogoetak ditun hire ugatzean lokartuak edo itzulika. Baderamatzan eztiki Mugagabea den itsasora, zeruaren barnatsunak hire arima eder eta garbiaren mirailan agerarazten ditinen batean; —eta, uhainek akiturik eta Orienteko gauzez asebeteak, sor-portuan sartzen ditunean, ene gogoeta aberastuak ditun oraino mugagabetik hire gana itzultzen.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007