Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XLII

 

Maitatu batzuen potretak

 

         Gizonen saloin xipi batean, erran nahi da jokotegi aphain bati zatxikakon pipagune batean, laur gizon ari ziren pipatzen eta edaten. Etziren baitezpada ez gazteak, ez zaharrak, ez itsusiak ez ederrak; baina zahar ala gazte, bazadukaten bozkarioan adineratuen berexgoa ezin ezaguna ezten hura, ezin errana den nik dakita zer hura, trixtezia hotz eta trufari argiki mintzo den hura diola: «Bizi azkarra eremana dugu eta zer maita eta estima ginezakeen bila gabiltza.»

         Batek solasa eman zuen emazten gaira. Horren ez aipatzea filosofikoago izanen zen; baina jende batzu badira ezpaitituzte, edan ondoan, solasaldi arruntak gutiesten.

         «Gizon guziek, zion hunek, Kerubinoren adina ukana dute: oihanetako jainkosa eskasez, haritzen ondoa, higuntasunik gabe, besarkatzen den aroa da. Maitasunaren lehenbiziko maila. Bigarrenean, hasten da hautatzen. Gogoetatu ahal ukaitea, jadanik jaustea da. Orduan da edertasuna deliberatuki bilatzen. Ene aldetik, jaunak, hoilatzen niz heldua izaiteaz, aspaldidanik, heren maileko urtarora, hartan edertasuna bera ezpaita aski, usain onaz, aphainduraz eta bertze gauzez ezpaldin bada ondua. Baina, bizi guzian, Kerubinoren adinean ezpada, bertze edozein baino sendikorrago izana niz emazten zozotasun nardagarriari, bienartekotasun sumingarriari. Ihizietan maite dutana oroz gainetik, lañotasuna da. Asma ezazue beraz zenbat sofritu dukedan azken maitearekin.

         «Printze baten baxtarta zen. Ederra, hori erran gabe doa; bertzela, zergatik nuen hartuko? Baina gaitasun goien hori handi-nahi zorigaitzeko eta moldekaitz batez andeatzen zuen. Beti gizonarena egin nahi zuen emaztea zen. «Etzira gizona! Ha! gizona baninz! Gu bietarik, gizona ni niz!» Horiek ziren kanturik baizik airatzen ikusi nahiko enuen haren ahotik jalgitzen ziren lelo ezin jasanak. Ene miresmena agertzera uzten nuen liburu batez, olerki batez, opera batez: «Uste duzu behar bada hori biziki azkar dela? zion berehala; azkartasunean ezagutzen zirea?» eta arrazoinak emaiten zituen.

         «Egun batez ximiari eman da; hala nola nun geroztik haren ahoaren eta enearen artean berinazko maska bat edireiten bainuen. Horrekin guziarekin, azkarki mindulina. Batzuetan jestu maitariegi batez bulkatzen baldin banuen, landare killika bortxatu bat bezala ikharatzen zen...

         — Nola bururatu da? erran zuen bertze hiruretarik batek. Etzinitutan hoin pairakorra ezagutzen.

         — Jainkoak, egin zuen berriz, eman zaukon gaitzari erremedioa. Egun batez aurkitu nuen indar idealaz amikatu Minerba hura, ene mutilarekin buruz buru, haien ez ahalgearazteko ixilean gibelatzera bortxatu ninduen egonara batean. Arratsean biak haizatu nituen, lan-sari gibelatuak ordainduz.

         — Nik aldiz, egin zuen berriz solasa hautsia zuenak, eztut neure buruaz baizik deitoratu behar. Zoriona etxean bizitzera ethorri zata, eta eztut ezagutu. Fortunak, azken denbora hautan, emana zautan izaitetan eztiena, manukoena eta ekharriena zen emazte bat, eta beti prest! eta kharrik gabe! «Ba nahi dut, gozagarri zautzunaz geroz.» Haren ihardespen ohikoa zen. Makilaz eman zinezoke harresi huni edo jargia huni, maitasun bortiztuenaren oldek ene maitearen golkotik egiten zauzkoten baino hasperen gehiago athera baitzinezoke. Urte bat elgarrekin bizi ondoan, aithortu zautan atsegina etzuela behin ere ezagutua. Buruz-buruko gudu ezberdin hortaz nardatu nintzan, eta nexkato berdinik gabeko hura ezkondu zen. Ukan nuen, berantago, haren berrikusteko burukeria, eta erran zautan, sei haur eder erakutsiz: «Ha bada! adixkide maitea, emazte ezkondua zure maitea zen bezain neskasoa da!» Ezer etzen aldatua jende haren baitan. Urriki dut batzuetan: ezkondu beharko nuen.»

         Bertzeak irriz hasi ziren, eta heren batek bere aldian erran zuen:

         — «Jaunak, ezagutu ditut hetaz behar bada axolatu etzirezten gozatasun batzu. Maitasunean irriegingarri denaz mintzo niz, eta miresmena baztertzen eztuen irriegingarri batez. Ene azken maitea miretsi dut, ustez, zuek zuenak hastiatu ala maitatu dituzuen baino gehiago. Eta guziek nik bezainbat miresten zuten. Ostatu batera sartzen ginenean, minuta zenbaiten buruan, bakoitzak jatea ahazten zuen hari behatzeko. Mutilek berek eta khondu-mahiko andereak gogo-erautzi hedakor hori senditzen zuten bere eginbiden ahazterano. Hots, bizi izan niz zenbait denboraz bitxikeria bizi batekin buruz buru. Jaten zuen, hortzekin xehatzen, lehertzen, amikatuki iresten, baina munduan den itxura arin eta axolagabenarekin. Luzaz gogo-erautzian atxiki nau ni ere. Bazuen «Gose niz!» erraiteko ara ezti, ametslari, angeles eta elhaberrietako bat. Eta hitz horiek gau eta egun errepikatzen zituen munduko hortz pollitenak erakutsiz, aldi berean beraztuko et’alaituko baitzinituzten. Fortuna bat egin ahalko nuen ferietan mustro jale orotako hura erakutsiz. Ontsa hazten nuen, eta bizkitartean utzi nau... — Janari saltzale batendako, agian? — Mota bertsuko zerbaitendako, halako armadaren hornidurako langile batendako, hark dakien joko zerbaiten bidez, emaiten baitauko behar bada haur gaixo hari soldado andana baten jatekoa. Hori dut, bederen, uste ukan.

         — Nik, erran zuen laurgarrenak, oinaze itsuski bortitzak jasan ditut eme berekoi bati ohian erasiaz erraiten denaren kontrakoaz. Gaizki ari zirezte ene ustez, hilkor zoriondunegiak, zuen maitalen hutsak deitoratuz!»

         Hori doinu biziki larde batekin errana izan zen, gizon itxuraz ezti eta serios baten ganik, itxuraz abantzu elizatiarra, zorigaitzez begi urdin argi, haien soak «Nabi dut!» edo «Behar da!» edo «Eztut ehoiz barkatzen!» dion begi hetarik batzuekilakoa.

         — «Zaintsu ezagutzen zitutan bezala, zu, G..., beldurti et’arinak zirezten bezala, K... eta J... zuek biak, ezagutzen dutan emazte batekin birazkatuak izan bazinezte, edo ihes joanen zinezten, edo hilak izanen. Ni, bizi gelditu niz, badakusazuen bezala. Nik, iraun dut, badakusazuen bezala. Asma ezazue sendimenduz edo karkulazko huts bakar bat egin eztezakeen norbait; asma jitezko berdintasun lastimagarri bat; zerbitzatzeko axola sinorik ez hanturarik gabeko bat; ahultasunik gabeko eztitasun bat; bortizkeriarik gabeko gemen bat. Ene maitasunaren ixtorioak badiduri bururatzerik gabeko bidaia bat mirail bat bezain garbi eta leun den leku batean, burxoratzerano beti berdina, ene sendimenduak eta jestuak oro emanen zituena nihauren konzienziako zuzentasun irkaiztunarekin, hala nola nun ezpainezakeen arrazoingabeko jestu edo sendimendu baten ukaitera mentura, nitarik ezin berexizko itxuraren erasia ixilari berehala ohartu gabe. Maitasuna menpetasun bat bezala iduritzen zizatan. Zenbat zozokeriaren egitea debekatu dautan, ez eginik urriki baitut! Zenbat zor nik nahigabean ordaindurik! Neure erotasun berezitik athera nezazkeen irabazi guziez gabetzen ninduen. Erregela hotz eta ezin iragan batekin, ene burukeria guziak hausten zituen. Lazturaren gainditzeko, etzuen, lanjerra urrundu eta, eskerrik nahi. Zenbat aldiz eztut neure burua zaindu haren zintzurrera jauztetik, oihuka: «Eskasa izan hadi bada zerbaitetan, zorigaitzekoa! atsekaberik eta haserrerik gabe maita hezatan!» Urte andana batean miretsi dut, bihotza herraz beterik. Hortarik hil dena, azkenean, eniz ni!

         — Ha! egin zuten bertzek, hil da beraz?

         — Bai! etzezakeen horrela iraun. Maitasuna amets gaixto lehergarri bat bilakatua zizatan. Garhaitu ala hil, Politikariak dion bezala, hori zen halabeharrak hartzera bortxatzen ninduen hautua! Arrats batez, oihan batean... phutzu baten bazterrean... gogo-ilunduzko ibilaldi baten ondotik, haren begiek zeruaren eztiaz dirdiratzen baitzuten, eta ene bihotza ifernua bezain khexu...

         — Zer!

         — Nola!

         — Zer erran nahi duzu?

         — Ezin huts egina zen. Zerbitzari ezin erasiatu baten joiteko, laidoztatzeko edo haizatzeko zuzentasunaren sendimendu sobera banuen. Baina behar zen sendimendu hori jende hark emaiten zautan lazturarekin akomeatu; hartaz arindu errespetuan hutsik egin gabe. Zer nahi zinuten egin nezan hartaz, betegina zenaz geroz?»

         Bertze hirur lagunek behatu zaukoten so nahasi eta doi bat zoratuarekin, hartzen ezpazuten bezala eginez eta erran gabe aithortuz bezala etzutela sendi, hek, hoin egintza gogor bateko ahalik, bertzela aski argitua izanik ere.

         Gero botoila berri batzu ekharr-arazi ziren, bizia hoin zaila duen Aroaren hiltzeko, eta hain emeki doan Biziaren lehia-arazteko.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007