|
Parisko Andre Maria II. Claude Frollo ez zen, hain zuzen, pertsona arrunta. Azken mendeko hizkera ezegokian goi-burgeseria edo behe-noblezia deitutako familia horietako batean jaioa zen. Familia horrek Paclet anaiengandik Tiracheppe-ko feudoa jaso zuen herentziaz. Parisko apezpikuaren menpekoa zen eta bertako hogeita bat etxeak XIII. mendean auzi ugari eduki zuten. Feudo horren jabe zenez, Paris eta bere errebaletan zazpi-hogeita bat jaun-gaietako bat zen, eta denbora luzez ikusi ahal izan da Frantzisko Le Rez jaunaren Tancarville jauregiaren eta Tours-ko kolegioaren artean Saint-Martin des Champs-en dagoen kartularioan bere izena inskribatuta. Claude Frollo bere gurasoek txiki-txikitatik destinatu zuten elizgizonetarako. Latinez irakurtzen irakatsi zioten, eta begiak jaitsi eta baxu hitz egiten ere bai. Oso txikia zela bere aitak Torchi-ko kolegiora sartu zuen Unibertsitatean. Han hazi zen meza-liburu eta hiztegi artean. Gainerakoan ume triste, ilun eta serioa zen; gogoz estudiatu eta azkar ikasten zuena. Jolas ordutan ez zuen zalaparta handiegirik ateratzen eta nekez nahasten zen Fouarre kaleko parrandetan. Ez zekien, beraz, dare alapas et capillos laniare zer zen, eta 1463ko matxinadan (kronistek «Unibertsitateko seigarren asaldura» izen serioaz erregistratzen dutenean) ez zuen inolako parterik izan. Montagu-ko ikasle gizajoei beren «cappette»engatik (hortik zuten izena) ez zien ia inoiz isekarik egiten eta Dormansko bekadunei ere ez beren tontsuragatik eta soingaineko berde-urdin-moreagatik (azurini coloris et bruni, Quatre-Couronnes-ko kardinalaren agiriak dioenez). Jean-de-Beauvais kaleko eskola handi eta txikietara maiz joaten zen ordea. Saint-Pierre de Val-go abadeak zuzenbide kanonikoaren irakurketa hasterakoan ikusten zuen lehen ikaslea, beti Claude Frollo zen. Han egoten zen katedra aurrean Saint-Vendregesile-ko eskolako pilare baten ondoan bere adar-tintontziarekin, luma murtxikatuz, belaun higatuen gainean idatziz eta neguan behatzei putz eginez. Dekretuetan doktore zen musde Miles Islierskoak astelehen goizero Chef-Saint-Denis-ko eskolaren ateak irekitzean arnas estuka ikusten zuen lehen ikaslea Claude Frollo zen. Horiek horrela, hamasei urte zituenean teologia mistikoan elizako guraso batekin, teologia kanonikoan kontziliotako eliz guraso batekin eta teologia eskolastikoan Sorbonako doktore batekin jakinduria neurtzeko moduan zen. Teologia egin ondoren, Dekretuei ekin zien. «Maitre des Sentences»tik «Karlomagnoren kapitularretara» pasa zen. Bere jakin-mina ase ez ezik, dekretalak bata-bestearen ondoren irentsi zituen; Hispalis-ko Teodoro apezpikuarenak, Worms-ko Bouchard apezpikuarenak, Chartres-ko Yves apezpikuarenak. Gero, Karlomagnoren kapitularren ondoren Grazianoren Dekretua eta Gregorio IX.aren bilduma Honorio III.aren epistolaraino. Ondo eta sakon ikasi zituen Erdi Aroko kaosean (Teodoro apezpikuak 618an ireki eta Gregorio aita santuak 1227an itxitako denboraldian) borrokan eta lehian zebiltzan zuzenbide zibila eta zuzenbide kanonikoa. Dekretalenak egin ondoren, medikuntza eta arte liberalak ikasteari ekin zion. Belarren eta ukenduen zientzia aztertu zuen. Sukar eta ubelduratan, zauri eta zorne-zorrotan aditu zen. Jacques Esparskoak mediku fisikari gisa onartuko zukeen eta Rikardo Hellain-ek mediku zirujau gisa ere bai. Artetan lizentziatura, tesi eta doktoregoa egin zituen. Hizkuntzak ere ikasi zituen: latina, grekoa, hebreera, garai hartan inor gutxik bezala. Zientzia bereganatzeko benetako sukarra zeukan. Hamazortzi urterako lau fakultate paseak zituen. Bazirudien gazte harentzat bizitzak helburu bakarra zuela: jakitea, alegia. Garai hartan, 1466 urteko udako bero ikaragarriak zirela eta, Parisko bizkonderritik izurrite beldurgarriak berrogei mila pertsona baino gehiago eraman zituen, tartean Jeoan Troyeskoak dioenez «Arnulfo maisua, erregearen astrologoa, oso gizon on, jakitun eta atsegina» zelarik. Unibertsitatean zabaldu zenez, batez ere Tirechappe kalea zeukan gaitzak hartua. Eta, hain zuzen, beren feudoan hantxe bizi ziren Clauderen gurasoak. Ikasle gaztea aztoratuta joan zen gurasoen etxera. Aita eta ama bezperan hilda zeuden etxeratu zenean. Bizirik zegoen anaia txikia, troxa artean negarrez ari zen sehaskan. Hura zen Claudek zeukan senide bakarra. Umea besoetan hartu eta burumakur atera zen handik. Ordura arte zientzian baizik ez zuen ukitu, baina orduan bizitzaz arduratzen hasi zen. Hondamen hark berebiziko krisia eragin zion Clauderi. Umezurtz, anaia nagusi, hemeretzi urterekin familiaburu bihurturik, bere ikasle-ametsetatik zakarki iratzarrita mundu honetako errealitatearen erdian ikusten zuen bere burua. Orduan, errukituta, lehia eta prestutasun guztiz ume hura (bere anaia) zaintzeaz arduratu zen. Joera bakana eta gozoa, noski, gizakiarenganako maitasun hura, ordura arte liburuetarako zaletasuna besterik ez zuela eduki kontutan hartuz. Hunkimendu hura era berezian garatu zitzaion. Hain arima berri hartan, lehen maitasuna ematen zuen. Oso gutxi ezagututako gurasoengandik gazterik bereizita, bere liburu artean hesituta eta kartzelaratuta, beste ezer baino lehen ikasteaz arduratuta eta zientzian hedatzen zen adimenari bakarrik begiratuta, ikasle gizagaixoak ez zuen artean bere bihotza sentitzeko astirik izan. Gurasorik gabeko anaia txiki hark, bat-batean zerutik besoetara jauzi zitzaion ume hark, berritu egin zuen gizona. Munduan Sorbonako espekulazioez eta Homeroren bertsoez gain beste zerbait bazela sentitu zuen; gizonak sentimena zuela, maitasun eta samurtasunik gabeko bizitza engranaje lehor, zaratatsu eta lazgarria zela, alegia. Premiazkoak odol eta familiako loturak besterik ez zirela eta bizitza betetzeko anaia txikia aski zela pentsatu zuen. Pentsatu bakarrik, zeren ilusioak beste ilusio batzuez ordezkatzen direneko adina baitzuen. Bere Joan txikiarenganako maitasunean murgildu zen, beraz, izaera sakon, sutsu eta isilkoiaren grinaz. Izaki ahul, polit, ilehori, guri eta ilekizkur hark, beste umezurtz baten babesa besterik ez zeukan umezurtz hark, erraietaraino hunkitu zuen. Eta pentsalari sakona izaki, urrikalmendu ikaragarriz Joani buruz gogoetak egiten hasi zen. Oso gauza hauskor eta balio handiko bailitzan, arretaz eta arduraz zaindu zuen. Umearentzat anaia baino gehiago izan zen. Bere ama izan zela ere esan daiteke. Ama hil zitzaionean Joan txikia besoetako umea zenez, Claudek inudea bilatu behar izan zion. Tirechappeko etxeaz gain, bere aitarengandik Gentilly-ko dorre karratuaren menpeko Errota ere jaso zuen oinordetzan. Muino baten gainean kokatutako errota zen; Winchestre-ko (Bicetre-ko) gazteluaren ondoan zegoena. Errotako etxekoandrea bere ume ederra ari zen hazten eta Unibertsitatetik ez zegoen oso urruti. Claudek berak eraman zion Joan txikia. Harez gero, bere gain karga handia hartu zuela eta, bizimoduari oso serio ekin zion. Anaia txikia bere pentsamenduen helburu ez ezik ikasketen helburu ere bihurtu zen. Jaungoikoaren aurrean erantzun beharko zuenez, erabat anaia txikiaren etorkizunari zaintzeari eman zitzaion. Bere anaiaren zorion eta onginahiaz kanpo beste emazte nahiz seme-alabarik ez edukitzea erabaki zuen. Bere erlijio-bokazioari heldu zion, beraz, inoiz baino tinkoago. Bere merezimendu eta ezagumenduek, zuzenean Parisko apezpikuaren menpeko izateak, elizako ateak erabat zabaldu zizkioten. Hogei urte zituela, Sede Santuaren dispentsaz apaiz egin zen, eta Andre Mariako kaperau gazteena izaki, bere esku zegoen meza berandu ematen zelako altare pigrorum zeritzan kapera. Han, bere liburuetan inoiz baino murgilduago eta errotara joateko ordubetez baizik uzten ez zituela, bere adinekoengan hain bakana zen jakinduria eta seriotasunaren nahaste hura zela eta, klaustroko guztien mirespena bereganatu zuen. Klaustrotik bere jakintsu-sona herri xehearengana ere heldu zen, eta orduan ohi bezala, azti-fama ere hartu zuen. Quasimodo egunean eta nabearen alboan koruko aldarearen ondoan eskuinetara Andre Mariarengandik oso hurbil (bere aldarean alferren meza emandakoan) ikusi zituen andere zahar haiek berriketan, kaxako umeen oholtza inguruan. Orduan hurbildu zen hain gorrotatua eta mehatxuz josia zegoen umearengana. Utzita, hain itxuragabetuta eta babesik gabe ikusita, bere anaiaz gogoratuta, bera hiltzen bazen Joan txikia ere miseria gorrian utzitako umeen oholtza hartan egon zitekeela pentsatuta, guzti hori bat-batean bihotzean pilatuta, erabat hunkitu eta haurra jasota eraman egin zuen. Umea zakutik atera zuenean, oso itsusia zela ikusi zuen. Deabrutxo hark ezkerreko begian garatxoa zuen, burua bizkarrari zuzenean lotua, bizkarrezurra kurbatua, bularrezurra irtena eta hankak okerrak. Hala ere bizia zirudien, eta zein hizkuntzatan mintzatzen zen jakitea ezinezkoa bazen ere, bere garrasiak indarraren eta osasun-apur baten adierazgarri ziren. Clauderen errukia areagotu egin zen itsusitasun hura ikusita, eta anaiarenganako zeukan maitasuna medio, bere buruari ume hura heztea agindu zion, haren anaia Joanek eduki zitzakeen hutsak edozein izanda ere, bere ohorez egindako karitatezko obra hura beti alde izan zezan. Egintza onetan bere anaia txikiaren izenean egindako inbertsio moduko bat zen; anaiari aurrez eman nahi zion obra onez osatutako altxor bat, egunen batean mutiko hura txanpon-mota hori gabe suertatzen bazen ere (paradisurako bidaia ordaintzeko onartzen den txanpon-mota bakarra baita). Jasotako umea bataiatu egin zuen eta Quasimodo izena ipini zion, bai aurkitutako egunaren gogoangarri izan zedin, bai izen horretaz haurra osatugabea eta betea ez zela adieraztearren. Izan ere Quasimodo begibakarra, konkorra eta hanka-okerra, gutxi gorabehera baitzen. Parisko Andre Maria |