Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
LAGUN BALDARRA

 

        Gau hartan Quasimodo ez zuen loak hartu. Elizako azken erronda egin berria zen, eta konturatu gabe, ateak ixten ari zela, artxidiakonoa ondoan igaro zitzaion. Haserre-apur bat erakutsi zuen burdinazko armazoi handiaren morroiloz atearen orri handiak kontuz itxita harresia bezain sendo utzi zuenean. Dom Claude ohi baino kezkatuago zebilen. Bestetik, ijitoaren gelan izandako gorabeheraz gero gaizki hartzen zuen Quasimodo. Baina purrustaka eta inoiz joka ere tratatu arren, ezerk ez zuen zapuzten kanpai-jole zerbitzariaren menpekotasuna, pazientzia eta leialtasuna. Txintik ere atera gabe jasaten zituen artxidiakonoarengandik zetozkion irain, mehatxu eta zartakoak. Gehienez ere begiekin urduri segitzen zion, dom Claude dorreko eskaileran gora abiatzen zenean. Artxidiakonoa ordea, bere gogoz ez zen harez gero ijitoarengana azaldu.

        Gau hartan, orduan hain bazter utzita zeuden kanpai gaixoei (Jacqueline, Maria eta Thibalt-i) begirada bota ondoren, iparraldeko dorrearen puntaraino igoa zen. Han teilatuan kriseilu itsua ondo itxita utzi ondoren, Pariseri begira ari zen. Gaua, adierazia dugunez, oso iluna zen. Paris, nolabait esan, garai hartan argitu gabe zegoen eta begietara masa beltzezko multzo nahasia aurkezten zuen, han-hemenka Sena zurixkaren bihurguneek ebakitzen zutela. Quasimodok urrutiko eraikin bateko leihoan bakarrik ikusten zuen argia. Eraikin haren itxura lauso eta iluna San Antonioko portale aldeko teilatuen gainetik nabarmentzen zen. Han ere norbait bazen lo egiten ez zuenik.

        Bere begi bakarrarekin lanbro eta iluntasunezko horizontean begirada flotatzen utziz, bere baitan adierazten gaitza zen egonezina sentitzen zuen. Egun batzuk bazeramatzan zelatan. Noiznahi ikusten zituen elizaren inguruan aurpegi gaiztoko gizonak neskaren asilo-lekura begira. Agian han babestutako gajoaren kontra amarruren bat prestatzen ariko zirela pentsatzen zuen. Herriak neskarenganako gorrotoa zuela iruditzen zitzaion, berarenganako ere bazuenez, eta luze baino lehen zerbait gertatuko zela sumatzen zuen. Horregatik zegoen kanpandorrean zelatan, bere ametsaz ametsetan, Rabelais-ek dioenez, begia batean gelan eta bestean Parisen, zakur leiala bezala guardian, barrena errezeloz josia zuelarik.

        Naturak ordain gisa falta zituen beste organoak ia ordezka zitzakeen eta hain zorrotz bihurtu zion begi bakarraz hiria miatzen ari zela, bat-batean Vielle-Pelleterie-ko kaiaren siluetan zerbait arraroa zegoela iruditu zitzaion. Puntu hartan, uraren isla zurian nabarmentzen zen hormaren lerroa ez zegoen zuzen eta geldirik, gainerako kaietan bezala. Uhinkatu egiten zen, ibaiko olatuak bezala edo martxan doan jendetzaren buruak bezala.

        Arraroa iruditu zitzaion eta adi-adi begiratu zuen. Mugimendua Cite aldera zetorren, antza. Inolako argirik ez zegoen. Kaian denboraldi batez iraun zuen eta gero poliki-poliki desegiten ari zen, irlaren barrura iragan balitz bezala. Gero bat-batean geratu eta kaiko lerroa zuzen eta geldirik ikus zitekeen.

        Quasimodo bere susmoak hausnartzen ari zela, plazaranzko kalean, Andre Mariako fatxadatik elkartzut Cite-rantz luzatzen denean, mugimendua berriro ere hasi egin zela iruditu zitzaion. Oso ilun egon arren, azkenean sumatu zuen kale hartatik ostearen burua heltzen eta amen batean jendetza plazan barreiatzen. Ilunpetan jendetza zela nabari zitekeen. Besterik ez.

        Ikuskizun hura beldurgarria zen. Izan ere gaueko ilunpetan ezkutatzen saiatzen zen hain prozesio bitxiaren isiltasuna, ilunpea bezain sakona baitzen. Dena den, zarataren bat atera behar zuen, oinez zihoazenen pauso-hotsa besterik ez bazen ere. Baina zarata hura ez zen gure gorrarengana heltzen. Zerbait sumatu eta ezer entzuten ez zion jende-multzo hura ordea, bere ondoan zebilen batera eta bestera. Hildakoen ibilaldi mutu eta ukiezina bezalakoa zen. Gizonez betetako lainoa zetorkiola zirudien eta lainoaren barruan itzalak mugitu egiten zirela.

        Orduan bere kezkak bururatu zitzaizkion berriro. Ijitoaren kontralto kolpeaz pentsatu zuen. Nola edo hala egoera bortitza hurbil sentitzen zen. Kinka larri hartan, bere baitan hain gaizki antolatutako garun hartan espero zitekeena baino ideia azkar eta hobeak topatu zituen. Ijitoa esnatu egin behar al zuen? Ihes egiten lagunduko al zion? Nondik? Kaleak harturik zeuden eta eliza ibaiaren kontra zegoen. Ontzirik ez! Ihesbiderik ez! Irtenbide bakarra Andre Mariako atarian eustea zen; heriotzaraino eutsi ere, behar izanez gero, laguntzera inor etortzekotan bazen etor zedin arte. Esmeralda ez zuen iratzarri nahi, zeren hiltzeko beti esnatuko baitzuen azkarregi. Erabaki hura hartuta, etsaia astiroago aztertzen hasi zen.

        Unetik unera plazan jendetza ugaltzen ari zen, baina kaleetako eta plazako leihoak itxita zeudenez, oso zarata txipia ateratzen zuela pentsatu zuen. Bat-batean argi bat piztu zen eta berehala zazpi edo zortzi zuzi argitsu buru gainean ibili ziren beren suzko adatsak astinduz. Quasimodok orduan plazan piltzarrez jantzitako gizon- eta emakume-talde ikaragarria ikusi zuen. Sega, pika, igitai eta alabardaz armaturik zeuden, milaka puntak distira egiten zutelarik. Nonahi sardeek aurpegi izugarri haiek adarrez hornitzen zituzten. Jendaila hartaz gogoratu zen eta hilabete batzuk lehenago eroen aita santutzat hartu zuten aurpegi guztiak ezagun egin zitzaizkion. Esku batean zuzia eta bestean zigorra zeraman gizon bat, plazako harri baten gainera igo eta jendeari hizketan ari zitzaion. Gero armada bitxi hura eliza inguratzen ari zela ikusi zuen. Quasimodok bere kriseilua hartu eta dorre arteko plataformara jaitsi zen, gertuagotik begiratu eta defendatzeko modua antolatzearren.

        Clopin Trouillefou Andre Mariako sarrera nagusiko atarian zegoen, bere tropak batailarako prestatuta. Ez zuen inolako erresistentziarik espero, baina jeneral zuhurra bailitzan, badaezpada ere ordena-apur bat mantendu nahi zuen, errondakoek edo berrehun eta hogei arkulariek ustekabean erasotzen bazieten ere. Bere brigada zabaldua zeukan, eta goitik urrutira begiratuta, Ecnoma-ko batailako erromatarren triangelua zirudien, edo Alexandroren zerri-muturra, edo Gustabo Adolforen ziri famatua. Triangeluaren oinarria plaza barrenean asentatzen zen, plazarako sarrera itxiz. Alde bat Hotel-Dieu-ra begira zegoen eta bestea Saint-Pierre-aux-Boeufs aldera begira. Clopin Trouillefou erpinean zegoen, Egiptoko dukearekin, gure lagun Joanekin eta «epileptiko» ausartenekin.

        Erdi Aroko hirietan Andre Marian jendailak egin nahi zuen hura ez zen oso arraroa. Orain polizia deitzen duguna orduan ez zegoen. Hiri handietan, hiriburuetan batez ere, ez zegoen botere nagusi bakar eta arautzailea. Feudalismoak oso era bitxian eraiki zituen bere udalak. Hiria, mila jaurgok osaturik zegoen, era eta tamaina guztietako zatiak zituelarik. Horregatik milaka polizia zeuden, hau da, poliziarik ez zegoen. Parisen adibidez, errolda-eskubideko ehun eta berrogeita bat jaun alde batera utzita, errolda- eta justizi eskubideko hogeita bost zeuden, Parisko apezpikutik hasi (ehun eta bost kale zituen) eta hogeita lau zituen Notre-Dame des Champs-eko prioreraino. Justizia beren esku zuten jaun feudal haiek hitzez bakarrik onartzen zuten erregearen agintaritza subiranoa. Denek zituzten beren bide-eskubideak eta denak zeuden beren feudoetan. Luis XI.a langile porrokatua izan zen feudalismoaren eraikin hura eraisten eta gero langintza hartan Richelieu eta Luis XIV.ak segitu zuten erregearen mesedetan. Mirabeau-k amaitu zuen lana, herriaren onetan. Luis XI.a saiatu zen Paris hartua zeukan jaurgo-sare hura hausten, polizia orokorrerako bizpahiru dekretu haien kontra gogor aterata. 1465ean adibidez, Parisko biztanleei agindua eman zien ilunarekin batera beren kale-kantoiak argi zitzaten eta zakurrak gorde zitzaten. Urkatuta hiltzea zen bestela zigorra. Urte berean gauez kaleak burdinazko kateez ixtea agindu zuen eta gauez kalean sastakaiak edo erasorako armak eramatea debekatu ere egin zien paristarrei. Denbora gutxi barru ordea, legeria orokorrerako joera hura bazterturik geratu zen. Hiritarrek haizeari kaleetako kandelak itzaltzen utzi zioten eta zakurrak ere libre utzi zituzten gauean. Burdinazko kateak setio-egoeran bakarrik ipintzen ziren eta sastakaiak erabiltzeko debekuak Coupe-Gueule kale-izenaren ordez Coupe-Gorge izena ipintzea eragin zuen; aurrerapen garrantzitsua, inola ere. Jurisdikzio feudalen aldamioa zutik zegoen. Hirian bata-besteari oztopo eginez, nahastuz, trabatuz eta elkar gurutzatuz zeuden bailego eta jaurgoak ugari ziren. Erronda, errondatxo eta kontra-erronkazko anabasa hura alferrik zen, lapurreta, harraparitza eta matxinada armatuak zeuden bitartean. Beraz, nahasmendu hartan jendailak auzo populatuenetako jauregi, egoitza edo etxeren bati eraso egitea ez zen harrigarria. Gehienetan hiritarrek ez zuten arazoan parte hartzen, harrapariak beren etxeetaraino heltzen ez baziren. Belarriak butxatu egiten zituzten danbatekoak zeudenean, leihoak itxi, ateak trangatu eta arazoak, guardiarekin ala gabe, bere irtenbidea aurki zezan uzten zuten. Gero, biharamun goizean, honako berriketak izaten ziren Parisen:

        —Bart Etienne Barbette-ren etxean lapurreta egin dute. Clermont-eko mariskalari eraso egin diote, etab.

        Horregatik, erregearen jauregiez gain, Louvre, Bastille edo Tournelle-ek ez ezik jaunen egoitzek ere (Petit-Bourbon, Hotel de Sens, Hotel d'Angouleme, eta abarrek) hormetan almenak zituzten eta ate gainetan matakanak. Elizak beren santutasunak gordetzen zituen. Hala ere haietako batzuk, eta Andre Mariako katedrala zen bat, babesturik zeuden. Saint-Germain-des-Pres-ko abadea baroia bezain almenatua zegoen eta bere etxean kobre gehiago zegoen bonbardatan kanpaietan baino. 1610an artean ikus zitekeen gotorleku hura. Gaur egun ozta-ozta eliza besterik ez dago.

        Baina gatozen Andre Mariara.

        Lehen neurriak hartu zituztenean (egia esan, Clopinen aginduak isilik eta zehatz-mehatz bete ziren), oste-burua plazako pareta gainera igo eta bere ahots garratz eta zakarra entzun zen. Andre Mariara begira eta zuzia altxatuta zegoen, haizeak sugarrak astinduz eta bertako keak estalita elizako fatxada gorrizta agertu eta desagertu egiten zelarik.

        —Zuri, Luis Beaumontekoari, Parisko apezpiku eta parlamentuko gortean aholkulari zaren horri, nik, Clopin Trouillefouk, Thunesko errege, eskaleen errege, Germaniako printze eta eroen apezpikuak, honakoa esan nahi dizut: gure arreba, sorgina izan gabe magia zuela eta kondenatu eta zure elizan dago babestuta. Beraz, asiloa eta aterpea zor dizkiozu. Baina parlamentuko gorteak preso hartu nahi du eta zuk ontzat eman duzu. Bihar bertan zintzilikatuko lukete plazan, jainkoa eta litxarreroak hemen izango ez bagina. Horregatik gatozkizu, apezpiku hori. Zure eliza sakratua bada, gure arreba ere bai, eta gure arreba sakratua ez bada, zure eliza ere ez. Horregatik, zeure eliza salbatu nahi baduzu neska gure esku utzi behar duzu. Neska eman ala eliza bipildu egingo dugu. Ongi egina izango da gainera. Horren lekuko izan dadin, hemen tinko ipintzen dut nire bandera eta jainkoak gorde zaitzala, Parisko apezpiku hori!

        Quasimodok zoritxarrez maiestate triste eta basatiz esandako hitz haiek ez zituen aditu. Lapur batek bandera Clopini eskaini zion eta honek handikiro bi adokin artean tinkatu zuen. Sardea zen bandera, bere puntatik zintzilik okela-puska ustela zuela.

        Ondoren Thunesko erregeak bere armadara bihurtu zituen begiak. Jendaila basatia zen hura, begiei ia lantzei adinako distira zeriela. Isilune baten ondoren:

        —Aurrera, anaiok! —deiadar egin zuen —Lanera, borrokalariok!

        Sarrailari-aurpegiko hogeita hamar gizon indartsu eta gihartsu, lerroetatik atera egin ziren, mailu, kurrika eta burdinazko barrak bizkarrean zituztela. Elizako ate nagusira joan ziren. Harmailak igo eta laster hasi ziren denak ojibapean kurrika eta palankaz atea bortxatzen. Lapur-pilo bat zuten aldamenean laguntzen edo begiratzen. Atariko hamaika harmailak bete-beterik zeuden.

        Ateak, ordea, bere hartan segitzen zuen.

        —Arraioa! Egosgogorra da gero!

        —Zaharra da eta hezurrak gogortuta dauzka —zioen beste batek.

        —Gogor, lagunok! —oihu egiten zien Clopinek —Lepoa egingo nuke elizain bat bera ere esnatu baino lehen baietz atea ireki, neska jaso eta aldare nagusia bipildu! Hara! Badirudi sarrailak amore eman duela.

        Orduan zarata ikaragarria entzun zen Clopinen atzean. Thunesko erregea isildu egin zen, eta jiratuz, zerutik eroritako habe handi batek eskailerako hamabi lapur zanpatu zituela ikusi zuen. Lurrean bote egin zuen habeak kanoiak bezain danbateko handia eginez eta han-hemenka litxarrero batzuen zangoak ere hautsi zituen, zeintzuk garrasika alboratzen baitziren. Aitaren batean, eliz ataria hustu egin zen. Portadako gangapean babesturik egonagatik, sarrailariek atea utzi egin zuten eta Clopin bera ere erretiratu egin zen, elizaraino nahikoa distantzia utziz.

        —Ozta-ozta libratu naiz! —zioen Joanek —Ziztua ondo-ondoan entzun dut! Pierre Abere-hiltzaile ordea, hilda dago!

        Erasotzaileengan habe hark sortutako izua eta harridura ez dago adierazterik. Minutu batzuetan gora begira geratu ziren, egur haiei erregearen mila arkulariri baino beldur handiagoa ziotelarik.

        —Satan! —esan zuen Egiptoko dukeak —Honek magiaren itxura du!

        —Ilargiak bota digu habe hori —zioen Andry le Rouge-k.

        —Eta diotenez Ilargia Ama Birjinaren laguna omen da!

        —Mila aita santu! —oihu egiten zuen Clopinek —Ergel hutsak zarete denak!

        Baina hark ere ez zekien egurtzarra zergatik erori zen.

        Fatxadaren goiko aldean ez zen ezer ikusten, zuzien argia haraino heltzen ez zelako. Habetzarra plazan zegoen etzanda eta dohakabe batzuen intziriak entzuten ziren. Gizajoak habeak lehen kolpean harmailetako izkinen kontra harrapatu eta erdibituta zeuden.

        Lehen harridura pasata, Thunesko erregeak denek ontzat emateko moduko arrazoia topatu zuen.

        —Madarikatuak! Kalonjeak defendatzen ari ote dira? Beraz, eraso! Eraso!

        —Erasora! —errepikatu zuen jendetzak amorraturik. Gezi eta arkabuzen deskarga egin zuten elizako fatxadaren kontra.

        Danbateko haiekin, inguruko etxeetako biztanle baketsuak esnatu egin ziren. Leihoak ireki eta lotarako burukoak nahiz eskuan kandelak zituztela plazara begira hasi ziren.

        —Tiro egin leihoetara! —oihu egin zuen Clopinek.

        Leihoak berehala itxi ziren. Argi eta iskanbilazko eszenategi hari begirada bat ikaraturik botatzeko ozta-ozta izan zuten denbora. Beldurraren beldurrez, izerditan itzuli ziren beren emazteengana. Katedraleko plazan akelarrean ari ote ziren ala 64an bezala borgoniarren erasoa ote zen egiten zioten galdera beren buruari. Senarrak lapurretaz hasi ziren pentsatzen, emazteak bortxaketaz, eta denak zeuden ikaraturik.

        —Eraso! —errepikatzen zuten litxarreroek.

        Baina ez ziren hurbiltzera ausartzen. Elizari eta habeari begiratzen zioten. Egurtzarra geldirik zegoen, eraikina bare eta hutsik, baina bazuen lapurrak izutzen zituen zerbait.

        —Lanera, sarrailariak! —deiadar egin zuen Trouillefouk —Atea puskatu!

        Inor ez zen aurreratu ordea.

        —Madarikatuak! —esan zuen Clopinek —Hona hemen habe baten beldur diren gizonak.

        Sarrailari zahar batek hitz batzuk egin zizkion.

        —Kapitaina. Arazoa ez da habea; atea baizik. Burdinazko barraz josita dago eta kurrikek ez dute ezertarako balio.

        —Eta zer beharko zenukete atea eraisteko? —galdetu zion Clopinek.

        —Arietea beharko genuke.

        Thunesko erregea ausart habetzarreraino joan eta oina gainean ipini zuen.

        —Hona hemen bat! —oihu egin zuen —Kalonjeek bidali dizuete.

        Eta eliz aldera begira isekazko agurra eginez:

        —Mila esker, kalonjeok!

        Hitz harro haiek beren eragina izan zuten. Egurtzarraren sorginkeria hautsi egin zen eta lapurrak adoretsu zeuden berriro. Laster, berrehun beso indartsuk luma bezala altxatutako habe astuna lehen irekitzen saiatutako ate handira joan zen ziztu bizian. Lapurren zuzi bakanek plazan zabaltzen zuten erdi-itzalean hainbeste gizonek elizaren kontra bultzatako egurtzar luze hura ikusita, mila zangoko animalia izugarria burumakur harrizko erraldoiaren kontra oldarka ari zela esan zitekeen.

        Habearen kolpe bakoitzean, ate erdi metalikoak danbor ikaragarria bailitzan durundi egin zuen. Ez zen ireki, baina katedral osoa hasi zen dar-dar eta eraikinaren barrunbe sakonei ere burrunba eragin zien. Aldi berean, fatxadaren gainetik harriak erortzen hasi ziren erasotzaileen gainera.

        —Arraioa! —deiadar egin zuen Joanek —Dorreak beren balaustradak buru gainera botatzen ari ote zaizkigu?

        Baina abiada hartuta zeuden eta Thunesko erregeak ez zuen atzera egiten. Etsi-etsian, apezpikua zen han defendatu nahian zebilena eta ateari kolpeka amorru handiagoz hasi ziren, nahiz eta goitik zetozen harriek ezker-eskuin kaskezurrak hautsi.

        Aipatzekoa da harri haiek elkarren ondoan baina banaka erortzen zirela. Litxarreroek ordea, beti bi batera sentitzen zituzten: bata oinetan eta bestea buruan. Gutxi zen han kolpatu gabekorik eta erasotzaileen hankapetan hildako eta zauritutako ugari zegoen. Haiek ordea, gero eta amorratuago, gero eta oldartsuago ari ziren. Habe handiak atea tarte berdintsuka jotzen zuen, mihiak kanpaia bezala. Harri-erauntsia ez zen atertzen eta atearen intziria ere ez.

        Irakurleak antz emango zion, inola ere, lapurrak asaldatzen zituen erresistentzia hura Quasimodori zor zitzaiola.

        Tamalez, patua gor ausartari laguntzen ari zitzaion.

        Dorre arteko plataformara jaitsi zenean, ideiak nahasian zebilzkion buruan. Galerian batera eta bestera eroaren gisa ibili zen minutu batzuetan, lapur-multzo trinko hura elizari erasotzeko prest zegoela goitik ikusiz eta jaunari edo deabruari ijitoa salba zezala eskatuz. Iparraldeko kanpandorrera igo eta ordara jotzea pentsatu zuen, baina kanpaia balantzan jarri baino lehen, Mariaren ahots ozena irrintzika hasi baino lehen, ez al zuten lapurrek atea hamar aldiz eraisteko denbora izango? Orduantxe baitzihoazen sarrailariak beren erremintekin ekitera. Zer egin?

        Bat-batean, igeltseroak egun guztian hegoaldeko dorreko horma, armazoia eta teilatua konpontzen aritu zirela bururatu zitzaion. Horma harrizkoa zen, teilatua berunezkoa eta armazoia zurezkoa. Armazoi harrigarri eta trinkoa zen; basoa deitzen ziotena.

        Quasimodo korrika joan zen dorre hartara. Beheko gelak materialez beteta zeuden. Harri-piloa zegoen, bildutako berun-orriak, listoi-sortak, zerratutako habe sendoak eta harrikosko ugari. Armategi betea zen hura.

        Bizkor ibili beharra zegoen. Kurrikak eta mailuak lanean ari ziren behean. Arriskuak areagotutako indarrez, habe bat altxatu zuen, astunena, luzeena, eta argizulotik aterarazi zuen. Gero dorrearen kanpoaldetik heldu eta plataforma inguratzen duen balaustradaren angelutik irristarazi egin zuen, goitik behera jaurtiz. Habetzarrak bere ehun eta hirurogei oineko erorialdian fatxada urratu eta eskulturak hautsi zituen, eta bere burua biraka zuela jauzi zen, hegan doan haize-errotaren besoa bailitzan. Azkenean lurra jo zuen, garrasi ikaragarria entzun zen eta habe beltzak bote eginez jauzika zebilen sugea zirudien.

        Egurtzarra eroritakoan Quasimodok litxarreroak umeak putz egindakoan errautsak bezala sakabanatzen ikusi zituen. Haien izualdia aprobetxatu zuen. Zerutik eroritako egurtzarrari sineskeriazko begirada bota, portadako santuak gezi eta draiazko zaparradaz begi bakarrez uzten zituzten bitartean, Quasimodok isil-isilik legar, harri, errekarri eta igeltseroen erreminta-zakuak ere pilatu zituen habea bota zueneko balaustradaren ertzean.

        Horregatik, ate handiari erasoka ekin ziotenean, harri-jasa hasi zen eta eliza bere burua haien buru gainera eraisten ari zela iruditu zitzaien.

        Orduan Quasimodo inork ikusi izan balu, ikaratu egingo zitekeen. Balaustradan zeuzkan jaurtigaiez gain, plataforman bertan ere harri-multzo handia pilatu zuen. Horregatik, balaustrada gaineko harriak amaitu zirenean, pilotik hartu zituen. Behin eta berriz makurtu eta altxatuz zebilen etengabeko lanean. Iratxo-buru ikaragarria balaustrada gainetik ateratzen zuen eta harri handi bat erortzen zen, gero beste bat, eta beste bat,... Noizbehinka harritzarren baten ibilbideari begira geratzen zen eta helburua jotzen zuenean, —Hum! —esaten zuen.

        Baina pikaroek ez zuten atzera egiten. Haritzezko arietez hogei aldiz oldartutako atetzarra ehun gizonen indarrez dardarka ari zen. Orriak pitzatzen ari ziren, zizeladurak ezpal bihurtzen, eta astinaldi bakoitzean kontzak beren orpoetan jauzi egiten zuten. Oholak zartatzen ari ziren eta zura hauts eginda askatzen ari zen burdinazko indargarri artean. Quasimodoren mesedetan, zura baino burdina gehiago zeukan.

        Bazekien ordea ate handia amore ematen ari zela. Entzuten ez bazuen ere, ariete-Irolpe bakoitzak elizako sotoetan eta bere erraietan aldi berean eragiten zuen. Goitik lapurrak ikusten zituen, arrakastatsu eta amorruz beterik, ukabila fatxada ilunari erakutsiz. Orduan ijitoarentzat eta bere buruarentzat goian ihesi zihoazen hontzen hegoak nahiko zituzkeen.

        Harri-jasa hura ez zen aski erasotzaileei atzera eragiteko.

        Estutasun hartan, bera lapurrei harri-botatzen ari zitzaieneko balaustrada baino beheraxeago ate handiaren parean goian bi xurrutarri handi zeudela konturatu zen. Xurrutarrien barneko zuloa plataformaren zoru aldera zegoen. Orduan pentsamendu bat bururatu zitzaion. Bere kanpai-jole-gelatxora joanda egur-karga bat ekarri zuen eta gainean lata eta berunezko plaka biribilduak jarri zituen. Artean erabili gabeko munizio hura piloaren gainean jarri zuen bi xurrutarrien zulo parean eta bere kriseiluaz egurrari su eman zion.

        Bitarte hartan, harririk erortzen ez eta, lapurrek ez zuten gora begiratzen. Pikaroak arnasestuka ari ziren, basurdea bere zuloan inguraturik daukan zakur-taldea bezala. Arieteaz bihurrituta baina artean zutik zirauen ate handiaren inguruan pilaturik zeuden. Zain-zain begira ari ziren, azken kolpeak atea noiz lehertuko. Ahalik eta gertuen egon nahi zuten, atea irekitzen zenean katedral oparo hartara lehenengo sartzearren. Gordailu itzel hartan izan ere, hiru mendetan aberastasun ugari pilatu baitzen. Poz eta irrikazko orroz barruko zilarrezko gurutzeak, kapa urreztatu ederrak, urre eta zilarrezko hilobi dotoreak, koruko aberastasunak, festa distiratsuak, kandela-argiz betetako Gabon liluragarriak, eguzkia gainezka deneko Pazkoak, festaburu oparoak (non eki-saindu, argimutil, kaliz, tabernakulu eta erlikitegiz aldareak urre eta diamantezko geruzaz hornitzen baitziren) elkarri gogorarazten zizkioten. Egia da une hartan legendunak eta elbarriak, kakanarru eta txerpolariak, ijitoa askatzea baino nahiago zutela Andre Mariako eliza bipiltzea. Oker handirik gabe esan dezakegu haietako askorentzat Esmeralda aitzakia zela, nahiz eta lapurrek aitzakia beharrik ez dutela izaten jakin.

        Bat-batean, azken kolpea emateko arietearen inguruan bilduta zeudela, oldarrean ahalik eta indarrik handiena egiteko arnasari eutsi eta giharrak teinkatzen ari zirela, habea eroritakoan baino garrasi izugarriagoa atera zitzaien. Garrasi egin ez zutenak, bizirik zirautenak, harri eta zur geratu ziren. Berun urtuzko bi zorrotada ari ziren erortzen goitik jendetza trinkoena zen parera. Oste hura metal urtuzko zorrotaden azpian eraitsita geratu zen, zeren jauzitako bi puntuen inguruan jendetzan bi zulo beltz eta ketsu utzi baitzituen, elurretan ur beroak bezalaxe.

        Erreta hilzorian zeudenak lurrean jiraka zebiltzan minez aieneka. Bi zorrotada nagusi haien inguruan, beste tanto batzuk ere erotzen ziren erasotzaileen buru gainera, eta garezurrean barrena altzairuzko laztabinak bezala sartzen ziren. Miserable haiek zuloz betetzen zituen kazkabarra zen.

        Garrasiak beldurtzekoak ziren. Bai ausartenak eta bai izutienak, denak ihesi zihoazen itsu-mustuan, habetzarra hilotzen gainean utzita, eta plaza bigarrengoz hutsik geratu zen.

        Denak ari ziren elizaren goiko aldera begira. Gauza harrigarria zegoen han. Azken galeriaren goiko partean, erdiko arrosetoiaren gaineko aldean, bi kanpandorre artean su handi bat zegoen, txinpartak zurrunbiloan gora zituela. Gar handi, bihurri eta haserrea zen, haizeak ke artean noizbehinka mihiren bat erauzten ziolarik. Su haren azpian, hirusta gorizko balaustrada ilunaren azpian, munstro-ahoa zuten bi xurrutarri etengabe euri erregarria botatzen ari zen, fatxadaren barren ilunean zorrotada zilartsua nabarmentzen zelarik. Bi zorrotadak lurrera hurbildu ahala, zirristada txikiagotan sakabanatzen ziren, garastailuaren muturreko mila zulotatik urak irteten duenean bezalaxe. Suaren gainean, dorre ikaragarriak zeuden, bakoitzak bi alde nabarmen zituela: bata erabat beltz eta bestea erabat gorri. Zerurantz proiektatzen zuten itzal itzelagatik are eta handiagoak ziruditen. Deabru eta herensugeen eskultura ugariek, goibel-itxura zuten eta suaren argi higikorraren eraginez bazirudien mugitu egiten zirela. Barre itxurako sugeak zeuden, zaunkaz ari bide ziren xurrutarriak, suari putz egiten zioten errubioak, keagatik doministikuka ari ziren baldraskak. Eta su hark eta zarata hark beren harrizko lo hartatik esnatutako munstro haien artean, bat oinez zebilen. Aldian behin suaren aurrean pasatzen ikusten zen, saguzarra kandela-argiaren aurretik bezala.

        Dudarik gabe faro bitxi hark urrutian Bicetre-ko muinoetako aizkolaria esnatuko zuen, bere txilarren gainean Andre Mariako dorreen itzal ikaragarria dardaraz ikusita.

        Isilune izugarria egin zen lapurren artean. Kalonjeen garrasiak entzuten ziren, zeren beren klaustroan sartuta, sutan den ukuiluan zaldiak bezalaxe baitzeuden. Leihoak ireki eta berehala azkar ixten ere entzuten zen. Etxe-barruetako eta Hotel-Dieu-ko zalaparta, sua astintzen zuen haizea, hiltzen ari zirenen azken koroka eta berun-euriaren lurraren kontrako zirti-zarta ere bai.

        Bitartean, lapur ospetsuenak Gondelaurierkoen etxe-atarira erretiratu ziren erabakiak hartzera. Egiptoko dukeak, kantoiko harri batean eserita, erlijio-beldurrez berrehun oin altuan distiratsu zegoen su fantasmagorikoari begiratzen zion. Clopin Trouillefouk bere ukabilei amorruz horzka egiten zien.

        —Ezinezkoa da hor barrura sartzea —murmuratzen zuen.

        —Sorgindutako eliza zaharra da! —zioen Matias Hungadi Spicali ijito zaharrak marmarka.

        —Aita Santuaren biboteak! —armadan zerbitzatutako bota zuen ilezuri adar-jole batek —Elizako xurrutarri hauek berun irakina Lectoure-ko matakanek baino hobeto isurtzen dute.

        —Ikusten al duzu suaren aurrean harat-honat dabilen demonio hori? —deiadar egin zuen Egiptoko dukeak.

        —Arranopola! —esan zuen Clopinek —Kanpai-jole madarikatua da; Quasimodo.

        Ijitoak baiezkoa adierazi zion buruaz.

        —Sabanac-en izpiritua da, markes handia, gotorlekuetako izpiritua. Armatutako soldaduaren gorputza eta lehoi-burua izaten du. Batzuetan zaldi izugarri baten gainean ibiltzen da. Gizonak harri bihurtu eta gero horiekin dorreak eraikitzen ditu. Berrogeita hamar legioren buruzagi da. Bera da. Ezagutzen dut. Inoiz urrezko tunikaz janzten da, turkiarren antzera.

        —Non da Bellevigne de Etoilekoa? —galdetu zuen Clopinek.

        —Hilda dago —erantzun zion emakume lapur batek.

        Andry le Rouge ergel moduan ari zen barrez:

        —Andre Maria Hotel-Dieu-ri lanak ematen ari zaio.

        —Ez ote dago ate hori irekitzeko modurik? —oihu egiten zuen Thunesko erregeak lurra ostikoz jota.

        Egiptoko dukeak triste erakusten zizkion fatxada beltza fosforozko bi ardatz bezala etengabe markatzen ari ziren berun irakinezko bi errekak.

        —Beren buruak horrela defenditzen dituzten elizak izan dira —esan zuen hasperenka—. Duela berrogei urte Konstantinoplako Santa Sofiak atzera eragin zion hiru aldiz Mahomaren luna-erdiari, buru gisa dituen kupulak astinduz. Hau eraiki zuen Gilermo Pariskoa aztia zen.

        —Morroiek bezala otzan-otzan atzera jo beharko ote dugu? —esan zuen Clopinek —Hemen utziko al dugu gure arreba, otso mozorrotu horiek bihar zintzilika dezaten?

        —Eta sakristia? Urrez gainezka dagoen sakristia? —bota zuen tamalez bere izenik ez dakigun litxarrero batek.

        —Mahomaren biboteak! —deiadar egin zuen Trouillefouk— Beste saio bat egin dezagun! —esan zuen lapurrak.

        Matias Hungadi-k buruaz baietz adierazi zuen.

        —Ez gara atetik sartuko. Sorgin zaharraren armaduran akatsa aurkitu behar da; zulo bat, atzeko ateren bat, pitzaturen bat.

        —Zer diozu? —esan zuen Clopinek —Berehala nator. Eta, non da hain armaturik zebilen Joan ikaslea?

        —Hil egingo zen —erantzun zion batek—, barrerik ez zaio aditzen eta.

        Thunesko erregeak bekozkoa ipini zuen.

        —Lastima! Bihotz suharra zegoen txatarra haren azpian. Eta Pierre Gringoire maisua?

        —Clopin kapitaina —esan zion Andry le Rouge-k—. Pont-aux-Chargueurs-en parera heltzerako ezkutatu zen.

        Clopinek oinaz lurra jo zuen.

        —Arraioa! Berak sartu gaitu arazo honetan eta gero bete-betean gaudenean, hanka! Oilo berritsu hori! Txoriburu halakoa!

        —Clopin kapitaina! —oihu egin zuen Andry le Rougek plazarako kalera begira ari zela —Hara hor ikasle gaztea!

        —Bedeinkatua izan dadila Pluto! —esan zuen Clopinek —Baina, zer arraio dakar arrastaka?

        Joan bera zen, noski. Korrika zetorren, bere zaldun-jantzi astunak utzi bezain azkar, lurrean eskailera bat arrastaka zekarrela. Bere burua baino hogei aldiz belar handiagoa daraman txindurria baino akituago zetorren.

        —Garaipena! Te Deum! —oihu egiten zuen ikasleak —Hona hemen Saint-Landry-ko zamaketariek erabiltzen duten eskailera.

        Clopin hurbildu egin zitzaion.

        —Baina, mutiko! Zer arraio egin nahi duk eskailera honekin?

        —Lortu dut! —esan zuen arnasestuka —Banekien non zegoen. Tenientearen etxe ondoko estalpean. Han bada ezagutzen nauen neska bat. Kupido baino ederragotzat nauka. Horri esker eskuratu dut eskailera. Orain hemen dago. Zer arraio! Neska gajoak azpiko gonatan ireki dit atea.

        —Ongi da —esan zion Clopinek—. Baina zer egingo duzu eskailera horrekin?

        Joanek maltzurki begiratu zion eta behatzez kriskitin-hotsa atera zuen. Une hartan bikain zegoen. Buruan hamabosgarren mendeko kasko apaina zuen; beren kimera-gailurrez etsaia izutzen zuten horietakoa. Joanenak hamar burdin punta zituen eta Nestorren ontzi homerikoaren hamar ezproiez hornitua epiteto beldurgarriari lehia egin ziezaiokeen.

        —Zer egin behar dudan? Thunesko errege agurgarri hori! Ikusten al duzu hor hiru portaden gainean ergel-aurpegiko estatua-lerro hori?

        —Bai. Eta?

        —Frantziako erregeen galeria da.

        —Eta zer axola dio? —esan zion Clopinek.

        —Entzun! Galeria horren buruan ate bat dago. Krisketez bakarrik itxitako atea da. Eskailera honekin igo eta berehala naiz elizan.

        —Utzi niri lehenbizi igotzen, mutiko!

        —Ez, noski! Eskailera nirea da. Zu bigarren igoko zara.

        —Beeltzebub-ek eraman zaitzala! —esan zuen haserre Clopinek —Ez dut inoren atzetik joan nahi.

        —Ba, zeure eskailera ekarri, Clopin!

        Eta Joan plazan korrika hasi zen, bere eskailera arrastaka, garrasi eginez:

        —Zatozte nirekin, mutilok!

        Amen batean eskailera zutik eta beheko galeriako balaustradaren kontra zegoen, alboko ate handiak gaindituz. Lapur-piloa inguratu zen eskailera ondora gora igo nahian. Joanek ordea, bere eskubideari eutsi zion eta lehenbizi ipini zuen oina mailetan. Bidea luze samarra zen. Frantziako erregeen galeria gaur egun gutxi gorabehera lurretik hirurogei oinera dago. Hamaika harmailek altuera areagotu egiten zuten. Joan poliki zihoan gora, bere armadura astunak enbarazu egiten ziolako. Esku batez eskailera-mailari heltzen zion eta besteaz baleztari. Erdibidean triste begiratu zien behera harmailetan lur-estali zeuden hildako lapurrei.

        —Hona hemen Iliadako bosgarren kantuari egokitzen zaion gorpu-piloa.

        Eta gora segitu zuen, pikaroak ondoren zituela. Maila bakoitzean bat zegoen. Ilunpean uhinkatuz bizkar korazatuzko lerro hura igotzen ikusita, elizako horman gora eta gora ari zen altzairuzko ezkatazko sugea zela pentsa zitekeen. Buruan txistuka zihoan Joanek osatzen zuen irudia.

        Ikaslea azkenean heldu zen galeriako balkoira eta nahikoa arin jauzi egin zuen lapurrak txaloka ari zitzaizkiolarik. Bere burua gazteluko jaun ikusita, pozez deiadar egin zuen eta bat-batean isildu egin zen harriturik. Errege-estatua baten atzean Quasimodo ikusi zuen, ilunpetan ezkutuan, begia distiratsu zuela.

        Bigarren erasotzaileak galerian oina jarri baino lehen, konkor indartsua jauzi batez eskailburuan zen. Txintik ere egin gabe, bere bi esku sendoez bi luzerakoei heldu eta eskailera altxatu egin zuen. Hormatik urrundu eta une batez goitik beheraino eskailera betez zeuden lapurren estutasun-garrasi artean balantza eragin zion. Bat-batean, neurriz gaineko indarrez, pertsona-mordo hura plazara jaurti zuen. Une batean ausartenak taupaka aritu ziren. Atzera bultzatako eskailera, momentu batez zutik tente geratu zen, gero balantza egin eta hogeita bost oin erradioko zirkulu-arku ikaragarria deskribatu zuen. Bere lapur-kargaz, zoru harritsura kateak hautsitako zubi altxagarria baino bizkorrago erori zen. Madarikazio ikaragarria entzun zen, eta gero denak isildu egin ziren. Zoritxarreko zauritu batzuk, hildako-piloaren gainean arrastaka jo zuten atzera.

        Garaitzapen-oihuen ondotik erasotzaileei samintasun- eta haserre-zurrumurrua atera zitzaien. Quasimodok ordea, bi ukondoak balaustradan zituela zirkinik ere egin gabe begira segitzen zuen. Bere leihoan zegoen errege zahar iletsua zirudien.

        Joan Frollorena oso kinka larria zen. Bakarrik eta laurogei oin altuko hormaz bere lagunengandik bereizita, galerian zegoen kanpai-jole beldurgarriarekin. Quasimodok eskailera astindu bitartean, irekita zegoen ustetan ate txikira joan zen. Itxita zegoen ordea. Galeriara sartu zenean, gorrak itxi egin zuen. Joan harrizko errege baten atzean ezkutaturik zegoen, arnasa hartzera ere ausartzen ez zelarik. Beldurrez begiratzen zion munstro korkoxari, piztia-etxeko zaindariaren emaztea gorteiatzera gauez joan, igo beharreko hormaz deskuidatu eta bat-batean hartz zuriarekin topo egiten duenaren antzera.

        Hasieran gorra ez zen konturatu. Gero ordea, burua jiratu eta zutitu egin zen, ikaslea ikusita.

        Joan kolpe latza jasateko prestatu zen, baina gorra geldirik zegoen. Ikaslearengana jiratu eta beste ezer egin gabe begira geratu zitzaion.

        —E! E! Zergatik begiratzen nauk begi bakar eta triste horrekin?

        Eta hori esan bitartean gazte pikaroak maltzurki bere balezta teinkatu zuen.

        —Quasimodo! —deiadar egin zion —Izena aldatuko diat. Itsua esango diate.

        Tira egin zuen. Lumadun geziak ziztu egin zuen eta konkorraren ezkerreko besoan iltzatu zen. Quasimodok ez zuen zirkinik ere egin. Gero eskuaz gezia hartu, besotik erauzi eta bere bi belaunetan hautsi zuen. Bi zatiak lurrera bota zituen. Joanek ordea, ez zuen bigarrena jaurtitzeko astirik izan. Gezia hautsita, Quasimodok bafaka matxinsaltoak bezala jauzi egin zuen eta ikaslearen gainera etorri zen, armadura hormaren kontra zanpatuta utzi ziolarik.

        Eta zuzien argia flotatzen ari zeneko erdi-itzalean, gertaera ikaragarria ikusi zuten.

        Quasimodok ezkerreko eskuaz Joanen bi besoei heldu zien, zeinak bere burua galduta ikusita ez baitzion kontra egin. Eskuinaz, isil-isilik eta astirotasun gaiztoaz, gorrak bata-bestearen ondoren armaduraren pieza guztiak, ezpata, sastakaiak, kaskoa, koraza eta beso-babesak erantzi zizkion. Tximinoa intxaurrari azala kentzen ari zitzaiola zirudien. Quasimodok banan-banan ikaslearen oskol metalikoaren piezak lurrean utzi zituen.

        Ikasleak bere burua esku beldurgarri haien artean desarmaturik, erantzita, ahul eta biluzik ikusi zuenean, ez zen gorrarekin hitz egiten saiatu. Aurpegira barrez eta kantuz hasi zitzaion hamasei urteko mutikoaren axolagabekeriaz. Kantua oso ezaguna zen orduan eta honela zioen:

 

                Elle est bien habillée,

                La ville de Cambrai.

                Marafin l'a pillée...

 

        Ez zuen amaitzeko betarik izan. Quasimodo zutik ikusi zuten galeriako karelean, esku bakarrez gaztea hanketatik helduta zuela. Leizearen gainean abaila bailitzan zerabilen airean jiraka. Gero zarata bat entzun zen; hezurrezko kaxa batek horma jotzen duenean bezalakoa. Zerbait erortzen sumatu zuten eta hormaren irtenune bateko erpinean geratu zen. Hildako gorputza zen, erdibitua, bizkarra hautsita eta burua deseginda, handik zintzilik zegoena.

        Lapurrek ikaratuta garrasi egin zuten.

        —Mendekua —oihu egin zuen Clopinek.

        —Eraso! Eraso! —erantzun zuen jendetzak.

        Orduan orro harrigarria atera zen, hizkuntza, dialekto eta kutsu denak nahasian zirela. Ikasle gaztearen heriotzak haserre bizia eta adorea piztu zituen jendearengan. Lotsatu eta sumindu egin ziren, gizon bakar batek, konkor batek, eliza aurrean denbora luzez eutsi zituelako. Haserrearen haserrez, eskailera eta zuzi ugari azaldu zen handik eta hemendik. Minutu gutxi barru, Quasimodok izututa ikusi zuen txindurritegi beldurgarri hura bazter guztietatik Andre Mariako elizari erasotzen ari zitzaiola. Eskailerarik gabe zeudenek, korapilodun sokak zeuzkaten eta sokarik gabe zeudenek eskulturetako erliebeei helduta egiten zuten gora. Piltzarretatik heltzen zioten elkarri. Aurpegi espantagarriz gora zetorren marea hari eustea ezinezkoa zen. Gorrotoak distira eragiten zien aurpegi basati haiei. Beren lur-koloreko larruazalei izerdia erruz zerien eta begiak bizi-bizi zituzten. Keinu eta itsusitasun guzti haiek Quasimodo inguratzen ari ziren. Eman behar beste elizaren batek Andre Mariari erasotzera bere gorgolak, zezen-txakurrak, herensugeak, demonioak eta eskultura izugarrienak bidali zituela. Fatxadako harrizko munstroen gainean, munstro bizizko geruza zegoela ematen zuen.

        Plaza ordea, orain milaka zuziz betea zegoen. Ordura arte ilunpetan egondako egoera nahasi hura, bat-batean argitsu bilakatu zen. Plaza distiratsu zegoen, argia zerura islatzen zuela. Goiko plataformako suak ere piztuta segitzen zuen, hiria urrutiraino argituz. Bi dorre handien siluetak, Parisko teilatuen gainetik urrun proiektaturik, koska ilun luzea eratzen zuen argitasun hartan. Hiriak hunkitua zirudien. Urrutira kanpaiak ordara deika entzuten ziren. Lapurrak zaunka, arnasestuka, madarikatuz, gora zihoazen, eta bira artean Quasimodo, horrenbeste etsairi eutsi ezinda, ijitoaz beldur zen. Aurpegi basati haiek bere galeriatik gero eta hurbilago ikusten zituen. Zeruari miraria eskatzen zion, besoak etsipenez bihurritzen zituen bitartean.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997