|
Parisko Andre Maria IV. Esan berria dugu Quasimodo ijitoa eta artxidiakonoa hildako egunean Andre Mariatik ezkutatu egin zela. Harez gero ez zuten ikusi eta haren berririk ez zen izan. Esmeralda hil zuteneko gauean, urkamendiko jendeak gorputza jaso eta ohi bezala Montfaucongo sotoetara eraman zuten. Montfaucon, Sauval-ek dioenez, «erreinuko urkamendi eder eta zaharrena» zen. Tenple eta San Martin auzoen artean, Parisko harresietatik berrehun eta hogeita hamar metrora eta Courti-Ile-tik balazta-tiramen batzuetara, inguruan legoa batzuetatik ikusteko moduan, muino txiki baten gainean zelten harrespil antzeko eraikin bat zegoen, han ere sakrifizioak egiten zirelarik. Pentsa dezagun igeltsuzko muino baten gainean harlanduzko paralelepipedoa zegoela; hamabost oin altu, hogeita hamar oin zabal eta berrogei oin luzekoa, ate, kanpoko arranpa, plataforma eta guzti. Plataforman landu gabeko harriz hamasei zutabe zeuden tente. Hogeita hamar oin altu ziren eta oinarriko bloke handiaren hiru edo lau aldeetan lerrokaturik zeuden. Goiko aldeak habe sendoz lotuta zeuzkaten, tarteka katea batzuk zintzilik zituztela eta aldi berean kateetatik eskeletoak esekita zeudelarik. Inguruko lautadan, harrizko gurutze bat eta bi urkamendi txiki daude, erdiko zuhaitzaren kimuak bailiran. Guzti horren gainetik, zeruan beleak etengabe hegan ari. Horra zer zen Montfaucon. 1328ko urkamendi handi hura, XV. mendean hondatua zegoen. Habeak ustelduta zeuden, kateak herdoildurik eta zutabeak lizunduta. Pilare-oinetako harri tailatuak junturetan pitzatuta zeuden eta inork zapaltzen ez zuen plataforma hartan belarra hazten zen. Monumentu hark zeruan soslai beldurgarria markatzen zuen; gauean batez ere, ilargiak garezur zuri haietan isla egiten zuenean, edo arratseko haizeak ilunpetan dilindan zebiltzan katea eta eskeletoek elkar jotzen zutenean. Urkamendi hura han zutik edukitzea nahikoa zen inguru guztiari zoritxar-kutsua emateko. Eraikin higuingarri haren oinarri egiten zuen harrizko blokea hutsa zen. Soto handi bat atera zioten eta lehendik ere erabilitako burdinsare batez itxirik zegoen. Handik botatzen zituzten Montfaucongo kateetatik askatzen ziren gorpu-hondakinak eta Parisko gainerako urkamendi finko guztietan hiltzen zirenen gorpuak ere. Hainbat hilketa eta giza miseria elkarrekin usteldutako hezurtegi handi hartan, mundu honetako ospetsu eta errugabe askok hantxe utzi zituzten beren hilotzak; hasi Enguerrand Marignikotik (zeinak gizon justua izanik ere Montfaucon estreinatu baitzuen) eta Coligniko almiranteraino (zeinak gizon justua izan arren amaiera eman baitzion). Quasimodo ezkutatzeari buruz honakoa besterik ez da jakiterik egon: Historia hau amaitu eta bi urte geroago (hamazortzi hilabete geroago, zehazkiago esan), Montfauconera Olivier le Daim-en gorputzaren bila etorri zirenean (bi egun lehenago urkatu zuten eta Karlos VIII.ak San Lorentzon konpainia hobean hobiratzeko baimena eman zuen), hondakin izugarri haien artean elkar besarkatutako bi eskeleto ikusi zituzten. Bata emakumearena zen eta artean soineko-piltzar batzuk zituen; lehen zuri izandakoak inola ere. Lepoan atxabitxizko aleak zituen idunekoa ikusi zioten eta zetazko poltsatxoa ere bai; txirtxilu berdez hornitua baina irekita eta hutsik. Haiek ez zuten inolako baliorik eta borreroak ez zituen hartu. Estu besarkaturik zegoen beste eskeletoa, gizonezkoarena zen. Bizkarrezurra okertua zuen, burua zuzenean sorbalda-hezurrei itsatsita zeukan eta zango bat bestea baino txikiagoa ikusten zitzaion. Kokote aldean ornoak osorik zeuzkan eta garbi zegoen ez zela urkatuta hil. Gizon hura beraz, haraino joan eta han bertan hilko zen. Besarkaturik zeukan eskeletotik bereizi nahi izan zutenean, hauts bihurtu zen. Parisko Andre Maria |