|
Parisko Andre Maria III. 1482 urtea zen eta ordurako Quasimodo mutila hazita zegoen. Bere aitatzako Claude Frollori esker, urte batzuk bazeramatzan Andre Mariako kanpai-jole. Claude berriz, artxidiakono egin zuten bere babesle musde Luis Beaumont-Itoaren laguntzaz, zeina Gilermo Chartier hil zenean (bere nagusi eta Luis XI.a erregearen bizargin zen Olivier le Dam bitarteko) 1472an Parisko apezpiku izendatu baitzuten. Quasimodo Andre Mariako karilloi-jolea zen, beraz. Denboran zehar, kanpai-jole eta elizaren artean halako barne lotura bat ezarri zela esan daiteke. Umezurtz izanik eta gorputz mordoilo hura zuelako, umetatik bi ezbehar haien hesi barruan mundutik betirako aldenduta bizitzen ohituta zegoen, beren itzalpean hartu zuten erlijio-harresi haietatik kanpora ezer ikusi gabe. Hazi ahala, Andre Maria beretzat arrautza, habia, etxea, aberria eta unibertsoa izan zen. Egia da aurrez izaki haren eta eraikin haren halako harmonia misteriotsuren bat bazegoela. Oso txikia zela arrastaka eta beldurrez gangetako ilunpetan zebilenean, bere giza aurpegi eta animali gorputzarekin lauza heze eta ilun haietan (zeintzuetara kapitel erromanikoek hainbat forma bitxi proiektatzen zuten) berezko sugea ematen zuen. Geroago, ezustean dorretako sokei heldu, zintzilikatu eta kanpaia jo zuenean, bere aitatzako Claude Frollori haurra hizketan hasten deneko efektua eragin zion. Horrela hazi zen, poliki-poliki, katedral barruko bizimoduaren arabera, bertan bizi eta lo eginez, handik ia behin ere irten gabe, presio misteriotsua etengabe jasanez, bertako antza hartuz, bertan txertatuz eta bertako parte izatera iritsiz. Bere izkina irtenak, eta zilegi bekigu adierazpena, eraikinaren zulo-izkinetara sartzen ziren, eta hango biztanle baino gehiago berezko edukia ematen zuen. Barraskiloak bere oskolarena bezalaxe, eraikinaren forma hartu zuela esan zitekeen. Bere etxea, bere zuloa, bere maskorra zen. Eliza zaharraren eta bere artean halako atxikimendu sakona, horrenbeste kidetasun magnetiko eta hainbeste antzekotasun material zeudenez, dortoka bere oskolari bezala loturik zegoela esan daiteke. Irakurlea ez dago ohartu beharrik guk gizonaren eta eraikinaren arteko lotura bitxi, simetriko, gertu-gertuko eta ia substantziazko hau adierazteko erabili behar izan ditugun irudi hauek hitzez hitz har ez ditzan. Halaber hain bizikidetasun estu eta luzera katedral osoa nola ohitu zen ez dago esan beharrik. Etxe hura berea zuen. Quasimodok ezagutu gabeko zokorik ez zeukan eta Quasimodok igo gabeko gailurrik ere ez. Behin baino gehiagotan igo zituen fatxadan gora pisu bat baino gehiago eskulturetako irtenuneei bakarrik helduz. Dorreetan kanpoko aldetik askotan ikusten zuten muskerra horma bertikalean bezala gora igotzen. Biki luze arriskutsu eta beldurgarri haiek, Quasimodori ez zioten ez zorabiorik, ez beldur-ikararik eragiten. Eskuz hain leun heltzen zienez, hain erraz igotzen zenez, hezita zeuzkala zirudien. Jauzika ibili, gora igo eta katedral ikaragarriko leizeetan jostatzearen poderioz, nolabait tximino eta sarrio bihurturik zegoen, oinez baino lehenago igerian ikasi eta txiki-txikitatik itsasoarekin jolasean dabiltzan ume calabriarren antzera. Baina bere gorputza ez ezik, izpiritua ere katedralera moldatua zeukan. Hala ere, oso zaila litzateke arima haren egoera zein zen, zein tolestura zeuzkan, azal korapilatsu haren azpian zein forma zeukan adieraztea. Quasimodo izan ere, jaiotzaz zen begibakar, korkox eta hanka-oker. Claude Frolloren ahalegin eta pazientzia ikaragarriari esker ikasi zuen hitz egiten. Baina kaxako ume gizagaixoak bere buruari loturik zeraman zorigaitza. Hamalau urterekin Andre Mariako kanpai-jole zela, beste gaixotasun batek are eta hobeto hornitu zuen. Kanpai-hotsak tinpanoa urratu eta belarriak gortu egin zizkion. Mundura zabal-zabalik zeukan ate balearra, bat-batean betirako itxi zitzaion eta ixtearekin batera Quasimodoren arimak jaso zezakeen alaitasun- eta argi-izpi balearrarentzako bidea moztuta geratu zen. Bere arima gau saltoneko iluntasunean murgildu zitzaion. Izaki errukarri haren tristura bere itsusitasuna bezain erabateko eta sendaezin bihurtu zen. Gainera bere gortasunak, neurri batean mutu ere bihurtu zuen. Izan ere bere burua gor ikusi zuenean besteek isekarik egin ez ziezaioten, ez hitz egiteko erabakia hartua baitzeukan. Beraz, balearrik zegoenean eta noizean behin baizik ez zuen hitz egiten. Askatzen hainbeste neke jasandako mihi hura nahita zeukan lotuta. Horregatik, mintzatzeko premiak jotzen zuenean, mihiak nagi eta baldar erantzuten zion, herdoildutako kontzetan dabilen atearen antzera. Oskol latz eta gogorrean zehar Quasimodoren arimara sartzen saiatuko bagina, gaizki egindako organismo haren barne-muinak miatzerik izango bagenu, gardentasunik gabeko organo haien atzea zuzi batez ikusiko bagenu, izaki opako haren barne goibela ikertuko bagenu, bere zoko ilun eta kale meharrak argituz kobazulo hartan preso zegoen psikera argi-izpi bat igorriko bagenu, jarrera tamalgarri, pobre, uzkur eta ahulean aurkituko genuke; harrizko gelatxo baxu eta estuegian Venezian zahartzen ziren presoak bezala oker-oker eginda. Egia da izpiritua gaizki egindako gorputzean nagitu egiten dela. Quasimodok bere baitan nekez sentitzen zuen bere antzera moldatuta itsu-mustuan zebilkion arima. Objektuen inpresioek errefrakzio nabarmena jasaten zuten pentsamendura heldu baino lehen. Bere garuna oso ingurune berezia zen: zeharkatzen zuten ideia guztiak bihurrituta irteten zuten. Errefrakzio hartatik sortutako islapena derrigorrean urrunkorra eta desbideratua zen. Horregatik zituen milaka ilusio optiko, senaren milaka aberrazio eta pentsamenduaren milaka desbideratze, batzuetan ero eta besteetan inozo. Zorigaiztoko antolamendu haren lehen ondorioa, ikusmenaz jasotako gauzen irudia lausotzea zen. Berehalako sentsaziorik ja ez zuen jasotzen eta kanpoko mundua guri baino askoz urrutiago zegoela iruditzen zitzaion. Bere zorigaitzaren bigarren ondorioa, gaiztoa izatea zen. Gaiztoa zen, noski, basatia zelako, eta basatia berriz, itsusia zelako. Haren izakerak logika zuen, gureak duen bezalaxe. Maila hartaraino garatuta zeukan indarrak, bere gaiztakeriari beste puntu bat eransten zion. Malus puer robustus, dio Hobbesek. Aitor dezagun hala ere, bidezkoa da eta, gaiztakeria ez zuela berezkoa. Gizakien artean lehen urratsak ematen hasi orduko, bere burua iraindua, gaitzetsia eta arbuiatua lehenbizi sentitu eta gero ikusi egin zuen. Giza hitzak harentzat beti iseka eta madarikazioa izan ziren. Hazten ari zen bitartean, gorrotoa besterik ez zuen aurkitu bere inguruan eta bera ere gorrotoak hartu zuen. Guztien gaiztakeriaren jabe egin zen, zauritu zuteneko arma bereganatuz. Azken finean, ezinbestean besterik ez zuen jiratzen bere aurpegia gizakiengana. Bere katedralarekin aski zuen. Errege, santu eta apezpikuen marmolezko irudi asko zegoen, eta haiek gutxienez patxadaz eta borondate onez begiratzen zioten; ez zioten aurpegira barrerik egiten. Gainerako estatuek, munstro eta deabruenek, ez zuten Quasimodorenganako gorrotorik. Antz handiegia zuen horretarako. Batez ere beste gizakiei egiten zieten iseka haiek. Santuak lagun zituen eta bedeinkatu egiten zuten. Munstroak ere lagun zituen eta gorde egiten zuten. Horregatik luze egoten zen haiekin. Batzuetan estatua haietako baten aurrean makurtuta ordutan egoten zen bakarrik berriketan. Orduan inor agertzen bazen, bere serenatan harrapatutako amoranteak bezala ihes egiten zuen. Katedrala beretzat ez zen gizartea bakarrik; unibertsoa, natura osoa zen. Ametsetan ez zerabilen beste landare-sarerik, beti loretan zeuden beirateak baizik; ez itzalik, kapitel saxoniarretan hegaztiz beteta hedatzen ziren harrizko hostoena baizik; ez mendirik, elizako dore itzelak baizik; eta ez ozeanorik, bere oinetan zurrumurruka ari zen Paris baizik. Bere ama zen eraikin hartan beste ezer baino gehiago maite zituena, bere arima esnatu eta kobazuloan hain zarpail bilduta zeuzkan hego ahulak zabalarazten zizkiotena, batzuetan zoriontsu egiten zutena, kanpaiak ziren. Maite zituen. Laztandu eta ulertu egiten zituen, beraiei hitz eginez. Gurutzadurako geziko karilloitik atariko kanpairaino, bihotzez maite zituen denak. Gurutzadurako kanpandorrea eta bi dorreak, hiru kaiola handi ziren beretzat, bertan berak hazitako txoriek beretzat baino kantatzen ez zutelarik. Kanpai haiexek gor bihurtu zuten, baina amak askotan gehien sufriarazi dion umea du maiteena. Egia da entzun zezakeen ahots bakarra hura zela. Kanpai handia zuen maiteena. Festa-egunetan bere inguruan astintzen ziren gazte zaratatsu haien familiako kutuna zuen. Kanpai handi haren izena Maria zen. Hegoaldeko dorrean bakarri zegoen bere ahizpa Jacqueline-reldn (kanpai txikiagoa zen; ondoan kaxa txikiagoaren barruan zegoena). Kanpaiak, elizari opari gisa emandako Joan Montagukoa jaunaren emaztearen ohorez zuen izen hura. Hala eta guztiz ere, Montfaucon-en lepo egin zuten. Bigarren dorrean beste sei kanpai zeuden, eta beste sei txikiago zituen gurutzadura gaineko kanpandorreak zurezko kanpaiarekin batera, zeina ostegun santu egunetik Bazko bezperako goiza arte jotzen baitzuten. Quasimodok beraz, hamabost kanpai zituen haremean, baina Maria handia zen kuttuna. Ezkilen errepika-egun handietan zeukan pozaren berri izatea zaila da. Artxidiakonoak «zoaz» esaten zion orduko, kanpandorreko eskailera kiribilean beste inor jaisten baino azkarrago igotzen zen hura. Arnas estuka sartzen zen kanpaiaren gela irekira. Hunkituta eta maitasunez begiratzen zion une batez eta gero emeki hitz egiten zion, eskuaz laztandu egiten zuen, lasterketa luzea egitera doan zaldi ona bailitzan. Gupidatu egiten zitzaion hartuko zuen nekeagatik. Lehen laztan haien ondoren, dorreko azpiko oinean zituen laguntzaileei oihu egiten zien has zitezen. Haiek soketatik zintzilik jartzen ziren, dibidietak kirrinka egiten zuen eta metalezko kusku itzel hura poliki-poliki zabuka hasten zen. Quasimodok, bihotza taupaka zuela, begirik ez zion kentzen. Mihiak brontzezko horma lehen aldiz jotzen zuenean, Quasimodo igota zegoeneko aldamio guztia dardaraz hasten zen eta bera ere bai kanpaiarekin batera. Ea bada! oihu egiten zuen eroak bezala barre-algaraz. Kanpaiaren higidura bizkortuz zihoan neurrian eta angelu handiagoa hartzen zuen heinean, Quasimodoren begia gero eta distiratsuago, gero eta gartsuago, irekitzen zen. Azkenean kanpan buelta osoa emanda, dorre osoa, aldamioak, harri landuak eta guztia hasten zen marraoka; zimenduen azpi-azpitik gailurretako edergailuetaraino. Quasimodok orduan ahotik bitsa ateratzeraino irakiten zuen. Harat-honat ibiltzen zen, dorrearekin batera burutik oinetaraino dardaraz. Kanpaiak, oldartuta era haserre, dorreko bi hormei txandaka erakusten zien bere ahoa, bertatik lau legoara entzuten zen ekaitz-arnasa ateratzen zelarik. Quasimodo aho ireki haien aurrean ipintzen zen; kanpaiaren buelten arabera makurtu eta jaiki egiten zen. Bere arnasa harrigarria hartzen zuen, txandaka tximurriz beteta berrehun oin beherago zegoen plazara eta segundoro belarrira zaunka egitera zetorkion kobrezko mihi ikaragarriari begiratuz. Entzun zezakeen hitz bakarra zen hura; bere erabateko isiltasuna asalda zezakeen soinu bakarra. Txoria eguzkitan bezala harrotzen zen. Bat-batean kanpaiaren eroaldiak hartzen zuen, begirada ere aldatu egiten zitzaiolarik. Kanpaia igaro zain egoten zen, armiarma euliaren zain egoten den bezala, eta bat-batean gorputz hutsez jauzi egiten zuen. Orduan, azpian hutsa zuela zintzilik, kobrezko munstroari belarrietatik heldu, belaun artean hartu eta bi orpoekin estututa, bere talka eta gorputzaren pisu guztiarekin kanpai-bueltari gainak ematen zizkion. Dorreak dardara egiten zuen eta berak garrasi, hortzak karraskatuz. Ile gorriak laztu egiten zitzaizkion, bularrak sutegiko hauspoaren hotsa ateratzen zion, begiari garrak zerizkion eta munstro itxurako kanpaiak irrintzi egiten zuen izerditan haren pisuaren eraginez. Orduan ez zen, ez Andre Mariako kanpaia eta ez Quasimodo; ametsa, zurrunbiloa eta ekaitza baizik. Zaldi gaineko zorabioa zen; bizkar hegalariaren gaineko izpiritua; erdia gizakia eta erdia kanpaia zen zentauro bitxia; brontzezko hipogrifo bizi harrigarri baten gaineko Astolfo beldurgarria. Ohizkanpoko izaki hark katedral osora halako bizi-arnasa berezia zabaltzen zuen. Jendearen neurriz gaineko sineskerien arabera, bazirudien Andre Mariako harri guztiei bizia eman eta eliza zaharreko erraiak taupaka jartzen zituen zerbait misteriotsu zeriola. Han zegoela jakitea aski zen galerietako eta portadetako milaka estatuak bizi zirela eta mugitu egiten zirela pentsatzeko. Berez katedralak haren menpean ume otzan eta esaneko zirudien; haren borondatearen zain zegoen, ahots ozena ateratzeko; Quasimodok hartua zeukan, etxeko jeinua bailitzan. Eraikin itzel hari arnasa harrarazten ziola esan zitekeen. Izan ere alde guztietan egoten zen; monumentuko edozein zokotan. Batzuetan edozein ikaratzeko moduan ikus zitekeen dorre baten puntan gora narras, katuka zihoala, amildegian behera, irtenunetik irtenunera jauzika eta tailatutako gorgonia baten sabela arakatuz. Quasimodo zen, beleak beren habietatik botatzen ari. Beste batzuetan elizako bazter ilun batean kimera bizi, makur eta zakar batekin egin zenezakeen topo. Quasimodo zen, pentsatzen ari. Bestetan berriz, kanpandorrean buru handi bat eta nahaspilatutako gorputz-adar batzuk ikus zitezkeen sokaren muturrari helduta balantzaka. Quasimodo zen, bezperetarako edo angelusa jotzen. Gauez askotan, irudi beldurgarri bat ikus zitekeen dorreen koroa diren eta absidearen ingurua mugatzen duen farfailezko balaustrada hauskorrean harat-honat. Andre Mariako korkoxa zebilen orduan ere. Auzokoek ziotenez, eliza osoak naturaz gaindiko halako kutsu fantastiko eta ikaragarria hartzen zuen. Begiak eta ahoak han eta hemen irekitzen ziren, lepoa tente eta ahoa zabalik gau eta egun zelatan zeuden harrizko zakur, suge eta herensugeak zaunka hasten ziren, eta Gabon gaua baldin bazen, hilzorian zegoela zirudien kanpai handiak eliztarrei gauerdiko mezetarako dei egiten zien bitartean fatxada ilunean hain zantzu berezia zabaltzen zenez, portadak jendea irentsi eta arrosetoia begira zegokiola ematen zuen. Eta guzti hura Quasimodok sortzen zuen. Egiptok tenplu hartako jainkotzat hartuko bazukeen ere, Erdi Aroan deabrutzat jotzen zuten, nahiz eta berez bertako arima izan. Quasimodo izan zela dakitenei gainera, gaur egun katedrala hutsa, bizirik gabea eta hila iruditzen zaie. Zerbait falta dela sentitzen da. Gorputz handi hori hutsa dago; eskeletoa besterik ez da; izpirituak utzi egin du eta zuloa besterik ez dugu ikusten. Garezurra bezalakoa da. Begientzako zuloak baditu, baina begiradarik ez. Parisko Andre Maria |