Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007

 

XXXVI

 

Margazkitzeko nahikaria

 

         Zorigaitzekoa behar bada gizona, baina zorionekoa nahikariak urratzen duen edergilea! Sutan nago hain bekan agertua zatan eta hain laster ihes egin duen anderea margazkitu nahiz, gauak baderaman bidariaren gibelean gelditu den gauza eder urrikaltzeko bat bezala. Itzalia dela zein aspaldi duen jadanik!

         Ederra da, eta ederra baino ere gehiago; ustegabegarria. Beltza nasai da haren baitan; eta gogora-arazten duen guzia gauazkoa da eta barnatua. Haren begiak bi harpe dira hetan dirdiratzen bezala baitu mixterioak, eta haren soak zimiztak bezala argitzen du: jauzte bat da ilunbetan?

         Iguzki beltz batekin erkida nezake, izar beltz bat asma balaiteke argiaren eta zorionaren ixurtzen. Baina errexago argizagiaz goga-arazten du, hunek bere eragin beldurgarriaz marratua baituke; ez eresietako argizagi zuriaz, andere ezkondu berri hotz baten egitea baitu, baina argizagi ilun eta zoragarriaz, gau ortzidun baten zolan dilindan eta lasterrez dabiltzan hedoiez bulkatua; ez argizagi baketsu eta ixilaz gizon garbien loaren ikusle, baina zerutik moztua den argizagiaz, garhaitua eta jazartua, Sorgin thezaliarrek idorki bortxatzen baitute belar laztatuaren gainean dantzatzera.

         Haren bidar xipian bizi dira borondate zaila eta ihizi hatzemaiteko gutizia. Bizkitartean, aurpegi lotsagarri horren beherean, hor sudur zilo higikor batzuek iresten baitituzte ez ezaguna eta ezin egina, jauzten da, garazia ezin erranezko batekin, aho handi, gorri eta zuri, eta ezin goxoagoko baten irria, sumendi bateko alhorrean ideki den lore miragarri baten mirakuluaz amets egin-arazten baitu.

 

Poema xipiak laxoan
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Jean-Baptiste Orpustan
Atlantica, 2007