Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXVIII

 

Diru falsua

 

         Tabako bulegotik urrutzen ari ginela, ene adixkideak bere diru xehea arthoski berezi zuen: barneko motxaren ezkerreko sakelan urre xipi batzu sartu zituen; eskunekoan, zilhar xipi batzu; galtzen ezkerreko sakelan, sos lodi andana bat, eta azkenean, eskunekoan, arthoski ikertua zuen bi liberako zilhar bat.

         «Banakatze bitxia eta zehatza!» egin nuen neure baitan.

         Bere kaxketa ikharan aitzineratu zaukun behartu bat aurkitu ginuen. — Jeus eztazagut begi othoizle horien elhe mutua baino khexagarriagorik, baitaduzkate aldi berean, irakurtzen badakien gizon sendikorrarendako, hainbertze lañotasun, hainbertze gaizki. Sendimendu nahasietako barnatasun horri hurbil den zerbait edireiten da azotatzen diren zakurren begi nigarra dariotenean.

         Ene adixkidearen eskaintza enea baino biziki gotorragoa izan zen, eta erran naukon: «Arrazoin duzu; ustegabetua izaiteko atseginaren ondotik, ezta norbaiten ustegabetzea baino handiagorik! — Diru falsua zen», ihardetsi zautan gostuan, bere eskuzabaltasunaz desenkusatzeko bezala.

         Baina ene buru-muna ezteusetan, beti bi orenetan eguerdiren bila (zer antze akhigarriko emaitza egin dautan naturalezak!), sartu zen bapatez gogoeta hau: horrelako eginara bat, ene adixkidearen aldetik, etzela desenkusagarri gizagaizo horren bizian gertakari baten sortzeko gutiziaz baizik, behar bada ere eskale baten eskuan diru falsu batek emanaraz dezazkeen, gaizkor ala bertze, ondorioen ezagutzekoaz. Etzaitekeena diru egiazkoetan xeha? etzezakeena ere presondegirat ereman? Ostaler batek, okin batek, behazunez, preso harr-araziko zuen behar bada diru falsulari edo diru falsu barreatzale bezala. Eta berdin-berdina sos falsua izan zaitekeen, diru-jokolari xipi behartu batendako, egun zenbaiteko aberastasunaren hazia. Eta horrela ene ametsa bazoan bere bidean, adixkidearen izpirituari hegalak emanez eta gerta zaitezkeen guzietarik jin zaitezkeen ondorio guziak asmatuz.

         Baina hunek ametseria moztu zautan bapatez ene hitz berak errepikatuz: «Ba, arrazoin duzu; ezta uste duena baino gehiago emanez gizon baten ustegabetzea baino atsegin eztiagorik.»

         Begien zolarano so egin naukon, eta harritua izan nintzan haren begiak lañotasun ezin ukatu batez dirdiran zaudela ikusiz. Orduan argiki ikusi nuen nahi ukanak zituela aldi berean garitatea eta irabazte on bat egin; berrogei sos eta Jainkoaren bihotza irabazi; parabisua gastu gutiz ukan; azkenean gizon garitatetsu baten aipamena urrurik bildu. Abantzu barkatu naukon arestian haren egiteko gai uste nuen gozamen gaixtoaren gutizia; ohargarri, berezi aurkituko nuen behartuen irriskuan ezartzeaz josta zadin; baina behin ere eztaukot bere karkularen ezteuskeria barkatuko. Nehor ezta gaixto izaiteaz desenkusagarri, baina hala dela jakitean bada merezimendu zerbait; eta bizioetan ezin ordainduena zozokeriaz gaizki egitea da.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007