Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
JACQUES COPPENOLE MAISUA

 

        Ganteko kontseilaria eta bere gorentasuna beheraino makurtutako erreberentzia eta ahots baxuz esandako hitzak trukatzen ari ziren bitartean, gorputz handi, aurpegi luze eta bizkar zabaleko gizon bat azaldu zen Gilermo Rymekin batera sartu nahian. Zakurra azeriaren atzetik sartu zela zirudien. Haren feldrozko kurloa eta larruzko soinekoa inguruko belus eta zeta artean nabarmen geratzen ziren. Deskuiduan etorritako karrozazainen bat zelakoan, atezainak geldiarazi egin zuen.

        —E, lagun. Ez dago sartzerik.

        Larruzko soinekodunak bizkarretik helduta bultza egin zion.

        —Zer nahi du arraio honek? —esan zuen haserre, aretoko guztien arreta erakarriz —Ez al duk ikusten zein naizen?

        —Zure izena? —galdetu zion atezainak.

        —Jacques Coppenole.

        —Zure tituluak?

        —Galtzerdigilea, Ganteko Hiru Kateatxoak izeneko etxean.

        Atezainak atzera egin zuen. Zinegotzi eta alkateen berri ematea, tira, baina galtzerdigilea aurkeztea gehiegizkoa zen. Kardinala zizpak hartuta zebilen. Jende guztia berriz, erne eta adi. Kardinalak flandestar hartz haiek jendaurrean itxuraz agertaraztearren ahaleginetan bi egun eman ondoren, aldrebeskeria hura ezin zuen jasan. Bitartean Gilermo Rym bere irribarre finaz atezainari hurbildu zitzaion.

        —Aurkez ezazu Jacques Coppenole maisua, Gante hiriko zinegotzien idazkaria —bota zion ahopeka.

        —Atezaina —errepikatu zion kardinalak ahots ozenez—. Aurkez ezazu Jacques Coppenole maisua, Gante hiri ospetsuko zinegotzien idazkaria.

        Hanka-sartzea izan zen hura, zeren Gilermo Rymek berak bakarrik arazoa gaindituko baitzukeen. Coppenolek ordea, kardinalaren hitzak entzun egin zituen.

        —Ezta pentsatu ere! —garrasi egin zuen bere trumoi—ahotsez Jacques Coppenole galtzerdigilea. Ulertu al duk, atezain alaen horrek? Arraioa halakoa! Galtzerdigilea baduk aski eder. Artxiduke jauna ere behin baino gehiagotan etorri duk nire dendara.

        Barreak eta txaloak bat-batean entzun ziren. Izan ere horrelako eztenkadak berehala jasotzen (eta ondorioz txalotzen) dituzte Parisko hiritarrek.

        Esan dezagun Coppenole hiritar soda zela, eta inguruan zeukan jendetza, bera bezalakoez osatutako herri xumea. Beraz elkarren arteko komunikazioa laster baino lasterragoa, elektrikoa, izan zen. Gorteko jendea lotsagarri utziz galtzerdigile flandestarrak izandako irteera harroxko hark, hiritar apalen ariman XV. mendean artean lauso samar zeukaten ez dakit zer-nolako duintasun-sentipena piztu zuen. Beraiek bezalakoa zen, galtzerdigilea, kardinalari aurre egin ziona! Atsegin zitzaien, noski, Santa Jenobebako abadearen (zeina kardinalaren kaparen atzeko ertza altxatuz joaten baitzen) bailegoko sarjentuen morroiei ere errespetuz obeditzera ohituta zeuden behartsu haiei.

        Coppenolek harro agurtu zuen bere gorentasuna, eta honek ere bai Luis XI.ak beldur zion hiritar ahaltsu hura. Gero, Felipe Comineskoak dioenez Gilermo Rym zuhur eta maltzurra biei txantxa- eta nagusitasun-irribarrez jarraitzen zitzaielarik, bakoitza bere lekuraino joan zen. Kardinala aztoratuta eta kezkatuta. Coppenole berriz, lasai eta puztuta, nolanahi ere bere galtzerdigile-titulua beste edozein adinakoa zelakoan eta Maria Borgoniakoak (egun hartan Coppenolek ezkondutako Margaritaren amak, alegia) kardinal gisa galtzerdigile gisa baino beldur gutxiago izango ziola pentsatuz. Izan ere kardinalak ez zituzkeen gantestarrak Karlos Izukaitzaren alabaren aldekoen kontra matxinatuko. Ezta hitz eginda giza ostea aztoratu ere bere malko eta eskaeren kontra, Flandesko andereñoa haien alde erregutzera urkamendiraino etorri zenean. Galtzerdigileak ordea, larruz estalitako besoa altxatzea aski izan zuen jaun agurgarri Guy Hymbercourtekoa eta Gilermo Hugonet kantzelari zinetenon lepoa mozteko!

        Kontuak kontu, kardinal gaixoarentzat ez ziren gorabehera guztiak horrenbestez amaitu. Nolabaiteko lagunekin egotearen kaliza artean kondar eta guzti edan beharra zeukan.

        Irakurlea agian ez zen sarreraren hasieran kardinalaren taulatu ertzera etorritako eskale lotsagabeaz ahaztuko. Gonbidatu ospetsuak etorriagatik leku hura ez zuen utzi, eta elizgizon-enbaxadoreak tribunako eserlekuetan flandestar sardinzarren gisa elkar estututa eserita bazeuden ere, eskekoa lasai zegoen hankak arkitrabe gainean gurutzatuta. Lotsagabekeria galanta inola ere, baina hasieran horretaz ez zen inor ohartu, jendearen arreta beste nonbaiten finkatura zegoelako. Bera ere aretoan gertatzen ari zenaz ez zegoen adi. Burua zabuka zerabilen batera eta bestera napolitarrak baino axolagabeago, jendearen zurrumurruan noizbehinka bere errezoa errepikatuz: «Limosnatxo bat, mesedez!». Seguru asko bera izango zen Coppenole eta atezainaren arteko eztabaidan burua jiratu ez zuen bakarra. Dena den Ganteko galtzerdigilea, jende guztia oso bere alde zuela eta denen begiradak beregan zituela, taulatuko lehen lerroan eseri zen; eskalearen pare-parean, hain justu. Ikusleak ez ziren gutxi harritu Flandesko enbaxadoreak pertsona bitxi hari goitik behera begiratu eta zarpailez betetako bizkarrean lagun gisa eskuz jo zuenean. Eskalea jiratu egin zen. Ustekabea, onespena, poza, etab. nabarmendu ziren bi aurpegietan. Gero, ikusleengatik batere kezkatu gabe, galtzerdigilea eta elbarria berriketan hasi ziren elkarri eskua estututa, taulatuko urre-koloreko oihalean zabaldutako Clopin Trouillefou-ren pildek laranjan dagoen harra ziruditelarik.

        Gertaera bitxi hark jendearengan erokeri eta alaitasun-zurrumurruak sortarazi zituen. Luze baino lehen ohartu zen kardinala horretaz. Makurtu egin zen, eta bera zegoen lekutik Trouillefouren kasaka lotsagarria erdizka baizik ikusten ez zuenez, eskalea limosna eske ari zela pentsatu zuen, eta ausart-keria hartaz haserretuta, honela egin zuen oihu: —Jauregiko baile jauna! Bota zarpail hori ibaira!

        —Errekontxo! Kardinal jauna —esan zion Coppenolek Clopini eskurik kendu gabe—. Nire laguna da.

        —Hori, hori! —garrasi egin zuen jendeak. Harez gero, Coppenole maisua bai Parisen eta bai Ganten famatua izan zen, zeren gisa horretako pertsonak ospetsuak baitira —Felipe Comineskoak dioenez —askatasun horrekin jokatzen dutenean.

        Kardinalak ezpainak estutu zituen. Ondoan zeukan Santa Jenobebako abadearengana makurtu eta baxu antzean honela mintzatu zitzaion:

        —Hauek dira enbaxadoreak, hauek, artxidukeak Margaritaren ezkontza iragartzeko bidaltzen dizkigunak!

        —Bere gorentasunak —erantzun zion abadeak —kortesia gehiegi darabil flandestar urde hauekin. Margaritas ante porcos.

        —Batekoz bestera esan beharko litzateke —erantsi zuen kardinalak irribarrez—: Porcos ante Margaritara.

        Sotanadun guztiak txundituta geratu ziren hitz-joko hartaz. Kardinalak bere burua lasaiago sentitu zuen. Coppenolerekin par egin zuen, bere eztenkada ere txalotu zutelako.

        Eta tenore honetan, gaur egun mintzatzen den eran esanda irudi bat eta ideia bat orokortzeko ahalmena duten irakurleei galdetzea zilegi bekigu, ea beren arreta geldiarazten dugun unean Jauregiko areto nagusiko paralelogramo itzel hartako giroa zer-nolakoa zen argi eta garbi ikusten duten. Aretoaren erdian, mendebaldeko hormaren kontra, urre-zetazko taulatu handi-ederra zegoen. Bertara ojibazko ate txiki batetik prozesioan bata-bestearen ondoren atezainaren ahots ozenak iragarri ahala pertsona ospetsuak ari dira sartzen. Lehen bankuetan jaun agurgarri asko ikusten dira jadanik erbinude zuriaren larruz, belus eta ehun gorriz jantzirik. Isil eta duin dagoen taulatuaren inguruan, azpian, aurrean eta nonahi, jendetza eta zurrumurru handia. Mila begirada eta esamesa ateratzen dira jendearengandik oholtzako aurpegi bakoitzagatik. Ikuskizuna izan ere bitxia da benetan eta han daudenen arreta bereganatzeko nahikoa merezimendu badute. Zer da, ordea, han hondoan gainean lau txorimalo nabar eta azpian beste lau dituen taulatu moduko hori? Nor da han, oholtza ondoan, brusa beltzez jantzita dagoen aurpegi zurbileko gizon hori? Hara, irakurle! Pierre Gringoire eta bere sarrera dira.

        Erabat ahaztuta ginduzkan.

        Horixe zen, hain zuzen, hark nahi ez zuena.

        Kardinala sartu zenez geroztik, Gringoire bere sarrera salbatzeak baizik ez zuen kezkatzen. Lehenbizi isildu ziren aktoreei, ozen mintzatuz segi zezatela agindu zien. Inork ez ziela jaramonik egiten ikusita ordea, laster eman zien geratzeko ordena. Harez gero, etenaldiak ordu-laurdena pasatxo iraun zuen eta bera han zebilen aztoraturik batera eta bestera, Guisquette eta Lienardarekin hizketan, sarrerak aurrera egin zezan ingurukoak bultzatuz. Dena alferrik ordea. Inork ez zion kardinalari, enbaxadari eta taulatuari begiratzeari uzten. Hura zen inguruan zirkulu handia osatzen zuten ikuslerro guztien erdigune eta bilgune. Bestetik, esan beharra dago (eta nahigabez esan ere esaten dugu) kardinala sartu eta jostaketa hari hain deblauki bide eman zionerako jendea apur bat aspertzen hasia zela. Azken finean, bai taulatuan eta bai marmolezko mahaiaren gainean ikuskizuna berdina zen: Lana eta Kleroaren, Noblezia eta Merkantziaren arteko borroka. Gainera gehienek nahiago zuten bizirik, arnasa hartzen zutela, hezur eta mami benetan ari zirela, flandestar enbaxadan, elizgizon-taldean, kardinal jantzian edo Coppenoleren soinekoz ikustea. Bizirik zeudenak hobesten zituzten, eta ez makilaturik, dotoreturik, bertsotan hitz egiten zuten eta, nolabait esan, Gringoirek jantzarazitako tunika zuri-hori haiekin txorimalo bihurtuta zeudenak.

        Gure poetak giroa zertxobait lasaitu egin zela ikusi zuenean, dena bere onera ekartzeko bide bat bururatu zitzaion.

        —Jauna —esan zion jiratuta atsegin itxurako ondoko gizon prestu eta lodi bati—. Eta jarraipena emango bagenio?

        —Zer? —galde egin zuen ondokoak.

        —Bai. Misterioa, alegia —bota zion Gringoirek.

        —Nahi baduzu?

        Erdi onespen hura aski izan zuen Gringoirek, eta lanean hasi zen ahalik eta gehiena jende artean nahastuz oihuka ekinez: Hasi antzezten. Jarraitu lehengoari!

        —Arraioa! —esan zuen Joannes de Molendinok—. Zer diote han urruti, hondoan? (Gringoirek izan ere, lauk adinako zarata ateratzen baitzuen). Esan egia, lagunok. Antzerkia ez al da, bada, bukatu? Orain berriz hastea nahi dute. Ez dago eskubiderik.

        —Ez, ez —garrasi egin zuten ikasle guztiek—. Utikan antzerkia! Utikan!

        Gringoire harrotu egin zen ordea, eta haiek baino ozenago zioen: —Jarraitu! Jarraitu!.

        Zarata haiek kardinalaren begirada erakarri zuten.

        —Jauregiko baile jauna —esan zion inguru samarrean zeukan beltzez jantzitako gizon handi bati—. Zarata handi hori ateratzeko, arraio horiek bataio-pontean al daude?

        Jauregiko bailea nola-halako magistratua zen; justizi alorreko saguzar moduko bat, aldi berean arratoi eta hegazti, epaile eta soldadu.

        Bere gorentasunarengana hurbildu zen, eta haren haserrearen beldur, zizaka jendearen jarrera desegokiaren zergatia adierazi zion; eguerdia bere gorentasuna baino lehen heldu zela eta aktoreak bere gorentasunik gabe hastera derrigortu zituztela, alegia.

        Kardinalak barreari ekin zion.

        —Zer demontre! Unibertsitateko errektoreak ere beste horrenbeste egin behar zuen. Zer deritzozu, Gilermo Rym jauna?

        —Monsignorea —erantzun zion Gilermok—. Pozik egon gintezke komediaren erdia joan zaigulako. Horixe irabazten atera gara.

        —Beraz, pikaro-jende horrek beren fartsari jarraipena ematerik ba al dute? —galde egin zuen baileak.

        —Bai, bai. Jarraitu —erantzun zion kardinalak—. Berdin zait. Nik tarte horretan neure otoitz-liburua irakurriko dut.

        Bailea taulatu ertzera joan zen, eta eskuaz isiltasuna eskatuz keinu eginez, honela oihu egin zuen:

        —Hiritar, nekazari eta biztanleok! Berriz hastea nahi dutenen eta bukatutzat jo nahi dutenen atseginerako, bere gorentasunak jarraitzea agintzen du.

        Bi alderdiek amore eman behar izan zuten, baina bai egilea eta bai jendea kardinalari haserre geratu zitzaizkion denbora luzez.

        Eszenategiko pertsonaiek beraz, obrari jarraipena eman zioten. Gringoire gutxienez obraren gainerakoa amaieraraino etenik gabe entzungo zutelakoan zegoen, baina uste hura nahiz gainerako itxaropenak ustel atera zitzaizkion. Nola edo hala entzuleria isilik zegoen, baina Gringoire ez zen ohartu kardinalak jarraitzeko agindua eman zuenean oholtzako eserlekuak artean ez zeudela, ezta urrik eman ere, denak beterik. Flandestar taldearen ondoren, lagun-osteko pertsona ospetsu gehiago ari zen heltzen eta aktoreak elkarrizketan ari zirela, atezainak izen-deitura eta tituluak oihukatzen zituen tarteka, bere hondamena eraginez. Izan ere, pentsa dezagun teatro-emankizuna puri-purian dagoenean atezainak bi errima artean edo bi hemistikioren artean honako hauek botata zer gertatzen den:

        —Jacques Charmolue maisua, Elizako auzitegietan erregearen prokuradorea!

        —Joan Harlaykoa ezkutaria, Paris hiriko gaueko errondako zalduna!

        —Musde Galiot Genoilhackoa, zalduna, Brussac-eko jauna, erregearen artileri maisua!

        —Dreux-Raguier maisua, Frantziako Champagne eta Brie lurraldeetako ur eta basoen erret ikuskaria!

        —Musde Luis Gravillekoa, zalduna, erregearen kontseilari eta gelazaina, Frantziako almirantea eta Vincennesko basoko giltzazaina!

        —Denis Le Mercier maisua, Parisko itsu-etxeko zaindaria! —etab. etab.

        Egoera jasanezina zen.

        Antzezlanari jarraitzea oztopatzen zuen lagun-oste bitxi hark gero eta gehiago asaldatzen zuen Gringoire. Izan ere, bazekien obrarenganako arreta areagotuz ari zela eta entzutea besterik ez zitzaiola falta. Egia esan, zaila zen antzerki-lan harena baino egitura zorrotz eta dramatikoagoa asmatzea. Sarrerako lau pertsonaiak kexu ziren beren bilaketa-lanean arrakastarik izan ez zutelako, bitartean Venus jainkosa berbera, vera incenssu patuit dea, Paris hiriko itsasontziaz apaindutako tunika ederrez aurkeztu zitzaielarik. Ederrenarentzat agindutako delfinaren bila zetorren. Trumoiak aldageletatik entzuten zitzaizkion Jupiter ere alde zeukan. Jainkosa beraz, delfin jauna bereganatzekoa zen (metaforarik gabe esanda, ezkondu egingo zen), baina orduan damasko-ehun zuriz jantzitako neska gazte bat bitxilore edo margarita eskuan zuela (Flandesko neskatxaren pertsonifikazioa argi eta garbi erakutsiz) Venusi lehia egitera etorri zen. Teatro-efektu eta gorabeherak. Eztabaidaren ondoren, Venus, Margarita eta gainerakoek auzia Ama Birjinaren sen onak erabaki zezan onartu zuten. Beste rol eder bat ere bazen: Mesopotamiako errege Pedrorena, hain zuzen, baina etenaldiak zirela eta, zaila zen bere eginkizunaz jabetzea. Pertsonaia guztiak, eskaileran gora igota zeuden.

        Kaltea eginda zegoen ordea. Edertasun haiek inork ez zituen ez sentitu eta ez ulertu. Kardinala sartu zenean, hari ikusiezin magiko batek bat-batean begirada guztiak marmolezko mahai gainetik taulatura desbideratu zituen; aretoko hegoaldetik mendebaldera. Jendeari sorginkeria hartatik ez zegoen libratzerik. Begirada guztiak hantxe zeuden finko, eta etorri berriak, beren izen madarikatuak, beren aurpegiak eta beren soinekoak etengabeko dibertsiorako aitzakia ziren. Hondamendia zen hura. Gringoirek noizbehinka mahukatik tiratuta jiratzen zitzaizkion Gisquette eta Lienarda edo ondoko gizon lodi baketsua izan ezik, inork ez zuen entzuten, inork ez zion aurrez aurre begiratzen, antzerki-lanari. Gringoirek entzuleen aurpegiak albotik baizik ez zituen ikusten.

        Zein latza zen poesia eta ospezko aldamio hura atalez atal hondoratzen ikustea! Eta bere obra ikusi nahita jendetza hura baile jaunaren kontra matxinatzeko zorian egon zela pentsatzea ere! Hantxe zuten ikusteko aukera, baina inori ez zitzaion axola. Denek oihuka ontzat emanda hasitako obra berbera zela esatea ere! Herriaren borondateak dituen betiko joan-etorriak! Nork esan bailegoko sarjentuak urkatzekotan ibili zirela? Zer ez ote zukeen egingo Gringoirek une ezti haietara itzultzearren!

        Halako batean, atezainaren bakarrizketa basatia segidarik gabe geratu zen. Guztiak zeuden, eta Gringoirek lasai hartu zuen arnasa.

        Aktoreek prestuki ziharduten, baina hara Coppenole maisua, galtzerdigilea, bat-batean jaiki eta entzule guztien arreta bereganatuz non hasten den bero-bero honako hitzaldi hau botatzen:

        —Parisko hiritar eta jauntxoak! Ez dakit hemen zer demontretan gauden. Han bazterrean, eszenategian, borroka egin nahi duten itxurako pertsonak ikusten ditut. Ez dakit zuek «misterio» deitzen diozuen hori den ala ez, baina inola ere ez da atsegina. Hitz hutsez egiten dute borroka, eta hortik aurrera deusik ere ez. Ordu-laurdena daramat kolperen bat ikusi zain. Alferrik ordea. Gaizki-esaka elkar iraintzearekin aski duten koldarrak besterik ez dira. Londres edo Rotterdamgo borrokalariak ekarri behar ziren hona. A zer nolako gozamena! Plazatik ere entzuteko moduko ukabilkadak izango genituzke. Hauek berriz, pena ematen dute. Morisko-dantza edo maskaradaren bat eskaini balute sikiera! Niri honelakorik ez didate esan. Aita santua aukeratzen deneko ero-festa agindu didate niri. Guk ere Ganten badugu eroen aita santua. Horretan ez dugu atzera egingo, alajaina! Hara guk zer egiten dugun: zuek hemen bezala gu ere jendetza handia biltzen gara. Gero banan-banan burua zulo batera sartzen dugu eta han jendaurrean keinuka hasten gara. Denen ustetan aurpegi itsusiena ipini duena aukeratzen dugu aita santu. Hara Oso atsegina da. Nahi al duzue zuen aita santua guk bezala aukeratzea? Artaburu hauei entzutea bezain aspergarria ez da izango behinik behin. Nahi izanez gero, zuloan beren imintzioa egiterik izango lukete. Zer diozue, hiritarrok? Flandestarren gisa dibertitzeko nahikoa gizon-emakume barregarri bada hemen. Imintzio ederrak egiteko bezain aurpegi itsusiak ere baditugu.

        Gringoirek erantzun egingo ziokeen, baina harridurak, haserreak eta sumindurak, hitzik gabe utzi zuten. Gainera galtzerdigile herrikoiaren proposamena jendeak (jauntxo deitu zielako harrotuta) hain gogotsu onartu zuenez, kontra hastea alferrik zen. Korronteak eramaten uztea besterik ez zegoen. Gringoirek bere bi eskuez ezkutatu zuen aurpegia, Timantoren Agamemnonek bezala burua estaltzeko soingainekorik ezean.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997