Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

II.
ARRATOI-ZULOA

 

        Irakurleak baimena eman dezala Greveko plazara eraman dezagun, zeina atzo Gringoire han zela Esmeraldari jarraitzearren utzi baikenuen.

        Goizeko hamarrak dira. Festa-biharamuna dela ezagun-ezagun da. Hondakin, zinta, trapu, gangar-luma, kandeletako argizari-tanta eta otordu publikoaren apurrez, dena lurrestali zegoen. Hiritar dezente harat-honat zebilen, su handiaren ilinti itzaliak hankaz astinduz, Pilare-etxearen aurrean bezperan zeuden zintzilikarioak gogoratuta txundituz eta une hartan azken kontsolamendu gisa zintzilikatzen zireneko iltze hutsei begiratuz. Sagardo eta garagardo-saltzaileek, beren barrikak jendartean daramatzate biraka. Oinezko batzuk presaka dabiltza atzera-aurrera. Dendariak berriketan ari dira eta elkarri dei egiten diote, dendetako atarietatik. Festa, enbaxadoreak, Coppenole eta eroen aita santua dabiltza hitzetik hortzera. Denak ari dira berriketan eta barrez, zein baino zein. Hala ere, zaldizko lau sarjentuk pikotako lau ertzetan daudela jende-mordoxka erakarri dute. Han daude geldirik eta gogaituta, exekuzio txikiren bat ikusteko esperantzan.

        Eta orain, irakurle, plazako bazter guztietan dagoen ikuskizun bizi eta zaratatsua dastatuta begirada sartaldeko kaiarekin izkina egiten duen Tour-Roland etxe erdi gotiko-erdi erromanikora zuzentzen baduzu, fatxada-bazterrean apaingarri dotorezko orduen liburu publikoa ikusiko duzu, teilatutxo batez euri-gordean eta sare batez lapurrengandik babestuta (nahiz eta ikusteko modua dagoen). Liburuaren ondoan, ojiba-formako argizulo bat dago burdinazko bi barrak gurutze eran jarrita ixten dutelarik. Beheko plantan etxe zaharraren horma lodiari ateratako eta aterik gabeko gela txilei batera aire eta argi-pixka bat sartzeko bide bakarra da. Ondoan duen plaza publikoa (hau da, Parisko plaza herrikoi, jendetsu eta zalapartatsua) zenbat eta alaiago, hainbat eta baketsuago eta tristeago zirudien gelatxoak.

        Gela hura famatua zen Parisen. Tour-Roland-eko Errolanda andereak egin zuen bere etxean aita gurutzadetan hil zenean dolu gisa. Bere ondasunak pobreei eta Jaungoikoari emanda, sarrera hormaz itxita eta leihoa negu eta uda irekita zeukan gelatxo hura egin zuen, handik irten ere egin gabe bizitzeko. Andere nahigabetuak hogei urte egin zituen heriotzaren zain hilobi hartan, gau eta egun bere aitaren arimaren alde erreguka, bururako harririk ere gabe errauts gainean lo eginez, zaku beltzez jantzirik eta kanpoan zebiltzanek limosna gisa argi-zuloaren ertzean uzten zutena (ogia eta ura normalean) besterik jan gabe. Karitatea egin ondoren, horrela jasotzen zuen berak karitatea. Hil zenean, beste hilobira eraman baino lehen, leku hura betirako eman zuen nahigabetutako emakumeentzat; lagun-hurkoaren edo beren buruen alde otoitz egitearren samintasun eta penitentzia handiz bizirik hobiratu nahi zuten ama, alargun edo neskentzat, hain zuzen. Bere garaiko pobreek hileta ederra egin zioten, malko, bedeinkapen eta guzti, baina asko sentitu arren, neska errukitsu hura kanonizatzerik ez zuten izan laguntza faltaz. Maltzurrenek arazoa paradisuan Erroman baino lehenago konponduko zela uste zuten eta hildakoaren alde Jaungoikoari otoitz egiten zioten, aita santuak egiten ez zionez. Gehienak Errolanda santa gisa gogoratuz eta haren zirtzilekin erlikiak eginda konformatu ziren. Hiriak berriz, neskaren alde orduen liburua ipini zuen itxituraz, gelatxoaren argi-zulotik hurbil. Helburua oinezkoak pare hartan geratzea zen, besterik ez bada otoitz egin zezaten, edo bestela, Errolanda anderearen kobazuloan zeuden ondorengoak ahaztuta eta goseak hil ez zitezen, limosna eman zezaten.

        Erdi Aroan hilobi moduko haiek ez ziren oso bakanak. Kale jendetsuenean, azoka zalapartatsu eta zaratatsuenean, Lekurik onenean, zaldien kaskoen pean, nolabait gurdien gurpilen azpian, soto bat, putzu bat, barraz eta hormaz hesitako ziega bat egoten zen eta bertan izaki bat bere borondatez etengabeko otoitzera eta penitentziara emana Jaungoikoari erreguka aritzen zen gau eta egun. Eta gaur egun guregan ikuskizun bitxi hark sortuko lituzkeen pentsamenduak ez zituen orduko jendeak nabaritzen. Ikuskizun aparta zen inola ere, etxearen eta hilobiaren arteko edo hilerriaren eta hiriaren arteko katen maila zen gela izugarri hura, bizidunengandik bereizi eta handik aurrera hildakotzat jotzen zen izaki hura, itzalean azken olio-tanta erretzen ari zen kriseilu hura, hilobian zalantzan zegoen bizitza hura, arnasa hura, ahots hura, harrizko kutxako erregu etengabe hura, beste mundura betirako jiratutako aurpegi hura, beste eguzki batek argitutako begi haiek, hilobiko lauzara itsatsitako belarri hura, gorputzean gatibu zegoen arima hura, ziegan gatibu zegoen gorputz hura eta haragi nahiz granitozko estalkipeko arima erratuaren zurrumurru hura. Garai bartako arrazonamendu eta zolitasun gutxiko pietateak ez zituen erlijiozko ekintza hartan alderdi guzti hauek bereizten. Gaia erabat hartzen zuen eta behar izanez gero sakrifizioa ondratzen, ohoratzen eta santutzat hartzen zuen, baina bertako oinazeak ez zituen analizatzen eta neurri batean baizik ez zen errukitzen. Noizbehinka penitentzian ari zen miserableari janari-apur bat emango zion eta zulotik begiratuko zion, ea artean bizirik zegoen ikusteko. Izenik ez zekien eta han hiltzen hasi zenez gero zenbat urte igaro ziren ere ez. Arrotzen batek eskeleto bizidun hartaz galderak egiten bazizkien berriz, biztanleek erantzun soila izaten zuten: «presoa da».

        Horrela ikusten zen dena orduan; metafisika eta gehiegikeriarik gabe, handiagotzeko lenterik gabe, begi hutsez. Ez izpirituaren eta ez materiaren gauzetarako, mikroskopioa artean asmatu gabe zegoen.

        Gainerakoan, arestian esan dugunez, hiri barneko preso-mota horiek ez ziren gutxi eta horregatik jendea ez zuen gehiegi harritzen. Penitentzia eta otoitzerako ziega asko zen Parisen, ia denak beteta zeudelarik. Egia da apaizak haiek beteta edukitzeaz arduratzen zirela (bestela fededunen hoztasuna aditzera ematen baitzen) eta penitentzia egiteko jenderik ez zegoenean legendunak sartzen zituztela. Greveko gelaz gain Montfaucon-en zen beste bat, Innocents-eko hezurtegian ere bai, beste bat ere bai ez dakit non (Clichon-en etxe inguruan uste dut). Leku jakinik ezean tradiziotan beste askoren arrastoak ere badira. Unibertsitateak berea zeukan. Santa Jenobebako mendian Erdi Aroko Job moduko batek hogeita hamar urtez zazpi penitentzi salmoak simaurtegi batean kantatu zituen, uharka baten hondoan, bukatutakoan berriz ere hasiz eta gauez ozenago salmodiatuz (magna voce per umbras). Gaur egun antzinako gauzen zaleak ere Puits-qui-parle edo «hitz egiten duen Putzua» izeneko kalera sartzen denean entzuten dituela irudituko zaio.

        Tour-Roland-eko gelara mugatuz ordea, penitente faltarik behin ere ez zuela izan adierazi behar da. Errolanda anderea hilez gero, apenas urtebetez edo biz hutsik egon zen. Emakume asko bizi izan ziren han hil arte beren guraso, maitale edo erruengatik otoitz egitera. Edozer gauzagatik (baita zerikusirik gutxiena dutenengatik ere) marmarrean aritzen ziren gaiki-esale paristarrek, emakume alargun gutxiegi egon zela zioten.

        Garai hartako ohituraren arabera, horman latinez idatzitako esaldi batek irakurtzen zekien oinezkoari gela hura zertarako zen adierazten zion. XVI. mendearen erdialdera arte iraun zuen ate gainean ipinitako idazki batez eraikinaren historia esplikatzeko usadioak. Frantzian adibidez, oraindik ere Tourville-ko jauregiko leihatilaren gainean Sileto et spera irakur daiteke; Irlandan, Fortescue-ko gazteluko ate handiaren armarripean Forte scutum, salus ducum; Ingalaterran, Cowper-ko kondeen ostatu-jauregiko ate nagusiaren gainean Tuum est. Orduan edozein eraikink pentsamendu bat zuen bere baitan.

        Tour-Rolanden hormaz itxitako gelan aterik ez zegoenez, leiho gainean, letra erromatar handiz bi hitz hauek grabatu ziren:

        TU, ORA.

        Herriak ordea, bere sen onaz gauzetan hainbeste fintasun bereizten ez duenez eta Ludovico Magno dagoenean Saint-Denisko portalea pozik itzultzen duenez, zulo ilun, beltz eta heze hari Arratoi-zulo izena ipini zion. Bestea bezain esplikazio bikaina ez zen, noski, baina bitxiagoa bai inola ere.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997