Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

V.
BELTZEZ JANTZITAKO BI GIZONAK

 

        Sartu zen pertsonak jantzi beltza eta aurpegi iluna zeuzkan. Lehen begiradan gure lagun Joan harritu zuena (zeina asmatzekoa denez, bere txokoan dena ongi ikusi eta entzuteko moduan baitzegoen) etorri berriaren begitarte eta soinekoaren seriotasun ikaragarria izan zen. Hala ere aurpegi hartan halako gozotasun bat zegoen hedatuta, baina katuaren edo epailearen gozotasuna; gozotasun melenga. Ilea urdina, aurpegi zimurra eta hirurogei bat urte zituen. Begiak kliskatzen zituen bekain zurien azpian. Ezpaina zintzilik zeraman eta esku handiak zeuzkan. Joanek hori besterik ez zela, hau da, medikua edo magistratua, eta sudurra ahotik urruti zuela (ergelaren seinale) ikusi zuenean, bere zulokotean bildu zen, han denbora luzez hain jarrera deserosoan eta hain lagun aspergarriekin igaro beharko zuelakoan.

        Artxidiakonoa berriz, jaiki ere ez zen egin pertsona hura sartu zenean. Ate ondoko aulki batean esertzeko keinu egin zion eta aurreko gogoetari jarraituz ari zela zirudien isilune baten ondoren, nagusitasun itxuraz honela esan zion:

        —Egun on, maisu Jacques.

        —Baita zuri ere, maisu! —erantzun zion gizon beltzak.

        Batetik maisu Jacques eta bestetik maisu esateko eren artean, monsignore eta jauna, domine eta domne-ren arteko diferentzia nabarmendu zen. Garbi zegoen doktorearengana joandako ikaslea zela.

        —Eta —esan zuen artxidiakonoak maisu Jacquesek inola ere hautsi ez zuen isilune baten ondoren —ari al zara lortzen?

        —Bai zera, maisu! —erantzun zion irribarre tristez —Beti ere putz egiten dut, baina errautsa besterik ez dut lortzen. Urre-txinpart bat bera ere ez.

        Dom Claudek egonezinezko keinu bat egin zuen.

        —Ez naiz horretaz ari, Jacques Charmolue maisua. Zure aztiaren prozesuaz ari natzaizu. Kontu-auzitegiko arduraduna ez al da zuk diozun Marko Cenaine? Bere magia aitortu al du? Arazoa konpondu al duzu?

        —Tamalez ez! —erantzun zion maisu Jacquesek, beti ere irribarre tristez —Ez dugu, bada, poz hori. Gizon hori harkaitza da. Zerri-azokan irakingo bagenu ere, ez luke deus ere esango. Dena den, egia lortzeko ahalegin guztiak jo ditugu. Era guztietako edariak eta San Joan loreak eman dizkiogu, Plauto komiko zaharrak dioenez:

 

                Advorsorum stimulos, laminas, crucesque, compedesque,

                Nervos, catenas, carceres, numellas, pedicas, boias.

 

        Dena alferrik. Ikaragarria da gizon hori. Ez dut ulertzen. —Bere etxean ez al duzu ezer berririk aurkitu?

        —Bai —esan zuen maisu Jacquesek bere poltsa miatuz—. Pergamino hau. Goian guk ulertzen ez ditugun hitz batzuk daude. Felipe Lheulier krimen-abokatuak hebreera-apur bat badaki, Brussela-n Kantersten kaleko judu-arazoan ikasita.

        Horrela ari zela, Jacques maisuak pergaminoa zabaldu zuen.

        —Ekarri! —eskatu zion artxidiakonoak.

        Eta begiratu ondoren honakoa erantsi zuen:

        —Magia hutsa, maisu Jacques! Emen-hetan! da gau-beleek akelarrera heldutakoan egiten duten oihua. Per ipsum, et cum ipso, et in ipso da deabrua infernuan preso berriz uzteko. Hax, pax, max! medikuntzakoa da. Zakur amorratuaren horzkadatik babesteko formula da. Jacques maisua! Zu elizarekiko arazoetan erregearen prokuradore zara. Pergamino hau gorrotagarria da.

        —Gizona berriro oinazetara eramango dugu. Baina badut hemen —erantsi zuen Jacques maisuak poltsa arakatuz —Marko Cenaine-ren etxean aurkitutako beste zerbait.

        Familiako ontzia zen; Clauderen labea estaltzen zuen horietakoa.

        —Hara! —esan zuen artxidiakonoak —Alkimistaren arragoa zen.

        —Esan beharra daukat —jarraitu zen Jacques maisua irribarre txiki eta makur samarra eginez —labean probatu dudala eta neurearekin baino emaitza hoberik ez dudala lortu.

        Arrxidiakonoak ontzia aztertu zuen.

        —Zer grabatu du sukatiluan? Och! och! Arkakusoak uxatzeko hitzak! Marko Cenaine ezjakina da. Honekin urrerik ez lortzea ez da harritzekoa! Udan logelan jartzeko besterik ez du balio.

        —Hutsak aipatzen ari garenez —esan zuen erregearen prokuradoreak—, hona igo baino lehen beheko ataria ikusi dut. Konturatu al zara fisika-lana Ospitale aldera irekitzen dela eta Andre Mariaren oinetan dauden zazpi irudi biluzietan orpoan hegal dituena Merkurio dela?

        —Bai —erantzun zion apaizak—. Agustin Nifo-k idatzia da; gauza guztiak irakasten zizkion demonio bizarduna zeukanak. Gainera orain jaitsiko gara eta bertan erakutsiko dizut dena.

        —Eskerrik asko, maisu —esan zion Charmolue-k lurreraino makurtuz—. A! Ahazturik nuen! Noiz nahi duzu sorgin txilei hori harrapatzea?

        —Zein sorgin?

        —Bai. Zuk ongi ezagutzen duzun ijito hori; agintariek debekatu arren egunero plazara dantzara etortzen den hori. Deabruak hartutako ahuntza du, bere bi demonio-adar dituelarik. Irakurri egiten du, eta idatzi, eta Picatrix-ek bezala matematikak dakizki. Hori Bohemia osoa preso hartzeko aski litzateke. Prozesua prest dago eta laster burutu beharko da. Neska xarmanta inola ere dantzari hori! Begi beltzik ederrenak ditu! Egiptoko bi errubi bezalakoak. Noiz hasiko gara?

        Artxidiakonoa zurbilegi zegoen.

        —Esango dizut —atera zitzaion ia entzun ere egiten ez zen ahotsez, eta gero ahaleginduz—. Orain Marko Cenaine-z ardura zaitez.

        —Zaude lasai —esan zion irribarrez Charmolue-k—. Larruzko ohean lotaraziko dut itzuli orduko. Deabrua halakoa! Pierrat Torterue bera ere nekatu egiten da, nik baino esku indartsuagoak izanagatik. Plautok dioenez:

        Nudus vinctus, centum pondo es quando pendes per pedes.

        Tornuko oinazea! Hori da daukagun onena. Hortik pasaraziko dugu.

        Dom Claudek serio kezkatuta zirudien. Charmoluerengana jiratu zen:

        —Maisu Pierrat... maisu Jacques, hobeto esan, Marko Cenaine-z ardura zaitez!

        —Bai, noski, dom Claude. Gizajoa! Mummol-ek adina sufritu du. Ona egin du. Akelarrera joatea ere! Kontu-auzitegiko arduradun izanik jakin behar zuen Karlomagnoren Stryga vel masca testua. Neskari buruz, Esmeralda deitzen diotenari buruz alegia, zure aginduen zain naukazu. A! Eta ataritik pasatzen garenean elizako sarreran dagoen lorazainaren pintura ere esplikatu behar didazu. Ez al da Ereilea? E, maisu! Zer ari zara pentsatzen?

        Dom Claudek, bere baitara bildurik, ez zion entzuten. Charmoluek, begiradaren norabideari jarraituz, argizuloa estaliz zegoen amaraunari begira ari zela ikusi zuen. Orduan, martxoko eguzki bila zebilen euli axolagabe bat sare hartara erori eta bertan geratu zen itsatsita. Sarea astindutakoan, armiarmak erditik berehala irten zuen. Gero euliaren gainera jauzi egin eta aurreko antenez tolestuta tronpa nazkagarriaz burua hustu zion.

        —Euli gajoa! —esan zuen elizarekiko arazoetarako erregearen prokuradoreak, eta eskua altxatu zuen salbatu asmoz.

        Artxidiakonoak berriz, bere senera etorrita besotik heldu zion gogor samar.

        —Jacques maisua! —oihu egin zion —Utzi zorigaiztoari lan egin dezan.

        Prokuradorea txundituta jiratu zen. Besoa burdinazko matxardaz heldu ziotela iruditu zitzaion. Apaizaren begiak finko, haserre, sutan zeuden eta euli-armiarmei begira zegokien.

        —A, bai! —jarraitu zen apaiza erraietatik ateratakoa zirudien ahotsaz —Hona hemen gauza ororen irudia. Hegan egiten du, alaia eta jaioberria da. Udaberria, aire zabala, askatasuna nahi ditu. A, bai! Baina zorigaiztoko arrosetoiarekin topo egitea ere! Armiarma ateratzen da; armiarma nazkagarria! Dantzari gajoa! Euli predestinatu gajoa! Jacques maisua. Utzi bere horretan! Zorigaiztoa da! Ai, Claude! Hi haiz armiarma nazkagarria! Dantzari gajoa! Zientziara, argitara, eguzkira hegan ari hintzen. Betiereko egiara iristeak besterik ez hinduen kezkatzen, baina beste mundura (argitasunaren, adimenaren eta zientziaren mundura) doan argi-zulo distiratsura euli itsutua edo doktore ergela bezala murgilduta, ez duk patuak hire eta argiaren artean ehotako sare mehea ikusi, eta ausartegi egin duk aurrera, ero halako horrek. Orain hor hago burua hautsita eta hegoak erauzita zorigaiztoaren burdinazko antena artean preso. Jacques maisua! Utzi armiarmari lan egin dezan.

        —Ez dut ukituko —esan zion ezer ulertu gabe begiratzen zion Charmoluek—, benetan diotsut. Baina utzi besoa mesedez, maisu. Kurrikak bezalako eskua duzu.

        Artxidiakonoak ez zion entzun.

        —O! Tentela halakoa! —jarraitu zen begiak leihotik kendu gabe —Eta eltxoaren hegoez sare beldurgarri hori hautsita ere, argiraino iritsiko hintzatekeela uste al duk? Hara! Aurrerago dagoen beira hori, oztopo garden hori, brontzea baino gogorragoa den eta filosofia guztiak egiatik bereizten dituen harresi ikusezin hori, nola zeharkatuko hukeen? Zientziaren harrokeria! Zenbat jakitun etortzen den hegaz urrutitik hona kopeta haustera! Zenbat sistemak talka egiten duen betiereko beira honen kontra hega-biraka etorrita!

        Isilik geratu zen. Bazirudien bere baitan zientziara eraman zuten azken ideia haiek barrena baretu egin ziotela. Jacques Charmoluek errealitatera itzularazi zuen, honako galdera hau eginda:

        —Eta, maisu. Noiz lagunduko didazu urrea egiten? Urduri nago, lortu ezinda.

        Artxidiakonoak buruari eragin zion irribarre mingotsez.

        —Jacques maisua. Irakurri Migel Psellus-en Dialogus de energia et operatione daemonum. Egiten ari garena errurik gabekoa ez da.

        —Ez hain ozen esan, maisu! Horretaz ez dut zalantzarik, baina norbera elizako auzitegian erregearen prokuradore denean eta urteko Toursko hogeita hamar ezkutu besterik irabazten ez dituenean hermetika-apur bat egin beharra dago.

        Une hartan murtxikatzen ari ziren masailen hotsa heldu zen labepetik Charmolueren belarri urdurira.

        —Zer izan da hori?

        Ikaslea zen. Bere ezkutalekuan asperturik eta deseroso, ogi-kozkor bat eta lizundutako gazta-pusketa bat aurkitu eta jaten hasi zen barrena kontsolatu eta gosaltze aldera. Gose ikaragarria zuenez, zarata handia ateratzen zuen; haginkadatik haginkadara gero eta handiagoa. Hots hura entzunda kezkatu zen prokuradorea.

        —Katua izango da —erantzun zion berehala artxidiakonoak— Saguren bat harrapatuta jaten ariko da.

        Argibide hura ontzat hartu zuen Charmoluek.

        —Egia da, maisu —esan zion errespetuzko irribarrez—. Filosofo handi guztiek eduki dute etxeko animaliaren bat. Badakizu Servio-k zer esan zuen: Nullus enim locus sine genio est.

        Claudek ordea, Joanek beste zalapartaren bat aterako ote zuen beldur zenez, bere jarraitzaile prestuari atarian elkarrekin aztertzeko irudi batzuk zituztela gogorarazi zion eta biek gelatik irten egin zuten. Ikasleari lasaitasunezko uf! handia atera zitzaion; beldur baitzen bere belaunari kokotsaren marka betirako geratuko ez ote zitzaion.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997