Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

VI.
TXARRO HAUTSIA

 

        Denboraldi batez noraezean korrika egin, kale izkinetan kaskarreko batzuk hartu, errekasto batzuen gainetik jauzi egin, Azokako adokin-karrika zahar eta bihurrietan irteera bila kalezulo, cul-de-sac eta plaza asko zeharkatu eta bere izualdian agirietako latin ederrak dioen tota vita, cheminum eta viaria aztertu ondoren, gure poeta bat-batean geratu egin zen; akituta zegoelako batetik eta bere izpirituan sortu zitzaion zalantza batek estutzen zuelako bestetik.

        —Eroa bezala ari haizela korrika iruditzen zaidak, Pierre Gringoire maisua —esaten zion bere buruari behatza bekokian ipinita —Mutikoek hiri hik haiei adina beldur diate. Haien eskalapoi-hotsagatik badakik hegoalderantz ihes egin dutela, eta hik berriz iparralderantz jo duk. Beraz, bietako bat: edo ihes egin diate beren lastaira beldurraren beldurrez bertan utzita (horixe duk, hain zuzen, gaur goizaz gero lo egiteko bila habilen eta Andre Mariak mirari eginda bere ohorez eman duan auto sakramentala eskertzeko eskaintzen dian ohea) edo ihes egin gabe bertan su eman ziotek lastairari (horixe duk, hain zuzen, hik bizkortzeko, lehortzeko eta berotzeko behar duan sua). Ohe ona ala su ona, edozelan ere lastaira zeruak egiten dian oparia duk. Mauconseileko kantoian dagoen Ama Birjin dohatsuak agian horregatik eramango zian Eustakio Maubon. Beraz, alferrik duk horrela korrika eta presaka picardietarra frantsesaren aurrean bezala bila habilen eta hain premiazkoa duan hori utzita ihes egitea. Astakirtena hintzateke!

        Atzera jo zuen bada, eta orientatuz, zelatatuz, usnatuz nahiz belarriak zorroztuz, zorioneko lastaira bilatzen saiatu zen. Alferrik ordea. Kale-kantoi, cul-de-sac eta bidegurutzea besterik ez zegoen han. Zalantzak noiznahi zituen. Harrapatua eta ezindua zegoen karrika beltzezko nahaspila hartan, Tournelles-ko jauregiko labirintoan egon zenean baino areago. Azkenean, bere onetik irtenda, ozen oihukatu zuen:

        —Bidegurutze madarikatuak! Deabruak bere sardearen antzera eginak dira.

        Deiadar hark zerbait arindu egin zuen, eta kale estu eta luze baten barrenean zekusan isla gorrixkak adorea eman zion.

        —Eskerrak Jaungoikoari! —esan zuen berekiko —Hara, bila nenbilen lastaira sutan!

        Gauean itsasoan galduta dabilenak bezala, honela zioen gartsuki:

        —Salve, salve, maris stella!

        Litania hura ez dakigu Ama Birjinari ala lastairari bota zion.

        Adokinik gabeko kale luze, lohitsu eta aldapatsu hartan pauso batzuk eman orduko, gauza bitxi batez ohartu zen. Kalea ez zegoen hutsik. Handik eta hemendik hala-moduzko masa batzuk agertu eta denak kale-barreneko argira zihoazen, gauean artzainaren sutondoan belarretan izpiz izpi dabiltzan intsektu baldarren antzera.

        Sosik gabe ibiltzea bezalakorik ez dago menturazale izateko. Gringoirek beraz, aurrera segitu zuen eta laster elkartu zen besteen ondoren arrastaka poliki zihoan larba haietako batekin. Inguratu zitzaionean, bi hanka besterik ez dituen armiarma bezala bi eskuez jauzika zihoan hankarik gabeko elbarri miserablea zela konturatu zen. Giza aurpegiko armiarma moduko haren parean pasatu zenean, erruki-ahotsez honela esan zion:

        —La buona mancia, signor! la buona mancia!

        —Deabruak eraman zaitzala —esan zion Gringoirek—, eta ni neroni ere bai diozuna ulertzen badut!

        Eta aurrera joan zen.

        Zebilen beste masa haietako bateraino heldu eta aztertu egin zuen. Beste elbarri bat zen; aldi berean herrena eta besamotza. Zutik mantentzen zuen makulu eta zurezko hankaren sistema konplikatuak, oinez zekien igeltsero-aldamioa zirudien. Konparazio Idasiko eta ospetsuak egitea gustatzen zitzaion Gringoirer, Vulkanoren sutegiko trepeta bizia iruditu zitzaion.

        Oinez zihoan trepeta hark ere agur egin zion pasaran, Gringoireren kokotsean bizarginaren ontzia bezala kapela ipiniz eta belarrira honakoa esanez:

        —Señor caballero, para comprar un pedaso de pan!

        —Badirudi honek ere hitz egin didala —zioen Gringoirek—, baina hizkuntza arrotza da eta ulertzen badu ni baino zoriontsuagoa da.

        Gero, ideiak lotuz eta eskuaz bekokian kolpetxo bat emanez: —Gaur goizean zer arraio esan nahi zuten beren Esmeralda horrekin?

        Pausoa bizkortu nahi izan zuen, baina hirugarrenez zerbaitek itxi zion bidea. Zerbait hori, edo hobeto esan norbait hori, itsu bat zen; judu-aurpegiko itsu txiki bizardun bat. Makila batez inguruan zakurtzar batez zebilkiola sudurrez honela mintzatu zitzaion hungariar kutsuz:

        —Facitote caritatem!

        —Ba zen garaia! —esan zuen Pierre Gringoirek —Behin behar eta hara kristau-hizkuntzan ari zaidan bat. Limosna-emailearen aurpegia edukiko dut, nire poltsa hain ahul egonda denak limosna eske ari zaizkit eta. Lagun —esan zuen itsuarengana jiratuz—. Joan den astean saldu nuen nire azken alkandora. Zuk ulertzen duzunez, Zizeron-en hizkuntzan esango dizut: Vendidi hebdomade nuper transita meam ultimam chemisam.

        Erretolika hori botata atzea eman eta aurrera segitu zuen. Aldi berean itsuak ere pausoa arindu egin zuen ordea eta hankarik gabea nahiz herren besamotza ere han zetozen katiluz eta makuluz lurra jota zarata handia ateraz. Horrela hirurak Gringoire gaixoaren atzetik elkarri bultzaka zetozela, abesten hasi zitzaizkion:

        —Caritatem! —kantatzen zuen itsuak.

        —La buona mancia! —zioen hankarik gabeak.

        Eta elbarriak musikazko esaldi hari jarraipena ematen zion berea errepikatuz:

        —Un pedaso de pan!

        Gringoirek belarriak itxi egin zituen.

        —Babelgo dorrea da hau! —zioen.

        Korrika hasi zen. Itsuak ere korrika ekin zion. Hankarik gabeak ere bai. Halaber elbarriak.

        Kalean barrena joan ahala, gero eta hankarik gabe, elbarri eta itsu gehiago zebilzkion inguruan, baina txango, begibakar eta beren zauriak erakutsiz legendunak ere etorri zitzaizkion. Batzuk etxeetatik, besteak inguruko kalezuloetatik eta beste zenbait sotoetako argizuloetatik zetozkion, zaunka, marruma eginez, garrasika, herrenka, trumilka, argirantz presaka, euria egin ondoren bareak bezala arrastaka.

        Gringoirek, bere hiru jarraitzaileak ondoren zituela eta han zer gertatuko zen garbi ez zekiela, izututa zihoan korrika denen erdian, herrenak botaz, hankarik gabeen gainetik pasatuz eta hankak karramarro artean hondoa jo zuen kapitain ingelesak bezala elbarri-txindurritegi hartan trabatuta zituela.

        Berriz ere atzera joatea pentsatu zuen. Beranduegi zen ordea. Jendetza osoa zeukan atzean eta bere hiru eskaleak ondoren zituen. Aurrera jo zuen beraz, atzetik zetorkion uholdeak bultzatuta, beldurrez eta guzti hura amesgaizto gisa ikustarazten zion zorabioaz.

        Azkenean kalearen burura heldu zen. Plaza ikaragarri bat zegoen han, bertan sakabanatutako milaka argik gaueko lanbrotan diz-diz zegitela. Gringoire korrika sartu zen plazara, bere abiadurari esker berriz ere gainera zetozkion hiru mangel haien espektrotik ihes egiteko esperantzan.

        —Onde vas, hombre! —esan zion herrenak, bere makuluak bota eta bere bi zango ederrez Parisko zoruan sekula baino urrats bikainagoak emanez.

        Bitartean hankarik gabea bere bi zango eta guzti zutitu egin zen, Gringoireri bere katilu burdineztatua buru gainean ipiniz eta itsuak aurrez aurre begiratzen zion bere bi begi distiratsuez.

        —Non nago? —galde egin zuen poetak ikaraturik.

        —Mirari Gortean —erantzun zion elkartu zen laugarren espektroak.

        —Halaxe izan ere, alajaina! —esan zuen Gringoirek —Hemen itsuek ikusi eta herrenek korri egiten dute, baina non da Salbatzailea?

        Algara gaiztoaz erantzun zioten.

        Poeta gaixoak ingurura begiratu zuen. Mirari Gorte beldurgarria zen hura. Bertara behin ere ez zen gizon zintzorik ordu haietan sartu. Chatelet-eko ofizialak edo probestutzako sarjentuak inoiz sartzen baziren, txiki-txiki eginda desagerrarazten zituzten zirkulu magiko hartan. Lapur-hiria zen, Pariseri aurpegian irtendako garitxa lotsagarria, hiriburuetako kaleak hartzen dituen bizio, eskale eta alferrezko erreka goizero atera eta gauero itzultzen deneko estolda, gauean beren harrapakinarekin gizarteko alproja guztiak biltzen zireneko aberaska higuingarria, ijitoa, monje fedeukatzailea, ikasle galdua, nazio guztietako (espainol, italiar, aleman,...) eta erlijio guztietako (judutar, kristau, musulman,...) txorigalduak egunez gezurrezko zauriz eskean ibili eta gauez lapur bihurtzen zireneko ospitale iruzurtia, hitz batez esanda, Parisko adokin gainean lapurretak, prostituzioak eta hilketak orduan jokatzen zuen betiko komediako aktore guztiak jantzi eta erantzi egiteko aldagela ikaragarria.

        Plaza handia, irregularra eta zoladura txarrekoa zen; garai hartan Parisen gainerako guztiak bezalakoxea. Inguruan txindurriak bezala talde arrotzak zebilzkien suek, han-hemenka argitzen zuten. Denak zebiltzan atzera-aurrera oihuka. Barre-algarak, ume-kurrixkak eta emakume-hotsak entzuten ziren. Suen hondo argitsuetan pertsona haien esku eta buruen silueta beltzek, mila forma bitxi eratzen zituzten. Suen argitasunak dirdiratzen zuen lurrean noizbehinka itzal itxuragabe handiekin nahasturik, pertsona antzeko zakurra edo zakur antzeko pertsona pasatzen zen. Arraza eta espezieen arteko mugak pandemonium-ean bezala desegin egiten ziren hiri hartan. Izan ere gizon, emakume, abere, sexu, osasun eta gaixotasuna, dena komuna zen herri hartan. Dena zegoen batera, nahastua, matazatua eta gainjarria. Denek denetan parte hartzen zuten. Su haien argitasun dardarati eta ahulari esker, Gringoirek bere urduritasunean plaza ikaragarri haren buelta osoan etxe zahar beldurgarriak ikusi zituen; pipiak jotako fatxada hautsi eta ajatuak, bakoitzak zulo argitsu bat edo bi zituela. Guzti hari iluntasunean, zirkulua osatuz ipinitako emakume zaharren buru handien itxura hartzen zion; akelarreari begira keinuka ari ziren mamutzar haserretuena.

        Mundu berria, ezezaguna, gaiztoa, okerra, arrastakaria, ugaria eta ametsezkoa zen.

        Gringoire gero eta ikaratuagoa zegoen, hiru eskaleek kurrikekin eutsita bezala zeukatela eta inguruan haserretuta zaunka egiten zuten aurpegiak eta jendearen zarata ikaragarria zituela. Zorigaiztoko Gringoire bere buruari adorea eman nahian zebilen, larunbata ote zen gogoratu asmoz. Alferrikako ahaleginak ziren ordea. Bere oroimeneko eta pentsamenduko haria etenda zegoen. Edozer gauzak zalantzan jartzen zuen ikusten eta sentitzen zuenaren artean. Erantzunik gabeko galdera hau egiten zuen:

        —Ni baldin banaiz, hau ere ba al da? eta hau baldin bada, ni ba al naiz?

        Une hartan deiadar berezia gailendu zen inguratzen zuen iskanbilan:

        —Eraman dezagun erregearengana! Erregearengana!

        —Ai ama! —murmurikatu zuen Gringoirek —Hemengo erregea akerra izango duk!

        —Erregearengana! Erregearengana! —oihu egin zuten guztiek.

        Arrastaka eraman zuten. Denek heldu nahi zioten, baina hiru eskaleek ez zioten beren harrapakinari uzten eta beste guztiak alboratu egiten zituzten honakoa esanez:

        —Hau gurea da!

        Poetaren jipoi gaixoak borroka hartan azken arnasa eman zuen.

        Plaza beldurgarri hura zeharkatzen ari zela, zorabioa desagertu egin zitzaion. Pauso batzuk eman ondoren, kordea bere onera etorri zitzaion. Hango girora ohitzen hasi zen. Hasieran, bere poeta burutik (edo agian era erraz eta arruntagoan esanda urdail hutsetik) ke bat, nolabait esan lurrin bat, atera zen. Hura gauzen eta bere artean zabaldu zenean, erdizka baizik ikusterik ez zuen izan bere amesgaiztoaren lanbro lausoan zehar; gauzale kimera eta pertsonak mamu bihurtuz formal—, keinuka jartzen dituen eta irudiak deformatzen dituen ametsen iluntasunean zehar, hain zuzen. Poliki-poliki, haluzinazio haren ondotik irudiak aratzago eta normalago ikusi zituen. Errealitatea gailentzen ari zen bere inguruan. Begiak eta oinak jotzen zizkion. Hasieran iruditzen zitzaion inguruko poesia izugarri hura, piezak banan-banan askatuz eraisten ziharduen. Kontutan hartzekoa zen Estigia lakuan ez eta lokatzetan zihoala, inguruko haiek demonioak ez eta lapurrak zituela, arima ez eta bizia ari zela jokatzen (izan ere ebaslearen eta gizon zintzoaren artean hain egoki kokatzen den adiskidetzaile baliagarri den poltsa falta baitzuen). Azkenean, gertuagotik eta patxada handiagoz aztertuta, akelarretik kabaretera jauzi zen.

        Mirari Gortea, hain zuzen, kabareta zen, baina odolez eta ardoz gorritutako ohoin-kabareta.

        Ibilaldia amaituta azkenean bere zarpail-osteak utzi zuenean, begi aurrean zeukan ikuskizuna ez zen poesiarako ateak irekitzeko modukoa; ezta infernuko poesia izanda ere. Aitzitik, tabernako errealitate arlote eta bortitza zen beste ezer baino gehiago. XV. mendean ez bageunde, Gringoirek Migel Anjeletik Callot-engana jauzi egin zuela esango genuke.

        Lauza biribil handi batean zegoen su ederrak, bere garrekin orduan hutsik ageri zen trepeta baten hanka gorituak hartzen zituen. Inguruan han-hemenka, nahierara ipinitako mahai zahar batzuk zeuden eta geometriaz zerbait zekien inork ez zion haien paralelotasunari kargu hartu. Hain ohizkanpoko angeluz elkar ebakitzen zutelako ere ez zen inor kezkatu. Mahai haien gainean ardoz eta garagardoz betetako txarroak zeuden distiratsu, eta txarro haien ondoan Bako-aurpegi asko suz eta ardoz gorriturik. Aurpegi alaiko gizon tripaundi bat zaratatsu ari zen emagaldu lodi eta haragitsua musukatzen. Soldadu faltsu bat ere han zegoen (trufaria, argotean diotenez) bere gezurrezko zauriko bendak txistua joaz kentzen ari zela eta goizaz gero mila lokarriz lotuta ibilitako belaun osasuntsu eta indartsuari txindurria kentzen. Beste txakil bat aldiz, zaran-belarrez eta idi-odolez bere jainkoaren zangoa biharamunerako prestatzen ari zen. Bi mahai harantzago, maskorlari bat erromes jantzian Erregina santaren eresia salmodiatuz eta sudurrez mintzatuz buruz esaten ari zen. Beste alde batean hubertozale bati bitsa zerion zahar bat epilepsi klaseak ematen ari zitzaion, xaboi-puska bat murtxikatuz lerdea nola atera irakatsiz. Ondoan hidropiko bat husten ari zen. Horregatik, mahai berean gau hartantxe ostutako ume bategatik liskarrean ari ziren lau emakume lapurrek sudurra itxi behar izan zuten. Gorabehera guzti haiek bi mende geroago, Sauval-ek dioenez, gorteari hain barregarriak iruditu zitzaizkionez, erregearentzat entretenigarri izan ziren eta Petit Bourbon teatroan dantzatutako eta lau ekitaldiko «Gaua» erret baletarentzat gaiaren oinarri ere bai. 1653 urteko lekuko batek dioenez, «Mirari Gorteko bat-bateko itxuraldaketak inoiz ez dira hain ederki antzeztu. Benseradek bertso dotore batzuen bidez prestatu gintuen horretarako».

        Algara eta kantu lizuna nonahi entzun zitekeen. Kritikatuz eta madarikatuz bakoitzak berea botatzen zuen, ondokoari entzun gabe. Txarroek topa egiten zuten, borrokak txarroen talkekin batera hasten ziren eta txarro mailatuek zarpailak urratzen zituzten.

        Atzeak lurrean ipinita eserita, zakur handi bat suari begira zegoen. Ume batzuk ere bazeuden orgia hartan nahasturik. Lapurtutako umea han ari zen negarrez eta kurrixkaz. Lau urteko beste ume lodikote bat, aulki handiegian hankak zintzilik eta mahai gaina kokotsean zuela, txintik ere atera gabe zegoen. Beste bat serio ari zen bere behatzez kandela batean urtutako argizaria mahaian zabaltzen. Laugarren umea, bere txikian lokatzetan kokoriko, ia galduta pertza bat teilaz arraskatzen ari zen, Stradivarius bera ere zorabiatuko zukeen soinua ateraz.

        Upela bat ere sutondoan zegoen, eskale bat gainean zuela. Erregea bere tronuan, alegia.

        Gringoire helduta zeukaten hirurek, upeleraino eraman zuren eta bakanal hura bat-batean isildu egin zen, pertzean sartuta zebilen umea izan ezik.

        Gringoire ez zen, ez arnasa hartzera eta ez begiak altxatzera ausartzen.

        —Hombre, quita tu sombrero —esan zion heltzen ari zitzaizkion hiruretako batek. Eta esan zionaren esanahiaz jabetu baino lehen, beste batek jadanik kendua zion kapela. Kurlo triste bat besterik ez zen, noski, baina eguzkitarako nahiz euritarako artean balio zuen. Gringoirek hasperen egin zuen.

        Erregeak orduan, kupelaren gainetik hitz egin zion:

        —Zein da pikaro hau?

        Gringoire ikaratu egin zen. Ahots hark, mehatxu-kutsuz ozenagoa bazen ere, goizean bere misterioari lehen kolpea eman ziona gogorarazi zion. Burua altxatu zuen. Jainkoaren izenean, mesedez! esaten zuena zen; Clopin Trouillefou berbera.

        Clopin Trouillefouk bere errege jantzian lehen bezalakoxe zarpailak zituen. Besoko zauria desagertua zuen. Eskuan uhal zurizko zigorra zeukan; orduan makiladun sarjentuek jendea astintzeko erabiltzen zuten boullaye izenekoaren modukoa. Buruan, goian itxitako txano biribil antzeko bat zeraman, baina zaila zen umeentzako burutea ala errege-koroa zen jakitea; edozer izan baitzitekeen.

        Dena den, zergatik ez bazekien ere Gringoirek itxaropen-apur bat bazeukan Mirari Gortean errege areto nagusiko eskale madarikatua ikusita.

        —Jauna —murmurikatu zuen —Jauna... Musde... Nola deitu behar dizut? —bota zion azkenean bere crescendoaren goi-mailara iritsi eta atzera edo aurrera nora jo ez zekiela.

        —Monsignore, maiestatea edo burkide. Nahi duan bezala esan, baina azkar. Heure buruaren alde zer duk esatekorik?

        —Nire buruaren alde? —pentsatu zuen Gringoirek —Honek ez dik itxura onik —eta totelka honela segitu zuen —Ni gaur goizekoa naiz...

        —Arraiopola! —eten zion Clopinek —Hire izena eta kito, alproja hori! Entzun ondo. Hiru agintari handiren aurrean hago. Ni Clopin Trouillefou Thunes-ko erregea nauk, coeste edo litxarreroen erreinuko agintari nagusiaren, oinordekoa. Mathias Hungadi Spicali, Egiptoko eta Bohemiako dukea duk han buruan zapi bat bildua duela ikusten duan agure ilehori hori. Entzuten ez digun eta emagaldu horri laztanka ari zaion gizon hori Gilermo Rousseau duk, Galileako enperadorea. Hire epaileak gaituk. Gutarra izan gabe litxarreroen erreinura sartu haiz. Gure hiriko legeak hautsi egin dituk. Zigortu egingo haugu, baldin eta kapoi, franc-mitou edo rifode ez bahaiz; jende zintzoaren hizkeran esanda, lapurra, eskalea edo alfertzarra ez bahaiz, alegia. Horrelako ezer ba al haiz? Zuritu heure burua. Zer berezitasun dituk?

        —Tamalez —esan zion Gringoirek —nik ez dut ohore hori. Ni egilea naiz...

        —Aski duk! —eten zuen Trouillefouk amaitzen utzi gabe—. Urkatu egingo haugu. Oso gauza erraza, hiritar zintzook! Zuenean gu tratatzen gaituzuen bezalaxe tratatuko haugu guk hemen. Zuek litxarreroentzat egiten dituzuen legeak ezarriko dizkizuegu guk. Txarrak badituk zuen errua duk. Mesede egiten dik noizean behin lokarriaren begizta gainetik gizon zintzoaren aurpegia ikusteak. Horrek ohoratu egiten dik. Beraz, laguntxo, hire zarpailak alai eman neska horiei. Litxarreroen atseginetan zintzilikatu egingo haugu eta hik heure poltsa emango diek edan dezaten. Sineskeriaren bat baldin baduk, mortairu ondoan hor daukak Saint-Pierre-aux-Boeufs-en lapurtu diagun otoitz egiteko harri aproposa. Lau minutu dituk heure arimaren kontuak konpontzeko.

        Hitzaldia bikaina zen.

        —Ongi esana, zer demontre! Clopin Trouillefouk aita santuak bezala predikatzen du —oihu egin zuen Galilealko enperadoreak, mahaiari altxagarria ipintzearren txarroa hautsiz.

        —Enperadore, errege eta jaun-andereak! —esan zuen Gringoirek hotz-hotzean (izan ere ez dakit nola adoretu eta tinko mintzatzen ari baitzen) —ez dakizue zertan ari zareten. Ni Pierre Gringoire naiz; gaur goizean Jauregiko areto nagusian jokatutako misterioa egin duen poeta.

        —A! Hi al haiz, maisu? —esan zion Clopinek —Ni han egon nauk. Eta, lagun, hik gu gaur goizean aspertu izana ez zintzilikatzeko arrazoia al duk?

        —Hemendik onik ateratzea kosta egingo zaidak —pentsatu zuen Gringoirek berekiko, baina azken ahaleginean berriz saiatu zen—. Ez dakit poetak litxarreroen taldean zergatik sartzen ez dituzuen. Esopo harat-honat zebilen alferra izan zen, Homero berriz, eskalea, Merkurio lapurra,...

        Clopinek esaldia eten egin zion:

        —Heure hitz-jarioarekin nahastu egin nahi gaituk. Utzi zintzilikatzen eta berriketa gutxi!

        —Barkatu, Thunesko errege hori —erantzun zion Gringoirek berea gogor defendatu nahiz—. Merezi du... Une batez... Entzun! ...Entzun gabe ez nauzu kondenatuko...

        Gringoireren ahots tristea inguruko iskanbilak itotzen zuen. Umea bere pertza sekula baino amorru handiagoz arraskatzen ari zen. Gainera atso zahar batek trepeta goriaren gainean zartagina bete ipinitako segoa, mozorroaren atzetik doan ume-taldea garrasika bezala sutan txilioka ari zen.

        Bitartean Clopin Trouillefouk une batez Egiptoko dukearekin eta erabat mozkortuta zegoen Galileako enperadorearekin hitz egin zuela zirudien. Gero, haserre, oihuka hasi zen.

        —Isilik! —eta pertzak nahiz zartaginak entzun ez ziotenez, eta zarata ateratzen segitzen zutenez, bere upelatik jauzi egin eta ostikoz jota, hamar urrats aurrerago geratu zen ume eta guzti. Zartaginari beste ostikada bat emanda, koipe guztia sutara erori zen. Gero serio bere tronora itzuli zen, negar batean zegoen umeaz eta afaria gar zuri bihurtu zitzaion atsoaren marmarrari jaramonik egin gabe.

        Trouillefouk keinu bat egin zuen eta dukea, enperadorea, beren akolitoak eta legendunak zaldi-ferraren forma eratuz inguratu ziren, erdian (beti ere gogor helduta) Gringoire zegoelarik. Zarpail, pilda, urre-izun, sarde, aizkora, ardoz bustitako zango, beso biluzi indartsu, eta aurpegi zikin, ilun eta zakarrezko zirkuluerdia zen hura. Zitalez osatutako mahai biribil haren erdian, senatuko duxak, parego bateko erregeak edo konklabeko aita santuak bezala, Clopin Trouillefouk dena menperatzen zuen, batetik bere upelaren gainetik eta bestetik bere portamolde harro, basati eta bikainagatik, zeinak begi-niniak ñir-ñirka jarri eta lapur-kastako pizti itxura bere abere-profilean zuzentzen baitzion. Basurdea zerri-muturren artean zirudien.

        —Entzun —esan zion Gringoireri, kokots okerra bere esku babatsuaz igurtziz—. Ez zekiat zergatik urkatu behar ez haugun. Bazirudik nazka ematen diala eta hori ulertzea erraza duk. Zuek burgesak, ez zaudete ohituta. Garrantzi handiegia ematen diozue. Dena dela, gaitzik ez diagu opa. Hona bada oraingoz libratzeko duan bidea. Gutakoa izan nahi al duk?

        Asmatzekoa da proposamen hark Gringoirerengan sortutako eragina, bizia bazihoakiola eta etsitzen hasia zegoenez. Proposamenari gogor lotu zitzaion, beraz.

        —Bai horixe! Nola ez bada?

        —Ezpata txikikoen taldekoa izan nahi al duk?

        —Ezpata txikikoen taldekoa, hain zuzen —erantzun zion Gringoirek.

        —Frankburgeseriako kidetzat hartzen al duk heure burua? —galdetu zion Thunesko erregeak.

        —Frankburgeseriakotzat.

        —Litxarreroen erreinukotzat?

        —Litxarreroen erreinukotzat.

        —Pikarotzat?

        —Pikarotzat.

        —Soin eta muin?

        —Soin eta muin.

        Jakin ezak —segitu zuen erregeak— hala eta guztiz ere zintzilikatu gabe ez haizela geratuko.

        —Kontxo! —esan zuen poetak.

        —Bai, bai. Geroago zintzilikatuko haute, ospe handiagoz eta Parisko hiri noblearen kontura, harrizko pikotan eta gizon zintzoen laguntzaz. Poztekoa duk.

        —Zure esanetara —erantzun zion Gringoirek.

        —Abantaila gehiago ere badituk. Frankburges haizenez, Parisko hiritarrek bezala ez duk ez lohien, ez pobreen eta ez farolen gaineko zergarik ordainduko.

        —Hala izan bedi! —erantsi zuen poetak —Ontzat ematen dut. Pikaroa, litxarreroa, frankburgesa, ezpata txikikoen taldekoa eta zuk nahi duzun guztia naiz, baina ni, Thunesko errege hori, lehendik ere guzti hori banintzen, filosofoa naizelako: et omnia in philosophia, omnes in philosopho continentur, zuk dakizunez.

        Thunesko erregeak bekainak zimurtu egin zituen.

        —Zein naizela uste duk? Zertan hator Hungariako juduaren hizketa horrekin? Hebreerarik ez zekiat. Lapurra izateko ez zegok judu izan beharrik. Nik ez diat lapurretarik egiten. Horiek gainditu nizkian. Hil egiten diat. Zintzurra egin, bai; eta poltsa-ebakitzaile ez.

        Haserrea gero eta ozenago bihurtzen ari zen hitz haien artean, Gringoire aitzakiaren bat jaulkitzen saiatu zen.

        —Barkatu monsignorea. Ez da hebreera, latina baino.

        —Ni ez nauk judua —errepikatu zuen Clopinek haserre bizian— eta urkatu egingo haut, sinagogako demonio hori, hire atzeko merkatari judu hori bezala. Diru faltsua denez, egunen batean mostradorean iltzatuta utziko dudala espero diat.

        Hori esatean behatzaz Gringoireri bere facitote caritatem esaldia bota zion Hungariako judu txiki bizartsua erakutsi zion. Juduak beste hizkuntzarik ez zekienez, harrituta zegoen Thunesko erregearen amorrua beregana zetorrelako.

        Azkenean Clopin monsignorea baretu egin zen.

        —Alproja halako hori! —esan zion gure poetari —Pikaroa izan nahi duk, beraz.

        —Dudarik gabe —erantzun zion Gringoirek.

        —Borondate hutsa ez duk aski —esan zion Clopin borreroak—. Borondateak ez ziok zopari tipularik eransten. Paradisura joateko bakarrik duk ona, eta paradisua eta litxarreria oso bestelakoak dituk. Gure taldekide izan nahi baduk, egokia haizela frogatu behar duk. Manikia erregistra ezak.

        —Nahi duzun guztia erregistratuko dut.

        Clopinek keinu bat egin zuen. Litxarrero batzuk zirkulutik irten eta geroxeago etorri ziren. Bi zutabe ekarri zituzten, lurrean apoiatuta erori gabe egoteko beheko aldean txarrantxak zituztela. Bi zutabe haien gailurrean zeharka langet bat ipini zuten, urkamendi eramangarri polita osatuz. Gringoireren aurrean amen batean muntatu zuten. Ez zitzaion ezer falta; soka ere hantxe baitzeukan langetetik zintzilik dilindan.

        —Zer egin nahi ote dute? —galdetu zuen Gringoirek kezkatu samarturik. Orduantxe entzun zen zintzarri-hotsak eman zion amaiera bere urduritasunari. Litxarreroek manikia sokaz lepotik zintzilik ipini zuten txorimaloa bailitzan, gorriz jantzita eta Gaztelako hogeita hamar mando apaintzeko adina koskabilo eta zintzarrirekin. Mila zintzarri haiek sokaren balantza medio tilinka aritu ziren denboraldi batez, gero klepsidra eta harea-erlojua baztertu dituen penduluaren legeak geldiarazita poliki-poliki isilduz joan eta azkenean mututu zen arte.

        Orduan Clopinek manikiaren barrenean kili-kolo egiten zuen aulkitxo zahar bat erakutsiz:

        —Igo gainera!

        —Zakurraren biolina! —kontra egin zion Gringoirek —Lepoa hausteko ere! Zure aulkitxoak Martzialen distikoek bezala herren egiten du; oin bat hexametroa eta bestea pentametroa baititu.

        —Igo! —errepikatu zuen Clopinek.

        Gringoire aulkitxoaren gainera igo zen, eta burua nahiz besoak balantzan zabuka erabili ondoren, bere oreka lortu zuen.

        —Orain —esan zion Thunesko erregeak—, bildu eskuineko hanka ezkerraren inguruan eta ezkerreko hankaren puntan ipini.

        —Monsignorea —bota zuen Gringoirek—. Nik hezurren bat haustea nahi duzu zuk.

        Clopinek buruari balantza eragin zion.

        —Entzun, lagun, eta berriketa gutxi! Hara hitz gutxitan zer egin behar duan. Hanka-puntan jarriko haiz nik esanda bezala. Horrela manikiaren poltsikoraino iritsi eta erregistratu ahal izango duk. Bertan dagoen poltsa atera behar duk. Dena txintxarri-hotsik entzun gabe ongi ateratzen bazaik, ederki. Litxarreroa izango haiz eta zortzi egunez hi egurtzea besterik ez zaiguk faltako.

        —Zakurraren putza! Ezta pentsatu ere! —esan zuen Gringoirek —Eta txintxarriak tilinka hasten badira?

        —Urkatu egingo haugu. Garbi al zegok?

        —Ez dut ezer ulertzen —erantzun zion Gringoirek.

        —Entzun ezak, bada, beste behin. Txorimaloa erregistratu eta poltsa hartuko diok. Txintxarri bakar batek ere jotzen badik urkatu egingo haugu. Ulertu al duk?

        —Ongi —esan zuen Gringoirek—. Hori ulertu dut. Eta gero?

        —Koskabilo-hotsik gabe poltsa ateratzen baduk, litxarrero izango haiz eta segidan zortzi egunez egurtu egingo haugu. Orain argi eta garbi daukak dena, ezta?

        —Ez monsignorea. Ez dut ezer ulertzen. Zer irabazten dut? Batetik zintzilikatuta era bestetik kolpatuta...

        —Eta litxarrero? —bota zuen Clopinek —E? Eta litxarrero? Hori ez al duk ezer? Hire mesedetan egurtzen haugu, gorputza kolpetara ohitzearren.

        —Mila esker —erantzun zion poetak.

        —Beraz, ekin —agindu zuen erregeak oinaz bere upela gainean jota kaxa handi batek bezala durunda eginez—. Erregistra ezak manikia eta amai dezagun. Berriz esaten diat ordea. Zintzarri-hots bat bera entzuten badiat, txorimaloaren lekuan ipiniko haugu.

        Litxarreroak, Clopinen hitzak txalotu eta urkamendiaren inguruan zirkunferentzia osatuz ipini ziren, hain barre-algara ankerrez, ze Gringoirek haien beldur ez izateko gehiegi pozten zituela ikusten baitzuen. Itxaropenik ez zeukan, beraz, inposatu zioten lan lotsagarri hartatik onik ateratzeko aukera txiki-txikia izan ezik. Arriskatzea erabaki zuen, baina aurrez arindu beharreko txorimaloan erreguka aritu zitzaion, inguruko lapurrak baino errazago gupidatuko zelakoan. Beren kobrezko mihiekin zeuzkan milaka txintxarri haiek, koska eta ziztu egiteko prest zeuden suge-ahoak iruditzen zitzaizkion.

        —O! —zioen ahopeka —Posible al da nire bizia koskabilo txikienaren dardara txikienaren menpe egotea? O! —zioen eskuak elkartuz —Txilin, koskabilo eta txintxarri, ez jo arren!

        Trouillefourekin azken ahalegina egin zuen ostera.

        —Eta haize bolada badago, zer? —galdetu zion.

        —Zintzilikatu egingo haugu —bota zion zalantza-izpirik gabe.

        Han atsedenik, luzamendurik eta aitzakiarik ez zegoenez, etsi-etsian erabaki bat hartu zuen. Eskuineko hanka ezkerrekoaren inguruan bildu, ezkerreko hankaren puntan zutik ipini eta besoa zabaldu zuen. Txorimaloa ukitzerakoan baina, hanka bakarrean apoiatutako gorputzak hiru zeuzkan aulkitxoaren gainean balantza egin zuen. Orduan, manikiari heldu nahi izan zionean, desorekatu eta luze-luze lurrera erori zen, manikiaren zorigaiztoko milaka txintxarrien zarataz aztoraturik. Izan ere eskuarekin kolpe egin zionean lehenengo biratu egin zen eta gero maiestatez hasi zen dilindan bi zutabeen artean.

        —Madarikatua! —garrasi egin zuen erortzean, eta aurpegia lurraren kontra zuela hilda bezala geratu zen.

        Hala ere, buru gaineko karilloi beldurgarria eta litxarreroen barre ankerra entzuten zituen. Trouillefouren ahotsa ere bai, honela zioela:

        —Jaso purtzil hori eta zintzilikatu bertatik.

        Jaiki egin zen. Txorimaloa kendua zuten beretzat lekua prestatzearren.

        Litxarreroek aulkitxo gainera igoarazi zuten. Clopin hurbildu, soka lepoan ipini eta bizkarrean joz:

        —Agur, lagun. Orain ez daukak ihes egiterik. Ezta aita santuaren tripak izanda ere.

        Mesede hitza itota geratu zen Gringoireren ezpainetan. Ingurura begiratu zuen, baina itxaropenik ez zeukan; denak barrez ari baitziren.

        —Bellevigne Etoilekoa-hots egin zion Thunesko erregeak jendartetik atera zen lapur handi bati—. Langetera igo.

        Bellevigne Etoilekoa bizkor igo zen zeharka zegoen habera, eta unetxo bat barru Gringoirek, begiak altxa eta izututa bere buru gainean langetean kokoriko ikusi zuen.

        —Orain —agindu zuen berriz Clopin Trouillefouk—, nik txalo jotakoan, hik Andry le Rouge-k, belaunaz kolpe batez aulkitxoa bota egingo duk. Hik, Frantzisko Chanteprune-k, pikaroaren hankei helduta zintzilikatu, eta hik Bellevigne, bizkar gainera jauzi egin. Hirurok batera ordea. Ulertu al duzue?

        Gringoirek hotzikara sentitu zuen.

        —Gertu al zaudete? —esan zien Clopin Trouillefouk armiarma euli gainera bezala Gringoiregana jauzi egiteko prest zeuden hiru alprojei. Kondenatuak une garratza igaro zuen, Clopinek bere hankaz sutik kanpo geratu ziren aihen batzuk lasai bultza bitartean —Erne! —agindu zien, txalo jotzeko besoak zabalduz. Segundo bat gehiago eta dena amaituta.

        Baina geratu egin zen, bat-batean ideiaren bat bururatu bailitzaion.

        —Itxaron! —esan zien —Ahaztu egin zaidak!... Maite duen emakumerik duen ala ez aurrez galdetu gabe ez diagu gizonik urkatzen. Lagun, oraindik baduk irtenbidea. Litxarreriaren batekin ezkondu ala soka dauzkak aukeran.

        Ijitoen lege hau irakurleari arrotz gertatzen bazaio ere, oraindik indarrean dago ingeles legeria zaharrean. Ikus Burington's Observations.

        Gringoirek arnasa hartu zuen. Azken ordu-erdian bigarrengoz salbatu zen. Ez zen gehiegi fio ordea.

        E! —deiadar egin zuen Clopinek bere upelan zutituta —E! Emakumeak, emeak: sorginetik katemeraino, zuetan ba al da litxarrero hau hartu nahi duenik? Tira, Colette la Chamaronne! Isabel Trouvain! Simona Jodouyne! Maria Piedebou! Thonne la Longue! Berarde Fanouel! Michelle Genaille! Claude Ronge-Oreille! Mathurine Girorou! E! Isabeau la Thierrye! Zatozte! Gizona doan! Zeinek nahi du?

        Gringoire egoera tamalgarri hartan ez zen sari atsegingarria. Emakume lapur haiek proposamenak ez zituen asko erakarri. Zorigaiztoko kondenatuak honakoak entzun zizkien:

        —Ez, ez. Urka dezatela. Horrela guztiok dibertituko gara.

        Hala ere, jendartetik irtenda hiru usnaka hasi zitzaizkion. Lehengoa aurpegi karratuko neska gizena zen. Filosofoaren jipoi gaixoa zehatz-mehatz aztertu zuen. Brusa ere higatua eta gaztaina danbolina baino zulatuagoa zeukan. Neskak keinu bat egin zuen.

        —Oihal zaharra! —murmurikatu zuen, eta Gringoireri honela galdetu zion:

        —Non duk kapa?

        —Galdu egin zait —esan zion Gringoirek.

        —Eta kapela?

        —Kendu egin didate.

        —Eta zapatak?

        —Zolaberritzeko premian dira.

        —Eta poltsa?

        —A! —hasperen egin zuen Gringoirek —Parisko sos bat bera ere gabe geratu naiz.

        —Zintzilika hazatela, eta eskerrak eman! —bota zion lapurrak bizkar emanez.

        Bigarrena, zaharra, beltza, zimurra eta nazkagarria zen. Mirari Gortean atentzioa ematen zuen haren itsusitasunak. Gringoireri adi begiratu zion inguruan buelta emanez. Poeta ikaratu egin zen hautatuko zuelakoan, baina honela esan zuen ahopeka:

        —Argalegia dago —eta joan egin zen.

        Hirugarrena neska gaztea zen; nahikoa guria eta itsusiegia ere ez.

        —Salba nazazu —esan zion isilpeka gizajoak.

        Errukituta begiratu zion. Gero begiak jaitsi, soinekoari heldu eta zalantzaz geratu zen. Gringoire bere begiez mugimendu guzti haiei adi-adi zegokien; azken esperantza-izpia baitzuen.

        —Ez! —esan zuen azkenean neskak —Gilermo Longuejoue-k astindu egingo ninduke.

        Eta jendartera bildu zen.

        —Laguntxo! —esan zion Clopinek —Zorigaiztokoa haiz.

        Gero, bere upelean zutik jarrita:

        —Ez al du inork nahi? —galdetu zuen ozen entzuleen atseginetan enkanteko saltzailearen kutsua imitatuz.

        —Ez al du inork nahi? Bat, bi, eta hiru!

        Eta urkamendira jiratuz buruaz keinu eginez:

        —Esleitua!

        Bellevigne Etoilekoa, Andry le Rouge eta Frantzisko Chanteprune Gringoiregana hurbildu ziren.

        Une hartan, litxarrero artean oihu bat entzun zen:

        —La Esmeralda! La Esmeralda!

        Gringoire, ikaratuta, zarata zetorren aldera jiratu zen. Jendea bereizi eta irudi garbi-distiratsu bati bide egin zion.

        Ijitoa zen.

        —La Esmeralda! —esan zuen Gringoirek bere zirrara artean harriturik, hitz magiko hark egun osoko oroitzapenak nola lotzen zizkion ikusita.

        Izaki bitxi haren xarma eta edertasunak Mirari Gortean ere agintari zirela zirudien. Lapur-piloa lasai lerrokatzen zen hura igaro ahala eta ikusi hutsarekin haien basati-aurpegiak argitu egiten ziren.

        Kondenatuarengana arin gerturatu zen, ondoren Djali alaia zuela. Gringoire bizirik ez eta hilik zegoela esan zitekeen. Neskak isilik aztertu zuen une batez.

        —Gizon hau zintzilikatu egin behar al duzu? —esan zion serio Clopini.

        —Bai, arreba —erantzun zion Thunesko erregeak—, baldin eta senartzat hartzen ez baduzu.

        Beheko ezpainaz bere keinu berezia egin zuen. —Hartu egingo dut —esan zuen.

        Gringoirek orduan goizaz gero ametsetan egon zela eta hura ametsaren jarraipena besterik ez zela pentsatu zuen. Gertaera izan ere, bitxia ez ezik latza ere bazen.

        Lepotik lakioa kendu eta poeta urkamenditik jaitsi egin zuten. Zirrararen zirraraz eseri egin behar izan zuen.

        Egiptoko dukeak, hitzik ere atera gabe, buztinezko txarroa ekarri zuen. Buhameak Gringoirer eskainiz:

        —Bota lurrera —esan zion.

        Txarroa lau zati egin zen.

        —Anaia! —esan zion Egiptoko dukeak eskua bekokian ipinita —Zure emaztea da. Arreba! Zure senarra da. Lau urterako. Zoazte.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997