|
Parisko Andre Maria III. Pierre Gringoire Greveko plazara heldu zenean, hotzak hilda zegoen. Pont-aux-Meuniers-etik hartu zuen Pont-au-Change-ko jendetzarekin eta Joan Fourbaulten zapiekin topo ez egitearren, baina igarotzean apezpikuaren errota guztien turtukiek zipriztindu egin zuten eta brusa blai zeukan. Gainera, bere antzerki-lanaren porrotak hotzatiago bihurtu zuela iruditzen zitzaion. Ondorioz, bizkorrago joan zen plazaren erdian bikain eta eder zegoen su handira. Paristar madarikatuak! zioen berekiko, zeren Gringoirek, benetako poeta dramatiko izaki, bakarrizketak izaten baitzituen Behin behar eta ez didate sutondoan tartetxo bat ere utziko! Oinetakoak zulatuta, eta zorigaiztoko errota horiek berriz, mela-mela eginda utzi naute! Deabruak eraman dezala Parisko apezpikua bere errota eta guzti! Jakin nahi nuke apezpikuak errotak zertarako behar dituen! Apezpiku errotari izan nahi ote du? Nire madarikazioaren premian bada har dezala. Baita bere katedral eta errotek ere! Begira ari diren horiek lekuren bat utziko ote didate? Zertan ote daude? Berotzen ari dira! A zer gauza! Ehun adaxka erretzen ikustea! Oraindik horrelakorik! Giroa gertuagotik hobeto aztertuta, sutondoan berotzeko baino zirkulu handiagoa zegoela eta hango ikusleak ehun adaxkaz egindako suaren ederrak bakarrik ez zituela erakarri konturatu zen. Suaren eta jendearen artean libre utzitako hutsune hartan neska gazte bat dantzan ari zen. Gringoirek, filosofo eszeptiko eta poeta ironiko izanagatik, neskatxa han pertsona, maitagarria ala aingerua zen lehen begiratuan ez zion igarri; hain utzi zuen txundituta ikuskizun liluragarri hark! Ez zen handia, baina halaxe zirudien, bere gerri mehea ausart luzatzen zelako. Beltzarana zen, baina haren larruazalak egunez emakume andaluz eta erromatarren urre-distira izango zuela suma zitekeen. Bere oin txikia ere andaluza zen, zeren bere oinetako politean aldi berean estu eta eroso zegoela baitzirudien. Ardurarik gabe oinen azpian ipinitako Pertsiako alfonbra baten gainean zurrunbiloan dantzan ari zen jira eta buelta, eta bere irudi distiratsua biraka inoren aurrean igarotzen zen bakoitzean, bere begi beltz handiek argi-printza jaurtitzen zuten. Inguruko guztiek ahozabalik finko zituzten begiak beregan. Izan ere euskal danbor- edo danbolin-soinuari jarraituz horrela dantzan ari zela, bere beso biribil eta garbiak liztorrarena bezain bizia zen buru fin eta lirainaren gainean zerabiltzala, bere tolesturarik gabeko gorontz urreztatua eta puzten zen gona koloretsua soinean zituela, bere sorbaldak biluzik zeramatzala, bere zango finak maiz soinekoak agerian uzten zizkiola, bere ile beltz eta suzko begiak erakutsiz, izaki zerutiarra zirudien. Egia esan pentsatu zuen Gringoirek, arrabioa, ninfa, jainkosa, Menaleo mendiko bakutarra da. Une hartan, «arrabioari» txirikorda bat askatu egin zitzaion, eta lotzen zuen letoizko txanpon bat lurrera erori zen. A! Ez! esan zuen Ijitoa da. Xarma guztia galdu zuen. Dantzari ekin zion berriz ere. Lurretik bi ezpata hartu eta puntak bere kopetan ipini zituen. Noranzko batean bira ematen zien, berak dantza kontrako noranzkoan zegiela. Buhame hutsa zen hura, noski, baina Gringoirerentzat lilura galdu arren, ikuskizun hark oro har ez zeukan edertasun eta magia faltarik. Suak bere izpi bizi gorrixtekin diz-diz argitzen zuen, bueltan zeudenen aurpegietan eta neska gaztearen bekokian islatuz. Plaza barrenean argi motela haien itzal higikorrekin nahasten zen, alde batean Pilare-etxeko fatxada zimurrean eta bestean urkamendiaren harrizko besoetan. Distira hark gorritzen zituen mila aurpegi haietako batek, beste guztiek baino txoratuago zirudien dantzariari begira. Gizaseme zorrotz, lasai eta serioa zen. Inguruko jendeak soineko jantziak ezkutatzen zizkion gizon hark, ez zituen hogeita hamabost urte baino gehiago izango. Buru-soila zen eta ile bakaneko xerlo urdin bat edo beste besterik ez zuen lokietan ageri. Bekoki handi-zabalean zimurrak ildotzen hasi zitzaizkion, baina bere begietatik oldarrean ateratzen ziren neurriz gaineko gaztetasuna, bizitza sutsua eta grina sakona. Ijitoarengan finkaturik zeukan begirada, eta hamasei urteko neskatxa eroa guztien atsegingarri jira eta buelta dantzan ari zela, bere ametsak gero eta goibelagoa zirudien. Noizbehinka ezpainetan irria eta hasperena elkartzen zitzaizkion, baina irria hasperena baino mingarriagoa zen. Gaztea, arnasestuka, halako batean gelditu egin zen, eta jendeak gogotik jo zion txalo. Djali esan zuen ijitoak. Orduan Gringoirek ahuntz zuri bat zetorrela ikusi zuen; ahuntz bizi, bizkor, distiratsua. Adarrak, oinak eta lepokoa urreztatuak zituen. Gringoirek ez zuen lehenago ikusi, bere ugazaba dantzariari begira alfonbraren izkina batean etzanda egon zelako. Djali dei egin zion dantzariak. Hire txanda dun. Eta adeitsu aurkeztu zion danbolina lurrean eserita. Djali segitu zuen. Urteko zenbatgarren hilean gaude? Ahuntzak aurreko hanka altxa eta kolpe bat jo zuen danbolinean. Lehen hilabetea zen, noski. Jendeak txalo jo zion. Djali galdetu zion berriz neska gazteak danbolina alderantziz ipinita. Gaur hilak zenbat dizkin? Djalik bere oin urreztatua jaso eta sei aldiz jo zuen danborra. Djali galdetu zion berriz ere ijitanoak danbolina beste era batera aurkeztuz. Zer ordu da orain? Djalik zazpi kolpe jo zituen, Pilare-etxeko erlojuak zazpi-zazpiak markatu zituenean. Jendea txundituta zegoen. Hori sorginkeria da bota zuen itxura txarreko ahotsez begira zeudenetako batek. Begirik kendu gabe ijitoari adi-adi zegokion burusoilak esan zion. Gaztea jiratu egin zen ikaratuta, baina orduantxe lehertutako txalo-zaparradak ito egin zuen esaldi goibel hura. Ijitoaren burutik desagerrarazi ere egin zuen, zeren eta bere ahuntzari berriz ere galderak egin baitzizkion. Djali. Nola egiten du Guichard Grand-Remy maisuak, hiriko pistolari kapitainak, Kandelario-prozesioan? Djali atzeko hanken gainean zutik jarri eta beeka hasi zen, serio-serio oinez zihoala. Inguruan begira zeudenak barre-algaraz hasi ziren, parodia hartan pistolari-kapitainaren prestutasuna ikusita. Djali galdetu zion gazteak beste behin, gero eta arrakasta handiagoa zuelako adorez beteta. Nola egiten du predikua Jacques Charmolue maisuak, Elizako auzitegietan erregearen prokuradore denak? Ahuntza berriz ere atzeko hanken gainean tentetu eta beeka hasi zen aurreko hankak oso era berezian mugituz. Bere nolabaiteko frantses eta latinak alde batera utzita, keinu, doinu eta jarrera Jacques Charmolue berberarenak ziren. Eta jendetzak gero eta txalo handiagoa jotzen zion. Sakrilegioa! Profanazioa! deiadar egin zuen berriz ere gizon burusoilak. Buhamea ere jiratu egin zen beste behin. A! esan zuen Petral hori orain ere! Gero, beheko ezpaina goikoaren gainean ipinita, ohikoa bide zuen keinu txiki bat egin zuen. Orpoan jiratu eta bere danbolina luzatuta jendeak botatako dirua jasotzen hasi zen. Zilarrezko txanpon handi eta txikiak, ezkutuak nahiz arrano-lauzurikoak zaparradan zetozen. Berehala Gringoireren aurreraino heldu zen. Gringoirek oharkabean eskua poltsikora eraman zuen eta neskatxa geratu egin zitzaion. Arraioa! esan zuen poetak bere patrika barruan egia latza, hau da, hutsa, aurkitu zuenean. Neska gaztea ordea, hantxe zeukan bere begi beltz handiez begira, danbolina luzatuta eta zain. Gringoire izerdi-patsetan ari zen. Peru osoa ere emango ziokeen faltrikeran izan balu, baina Gringoirek ez zeukan Perurik eta gainera Amerika artean ez zuten aurkitu. Zorionez ustekabe batek lagundu zion estutasun hartan. Alde egingo al duzu, Egiptoko matxinsalto horrek? oihu egin zuen plazako alderdi ilunenetik norbaitek ahots garratzez. Neska gaztea ikaratuta jiratu zen. Ez zitzaion buru-soila ari. Emakume-ahotsa zen, mehatxuka. Ijitoa izutu zuen garrasi hark ordea, inguruan zebilen ume-talde bati barrea eragin zion. Tour-Roland-eko giltzaperatua da zioten barrez. Sachette ari da marmarrean. Ez ote du afaldu? Hiriko otorduko kondarren bat emaiozue! Denak Pilare-etxera abiatu ziren. Gringoire berriz, dantzaria nahastuta zegoela eta, ezkutatu egin zen. Umeen oihuek bera ere afaldu gabe zegoela gogorarazi zioten. Otordu-mahaira korrika egin zuen, baina mutiko haiek oin bizkorragoak zituzten. Mahaira heldu zenerako, dena eramana zuten. Libra bost sosa kostatzen zen opilik ere ez zegoen. Horman, Mathieu Biterne-k 1434 urte inguruan pintatutako arrosa batzuekin nahastuta lis-lore lirainak baizik ez zeuden. Afari kaxkarra benetan! Ez da batere atsegina afaldu gabe oheratu beharra, baina are gutxiago afaldu ez eta lo egiteko lekurik ez edukitzea. Gringoire horrela zebilen, ez ogi eta ez aterpe. Premiak, miseria gorriak, alde guztietatik estutzen zuen. Aspalditik zekien Jupiterrek gizakumeak misantropi aldi batean sortu zituela eta zuhurrari patuak beti bere filosofia setio-egoeran mantenduko diola. Berari zegokionez berriz, setioa hain estu ez zuen inoiz ikusi. Urdaila deika ari zitzaiola entzuten zuen eta ez zitzaion batere ongi iruditzen patuak gosea zela eta filosofia har zezan. Pentsamendu ilun hark gero eta gehiago kezkaturik zeukala, abesti goxo eta bitxi batek bat-batean iratzarri zuen. Buhamea kantuz ari zen. Ahotsa ere bere dantzaren, bere edertasunaren, parekoa zuen: xarmangarria eta definigaitza. Zerbait garbia, ozena, airezkoa eta hegaduna zen, nolabait esan. Etengabeko loratzeak, doinuak, ustekabeko konpasak, nota altu-zorrotzez jositako esaldiak eta urretxindorra ere nahasteko moduko eskala-jauziak ateratzen zitzaizkion. Harmonia nagusi zen beti ordea; dantzari gaztearen bularra bezalaxe gora eta behera egiten zuten zortzidun-uhin leunak. Bere aurpegi ederrak, inspirazio zentzugabekoenetik duintasun garbiena zueneraino mugimendu bitxiaz segitzen zituen kantuaren gorabeherak. Aldika eroa eta aldika erregina ematen zuen. Abestutako hitzak, Gringoirek ez zekien hizkuntzaren batekoak ziren. Kantuari ematen zion eiteak hitzen esanahiekin hain lotura gutxi zuenez, bazirudien neskak berak ere ez zekiela hizkuntza hura. Ondoko lau lerro hauek adibidez, alaitasun eroaz jaulkitzen zitzaizkion ahotik: Un cofre de gran riqueza Hallaron dentro un pilar, Dentro del, nuevas banderas Con figuras de espantar. Eta une bat geroago ahapaldi hau ere bai: Alarabes de cavallo Sin poderse menear, Con espadas, y los cuellos, Ballestas de buen echar. Gringoirek begietara malkoak zetozkiola sentitzen zuen. Abestiak batez ere alaitasuna suspertzen zuen, eta neskak txorien antzera zirudien kantuan, hots, lasai eta kezkarik gabe. Ijitoaren kantuak Gringoireren loa zapuztu zuen, baina zisneak ura bezala. Denaz ahaztuta, txundituta entzuten zion. Azkeneko orduetan sufrimendurik gabeko lehen unea zuen. Une laburra izan zen. Dantza etendako emakume-ahots berberak geldiarazi zuen oraingoan kantua. Isilduko al haiz, kilker madarikatu hori! oihu egin zuen lehengo plaza-izkina ilunetik. Kilker gajoa isildu egin zen eta Gringoirek belarriak itxi egin zituen. O! deiadar egin zuen Zein da lira ebakitzera etorritako zerra akastun hori? Gainerako ikusleak ere Gringoire bezalaxe marmarrean ari ziren: Pikotara sachette arraio hori! esan zuen batek baino gehiagok. Eta atso ikusezin hondatzaile hura larri ibiliko zen ijitoaren aurkako erasoak zirela eta, baldin eta une hartan eroen aita santuaren prozesioak han zeudenak erakarri ez balitu. Izan ere prozesioa hiriko kale eta plazak bisitatu ondoren Greveko plazara heldu zen, bere suzi, zarata handi eta guzti. Gure irakurleek jauregitik abiatzen ikusitako prozesio hura, antolatuz eta lodituz joan zen bidean ibili ahala, Parisen ziren alproja, lapur alfer eta arlote guztiak gehitu zitzaizkiolako. Horregatik, Greveko plazara iritsi zenean itxura ederreko prozesioa zen. Lehenbizi Egipto zihoan. Egiptoko dukea zaldiz buru zela, kondeek oinez brida eta ointokiak eusten zizkioten. Atzetik Egiptoko gizon-emakumeak zituzten, denak nahasian, oihu egiten zuten umeak bizkarrean hartuta zituztela. Duke, konde eta herri xehea, denak zarpail eta urre-izunez jantzita zebiltzan. Gero litxarrero-jendea zetorren, hots, Frantziako lapur guztiak, txikienetik handieneraino mailakaturik. Launaka zihoazen martxan, fakultate bitxi hartako beren graduen ezaugarriak erakutsiz. Ia denak elbarriak ziren, batzuk herrenak eta besteak besamotzak, belarrimotzak, maskordunak, hubertozaleak, epileptikoak, buru-soilak, zoroak, pikaroak, doilorrak, arrakeroak, kakanarruak, txerpolariak, amarruzaleak, umezurtzak, agotak... Homero ere aspertuko luke denak izendatzeak. Agot-taldearen erdian zaila zen litxarreroen erregea, coeste handia, bi zakurtzarrez tiratako orgatxoan uzkurtuta ikustea. Litxarreroen erreinuaren ostean Galileako inperioa zetorren. Galileako inperioko Gilermo Rousseau enperadorea maiestate handiz zihoan ardoz zikindutako purpurazko tunika soinean zuela, aurrean txerpolariak borrokan eta dantzan zituela eta inguruan mazokariak, morroiak eta kontu-ganbarako pasanteak zeuzkala. Azkenean kuria zetorren, bere lorez koroatutako «maiatz», soineko beltz, akelarrerako aproposa zen musika, argizari horizko kandela lodi eta guzti. Jendetza haren erdian, eroen kofradiako arduradun nagusiek bizkar gainean izurrite-garaian Santa Jenobebaren erlikitegiak baino kandela gehiago zituen anda zeramaten. Eta anda gainean, distiratsu, Andre Mariaren katedraleko kanpai-jolea, Quasimodo Korkoxa, zihoan bere bakulu, kapa eta mitraz horniturik. Prozesio barregarri hartako atal bakoitzak bere musika berezia zuen. Egiptiarrek adibidez, Afrikako dunbal eta danborrak jotzen zituzten. Litxarreroek, musikarako joera handirik ez eta, biola, turuta eta hamabigarren mendeko rabel gotikotik aurrera ez zeukaten ezer. Galileako inperioa ere ez zegoen askoz ere osatuagoa. Artea jaio zeneko rabel zaharren bat ozta-ozta ikus zitekeen bere re-la-mi notetara mugatuta. Eroen aita santu inguruan ordea, kakofonia bikainean garai hartako musika-aberastasun guztiak zeuden. Rabelaren nota altu, ertain eta baxuak ziren, txirulak eta metalezko instrumentuez gain. Tira! Gure irakurleak gogoratuko dira Gringoireren orkestra zela. Nekez adieraz daiteke Quasimodoren aurpegi gogaikarri eta tristea Jauregitik Greverainoko ibilaldian alaitasun harroaz zein tamainataraino bete zen. Bere buruak inoiz izandako lehen poztasuna zen hura. Ordura arte izan ere, bere itxuragatik edo nazka eragiten zuelako, iraina eta destaina besterik ez baitzuen jaso. Gorra izanagatik, benetako aita santuak legez zituen atsegin jendearen txalo haiek, nahiz eta berak gorroto ziotelako jende hura gorrotatu. Bere menpekoak ero-taldea, elbarriak, lapurrak edo eskekoak izan, bost axola zitzaion! Berdin zitzaion. Haiek herria ziren eta bera nagusi. Ironiazko txaloak, konplimendu irrigarriak, serio hartzen zituen. Esan beharra dago, ordea, jendeak azken finean bazuela benetako beldur-pixka bat. Izan ere korkoxa, hankokerra eta gorra oso indartsu, bizkor eta haserrekorra baitzen. Egoera barregarria zerbait epeltzen zuten hiru ezaugarri zituen, beraz. Zaila da, bestetik, eroen aita santu berria bere sentimenduez eta jendearengan eragiten zituenez jabetzen zen ala ez esatea. Bere gorputz elbarrian zegoen izpirituak ere derrigorrez osatu gabea eta gorra izan behar zuen. Une hartan sentitzen zuena hortaz, erabat lausoa, zehaztasunik gabea eta nahasia zen. Alaitasuna bakarrik agertzen zen; harrotasuna zen nagusi. Zorigaiztoko gorputz goibel hura argiak inguratzen zuen. Horiek horrela, harridura eta beldurra sortu zituen Quasimodo pozez erdi mozkorturik zegoenean bakulua kendu zionak. Pilare-etxearen aurrean korkoxa nagusi igaro zen unean, haserre, jendetzatik irten eta aita santu zenaren adierazgarria (zur urreztatuzko bakulua) eskuetatik erauzi zion gizon batek. Pertsona ausart hura, arestian jende artetik mehatxu eta gorrotozko hitz haiek esanda ijito gajoa harri eta zur utzitako buru-soila zen. Elizgizon jantzian zebilen. Jende artetik irten zuenean, ordura arte konturatu ez bazen ere Gringoirek ezagutu egin zuen: Hara! esan zuen harrituta Hermes irakasten didan Claude Frollo artxidiakonoa da eta! Zer demontretan ari da begibakar arlote horrekin? Hebain-hebain egingo du. Ikarazko garrasia entzun zen. Quasimodo handia izan ere andetatik bat-batean jaitsi eta emakume askok burua jiratu egin zuten artxidiakonoa desegiten ez ikustearren. Jauzi egin zuen beregana, baina begiratu eta belauniko jarri zitzaion. Elizgizonak tiara kendu, bakulua hautsi eta urre-izuneko kapa urratu egin zion. Quasimodok, beti ere belauniko, burua makurtu eta eskuak elkartu egin zituen. Gero bien artean keinu eta imintziozko halako elkarrizketa bitxia izan zuten, zeren bietako inork ez baitzuen hitzik egin. Apaiza zutik, haserre, mehatxuka eta agintari. Quasimodo berriz, ahozpez, umil, erreguka. Hala ere, Quasimodok behatz bakarrez elizgizona zanpa zezakeen. Azkenean, arrxidiakonoak Quasimodoren bizkar sendoa zakarki astinduz, jaiki zedin eta berekin joan zedin keinu egin zion. Quasimodo zutitu egin zen. Orduan eroen kofradiakoek, lehen momentuko harridura gaindituta, hain latz eraitsitako beren aita santua defendatu nahi izan zuten. Egiptiarrek, litxarreroek eta kuriakoek elizgizona garrasika inguratu egin zuten. Quasimodo apaizaren aurrean jarri zen, bere gihar eta ukabil atletikoak erakutsi zituen eta erasotzaileei tigre amorratuaren antzera hortzak karraskatuz begiratu zien. Apaizak bere aurpegi goibelez keinu bat egin zion Quasimodori eta isil-isilik erretiratu egin zen. Quasimodo aurretik zihoan, pareko jendea sakabanatuz. Jendetza eta plaza zeharkatu zituztenean, jakinguratsuak eta beste zereginik gabekoak ondoren abiatu zitzaizkien. Quasimodo orduan ostean ipini zen, artxidiakonoari atzea emanda, mozkote, haserre, izugarri, latz, besoak bilduta, bere basurde-hortzak miazkatuz, piztiak bezala orro eginez eta keinu nahiz begiradaz jendetzan uhin handiak sortuz. Biei kale estu-ilun batean murgiltzen utzi zieten eta haien atzetik joatera ez zen inor ausartu. Quasimodo hortzak karraskatzen ari zeneko irudiak izan ere, bidea ederki ixten zuen. Harrigarria benetan! esan zuen Gringoirek Baina non arraio aurkituko dut nik afaltzekorik? Parisko Andre Maria |