Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
¢ANAGKH

 

        Hil hartan bertan, martxoaren 29ko goizean uste dut, larunbatez eta San Eustakio egunez, gure lagun Joan Frollo Errotakoa ikaslea bere poltsa zegoeneko galtzak janzten ari zela, txanpon-hotsik ez zutela atera konturatu zen.

        —Poltsa gaixoa! —esan zuen patrikatik aterata —Ezta sos bat bera ere! Zorteak, garagardoak eta Venusek jota utzi haute! Huts, zimur eta bigun hago! Haserrearen eztarria dirudik! Zizeron eta Seneka maisuok, zuen obrak lurrean ikusten ditudanez, esadazue ea txanponak egiten dituen arduradunak edo Pont-aux-Changeurs-ko juduak baino hobeto zergatik jakin behar dudan koroadun urrezko ezkutuak hogeita bost sos eta zortzina denari paristarreko hogeita hamabost ontza balio dituela eta ilgoradun ezkutuak hogeita sei sos era seina denari tourstarreko hogeita hamasei ontza balio dituela, sei bikoitzean jokatzeko txakur txikirik ere ez badut. O, Zizeron kontsula! Hau ez da quemadmodum eta verum enim vero! moduko perifrasiez konpon daitekeen zorigaiztoa.

        Triste jantzi zen. Oinetakoak lotzen ari zela, pentsamendu bat bururatu zitzaion eta berehala bazter utzi zuen, baina berriro itzuli zen eta koratiloa alderantziz gain jantzi zuen, bere barnean borroka latza zegoela adieraziz. Azkenean, bere kapela zakarki lurrera botata honela zioen:

        —Zorte txarra! Ahal dena egingo da. Anaiarengana joango naiz. Sermoiren bat botako dit, baina ezkuturen bat ere bai.

        Larruz edertutako kasaka azkar jantzi, bere kapela hartu eta etsi-etsian irten egin zuen.

        Harpe kalean behera joan zen Cite-raino. Huchette kalean gora zihoala, biraka ari ziren burruntzi ederrek usaimena kilikatu zioten eta erretoki galant hari maitasunez begiratu zion. Egun batean Calatagirone frantziskotarrari erretoki harexek honakoa esanarazi zion: Veramente queste rotisserie sono cosa stupenda!. Baina Joanek dirurik ez zuenez, hasperenka Cite-ko sarrera zainduz dorrezarrezko hirusta bikoitzaren formako Petit-Chatelet-en ataripetik joan zen.

        Pasadan Karlos VI.aren garaiko Paris ingelesei eman zien Perinet Leclercen estatuari ohi bezala harririk ere ez zion bota. Egin zuen krimena harrika hautsitako eta lokatzez lohitutako burua duen bere irudiak ondotxo ordaindua du hiru mendetan Harpe eta Bussi kaleen bidegurutzeko betirako pikotan.

        Petit-Pont igaro eta Santa Jenobeba Berri kalearen buruan Joan Errotakoak Andre Maria zeukan aurrez aurre. Orduan berriz ere zalantza nagusitu zitzaion eta aldi batez Legris jaunaren estatuaren inguruan ibili zen, kezkaturik honakoa errepikatzen zuela:

        —Errieta seguru dugu, eta ezkutua ez!

        Klaustrotik ateratzen ari zen elizain bati galdera egin zion:

        Non da Josasko artxidiakono jauna?

        —Dorreko ezkutalekuan dela uste dut —esan zion morroiak— eta baketan uztea gomendatzen dizut, baldin eta aita santuaren edo erregearen partetik ez bazatoz.

        Joanek txalo jo zuen.

        —Arraioa! Sorginkeriatako gela ikusteko aukera paregabea hauxe!

        Pentsamendu hark eraginda, ausarki sartu zen atetxo beltzean eta dorreko goiko estaietara zeraman Saint-Gilles-ko eskailera kiribilean gora hasi zen.

        —Ikusi beharra daukat —esaten zuen igotzen ari zela—. Nolanahi ere, gauza bitxia izango da nire anaia agurgarriak bere gizon-alderdiak bezalaxe ezkutatzen duena! Diotenez infernuko suak pizten ditu hor eta su handian erretzen du filosofoen harria. Arraioa! Bost axola niri filosofoen harria! Munduko filosofoen harri handiena baino nahiago nuke labe horretan arrautza-opila urdaiarekin balego.

        Kolomatxoen galeriara heldu zenean, une batez putz egin zuen eta ez dakit zenbat milioi deabru aipatuta eskailera amaigabe hura madarikatu egin zuen. Gero, gaur egun jendearentzat itxita dagoen iparraldeko patioko ate estutik berriz ere gora egin zuen.

        Kanpandorrea atzean utzi eta handik gutxira, alboko hormaren gogorgarri batean eskailera-arte txiki bat aurkitu zuen eta gangaren azpian ojibazko ate baxua. Aurrean, eskailerako horma zirkularrean zegoen pareta-zulotik burdinazko armazoi handia eta sarraila ikusi ahal izan zizkion. Gaur egun jakin-mina dutenek ate horri erraz antzemango diote, horma beltzean letra zuriz honakoa idatzita dagoelako: J'ADORE CORALIE. 1829. Sinatua EUGENE. Sinatua.

        Uf! —esan zuen ikasleak —Hemen da inola ere.

        Giltza sarrailan zegoen. Atea aurrez aurre zeukan. Poliki bultza eta erdi irekitako atetik burua sartu zuen.

        Irakurleak literaturako Shakesperare-ren pareko den Rembrandt pintatzailearen lan miresgarriak zerbait ezagutuko ditu. Hainbat grabatu liluragarritan badu dirudienez Fausto doktorea irudikatzen duen eta txundituta geratu gabe ikusi ezin den akuaforte bat. Gela iluna da. Erdian gauza nazkagarriz (burezur, esfera, alanbike, konpas, pergamino, hieroglifiko, eta abarrez) betetako mahai bat dago. Doktorea mahai aurrean dago, bere txabusinarekin eta bekainetaraino sartutako larruzko kapelarekin. Gorputz erdia bakarrik ikusten zitzaion. Erdi eserita bere besaulki handian zegoen, ukabilak uzkurtuta mahai gainean zituela. Jakin-minez eta ikaraz letra magikoz osatutako zirkulu argitsu handi bat aztertzen ari zen, distira hondoko horman kamera beltzean eguzkiaren espektroa bezala nabarmentzen zelarik. Sorgin-eguzki horrek dardara egiten duela dirudi, eta gela goibela distira misteriotsuz betetzen du. Ikaragarria eta ederra da aldi berean.

        Faustoren gelaren antzekoa ikusi zuen Joanek erdi irekitako atetik burua sartu zuenean. Gordeleku iluna zen; ia argirik gabekoa. Besaulki handi bat eta mahai luzea zeuden, konpas, alanbike, sabaitik zintzilikatutako animali eskeleto, lurreko esfera, urrezko xaflak dardara zegiten probetekin nahastutako hipozefalo, karaktere eta irudiz betetako pergaminoen gaineko burezur eta punta hauskorreko pergamino gainean nahas-mahas zabaldutako eskuizkribu-piloekin batera. Zientziaren zabor guztia zegoen, hauts eta amaraunez jositako anabasa hartan. Zirkulu argitsurik ez zen ikusten ordea, eta doktorerik ere ez, arranoak bere eguzkiari bezala doktorea estasisean ikuskizun distiratsuari begira.

        Gelan norbait bazegoen ordea. Gizon bat besaulkian eserita zegoen mahai gainerantz makurtuta. Joanek, atzea emanda zegoelako, bizkarra eta kokotea baizik ezin zizkion ikusi, baina azkar asko ezagutu zuen naturak tontsura iraunkorra opari emandako buru soil hura. Bazirudien naturak artxidiakonoari ezinbesteko erlijioso-bokazioa antzemanda kanpoko seinaleaz markatu nahi izan zuela.

        Joanek, beraz, bere anaia ezagutu zuen, baina atea hain emeki ireki zuenez, dom Claude ez zen ezertaz ohartu. Ikasle jakinguratsua gela bere gustura arakatzeko aukeraz baliatu zen. Hasieran konturatu ez bazen ere, labe handi bat zegoen besaulkitik ezkerretara argi-zuloaren azpian. Handik sartzen zen argi-izpiak amaraun biribila zeharkatzen zuen, zeinak bere arrosetoi hauskorra argi-zuloaren ojiban pozik markatzen baitzuen, erdian intsektu arkitektura farfailezko gurpilaren ardatz gisa geldirik zegoelarik. Labearen gainean, nahasian era guztietako ontzi, gresezko flasko, beirazko erretortak eta ikatz-matrazeak zeuden. Joan damu zen zartaginik ez ikusteaz.

        —Hau duk sukaldeko ontziteria, hau! —pentsatu zuen.

        Gainera labean surik ez zen sumatzen, eta bazirudien aspaldian piztu gabe zegoela. Bazter batean, hautsetan ahazturik, alkimiako lanabes artean substantzia arriskutsuren bat lantzen ari zenean artxidiakonoaren aurpegia babesteko beirazko mozorro bat ikusi zuen Joanek. Ondoan, mozorroa bezalaxe hautsetan hauspoa zegoen, goiko plakan kobrean hitz hauek inskribaturik zituela: SPIRA, SPERA.

        Beste inskripzio asko ere bazegoen hormetan idatzita, hermetikoen ohitura zenez. Batzuk tintaz eginak ziren eta beste batzuk ezten metalikoz zeuden grabaturik. Letra gotiko, hebraitar, greko eta erromatarrak edo inskripzioak nahas-mahas ikusten ziren han-hemenka, berrienek zaharrenak estaltzen zituztelarik eta sastrakako adarrak edo batailako lantzak bezala nahastuta zeudelarik. Filosofia ororen, amets guztien eta giza jakinduria osoaren pilaketa nahasi samarra zen inola ere. Batean eta bestean bazen lantzen burdinen gainean bandera bezala nabarmentzen zen inskripzioren bat. Gehienetan, Erdi Aroan hain egoki osatzen zituzten latin edo grekozko ikur-hitz laburren bat zen: Unde? inde? Homo homini monstrum. —Astra, castra, nomen, numen.— Mega bidlion, mega cacon. —Sapere aude. —Flat ubi vult, —etab. Batzuetan itxuraz esanahirik gabeko hitz solteren bat zegoen: ¢Anagcojagia, zeina klaustroko bizimoduaren aipamen mingotsen bat izan baitzitekeen. Noizean behin hexametro araututan adierazitako apaiz-diziplinako esaeraren bat ikusten zen: Coelestum dominum, terrestrem dicito domnum. Han-hemenka azti-liburu hebraitarrak zeuden eta grekoz oso gutxi zekien Joanek ez zuen tutik ere ulertzen. Guzti hura etengabe izar, giza irudi, animali irudi eta elkar ebakitzen zuten triangeluz nahasia zegoen. Horregatik gelako horma marraztu haiek tximino batek tintaz betetako luma pasatako paper-orri baten antza zuten.

        Gainerakoan gordelekuak oro har bertan behera utzi eta zapuztutakoa zirudien eta lanabesen egoera tamalgarriak jabeak guzti hura, agian beste zeregin batzuengatik, lagata zeukala adierazten zuen.

        Irudi arraroz hornitutako eskuizkribuaren gainera makurtutako jabeak ordea, bere pentsamenduetara etengabe zetorkion ideia batez kezkaturik zirudien. Hori pentsatu zuen behintzat Joanek, hizketan amets egiten duenak bezala aldika oihuka entzuten zionean.

        —Bai. Manou-k esan zuen eta Zoroastro-k irakasten zuen. Eguzkia sutik jaioa da eta ilargia eguzkitik. Orokortasunaren arima sua da. Bere oinarrizko atomoak infinitu korrontetan hedatu eta jariatzen dira. Zeruan korronte horiek elkar ebakitzen duten puntuetan, argia sortzen da. Korronte horiek lurrean dituzten elkarguneetan, urrea sortzen dute. Argia, urrea, gauza bera. Sua egoera konkretuan. Ikusten denaren eta ukitzen denaren arteko diferentzia, substantzia beraren fluido ala solido izatea, ur-lurrina ala izotza izatea. Ez dago beste alderik. Ez dira ametsak; naturaren lege orokorra baizik. Baina zer egin lege orokor horren sekretua zientziara ekartzeko? Beraz, nire eskua blai daukan argia urrea da! Atomo hauexek dira, lege jakin baten arabera hedatuta! Nola lortu? Batzuk eguzki-izpia lurperatzen saiatu dira. Averroes. Bai, Averroes zen. Averroesek lurperatu zuen Cordoba-ko meskitan koranaren santutegiko ezkerreko lehen pilare azpian, baina zortzi mila urte igaro arte bere saiakuntzak arrakasta izan duen ala ez ikusteko ezingo da hilobi hura ireki.

        —Arranopola! —esan zuen Joanek —Ezkutu bat eskuratzeko ez diagu gutxi itxaron behar!

        —Batzuen ustetan —jarraitu zen artxidiakono ameslaria —hobe litzateke Sirius-en izpi batekin lan egitea, baina oso zaila da izpi garbia edukitzea, beste izar askoren argia ere nahastu egiten zaiolako. Flamel-ek dioenez errazagoa da lurreko suaz lan egitea. Flamel. Predestinatuaren izena inola ere. Flamma! Bai, sua. Horra! Diamantea ikatzaren baitan dago eta urrea suaren baitan. Baina nola lortu? Magistri-k dioenez, emakume-izen batzuk oso erakargarri, gozo eta misteriotsuak omen dira, eta eragiketan izen horiek esatea aski omen da ... Irakur dezagun Manou-k honetaz dioena: «Emakumeak ohoratzen diren lekuan jainkoak poztu egiten dira, eta mesprezatzen diren lekuan jainkoari otoitz egitea alferrik da. Emakumearen ahoa beti garbia da; ur-korrontea, eguzki-izpia da. Emakumearen izenak atsegina, gozoa, alegiazkoa izan behar du, bokal luzez bukatzen dena eta bedeinkazio-hitzen antzekoa.» ...Bai. Jakintsuak arrazoi du. Izan ere Maria, Sofia, Esmeral... Madarikatua! Pentsamendu hori berriz ere!

        Eta liburua indartsu itxi zuen.

        Eskua bekokitik pasa zuen, itsutzen zuen ideia hura kendu nahian. Gero mahai gainetik iltzea eta girtenean oso era bitxian azti-hitzak pintaturik zituen mailua hartu zituen.

        —Azken aldian —esan zuen irribarre mingotsez —nire saiakuntza guztietan huts egiten dut! Ideiak erabat hartzen nau eta garuna zimeltzen dit, suzko hirustak bezala. Erraza izan arren Kasiodoro-ren sekretua ez dut oraindik aurkitu; kriseiluak, ez metxa eta ez olio, argi egiten zuenekoa, alegia.

        —Arraioa! —esan zuen Joanek bere golkorako.

        —...Hortaz, —jarraitu zitzaion apaiza bere hariari —nahikoa da pentsamendu miserable bat gizona ahul eta ero bihurtzeko. O! Claude Pernelle-k barre egingo lidake, une batez ere Nikolas Flamel-en pentsamendua bere norabidetik desbideratzeko gauza izan ez zelako. Nola? Neure eskuan Zechiele-ren mailu magikoa dut. Bere gela barruan rabbi beldurgarriak mailu honekin iltzea jotzen zuen bakoitzean, berak kondenatutako etsaia (baita bi mila legoara bazeuden ere) besabete sartzen zen lurrean, azkenean irentsita ezkutatzen zelarik. Frantziako errege bera ere, gau batean axolarik gabe mirarigilearen atea jotzeagatik Parisko zoladuran belaunetaraino sartu zen. Hori ia duela hiru mende gertatu zen. Nik berriz, mailua eta iltzea ditut, baina nire eskuetan erreminta hauek mazoak arotzaren eskuetan baino arrisku txikiagoa dute. Beraz, Zechiele-k iltzea jotzean esaten zuen hitz magikoa aurkitu behar da.

        —Tontakeriak! —pentsatu zuen Joanek.

        —Tira! Saia gaitezen berriro. Asmatzen badut, iltzearen burutik txinpart urdina ateratzen ikusiko dut. Emen-hetan! Emen-hetan! Ez da hori. Sigeani! Sigeani! Iltze honek Febo izeneko edonoren hilobia ireki dezala!... Madarikatua! Hara berriz ere betiko ideia!

        Eta haserre bizian mailua bota egin zuen. Gero besaulkian eta mahaian etzan zelako, eserlekuaren bizkarralde handiak ikusten uzten ez eta Joanen bistatik ezkutatu egin zen. Minutu batzuetan liburu gainean ukabil itxi eta dardaratia besterik ez zion ikusi. Bat-batean dom Claude jaiki egin zen, konpasa hartu eta isilik, grekozko letra handi hauek idatzi zituen:

¢ANAGKH

        —Nire anaiari erotu egin zaio —esan zion Joanek bere buruari—. Askoz ere errazagoa zitekeen Fatum idaztea. Denek ez daukate grekoa zertan jakinik.

        Artxidiakonoa bere besaulkira itzuli eta eseri egin zen. Buruari bi eskuez eutsi zion, gaixoak bekokia astuna eta sukarrez daukanean bezalaxe.

        Ikasleak bere anaiari harrituta begiratzen zion. Berak, bihotza zabalik bizi zenak, mundu honetan lege naturala besterik betetzen ez zuenak, grinei beren maldan behera joaten uzten zienak, goizero ubide berriak eginda emozio handien aintzira beti agortua zuenak, ez zekien irteera denak ixten zaizkionean giza grinen itsasoa zein haserre eta apartsu altxatzen den, nola pilatzen den, nola harrotzen den, gainezka nola egiten duen, bihotza nola jaten duen, barne-zotinetan eta dardara isiletan dikeak hautsi eta bere bidea egin arte nola lehertzen den. Claude Frolloren azal latz eta izoztuak, bertute-gainazal malkartsu eta atzeman ezinak, iruzur egin zion Joani. Ikasle alaiak inoiz ez zuen amestu Etnaren kopeta elurtuaren azpian laba borbor, indartsu eta sakon zegoenik.

        Ez dakigu bat-batean ideia guzti hauetaz jabetu zen, baina txoriburu samarra izan arren bazekien ikusi behar ez zuena ikusi zuela, bere anaia zaharraren arima egoera sekretuenean harrapatu zuela eta Claude konturatzea ez zela komeni. Beraz, Artxidiakonoa hasieran bezala bere baitara bildurik eta geldirik zegoela ikusita, kontu handiz bere burua atzeratu eta ate ostean pauso-hotsa atera zuen, heltzen ari zela adierazi nahian.

        —Aurrera! —deiadar egin zuen artxidiakonoak gela barrutik— Zain nengoen. Horregatik utzi dut giltza sarrailan. Sartu arren, maisu Jacques.

        Ikaslea ausart sartu zen. Artxidiakonoa berriz, halako bisita halako Lekuan hartzeak batere onik egiten ez ziolako, ikaratu egin zen bere besaulkian.

        —Zer? Zu al zara, Joan?

        —Bai. Dena dela, J du honek ere hasieran —esan zion ikasleak aurpegi gorri, lotsagabe eta alaiaz.

        Dom Clauderen aurpegia bere ohiko seriotasunera itzuli zen.

        —Zertara etorri zara hona?

        —Nire anaia hori —erantzun zion ikasleak itxura ona, errukigarria eta apala erakutsi nahian eta bere bi eskuez kapela xalo samar biraraziz—, zuri zerbait eskatzera...

        —Zer eskatzera?

        —Moral-apur bat, premia handia dudanez gero —Joan ez zen ausartu hurrengoa ozen esatera —eta diru-apur bat, are eta premia handiagoa dut eta —Esaldiaren azken zati hau aditzera eman gabe geratu zen.

        —Jauna —esan zion artxidiakonoak lehor—. Zutaz ez nago batere gustura.

        —Harritzekoa! —hasperen egin zuen ikasleak.

        Dom Claudek zirkulu-laurdena deskribatu zuen bere besaulkian eta Joan anaiari finko begiratu zion.

        —Poz hartzen dut zu ikusteaz.

        Mehatxuzko gonbitea zen hura. Joan, hortaz, kolpe latzen bat hartzera prestatu zen.

        —Joan. Egunero etortzen zaizkit zutaz arranguraz. Alberto Ramonchampekoa bizkonde txikia egurtu duzuneko borroka horretan zer aritu zara?...

        —A! —esan zion Joanek —A zer gauza! Bere zaldia lokatzetan ibilita ikasleak zikinduz dibertitzen den morroi gaiztoa da!

        —Eta zer da —jarraitu zen artxidiakonoa —Mahiet Fargel-i arropa urratu diozuneko historia hori? Tunicam dechiraverunt dio salaketak.

        —Ba! Montaigu-ko gainjantzi sastar bat, besterik ez.

        —Salaketak tunicam dio eta ez cappettam. Latinik ba al dakizu?

        Joanek ez zion erantzun.

        —Bai! —erantsi zuen apaizak buruari eraginez —Hara nola dauden ikasketak eta letrak! Latina ia ez da ulertzen, sirierarik ez dakite eta grekoa arbuiagarria da, ikasien artean hitz greko bat ez jakin eta honakoa esateraino heltzen direlarik: Graecum est, non legitur.

        Ikasleak begiak adorez altxa zituen.

        —Nire anaia hori. Nahi al duzu hor horman idatzita dagoen hitz greko horren esanahia frantsesez esatea? —Zein hitz?

        —¢ANAGKH

        Artxidiakonoaren masailak zertxobait gorritu egin ziren, sumendiaren ezkutuko ezinegona adierazten duten ke-lainoa bailiran. Ikaslea ordea, ia konturatu ere ez zen egin.

        —Eta Joan —zioen zalantzaz eta ozta-ozta anaia zaharrak—. Zer esan nahi du hitz horrek?

        —ZORIGAIZTOA

        Dom Claude zurbil geratu zen eta ikaslea bere axolagabetasunean honela mintzatu zen:

        —Eta hor behean esku berak markatu duen ¢Anagneia hitzak lizunkeria esan nahi du. Grekoa badakidala argi dago, ezta?

        Artxidiakonoa isilik geratu zen. Grekozko lezio hark bere ametsetara itzularazi zuen. Ume mainatsuaren maltzurkeria guztiak zekizkien Joan txikiari, bere eskaera egiteko une aproposa zela iruditu zitzaion. Oso ahots gozoz honela ekin zion:

        —Nire anaia on hori. Borroka zintzoan ez dakit zein mutiko eta txorimalori (quibusdam mormosetis latinez) emandako masaileko batzuengatik haserretuko ote zara? Ikusten duzunez, Claude, latina ere badakigu.

        Zurikeriazko hipokresia haren ondotik ordea, bere anaiarengan ez zen espero zuen erantzunik sortu. Zerbero-k ez zion eztizko pastelari kosk egin. Artxidiakonoaren bekokiak bere hartan segitu zuen.

        —Nora heldu nahi duzu? —moztu zion lehor hitz-jarioa.

        —Ongi da. Goazen harira —erantzun zion Joanek etsi-etsian—. Dirua behar dut.

        Erantzun lotsagabe hura entzunda, artxidiakonoaren aurpegiak guraso-aire pedagogikoa hartu zuen.

        —Jakin behar zenuke, Joan, gure Tirechappeko feudoak bere hogeita bat etxeetako zentsu eta errentak oro har hogeita hemeretzi libera, hamaika sos eta sei denari paristar besterik ez duela ematen. Paclet anaien garaian baino erdia gehiago, baina ez uste asko denik.

        —Diru-premia dut —esan zion estoikoki Joanek.

        —Badakizu gure hogeita bat etxeak elizbarrutiko feudoaren menpekoak direla erabaki dutela eta menpekotasun hori erosteko apezpiku jaunari sei libera paristarreko zilar urreztatutako bi marko ordaindu behar dizkiogula. Oraindik ez dut bi marko horiek aurrezterik izan. Zuk badakizu.

        Nik diru-premia dudala dakit —errepikatu zuen Joanek hirugarren aldiz.

        —Eta zer egin dezakegu?

        Galdera hark Joanen begietan itxaropen-apur bat piztarazi zuen eta bere itxura gozo eta adeitsura itzuli zen.

        —Badakizu, Claude anaia, zuregana asmo txarrez ez nintzatekeela etorriko. Zure diruarekin tabernetan ez dut harro ibili nahi. Ezta Parisko kaleetan morroia atzean dudala, cum meo laquasio, zeta urreztatuzko jantziez ibiltzea ere. Ez, anaia maite. Karitatea egiteko da.

        —Zer-nolako karitatea? —galdetu zuen Claudek harritu samarturik.

        —Ospitalekoen alargun baten ume txikiarentzat arropa erosi nahi dute nire bi lagunek. Karitatezko laguntza da. Hiru florin kostatuko da eta niri gustatuko litzaidake nire partea ematea.

        —Zer izen dute zure bi lagun horiek?

        —Pierre l'Assommeur eta Baptiste Croque-Oison.

        —Tira! —esan zuen artxidiakonoak —Izen horiek karitatearen ondoan bonbarda aldare nagusian bezain desegoki dirudite.

        Egia da, eta horretaz geroxeago konturatu zen Joan, bere lagunentzat izenak oso gaizki aukeratu zituela.

        —Eta —erantsi zuen Claude zuhurrak —noiztik balio ditu umearropak hiru florin? Eta ospitaleko alargunaren umearentzat? Noiztik hazten dituzte ospitaleko alargunek umeak horrelako arropekin?

        Joanek etsi-etsian honakoa bota zion:

        —Egia esan, gaur gauean Val d'Amour-era joan eta Isabeau la Thierrye ikusteko behar dut dirua!

        —Lizuna halakoa! —oihu egin zuen apaizak. —¢Anagneia esan zion Joanek.

        Gelako hormetan idatzitakotik maltzurki hartutako hitz hark eragin berezia sortu zuen anaiarengan. Bere ezpainak estutu zituen eta haserrea aurpegiko gorritasunean itzali zen.

        —Zoaz —esan zion Joani —norbaiten zain nago eta.

        Ikaslea beste behin saiatu zen.

        —Anaia Claude. Txanpon bat emadazu behintzat, zerbait jan dezadan.

        —Graziano-ren dekretaletan non zoazte? —galdetu zion dom Claudek.

        —Nire koadernoak galdu egin ditut.

        —Eta humanitate latindarretan, non zoazte?

        —Horazioren liburua ostu egin didate.

        —Eta Aristotele-tik zer ikasi duzue?

        —O! Elizako ez dakit zein gurasok esan zuen garai guztietako heretikoen akats guztien habia Aristoteleren metafisikako nahasmendua izan dela. Utikan Aristotele! Bere metafisikarekin ez dut nire erlijioa hondatu nahi.

        —Begira, gazte! —bota zion artxidiakonoak —Azkenekoan erregea etorri zenean, bazen Felipe Comineskoa izeneko noble bat. Hark bere zaldiaren bizkar gainean bordaturik zulo aztertzeko egokia den esaera hau zeraman: Qui non laborat non manducet.

        Ikaslea une batez isilik geratu zen. Belarriari behatzez heldu, begia lurrean finkatu eta haserre-aurpegiz geratu zen. Bat-batean, buztanikara bezain prestu Clauderengana jiratu zen.

        —Beraz ogi-kozkor bat erosteko txanpona ere ukatu egiten didazu.

        —Qui non laborat non manducet.

        Artxidiakonoaren erantzun zorrotz hura entzunda, negar-zotinka ari den emakumeak bezala aurpegia bere eskuez ezkutatu eta etsipenez honakoa esan zuen:

        —Otototototoi!

        —Zer esan nahi du horrek? —galdetu zion Claudek bitxikeria harekin harrituta.

        —Zerk? —erantzun zion ikasleak, negar egindako itxura emateko behatzez zanpatutako begi lotsagabeak Clauderengana altxatuta— Grekoa da. Eskilo-ren anapestoa; samintasuna oso egoki adierazten duena.

        Eta orduan arrxidiakonoari ere irri eragin zion algara handi eta barregarria egin zuen. Claudek zuen errua. Izan ere, ume hura zergatik hain mainatsu hezi zuen?

        —Baina anaia Claude! —segitu zuen Joanek irribarreaz bizkortuta —Begira nire brotzegi zulatuei. Zorua mihia agerian dutela, nire botak baino oinetako tristeagorik ba al da munduan?

        Baina artxidiakonoa lehengo seriotasunera itzulia zen ordurako.

        —Bota-pare berria emango dizut, baina dirurik ez.

        —Sos bat besterik ez, anaia! —eskatu zion berriz erreguka Joanek —Graziano buruz ikasiko dut, jaungoikoan sinetsiko dut, zientzia eta bertutezko Pitagoras izango naiz, baina eman sos bat mesedez! Hor muturra zabalik, nire aurrean, tartariarra edo fraidearen sudurra baino beltzago, nazkagarriago eta ilunago dagoen flakiak jo nazan nahi al duzu?

        Dom Claudek bere buru zimurrari eragin zion.

        —Qui non laborat...

        Joanek ez zion bukatzen utzi.

        —Ongi da! Utikan! Gora bizitza! Tabernaz taberna emakumetan, borrokan ibiliko naiz, jo eta hautsi!

        Eta bere kapela hormara botata behatzez kriskitin-hotsa atera zuen.

        Artxidiakonoak serio begiratu zion.

        —Joan. Ez duzu arimarik.

        —Beraz, Epikuro-k dioenez, ez dakit zerez egindako ez dakit zer falta zait.

        —Joan. Onbideratzeaz serio pentsatu behar duzu.

        —Nola ez! —oihu egin zuen ikasleak aldika anaiari eta aldikalabeko alanbikeari begira —Hemen dena adarduna da: ideiak, ontziak!

        —Joan. Malda labainean zabiltza. Ba al dakizu nora eroriko zaren?

        —Kabaretera —erantzun zion Joanek.

        —Kabaretak pikotara eramango zaitu.

        —Beste edozein bezalako eskuargia da. Agian horrekin Diogenesek bere gizona aurkituko zukeen.

        —Pikotak urkamendira eramango zaitu.

        —Urkamendia alde batean gizon bat eta bestean lur osoa duen balantza da. Ederra da gizona izatea.

        —Eta urkamendiak infernura eramango zaitu.

        —Su handi bat da.

        —Joan, Joan. Amaiera txarra izango duzu. —Baina hasiera ona.

        Une hartan pauso-hotsa entzun zen eskaileran.

        —Ixo! —esan zuen artxidiakonoak behatz bat ezpainetara eramanda —Jacques maisua da. Entzun Joan —erantsi zuen ahopeka—. Ez aipatu behin ere hemen ikusi edo entzundakorik. Ezkuta zaitez labepean eta arnas hotsik ere ez atera.

        Ikaslea labe azpian kokoriko geratu zen, baina berebiziko ideia bururatu zitzaion.

        —Begira, Claude anaia. Florin bat isilik egon nadin.

        —Ixo! Agintzen dizut, bai.

        —Eman egin behar didazu.

        —Hartu zeuk —esan zion artxidiakonoak amorruz poltsa botata.

        Joan labepean ezkutatu eta atea ireki egin zen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997