|
Poema xipiak laxoan
XXIII
Bakartasuna
Gazetalari gizatiar batek baderrata bakartasuna gizonarendako gaixto dela eta bere aburuaren azkartzeko, aipatzen ditu, sineskabe guziek bezala, Elizako Aiten elheak. Badakit Debrua badabilala gogotik leku agorretan, eta erahiltzeko eta lizunkeriako Gogoa miragarriki sutzen dela leku bakartietan. Baina izan laiteke bakartasun hori elizatekeela lanjeros bere tirriez eta ametseriez jendeztatzen duten arima auher eta bidez galduendako baizik. Segur da hitzuntzi bat, atsegin orotako gorena pheredikategi edo taulada baten gainetik mintzatzea duena, Robinsonen irlan osoki ero bilakatzeko irrisku handitan lizatekeela. Eztauzkot ene gazetalariari Crusoe-ren bertute bihoztunak batezpada eskatzen, baina galdegiten dut bakartasunaren eta mixterioaren maitaleak eztitzan ogendunetako sala. Badira, gure arraza elhasturiari emanetan, gaztigu gorena narda gutiagorekin onhar lezaketenak, urkabearen gainetik hitzaldi jori baten egitea haizu baldin balute, Santerre-ren atabalek elhea ordugabetarik motz lezeeten beldur izan gabe. Eztitut urriki, asmatzen baitut haien hitzaldi ixurtzek emaiten dezteetela bertze batzuek ixiletik eta bere baitan sartzetik hartzen dituzten atseginen berdinak; baina gutiesten ditut. Oroz gainetik nahi dut ene gazetalari madarikatuak utz nezan ene gostura jostatzen. «Ehoiz eztuzu bada, —erraiten dauta, sudur mintzo biziki apostoliko batekin—, zure gozamenen uzitzeko beharra senditzen?» Ikusazu jeloskor xotil hori! Haren atseginak gutiesten ditutala badaki, eta badator enetan sartu nahiz, besta-nahasle higuna! «Bakarrik egon ahal ez izaiteko zorigaitz handi hura!...» dio nunbait La Bruyère-ek, jendaldean bere buruaren ahaztera lasterrez doazin haier ahalge emaiteko bezala, bere buruen ezin jasaiteko beldurrarekin behar bada. «Abantzu zorigaitz guziak gure ganbaran egoiten ez jakitetik heldu zazku», dio bertze zuhur batek, Pascal-ek, uste dut, bere baitan sartzeko gelara deituz zoriona mogimenduan bilatzen duten erotu horiek oro, eta, anaietasunezkoa izenda nezakeen bere buruen saltze batean, mende huntako hizkuntza ederra erabili nahi baldin banu.
Poema xipiak laxoan |