|
Poema xipiak laxoan
XXXV
Leihoak
Leiho ideki batetik barnera so badagienak eztu nehoiz leiho hetsi batera dagienak bezainbat gauza ikusten. Gandela batez argitua den leiho bat baino gauza barnatuagorik, mixteriozkoagorik, emankorragorik, ilunagorik, lilluragarriagorik ezta. Iguzkian ikus daitekeena berina baten gibelean gertatzen dena baino gutiago ohargarri da beti. Zilo beltz edo argidun hortan bizi da bizia, amets egiten ari, oinazetan egonki. Hegaztegien uhainetarik haratago, badakusat emazte adineko bat, ja zimurtua, beharra, zerbaitetara beti gurtua, eta nehoiz jalgitzen eztena. Haren begitartearekin, jantziarekin, jestuarekin, abantzu jeusekin, emazte haren bizia berregin dut, edo izaitekotz leienda, eta batzuetan neure buruari khondatzen dut nigarrez. Gizon zahar behartu bat izan baliz, harena berdin errexki berreginen nuen. Eta etzaten niz, nitaz bertze batzuen baitan bizi izanik eta sofriturik burgoi. Erranen dautazue behar bada: «Leienda hori egiazkoa dela segur hiza?» Zer axola dut nitarik kanpo ezarria den egiaz, bizitzen lagundu baldin banau, banizala eta zer nizan senditzen?
Poema xipiak laxoan |