Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

V.
CLAUDE FROLLOREN JARRAIPENA

 

        1482 urtean, Quasimodok hogeiren bat urte izango zituen, eta Claude Frollok hogeita hamasei. Bata hazi egin zen, eta bestea zahartu.

        Calude Frollo ez zen Torchi kolegioko ikasle arrunta, ume txiki baten babesle bihozbera, hainbat gauza zekien eta are gehiago ezagutzen ez zuen filosofo ameslari gaztea. Apaiz lehor, serio eta goibela zen; arimez arduratua, Josas-ko artxidiakonoa, apezpikuaren bigarren akolitoa, bere esku Mont-Ihery eta Chateaufort-eko deantzez gain ehun era hirurogeita hamalau nekazal apaiz bere esku zituena. Itzal handiko pertsonaia kopetiluna zen, eta beldur zioten elizmutilek nahiz sakristauek, San Agustinen kofradiakoek, Andre Mariako matutietako apaizek, hura poliki-poliki koruko ojiba handien azpian maiestatez, burumakur, besoak gurutzatuta eta burua bularreraino uzkurtuta aurpegian bekoki soila besterik ikusten ez zitzaiola pasatzen zenean.

        Dom Clude Frollok ez zituen zientzia eta anaia txikiaren heziketa (bere bizitzako bi zereginak) alde batera utzi, baina denboran zehar bi eginkizun atsegin haietan gorabehera batzuk izan ziren. Paulo Diakonoak dioenez, denboraren poderioz urdairik onena ere garrantzatu egiten da. Joan Frollo txikia, hazi zen lekuagatik Errotakoa deitzen ziotena, ez zen bere anaia Claudek markatutako bidetik hezi. Anaia handiak ikasle elizkoia, otzana, jakituna eta ohoragarria izatea nahi zuen, baina anaia txikiak, lorazainaren ahalegina alferrik galduz airea eta eguzkia datorkien aldera okertzen diren zuhaitz txikiek bezalaxe, ez zuen gora egiten, ez zuen adar hostotsu eta narorik botatzen, alferkeriaren, ezjakintasunaren eta lizunkeriaren bidetik ez bazen. Deabru hutsa zen; oso nahasia, dom Claude muturtuta jartzeko adinakoa, baina aldi berean anaia handia irribarretsu jartzeko bezain atsegina eta oso zorrotza ere bai. Claudek anaia, bere lehen urteak bere baitara bilduta ikasten eman zituen Torchi kolegiora sartu zuen, eta mingarria zitzaion garai batean Frollo izena hain ospetsu izan zen leku santu hartan orduan eskandalugarri gertatzea. Horregatik batzuetan Joani gogor egiten zion errietan, baina honek beldur gabe jasaten zizkion prediku guztiak. Azken finean, komedia guztietan bezalaxe pikaroa bihotz onekoa zen, baina sermoiaren eragina amaitutakoan lasai itzultzen zen bere zalaparta eta astakerietara. Batean Unibertsitatean hasiberriren bat astinduko zuen ongi-etorrikoan (gaur egun arte kontu handiz gorde den traizio alaia) eta bestean ohi bezala tabernara quasi classico excitati sartutako ikasle-talderen bat zirikatuko zuen, gero «eraso-makilaz» tabernaria egurtu eta alai-alai taberna osoa sotoko ardo-barrika eta guzti txikitzeraino. Beste batzuetan, Torchi kolegioko irakasle-ordeak dom Clauderi latinez idatzitako txosten bat triste ematen zion, alboan ohar mingarri hau zuela: Rixa; prima causa vinum optimun potatum. Azkenean esaten zenez, eta hori hamasei urteko mutikoarentzat ikaragarria zen, bere ibilaldietan askotan Glatigny kaleraino iristen zen.

        Guzti horregatik tristaturik eta bere giza adeitasunak lur jota, gogo biziagoz zientziari jarraitu zitzaion; gutxienez aurpegira barre egiten ez dizun eta berarenganako izan duzun arreta beti ordaintzen dizun (batzuetan txanpon arin samarrez bada ere) ahizpa horri. Gero eta jakintsuago bihurtu zen, apaiz bezala gero eta zorrotzago, eta gizon gisa gero eta tristeago. Gutako bakoitzarentzat badira gure adimenaren, ohituren eta izaeren arteko paralelismoak; etengabe garatzen direnak eta bizitzako asaldura handitan baizik hausten ez direnak.

        Claude Frollok bere gaztaroaz gero giza ezagumendu positibo, kanpotar eta zilegi guztien zirkulua ibilia zuenez, ubi defuit orbis amaitzea nahi ez bazuen aurrerago jo beharrean zen; bere adimenaren jarduera aseezinarentzako janari bila hasi beharrean, alegia. Bere isatsari kosk egiten dion sugearen antzinako irudia egokia da zientziarentzat. Bazirudien Claude Frollok ezagutzen zuela. Pertsona serio batzuek ziotenez, giza jakinduriaren fas-a agortu ondoren, nefas-era sartzera ausartu zen. Banan-banan adimenaren arbolako sagar guztiak dastatu omen zituen, eta dela gosez dela aspertuta zegoelako, azkenean debekatutako frutari kosk egin omen zion. Irakurleak dakikeenez, Sorbonan teologi hitzaldi guztietan parte hartua zen, artezaleen bileretan San Hilarioren ikurpean, dekretularien eztabaidetan San Martinen ikurpean, medikuen bileretan Adre Maria ad cupam Nostra Domina-ren izenean. Lau fakultate deitutako sukalde handi haiek adimenarentzat presta zitzaketen jaki zilegi eta onartu guztiak irentsiak zituen eta bete ere egin zen bere gosea ase baino lehen. Orduan aurrerago joan zen, sakonago; zientzia finitu, material eta mugatuak baino azpirago. Agian bere arima arriskutan jartzeraino heldu zen eta alkimista, astrologo eta hermetikoen kobazulo berean haiekin batera mahai misteriotsuan eseri zen, Erdi Aroan buru Averroes, Gilermo Pariskoa eta Nikolas Flamel izanik eta zazpi besoko argimutilaren bitartez Ekialderaino Salomon, Pitagoras eta Zoroastro-raino luzatzen zelarik.

        Arrazoiz ala gabe, hori zen behintzat jendeak uste zuena.

        Egia da artxidiakonoak Saints-Innocents-eko hilerrira bisita maiz egiten zuela. Bere gurasoak han zeuden hilobiratuta, 1466 urteko izurriteak hildako beste hainbat bezalaxe. Hala ere, gurasoen hilobiko gurutzera baino joera handiagoa zuen ondo-ondoan zeuden Nikolas Flamel eta Claude Pernelle-ren hilarrietako irudi arraroetara.

        Egia da Lonbardiarren kalean Ecrivains eta Marivaulx kaleen kantoian zegoen etxera isilka sartzen dezentetan ikusi zutela. Nikolas Flamelek eraiki zuen etxe hura eta bertan hil zen 1417 urte inguruan. Harez gero hutsik zegoen eta erortzear ere bai, bazter guztietako hermetiko eta alkimistek (filosofoen harri bila) beren izenak markatuz hormak higatu zituztelako. Auzoko batzuek ziotenez, argizulo batetik egun batean Claude artxidiakonoa etxe hartako bi sotoetan (estribo-janbak Flamel berak idatzitako bertsoz eta hieroglifiko ugariz josita zeuzkaten bi sotoetan) lurra aitzurtzen, harrotzen, laiatzen ikusia zuten. Flamelek filosofoen harria han lurperatu zuela pentsatzen zen eta bi mendetan alkimistek, Magistri-tik Pacifique-raino, lur hura ez dute baketan utzi. Hain zakarki miatu eta arakatu zutenez, etxea hauts bihurturik ia birrindua zegoen.

        Egia da artxidiakonoak Andre Mariako portadaren sinbolismoarenganako zaletasun ikaragarria zuela. Parisko Gilermo apezpikuak idatzi zuen harrian liburu magikoarena dirudien orrialde hau eta dudarik gabe kondenaturik egongo da monumentuaren gainerakoak kantatzen duen hain poema hilezkorrari sarrera infernutarra ipintzeagatik. Claude artxidiakonoak San Kristobalen estatua handia aztertu omen zuen eta atarian zegoen beste estatua luze eta enigmatikoa ere bai, zeinari jendeak isekaz Legris jauna deitzen baitzion. Horrez gain, denek ikusi ahal izan zutenez ordu luzetan egoten zen atariko karelean portadako eskulturei begira. Batzuetan kriseiluak buruz behera zituzten birjina eroak aztertzen zituen eta besteetan beren kriseiluak zuzen zituzten birjina zentzudunak. Inoiz ezkerreko atean tailatutako belearen begiradaren angelua kalkulatzen zuen. Beleak izan ere, elizako puntu misteriotsu batera begiratzen zuen eta han egongo zen, noski, filosofoen harria, Nikolas Flamelen etxeko sotoan ez bazegoen. Bidenabar esan dezagun Andre Mariako elizarentzat garai hartan hain maila desberdinetan maitatua izatea (Clauderenean eta Quasimodorenean, hain zuzen) patu bitxia zela. Batak, erdigizon grinatsu eta basatiak, bere edertasunagatik, handitasunagatik eta multzoari darizkion harmoniengatik maite zuen, eta besteak, adimen jakintsu eta suharrekoak, bere esanahiagatik, bere mitoagatik, bere baitan duen zentzuagatik, fatxadako eskulturetan palimpsestoan testu bat bestearen gainean idatzitakoan bezala zegoen sinbolismoagatik; hau da, giza adimenari betirako eskaintzen dion enigmagatik.

        Egia da, halaber, artxidiakonoak Greve aldera dagoen dorrean, kanpaien zuloaren ondo-ondoan gela txiki eta sekretu bat prestatu zuela. Hara ez zen inor sartzen, ezta apezpikua ere, bere baimenik gabe. Gela hura dorrearen gailur aldean, beleen habien artean, aspaldi egina zuen bere garaian sorginkerietan ibilitako Hugo Besançongoa apezpikuak. Claudek gela hartan zer zeukan ez zekien inork, baina Terrain-go hondartzatik gauez askotan ikusi zen dorrearen atzean zegoen zulo txiki batean argi gorri eta arraro bat tarte labur eta berdinetan aldizka agertzen, ezkutatzen eta berriz agertzen. Argitasuna hauspo baten haize-aldien arabera aldatzen zela zirudien eta argia baino gehiago sugarra zela ere bai. Ilunpetan eta altuera hartan oso efektu bitxia sortzen zuen, eta inguruko atsoek honela zioten: «Hara artxidiakonoa putz egiten eta infernua su eta gar han goian!»

        Dena dela, guzti hartan berez ez zegoen sorginkeriaren adierazgarririk, baina keak inguruan sua dagoela aditzera ematen du eta artxidiakonoak zeukan fama nola-halakoa zen. Esan beharra dago, hala ere, Egiptoko zientziek, nigromantziak eta edozein magiak (baita zurienak eta garbienak ere) Andre Mariako auzitegietan ez zeukatela artxidiakonoa baino etsai zitalago eta salatzaile zorrotzagorik. Bere portaera zintzoa izan ala lapurrak lapurreta! oihu egiten duenean bezala maltzurra izan, elizgizon jakitunentzat infernuaren atariraino joandako arima zen; aztikeriaren kobazuloetan galdutakoa eta zientzia ezkutuen iluntasunean haztamuka zebilena. Herri xehea ere ez zebilen oker eta zentzu pixka bat zuenarentzat Quasimodo deabrua zen eta Claude Frollo aztia. Garbi zegoen kanpai-joleak artxidiakonoa denboraldi batez zerbitzatu behar zuela eta gero ordainetan bere arima eramango zuela. Horregatik, nahiz eta artxidiakonoak oso bizimodu latza izan, jende elizkoiarentzat nolabaiteko fama zuen eta ez zegoen sudur elizkoirik (ezta eskarmentu gutxikoa izanagatik ere) azti-usaina hartuko ez zionik.

        Eta zahartu ahala zientzian leizeak sortu bazitzaizkion, bihotzean ere beste horrenbeste gertatu zitzaion. Hori zen bere aurpegia ikusita esan zitekeena; han bere arima hodei beltz batek lausoturik baizik ezin baitzitekeen ikusi. Nondik zetozkion bestela kopeta soil hura, buru makurtua eta hasperenen eraginez irtendako bular hura? Zein pentsamendu sekretuk ateratzen zion ahoan irribarrea hain kutsu garratzaz, bere bekainak, zimurtuta, borrokan hastera doazen bi zezen bailiran elkarrengana hurbiltzen zirelarik? Zergatik urdindu zitzaizkion bere ile bakanale? Zer zen batzuetan bere begiradan distira egiten zuen eta begiari labeko horman egindako zuloaren antza ematen zion barne-su hura?

        Kezka moral bortitzaren arrasto haiek, historia hau gertatu zeneko garaian goi-mailan zeuzkan artxidiakonoak. Behin baino gehiagotan egin zuen elizmutil bat edo bestek ikaratuta ihes elizan balearrik ikusita; hain zen bitxia eta nabarmena haren begirada! Behin baino gehiagotan, koruan ofiziotan, ondoko aulkian zegoenak ad omnem tonum kantatzen ari zirela esaldi ulertezinak entzun zizkion. Behin baino gehiagotan «kapitulua garbitzeaz» arduratzen zen Terrain-go ikuzleak, harrituta ikusi zituen azkazalen eta behatz gakotuen markak Josasko artxidiakonoaren eliz atorran. Bestetik bere bizimoduaren zintzotasuna inoiz baino handiagoa zen. Bere egoeragatik eta izaeragatik, beti emakumeak urrun izan zituen eta bazirudien orduan inoiz baino gorroto handiagoa ziela. Gona-hots txikiena entzun orduko bere txanoak begiak estaltzen zizkion. Arlo hartan bere zorroztasuna ikaragarria zen. Beaujeu-ko anderea, erregearen alaba alegia, 1481eko abenduan Andre Mariako klaustroa ikustera etorri zenean adibidez, sarrera debekatzearen alde setatsu agertu zen eta apezpikuari garbi gogorarazi zion 1334an San Bartolome bezperan egindako Liburu Beltzeko estatutuak zioena. Haren arabera, debekatua zegoen edozein emakume (zahar edo gazte, dama ala neskame) hara sartzea. Apezpikuak Odo legatuaren ordenantza aipatu zion, zeinak dama ospetsu batzuk salbuesten dituen: aliquae magnates mulieres, quae sine scandalo evitari non possunt. Hala ere artxidiakonoa kexu azaldu zen legatuaren ordenantza 1207 urtekoa zela (Liburu Beltza baino 120 urte lehenagokoa) eta ondorioz deuseztatua zegoela esanez. Printzesaren aurrera ere ez zen agertu.

        Bestetik, ijito eta buhameenganako gorrotoa areagotu egin zitzaion eta apezpikuari ediktua argitara zezan eskatu zion, Andre Mariako atariko plazan ijitanek dantzan egitea eta danbolina jotzea debekatzearren. Aldi berean, epaitegiko artxibo lizunduetan, aker, zerrama edo ahuntzekin sorginkeriatan ibiltzeagatik sutan erretzera edo urkatzera kondenatutako sorgin eta aztien kasuak biltzen ari zen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997