|
Poema xipiak laxoan
IX
Berinagile gaitza
Badira jite beha egoile hutsak eta egintzako osoki ez gaiak, bizkitartean, olde mixteriozko eta ezezagun baten azpian, ari baitira batzuetan berek hortako ahalik gabe zirela uste zuten lehia batekin. Athezainaren baitan berri gozagaitz bat aurki beldurrez, bere athe aitzinean herbailki sartzera menturatu gabe oren batez itzulika dabilan bat, eskutitz bat hamabortz egunez ideki gabe badatxikan bat, edo urte hartan egin beharra zen urrats baten egiteko etsia sei ilabeteren buruan baizik ez hartzen, senditzen dira bapatez indar ezin ihardoki batek, arku batek gezia bezala, egintzara anbilduak. Moralixtek eta medikuek, uste baitute guzia badakitela, ezin argi dezakete arima auher eta atseginkoi horier gemen hoin eroa hoin supituki nundik heldu zeen, eta nola, gauza xoilenen eta beharrenen egiteko ahalik gabe, minuta berezi batez kuraia arraro bat aurkitzen duten egintza arrazoingabeko eta lanjerosenendako ere. Ene adixkide batek, izan den ametslari eztiena, oihan bati su eman du egun batez ikusteko, zion, suak ohiki erraiten den bezain errex hartzen zuenez. Hamar aldiz entseguak huts egin zuen; baina, hamekagarrenean, etzen ongiegi baizik heldu. Bertze batek zigarro bat phiztuko du bolbora barrika baten ondoan, ikusteko, jakiteko, halabebarraren azikatzeko, gemenaren erakustera bere buruaren bortxatzeko, jokariarenaren egiteko, antsiako atseginen ezagutzeko, deusetako, burukeriaz, zer egin ez jakinez. Aspertzetik eta ametseriatik jalgitzen den gemen mota bat da; eta hoin ustegabean agertzen zeen horiek, gehienean, erran dutan bezala, izaitetan nagienak eta ametseriara ixurienak dira. Bertze bat, gizonen soaren aitzinean begien behititzerano herabea, hanbatetarano nun bere nahikaria guzia bildu behar baitu edandegi batean sartzeko edo antzoki bateko bulego aitzinetik iragaiteko, hango begiztatzaleak iduritzen baitzazko Minos, Eake ’ta Rhadamanteren maiestateaz jantziak, ondotik doakon agure baten lephora jauziko da bapatez eta gartsuki besarkatuko du ustegabetua dagon jendetzearen aitzinean. Zergatik? Zeren eta... zeren begitarte hori ezin ihardokitzeko moldean begiko baitzizakon? Behar bada; baina arrazoinezkoago da asmatzea berak ere eztakiela zergatik. Aldi bat baino gehiagotan gaitzaldi eta olde horien menean izana niz, sinestera emaiten baitaukute Debru maltzur batzu gure baitan sartzen zauzkula eta egin-arazten dauzkigutela, guhaur ohartu gabe, bere nahikaria zentzu gabekoenak. Goiz batez jeikia nintzan mokor, ilun, auherkeriaz akitua, eta bultzatua, iduriz, egintza mirazko zenbaiten egitera; eta leihoa ideki nuen, ondikotz! (Ohar zaitezte, othoi, bairatzeko gogoak, jende batzuen baitan, ezpaita lan edo antolamendu zenbaiten ondorioa, baina ustegabeko argitze batena, egite handia baduela, gutiziaren indarraz baizik ezpaliz ere, medikuen arauez izterikoa, eta medikuek baino hobekixago gogoetatzen dutenenaz satandarra den omorearekin, ihardoki gabe egintza lanjeros edo behargabeko batzuetara bultzatzen gituena.) Karrikan ikusi nuen lehenbiziko jendea, berinagile bat zen, haren oihu samin, makurra, nitarano igan baitzen paristar aire phizu eta zikinean barna. Bertzela ere enezake erran zergatik hartua izan nintzan gizon gaizo horren aldera, herra bapateko bezain bortitzaz. — «He! He!» eta oihu egin naukon igan zadin. Bitartean gogoetan nindagon, ez alaitasun zerbait gabe, ganbara seigarren estaian izanez eta mailaldea biziki hertsi, gizonak neke zenbait ukanen zukeela igaitearen egiten bere salgai hauskorraren izkinak leku andana batzuetan lotuz. Agertu zen azkenean; ikertu nituen arthoski haren berina guziak, eta erran naukon: «Nola? eztuzu kolorezko berinarik? berina gorraxta, gorri, urdinik, mirazko berinarik, parabisuko berinarik? Ziren ahalgegabea! auzoalde behartu batzuetan ibiltzeko ozarreria baduzu, eta eztuzu bizia ederrean erakuts-araz dezakeen berinatik ere!» Eta bizi-bizia mailaldera bultzatu nuen, han erasian behaztopatu baitzen. Galeriara hurbildu nintzan eta hartu nuen lore untzi ttipi bat, eta gizona berriz agertu zenean, ene gerlako tresna zuzen-zuzena erortzera utzi nuen haren krakoen gibeleko bazterrera; eta ukaldiak aurdiki baitzuen, bizkarrean osoki hautsi zuen bere aberastasun ibilkaria aire gaixtoak lehertzen duen krixtalezko palazio baten harrabots ozena eginez. Eta neure erokeriaz mozkorturik, oihu egin naukon bortizki: «Bizia ederrean! bizia ederrean!» Jostagailu zaintsu horiek eztira lanjerrik gabe, eta kario ordain daitezke ainitzetan. Baina zer axola danatzearen eternitateaz, gozamenaren mugagabea zekunda batean aurkitu duenarendako?
Poema xipiak laxoan |