Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
EZKUTUAREN ORDEZ UTZITAKO
HOSTO IHARRA

 

        Gringoire eta Mirari Gortea erabat kezkatuta zeuden. Hilabete osoa baino gehiago igaro zen azken aldiz Esmeraldaren berri izan zutenez gero eta hutsune hark asko tristatzen zituen Egiptoko dukea eta bere inguruko alprojak. Ahuntzari zer gertatu zitzaion ere ez zekiten, horrek Gringoireren mina areagotu egiten zuelarik. Gau batean ijitoa ezkutatu egin zen eta harez gero arrastorik ez zeukaten. «Saboleux» deitutako eskale batzuek gau hartan Saint-Michel-go zubian inguruan ofizial batekin ikusi zutela esan zioten Gringoireri, baina Bohemiako erara ezkondutako senarra filosofo sinesgogorra zen eta inork baino hobeto zekien bere emaztearen birjintasunaz. Batetik kutunaren bertutea eta bestetik ijitoarena konbinaturik lortzen zen ohore gaindiezina juzgatuta, bere kastitatearen erresistentziaren berredura matematikoki kalkulatuta zeukan. Alderdi horri zegokionez, beraz, lasai zegoen.

        Horrexegatik, hain zuzen, ez zekien nolatan ezkutatu zen. Pena handia ematen zion. Argaldu egingo zitekeen, hori posible izan balitz. Bere literatur zaletasunak ere utziak zeuzkan. Baita bere De figuris regularibus et irregularibus obra handia ere, nahiz eta dirua eduki bezain laster inprimarazteko asmoa izan. (Hugo San Bitorkoaren Didascalon lana Vindelin Spirekoaren karaktere famatuez inprimatuta ikusi zuenez gero inprentarako irrika bizia baitzuen.)

        Arazo kriminalak aztertzen ziren Tournelle aurrean triste igaro zen egun batean, justizi jauregiaren ate batean jendea ikusi zuen.

        —Zer gertatzen da? —galdetu zion irteten ari zen gazte bati.

        —Ez dakit, jauna —erantzun zion mutilak—. Diotenez jendarmea hil duen emakume bat juzgatzekoak dira. Dirudienez sorginkeria ere nahastuta dagoelako, apezpikuak eta Elizako epaileak ere parte hartu dute, eta Josasko artxidiakono dudan anaia hor egoten da irten ere egin gabe. Berarekin hitz egin nahi nuen, baina ezin izan dut jendetza dela eta. Egia esan, ez dit batere onik egiten; diru-premian bainaiz.

        —Sentitzen dut, jauna —esan zion Gringoirek—. Nik emango nizuke, baina galtzak urratuta ez dauzkat ezkutuak soberan ditudalako.

        Mutilari bere anaia ezagutzen zuela esatera ez zen ausartu. Elizako elkarrizketaz gero ez zuen harekin hitz egin eta, hori zela eta, ez zegoen gustura.

        Ikasleak bere bideari ekin zion eta Gringoire areto nagusiko eskaileran gora zihoan jendearengana hurbildu zen. Epaileak normalean ergel barregarriak izaten direnez, tristurak uxatzeko prozesu kriminala ikustea baino hoberik ez zegoela iruditu zitzaion. Berarekin batera gora igotzen ari zen jendea isilik zihoan. Jauregi barnean eraikin zaharreko hesteak bailiran batera eta bestera zihoan pasabide luze eta ilun batean oinez poliki ibili ondoren, areto baten sarrerako ate baxuraino heldu ziren, eta Gringoirek, altua zelako, jendetzaren buru gainetik ikusi ahal izan zuen.

        Aretoa zabala eta iluna zen, iluntasunak zabalagoaren itxura ematen ziolarik. Ilunabarra zen eta ojiba-leiho luzeek (ilunpean nahasian mugitzen ari zirela ziruditen milaka irudi zurean tailatuta zeuzkan sarera) iritsi baino lehen itzaltzen zen izpi ahula baizik ez zuten gangara igarotzen uzten. Han-hemenka mahai gainean ipinitako kandela batzuk pizturik zeuden, beren paper gainera makurtutako eskribauen buruak argituz. Aretoko aurreko aldea jendetzak betetzen zuen eta ezker-eskuin togaz jantzitako gizonak zeuden mahai aurrean eserita. Hondoan, taulatu baten gainean, epaile asko zegoen, azkenekoak ilunpetan nabaritzen ez zirelarik. Itxura txarreko aurpegi geldiak zituzten denek ere. Hormak lis-lorez josita zeuden. Epaileen gainean, gurutze handi bat nekez ikusten zen eta inguruan lantza nahiz alabarda ugari zegoen, piztutako kandelen argiek puntetan distira zegitela.

        —Jauna —galdetu zion Gringoirek ondoko bati—. Zer egiten dute hor pertsona guzti horiek kontzilioko apezpikuak bezala ilaran eserita?

        —Begira jauna —erantzun zion ondokoak—. Eskuinekoak Ganbara Nagusiko kontseilariak dira eta inkesta egin duten kontseilariak ezkerrean daude. Jantzi beltzekoak maisuak dira eta gorrikoak musdeak.

        —Eta han, guztien gainetik —mintzatu zitzaion Gringoire berriz —izerditan ari den gizen hura, zein da?

        —Hura presidente jauna da.

        —Eta bere atzean dauden ardi horiek? —galdetu zuen berriro Gringoirek, zeinak magistratuak ez baitzituen batere gogozkoak. Baliteke Justizi jauregian izandako zorigaiztoko antzerkiagatik gorroto izatea.

        —Horiek errege-jauregiko errekerimendu-maisuak dira.

        —Eta aurrean dagoen basurde hori?

        —Parlamentuko gorteko eskribaua da.

        —Eta eskuineko krokodilo hori?

        —Felipe Lheulier maisua, erregearen abokatu berezia.

        —Eta ezkerreko katu beltz handi hori?

        —Jacques Charmolue maisua, elizarekiko arazoetan Ofizio Santukoekin erret prokuradorea.

        —Eta jende guzti horrek zer egiten du hemen?

        —Juzgatu egiten dute.

        —Eta zein juzgatu behar dute? Nik ez dut akusaturik ikusten.

        —Emakume hori da, jauna. Ezin duzu ikusi. Guri atzea emanda dago eta jendetzak ezkutatzen digu. Begira. Orain ikus daiteke, han, albardari haien artean.

        —Zein da emakume hori? —galdetu zion Gringoirek —Bere izenik ba al dakizu?

        —Ez, jauna. Oraintxe iritsi naiz. Sorginkeria tartean izango dela iruditzen zait, prozesuan Ofizio Santukoak daudenez.

        —Hara! —esan zuen gure filosofoak —Togaz jantzitako horiek pertsonaren haragia jaten ikusiko dugu azkenean. Azken finean, beste edozein bezalako ikuskizuna da.

        —Jauna —esan zion ondokoak—, ez al zaizu iruditzen Jacques Charmolue maisuak oso itxura lasaia duela?

        —Hum! —erantzun zion Gringoirek —Sudur zorrotza eta ezpain meheak dituen lasaitasunaz ez naiz fio.

        Orduan ingurukoek berriketan ari ziren biak isilarazi egin zituzten. Aitorpen garrantzitsua ari ziren entzuten. Aretoaren erdian, arropa artean aurpegia ezkutatuta piltzar-multzo ibiltaria zirudien andere zahar bat hizketan ari zen.

        —Jaunak. Nik esandakoa egia da; Falourdel deitzen naizen bezain egia. Berrogei urte daramatzat Saint-Michelgo zubian eta txintxo ordaintzen ditut errentak, laudemioak eta zentsuak, ibaian gora joanda Tassin-Caillart tindatzailearen etxearen aurrez aurre dagoen portalean. Orain andere zaharra naiz, baina garai batean oso neska polita nintzen, jaunak. Egun batzuk baziren honakoa esaten zidatela: «Aizu, Falourdel. Ez irun azkarregi zure goruan gauean, deabruari emakume zaharren mataza bere adarrez harilkatzea gustatzen zaio eta. Seguru nago iaz Tenple aldean zebilen mamua orain Cite-n dabilela. Zabiltza kontuz, zure atea jo ez dezan». Gau batean neure goruan iruten ari nintzela atea jo zuten. Nor zen galdetu nuen. Madarikazioak entzun nituen. Ireki eta bi gizon sartu ziren. Bat beltzez jantzia, ondoan ofizial ederra zuela. Beltzari bi begiak (sugarra bezalakoak) baizik ez zitzaizkion ikusten. Gainerakoa kapa eta kapela besterik ez zen. Hara zer esan zidaten: «Santa Martako gela». Goiko gela da, jaunak, onena. Ezkutu bat eman zidaten. Ezkutua tiraderara sartu eta honela nioen neurekiko: «Honekin bihar pendizeko hiltegian tripakiak erosiko ditut». Igo egin ginen. Goian geundela, atzea eman nionean beltzez jantzitakoa ezkutatu egin zen. Horrek apur bat harritu egin ninduen. Jaun prestuaren itxurako ofiziala, nirekin batera jaitsi zen.

        Irten egin zuen. Matazaren laurdena iruteko adina denbora egon zen kanpoan, neska polit batekin itzuli arte. Panpina hark eguzkiak bezala distira egingo zukeen, orraztuta egon balitz. Berekin akerra zuen; aker handi zuri-beltza, ez dakit. Pentsarazi egin zidan. Neska, bost axola niri, baina akerra!... Pizti horiek ez ditut atsegin. Bizarra eta adarrak dituzte. Gizonaren antza dute. Eta gainera, larunbat-usaina dute. Ez nuen ordea, ezer esan; ezkutua eman baitzidaten. Bidezkoa da, ez, epaile jauna? Neska eta kapitaina goiko gelara eraman nituen, han bakarrik utziz; akerrarekin, alegia. Jaitsi eta iruten hasi nintzen berriro. Esan beharra daukat nire etxeak, zubiko gainerako guztietan bezala, beheko planta eta gaineko planta dituela eta beheko nahiz goiko leihoak ibai aldera daudela. Iruten ari nintzen, beraz. Ez dakit zergatik, baina akerra zela eta fraide-jantziko mamuaz pentsatzen ari nintzen. Gainera neska arlote samar jantzita zegoen. Bat-batean garrasi bat entzun nuen goian eta lurrera zerbait erorita bezalako zarata ere bai. Gero leihoa ireki zutela sumatu nuen. Orduan neure leihora joan nintzen eta neure begien aurrean masa beltz bat uretara erori zen. Apaiz jantziko mamua inola ere. Ilbete zen eta oso ongi ikusi nuen. Cite aldera igerian zihoan. Orduan, ikaraturik, guardiei dei egin nien. Dozenako jaun hauek sartu ziren eta alai zeudenez, arazoa zein zen jakin gabe jo egin ninduten. Gertatutakoaren berri eman nien eta goiko gelara joan ginen. Zer aurkitu genuen? Nire gela odolez betea, kapitaina luze-luze lurrean sastakaia lepoan zuela, neska gaztea hilarena egiten eta akerra izututa. Hara!, pentsatu nuen. Gutxienez hamabost egun beharko ditut zorua garbitzeko. Ofiziala eraman egin zuten. Gizajoa! Eta neska ere bai, erdi biluzik. Baina, txarrena biharamunekoa izan zen. Tripakiak erosteko ezkutuaren bila joan nintzenean, txanponaren ordez hosto iharra aurkitu nuen.

        Anderea isildu egin zen, eta entzuten zeudenei ikara-zurrumurrua atera zitzaien.

        —Mamu hori, aker hori, dena magia da —esan zuen Gringoireren ondoko barek.

        —Eta hosto iharra! —erantsi zuen beste batek.

        —Zalantzarik ez —zioen ondoko hirugarrenak—. Fraide itxurako mamuarekin ofizialei lapurtzeko harremanak dituen sorgina da.

        Gringoire bera ere guzti hura ikaragarri eta sinesgarritzat jotzeko zorian zegoen.

        —Falourdel anderea! —esan zuen presidenteak handikiro —Justiziari beste ezer esatekorik ba al duzu?

        —Ez, monsignore —erantzun zion atsoak—, baina txostenean nire etxea zikina eta kiratsua dela esan da eta hori iraingarria da niretzat. Zubiko etxeak itxuraz ez dira dotoreak, han jende asko dagoelako, baina harakinak ere aberatsak izanagatik bertan bizi dira, emazte eder eta oso garbiak dituztelarik.

        Gringoireri krokodiloa iruditu zitzaion magistratua jaiki egin zen.

        —Bakea —esan zuen—. Akusatuari sastakaia aurkitu zaiola ez ahaztea eskatzen dizuet, jaunak. Falourdel anderea. Hosto ihar bihurtutako ezkutua, deabruak emandakoa, ekarri al duzu?

        —Bai, monsignore —erantzun zion—. Aurkitu dut. Hementxe duzu.

        Atezainak orri zimeldua krokodiloari eman zion. Buruaz keinu ilun bat egin eta presidentearen esku utzi zuen. Hark elizako arazoetarako erret prokuradoreari pasa zion eta horrela areto osoan batetik bestera ibili zen.

        —Urki-hostoa da —esan zuen Jacques Charmolue maisuak—. Beste sorginkeri froga bat.

        Kontseilari bat hizketan hasi zen.

        —Lekukoa. Bi gizon sartu ziren batera zure etxera. Beltzezko gizona (lehenbizi ezkutatu eta gero Sena ibaian igerian ikusi zenuena) eta ofiziala. Zeinek eman zizun ezkutua?

        Andereak pentsatu egin zuen une batez.

        —Ofizialak eman zidan.

        Jendearen zurrumurrua entzun zen.

        —Tira! —pentsatu zuen Gringoirek —Zalantzan jarri nau horrek.

        Felipe Lheulier maisuak, erregearen abokatuak, berriz ere parte hartu zuen:

        —Gogoratu, jaunak, ofizialak bere oheburuan idatziz egindako aitorpenean zioena. Gizon beltzak eraso zionean une batez fraide jantziko mamua izan zitekeela iruditu zitzaion. Mamuak arren eta arren eskatu zion akusatuarekin harremana izan zezala, eta kapitainak dirurik ez zeukala esan orduko Falourdeli ordaintzeko ezkutua eman zion. Ezkutua infernuko dirua da, beraz.

        Argudio zehatz hark itxuraz Gringoireren eta entzuleriako sinesgaitzen zalantzak uxatu egin zituen.

        —Espedientea hor duzue, jaunak —erantsi zuen erregearen abokatuak esertzen ari zela—. Febo Chateauperskoak esandakoa irakur dezakezue.

        Izen hura entzundakoan, akusatua jaiki egin zen. Burua jende artean nabarmendu egin zen eta Gringoirek ikaraturik Esmeralda ikusi zuen.

        Zurbil zegoen. Bestetan hain txukun txintxostatutako eta txanponez apaindutako ileak nahasian zituen. Ezpainak ubelduak zeuzkan eta bere begi sakonek beldurra ematen zuten. Gajoa!

        —Febo! —esan zuen ikaraz —Non dago? O jaunak! Hil baino lehen, mesedez esadazue oraindik bizirik den ala ez!

        —Isildu, andere! —erantzun zion presidenteak —Hori jakitea ez dagokizu zuri.

        —O! Jainkoarren! Esadazu bizirik dagoen! —zioen erreguka bere esku eder argalduak bilduz, arropa arteko kateen hotsa entzuten zelarik.

        —Ongi da! —erantzun zuen lehor erregearen abokatuak —Hiltzear dago. Pozik al zaude?

        Zorigaiztoko neska bere aiuian eseri zen, hitzik eta malkorik gabe, argizaria baino zurbilago.

        Presidentea bere oinetan urrezko boneta, soineko beltza, lepoan katea eta eskuan makila zituela zegoen gizon batengana makurtu zen.

        —Atezaina —esan zion—. Ekarri bigarren akusatua.

        Jende guztiak orduantxe ireki zen ate txiki batera begiratu zuen. Gringoirek txundituta, adarrak eta apoak urrez pintaturik zeuzkan ahuntz liraina ikusi zuen. Animalia dotorea, une betez atearen parean geratu egin zen. Haitz baten puntan aurrean horizontea urruti zuela bailegoen lepoa luzatu zuen. Bat-batean buhamea ikusi zuen eta eskribau baten mahai eta buru gainetik jauzi eginda, berehala etorri zitzaion belaunetara. Gero bere jabearen oinetan bildu zen hitz edo laztan baten eske, baina akusatua geldirik zegoen eta Diali gaixoak begiradarik ere ez zuen jaso.

        —A!, baina... hau da lehen aipatutako piztia! —esan zuen Falourdel zaharrak —Ongi ezagutzen ditut biak!

        Orduan Jacques Charmoluek parte hartu zuen.

        —Zuen baimenarekin, ahuntzari galderak egingo dizkiogu.

        Bigarren akusatua zen, hain zuzen. Normala zen animaliari sorginkeri prozesua egitea. Probestutzako 1466ko kontuetan, beren gaiztakeriengatik Corbeil-en hildako Gillet-Soulart eta bere zerramaren prozesuko gastuak daude. Dena zehaztuta dago: zerrama gordetzeko itxituraren kostua, Morsant-eko portuan jasotako bostehun egur-karga, hiru pitxar ardo eta ogia (kondenatuak borreroarekin lagun gisa azkenean egindako otordua), eta hamaika egunez zortzina denari paristar ordainduta zerrama zaindu eta mantentzeko gastuak. Animalien kontu hauetan batzuetan areago ere joaten ziren. Karlomagno eta Ludoviko Pio-ren legeetan, airean agertzen ziren suzko mamuei zigor gogorrak ezartzen zitzaizkien.

        Baina elizarekiko arazoetarako prokuradoreak oihu egin zuen:

        —Ahuntz honen barruan dagoen demonioak exortzismo guztiak jasanda bere gaiztakerian segitzen badu eta gorte hau ikaratzen badu, urkamendia edo sutan erretzea eskatu beharko dugu.

        Gringoirek izerdi hotza sentitu zuen. Charmoluek mahai batetik ijitoaren danbolina hartu zuen eta era jakin batean ahuntzaren aurrean ipinita honako galdera egin zion:

        —Zer ordu da?

        Ahuntzak bere begi argiez begiratu zion, hanka urreztatua altxatu eta zazpi kolpe jo zituen. Zazpiak ziren, hain justu. Jendetza astinaldi batek hartu zuen.

        Gringoirek barrenari eutsi ezinik, oihu egin zuen:

        —Alferrik da! Garbi ikusten duzue zertan ari den ez dakiela.

        —Areto barreneko jendea isilik egon dadila! —esan zuen haserre atezainak.

        Jacques Charmoluek danbolinaren laguntzaz beste mugimendu batzuk eragin zizkion, data, egun, hilabete, urte eta abarri buruz, zeintzuen berri irakurleak lehen ere baduen. Eta auzietako eztabaidetan gertatzen diren optikazko irudikeria bati esker, plazan behin baino gehiagotan Djaliren bizkortasunak txalotutako jende berbera, izututa zegoen Justizi jauregiko gangen azpian. Ahuntza, inola ere, deabrua zen.

        Okerragoa izan zen erregearen prokuradoreak zoruan Djalik lepotik zintzilik zeukan larruzko zakuto batetik ateratako letra solteak zabaldu zituenean gertatutakoa. Bere hankaz Febo izena osatzeko behar zirenak bereizi zituen. Kapitainarekin erabili ziren sorginkeriak behin betirako frogaturik zeudela zirudien, eta guztientzat ijitoa, bere graziaz hainbat aldiz ibiltariak liluratutako dantzari txundigarria, sorgin beldurgarri bihurtu zen.

        Gainerakoan, neskak ez zuen ezer adierazten. Ez Djaliren mugimendu barregarriak, ez magistratuen mehatxuak eta ez entzuleen madarikazioak, ezer ez zen bere pentsamendura iristen.

        Esnatzeko sarjentu batek gogor astindu eta presidenteak ahots ozenez hitz egin behar izan zion:

        —Neskatxa! Ijitoa zara eta sorginkeriatara emana. Prozesuan ere parte den sorgindutako ahuntz honekin batera, joan den martxoaren 29ko gauean ilunpetako indarrekin bat eginik eta aztikeriaz baliaturik, sastakaiz jo eta hil egin zenuen Febo Chateauperskoa, erregearen arkularien kapitaina. Orain ere ukatu egiten al duzu?

        —Ene Jainkoa! —oihu egin zuen neskak aurpegia eskuez ezkutatuz —Nire Febo! O! Infernua da!

        —Ukatu egiten al duzu? —galdetu zion lehor presidenteak.

        —Bai. Ukatu egiten dut! —esan zion ahots beldurgarriz, bere begiei haserre bizia zeriela zutitu zen bitartean.

        Presidenteak tinko segitu zuen:

        —Beraz, nola esplika daitezke leporatzen dizkizuten karguak?

        Hitzak etenez honela erantzun zion neskak:

        —Lehen ere esana dut. Ez dakit. Apaiz bat izan da; ezagutzen ez dudan apaiz bat; ondoren dabilkidan infernuko apaiz bat!

        —Horixe da! —segitu zuen epaileak —Fraide jantziko mamua. —O, jaunak! Izan nitaz gupida! Neska gajo bat besterik ez naiz...

        —Egiptokoa —esan zuen epaileak.

        Jacques Charmolue maisua ahots gozoz hasi zen hizketan:

        —Akusatua hain setatsu dagoela ikusirik, tortura aplikatzea eskatzen dut.

        —Ontzat emana —esan zuen presidenteak.

        Zorigaiztoko neska goitik behera ikaratu zen, baina soldaduen aginduetara jaiki eta urrats tinkoak emanez Charmolue eta Ofizio Santukoen ondoren bi alabardari-ilaren erdian joan zen ate faltsu batera. Bat-batean ireki zen atea, eta neska igarotakoan itxi ere bai. Gringoireri, aho beldurgarri batek irentsi zuela iruditu zitzaion.

        Neska ezkutatu zenean, beekada gupidagarria entzun zuten. Ahuntza ari zen negarrez.

        Saioa eten egin zen. Kontseilari batek epaileak nekatuta zeudela eta tortura amaitu arte itxaroteak luze joko zuela adierazi zuenean, presidenteak ez zion onartu. Magistratuak bere lana behar bezala bete arte sakrifikatzen jakin behar zuela erantzun zion.

        —Alproja amorragarria! —esan zuen epaile zahar batek Afaldu baino lehen torturatu beharra ere!

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997