Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
ABBAS BEATI MARTINI

 

        Dom Cluderen fama oso urrutiraino iritsi zen. Horri esker, Beaujeu anderea ikusteari ezetza eman zion garai bertsuan, denbora luzez gogoratzeko moduko bisita izan zuen.

        Gaua zen. Ofizioak esan ondoren Andre Mariako klaustroko bere gela kanonikora erretiratuta zegoen. Gelak, agian bazterrean proiekzio-hautsez beteta zeudela ziruditen beirazko ontzi batzuk alde batera utzita, misteriotsu eta arrarotik ez zuen ezer. Han-hemenka hormetan esaldiren batzuk zeuden idatzita, baina zientziazko edo deboziozko autore onek esandakoak ziren. Artxidiakonoa hiru ahoko kobrezko argimutil baten argitan eskuizkribuz betetako kutxa handi batean eseri-berria zen. Ukalondoa Honorio Autungoaren De praedestinatione et libero arbitrio liburu handiaren erdian jarrita zeukan eta ekarri berria zuen inprimatutako orri bat (gela hartan inprimaturik zegoen gauza bakarra) sakon aztertzen ari zen. Bere pentsakizunetan murgildurik zegoela, atea jo zuten:

        —Zein da? —oihu egin zuen jakitunak, hezurrak jaten ari den zakurrari enbarazu egiten zaionean bezalakoxe doinu atseginez. Kanpotik ahots batek erantzun zion:

        —Jacques Coictier naiz, zure laguna.

        Atea irekitzera joan zen.

        Erregearen medikua zen, hain zuzen; berrogeita hamar bat urteko pertsona, bere fisionomia gogorra irribarre maltzurraz leuntzen zuelarik. Beste gizon bat zeukan alboan. Biek zeramaten arbel-koloreko soineko luzea, katagorri-larruz hornitua, gerriko eta guzti, buruan kolore eta ehun bereko kapela jantzita. Eskuak mahuketan ezkutatzen zitzaizkien, oinak soineko azpian eta begiak beren kapelapean.

        —Jainkoak lagun nazala, jaunak! —esan zuen artxidiakonoak sartaraziz —Ordu hauetan ez nuen honelako bisita ohoretsurik espero.

        Eta kortesiaz mintzatzen zen bitartean begirada urduri eta arakatzailea medikuarengana eta bere lagunarengana zorrozten zuen.

        —Behin ere ez da berandu dom Claude Frollo Tirechappekoaren mailako jakintsua bisitatzeko —erantzun zion Coictier doktoreak Franche-Comte-ko doinuaz, bere esaldi bakoitza isats-soinekoa bezala maiestatez arrastatuz.

        Orduan mediku eta artxidiakonoaren artean, garai hartan jakintsu arteko elkarrizketan ohikoa zen goresmen-ongietorria egin zuten, nahiz eta gero adeitasun osoz elkar gorrotatu. Egia esan, gaur egun ere berdin gertatzen da, zeren jakitun batek besteari egiten dion konplimendua eztitutako behazun-ontzia besterik ez baita.

        Claude Frollok Jacques Coictier-i emandako zorionetan batez ere mediku famatuak bere karrera bikainean erregearen gaixotasun bakoitzetik lortu zituen abantailak aipatzen zituen, eta sistema haren alkimia filosofoen harria bilatzearena baino hobea zen, alajaina.

        —Benetan, Coictier doktore jauna, asko poztu naiz zure iloba Pierre Verse jauna apezpiku egin dutela jakin dudanean. Amiensko apezpiku egin dute, ezta?

        —Bai, artxidiakono jauna. Zalantzarik gabe gure jainkoaren mesedea izan da.

        —Eguberri egunean oso itxura bikaina zenuen, Kontu-ganbarako konpainiaren buru zinela, lehendakari jauna. —Lehendakariorde, dom Claude. Lehendakariorde besterik ez.

        —Eta nola doa Saint-Andre-des-Arcs kaleko zure egoitza ederra? Louvre dirudi. Gogokoak ditut atean tailatuta dagoen abrikotondoa eta bertako hitz-joko bitxia: A L'ABRICOTIER.

        —Ai, Claude jauna! Obra hori asko kostatzen ari zait. Etxea eraiki ahala dirurik gabe geratzen ari naiz.

        —O! Baina ez al dauzkazu kartzelako errentak, eta Jauregiko auzitegietakoak, eta Cloture-ko etxe, dornu, txabola eta aterpeenak? Biltzeko errape ederra da.

        —Poissy-ko jaurgoak aurten ez dit ezer eman.

        —Baina Triel, Saint-James eta Saint-Germain-en-Laye-ko bidesariak beti dira onak.

        —Hogeita sei libera dira, eta ez paristar libera gainera.

        —Erregearen aholkulari zara, eta hori langintza finkoa da.

        —Bai, lankide Claude, baina hitzetik hortzera dabilen Polignyko jaurgo madarikatu horrek batez beste urtean urrezko hirurogei ezkutu besterik ez dizkit ematen.

        Dom Claudek Jacques Coictierri egiten zizkion konplimenduetan halako kutsu ironikoa zegoen; gizon arrunt baten oparotasunaz maila handiagoko gizon dohakabeak jolasean erabiltzen duen irribarre mingots eta maltzurra. Bestea ordea, ez zen konturatzen.

        —Asko pozten naiz —esan zion azkenean Claudek eskua emanez —hain osasuntsu ikusita.

        —Mila esker, maisu Claude.

        —Eta, zer moduz dago zure erret gaixoa? —galdegin zion Claudek.

        —Medikua ez du behar beste ordaintzen —erantzun zion doktoreak bere lagunari zeharka begiratuz.

        —Hori uste al duzu, lankide Coictier? —esan zion lagunak.

        Harridura eta destaina-apur batez esandako hitz haiek artxidiakonoaren arreta ezezagunarengana bideratu zuten, eta egia esan, gelako ataria zeharkatu zuenez gero arreta hura ez zen une batez ere itzali. Jacques Coictierrek, Luis XLa erregearen mediku ahalguztidunak, mila arrazoi zeuzkan Claudek adeitsu tratatzeko, eta denak behar izan zituen orduan laguntzailearekin horrela har zezan. Ez zion, bada, aurpegi onez begiratu Jacques Coictierrek honakoa esan zionean:

        —Hain zuzen, dom Claude, duzun ospeagatik zu ezagutzea biziki nahi duen lankide bat dakarkizut.

        —Zu ere zientzialari al zara? —galdetu zuen artxidiakonoak bere begi zorrotza Coictierren laguntzailearengan finkatuz. Baina ezezagunaren bekainpean berea bezain begirada zorrotz eta gogorra topatu zuen.

        Lanparak egiten zuen argi motel samarrari esker suma zitekeenez, hirurogeiren bat urteko eta altuera ertaineko agurea zen; itxuraz nahikoa gaixoa eta ajeak joa. Albotik begiratuta oso burges-jitea izan arren, ahaltsu eta garratzetik ere bazuen. Bere begi-niniak bekainpeko sakontasunean kriseiluak kobazuloan bezala egiten zuen distira, eta hegalak altxatuta sudurreraino zetorkion kapelaren azpian, jenioaren kopeta zabala suma zitekeen.

        Berak erantzun zion artxidiakonoaren galderari.

        —Maisu jauna esan zion ahots serioz—. Zure sona nireganaino heldu da eta ezagutu egin nahi zintudan. Jakintsuen etxera sartu baino lehen oinetakoak kentzen dituen probintziako handiki bat besterik ez naiz. Tourangeau dut izena.

        —Izen bitxia, handikiarena izateko! —pentsatu zuen artxidiakonoak. Hala ere, aurrekoa indartsua eta serioa zela iruditzen zitzaion. Bere adimen bizkorraren senak, Touragneau-ren kapelapean gutxienez beste horrenbestekoa zegoela esaten zion. Pertsona serio hura aztertzen zuen bitartean, Jacques Coictierrek aurpegi goibelean sortarazi zion ironiazko irribarre hura ilunabarra gaueko horizontean bezalaxe emeki-emeki ezkutatu egin zen. Kezkati eta isilik, bere besaulki handian eseri zen berriro. Ukalondoak betiko lekua hartu zuen mahai gainean, eta bekokiak esku gainean. Segundo batzuetan pentsatu ondoren, bisitari biei eser zitezen eskatu zien, eta Tourangeau adiskideari honela mintzatu zitzaion:

        —Kontsulta egin nahi didazu, baina zein zientziari buruz?

        —Apaiz agurgarri hori —erantzun zion Tourangeauk—, gaixo nago; oso gaixo. Eskulapio handia omen zara, eta mediku gisa zure aholkuak jaso nahian etorri naiz.

        —Medikuntza! —bota zuen artxidiakonoak buruari eraginez. Une batez bere baitara bildu ondoren, honela erantsi zuen:

        —Tourangeau adiskidea. Zure izena hori denez, jiratu burua. Nire erantzuna horman idatzia ikusiko duzu.

        Tourangeau adiskideak obeditu egin zion eta bere burua baino gorago horman idatzira zegoen hau irakurri zuen: Medikuntza ametsen alaba da —JANBLIKO.

        Jacques Coictierrek ordea, bere lagunaren galdera destainaz entzun zuen, eta berau areagotu egin zitzaion dom Clauderen erantzunaz. Tourangeauren belarrira hurbildu eta honela hitz egin zion, artxidiakonoak ez entzuteko moduan ahopeka:

        —Esan nizun eroa zela. Zuk ikusi egin nahi ordea!

        —Gerta zitekeen ero honek arrazoi izatea, Jacques doktorea! —erantzun zion adiskideak era berean iribarre mingotsez.

        —Nahi duzuna! —bota zion lehor Coictierrek. Eta artxidiakonoarengana jiratuz:

        —Lana bizkor egiten duzu, dom Claude, eta Hipokrates tximinoari urrak baino axola gutxiago dizula garbi ikusten da. Medikuntza ametsa! Botikariak eta medikuak hemen baleude harrika hasiko litzaizkizuke. Beraz, iragazkiek odolean eta ukenduek gorputzean duten eragina ukatu egiten duzu! Lore eta metalez egindako eta mundu deitutako betiko farmazia hori betiko gaixo den eta gizaki deitzen den horrentzat egina dagoela ukatu egiten al duzu?

        —Nik ez dut ez farmazia eta ez gaixorik ukatzen —erantzun zuen lehor dom Claudek—. Nik medikua ukatzen dut.

        —Beraz —eman zion segida Coictierrek—, hezueria ez da barne-herpesa, artilleriako zauria ezin da arratoi erreaz sendatu, edo behar bezala egindako transfusioz odol gazteak ezin ditu bena zaharrak gaztetu. Beraz, bi gehi bi ez dira lau eta enprostotonona ez da opistotonosaren ondoren izaten!

        Artxidiakonoak honela erantzun zion, zirkinik ere egin gabe:

        —Arazo batzuei buruz oso iritzi berezia daukat.

        Coictier haserre bizian jarri zen.

        —Epa, epa! Coictier adiskidea. Ez dago haserretu beharrik —esan zuen Tourangeauk—. Artxidiakonoa gure laguna da.

        Coictier lasaitu egin zen, zurrumurruka honakoa jaulkiz:

        —Nolanahi ere, erotuta dago!

        —Arranopola, maisu Claude —bota zion Tourangeau adiskideak—. Urduri sentitzen naiz. Bi kontsulta egin nahi nizkizuke. Bata nire osasunari buruzkoa da, eta bestea nire izar edo patuari buruzkoa.

        —Jauna —erantzun zion artxidiakonoak—. Horrela pentsatzen baduzu hobe zenukeen nire gelarainoko eskailerak igo ez bazenitu.

        Ez baitut, ez medikuntzan eta ez astrologian sinesten.

        —Egia ote? —bota zuen adiskideak harrituta.

        Coictierri derrigortutako barrea atera zitzaion.

        —Esan dizut zoratuta dagoela —murmuratu zion oso baxu Tourangeauri—. Ez du astrologian sinesten!

        —Nola ulertu —jarraitu zen dom Claude —izar-izpi bakoitza gizaki baten buruari eusten dion haria bezalakoa dela?

        —Zertan sinesten duzu, bada? —oihu egin zion Tourangeau lagunak.

        Artxidiakonoak une batez zalantza egin zuen, eta gero erantzunari kontra egiten zion irribarre ilunaz honakoa bota zion:

        —Credo in Deum.

        —Dominum nostrum —erantsi zion Tourangeauk aitaren eginez.

        —Amen —bukatu zuen Coictierrek.

        —Maisu agurgarria —jarraitu zitzaion laguna bere hariari—. Benetan poz hartzen dut erlijioan hain jator zabiltzala ikusita. Baina hain jakintsu izanik, zientzian ez sinestekoa adinakoa al zara?

        —Ez —esan zuen artxidiakonoak Tourangeauri besotik helduz eta bere begi-nini itzalietan adore-izpi batek distira eginez—. Ez, ez dut zientziarik ukatzen. Horrenbeste denboran kobazuloko galeria ugarietan lurrean, azkazalak lurrean, ez naiz arrastaka ibili neure aurrean, han hondoan, urruti, galeriaren buruan argi bat, gar bat, zerbait ikusi gabe. Zerbait hori, zalantzarik gabe, pairakor eta zuhurrek jainkoa aurkitu duteneko laborategi nagusiko isla distiratsua zen, noski.

        —Azken finean —eten zuen Tourengeauk—, zuk egia eta segurutzat zer daukazu?

        —Alkimia.

        Coictier kexu zen hori entzunda:

        —Arraioa, dom Claude! Alkimiak badu bere arrazoia, baina zergatik medikuntza eta astrologiari birao egin?

        —Deus ez. Gizakiari buruzko zure zientzia deus ere ez da! Zeruari buruzkoa, are eta gutxiago! —esan zion artxidiakonoak nagusitasuna erakutsiz.

        —Hori Epidauro eta Kaldea alde batera uztea da —bota zion medikuak ironiaz.

        —Entzun ongi, maisu Jacques. Asmo onez ari naiz mintzatzen. Ni ez naiz erregearen medikua eta bere maiestateak konstelazioak aztertzeko ez dit Dedalo lorategirik eman. Ez haserretu eta entzun. Erabat eroa den medikuntzatik zein egia atera duzu? Eta astrologiatik? Esadazu bustrofedon bertikalak zein bertute dituen, ziruf zenbakiaren aurkikuntzak eta zefirod zenbakiarenak.

        —Klabikularen indar sinpatikoa eta bertatik eratortzen den kabalistika ukatuko ote duzu? —esan zion Coictierrek.

        —Oker zabiltza, maisu Jacques! Zure formuletako bat bera ere ez dator errealitatearekin bat, baina alkimiak baditu bere aurkikuntzak. Ukatuko al zenituzke ondoko emaitza hauek? Izotza milaka urtetan lurpean zanpatuta, haitz-kristal bihurtzen da. Beruna metal guztien arbasoa da (urrea ez baita metala; argia baizik). Berunak berrehun urteko lau periodo behar ditu berunetik artseniko gorri, artseniko gorritik eztainu eta eztainutik zilar bihurtzeko. Horiek gertaerak dira, baina klabikulan, lerro betean edo izarretan sinestea, Grand-Catay-ko biztanleek bezala urretxoriak sator bihurtzen direla eta gari-aleak arrain ziprinido bihurtzen direla sinestea bezalakoa da.

        —Nik hermetika aztertu dut —oihu egin zuen Coictierrek— eta benetan diotsut...

        Artxidiakono sutsuak ez zion amaitzen utzi.

        —Eta nik, medikuntza, astrologia eta hermetika ikasi ditut. Hemen bakarrik aurkitu dut egia —eta hori zioenean kutxa handiaren gainetik lehen aipatutako hautsez betetako ontzia hartu zuen—. Honek bakarrik egiten du argi! Hipokrates ametsa da, Urania ametsa da, Hermes pentsamendu hutsa da. Urrea eguzkia da, eta urrea egitea Jaungoiko izatea da. Hori da zientzia bakarra. Medikuntza eta astrologia sakon aztertu ditut. Ez dira ezer! Deusik ere ez. Giza gorputza, ilunpea; astroak, ilunpea!

        Eta bere gorputza besaulkira erortzen utzi zuen, nagusitasuna eta argitasuna erakutsiz. Tourangeau adiskidea, isilik, entzuten ari zen. Coictierrek, ironiaz irribarre egiten saiatuz, bizkarrak zertxobait altxa eta honakoa murmuratu zuen:

        —Erotu egin zaio!

        —Eta hasi zen bat-batean Tourangeau—, helburu miresgarria lortu al duzu? Urrerik egin al duzu?

        —Lortu izan banu —erantzun zion artxidiakonoak, pentsatzen ari denaren gisa hitzak poliki ahoskatuz—, Frantziako erregearen izena Luis ez eta Claude litzateke.

        Medikuaren adiskideak bekozkoa jarri zuen.

        —Baina, zer diot? —erantsi zuen dom Claudek destainazko irribarre batez —Zertarako Frantizako tronua, Ekialdeko inperio osoa berregiteko modua izanda?

        —Oso ongi! —esan zion adiskideak.

        —A! Eroa halakoa! —murmuratu zuen Coictierrek.

        Artxidiakonoa, bere pentsamenduei baizik jaramon egin gabe, hariari jarraitu zitzaion:

        —Baina, ez. Oraindik arrastaka ari naiz. Lurpeko bidean neure aurpegi eta eskuetako larruazala urratuz nabil oraindik. Zerbait sumatzen dut, baina ez dut ikusten! Letreiatu egiten dut, baina ezin dut irakurri!

        —Eta irakurtzen duzunean —galdetu zion adiskideak—, urrerik egingo al duzu?

        —Bai, noski! —erantzun zion artxidiakonoak.

        —Horrela izatera, Ama Birjinak badaki diru-premia latza dudala. Beraz, zure liburuak irakurtzen jakin nahi nuke. Esadazu maisu agurgarri. Zure zientzia Andre Mariak gogokoa al du?

        Adiskidearen galdera hari dom Claudek lasai eta harro erantzun zion:

        —Zeren artxidiakono naiz bada?

        —Egia da, maisu. Eta, hasi-masiak irakatsiko al zenizkidake? Zurekin batera letreiatu nahi nuke.

        Claude orduan Samuelen antzeko maiestateaz honela mintzatu zitzaion:

        —Zaharregia zara. Gai misteriotsuetan zehar egin behar den bidaia egiteko zure bizialdiak oraindik igarotzeko dauzkanak baino ordu gehiagoren premia dago. Kobazulotik ileak zurituta ateratzen da, baina ile beltzez sartu behar izaten da. Zientziak badaki berak bakarrik giza aurpegiak zulatzen, ihartzen eta zimurtzen. Zahardadeak eskainitako aurpegi zimelen premiarik ez du. Hala ere, zure adinean apetak emanda diziplina horretan hasi eta jakintsuen alfabetoa ikasi nahi baduzu, zatoz nirekin eta irakasten saiatuko naiz. Oso zaharra zarenez, ez dizut Herodotok aipatu piramideetako hilobietara, Babiloniako adreilu-dorrera edo Eklinga-ko tenpluan dagoen marmol zurizko santutegi ikaragarria ikusteko aginduko. Zure antzera nik ere ez ditut Sikra-ren era sakratuaren arabera egindako eraikin kaldearrak, edo eraitsita dagoen Salomonen tenplua, edo Israelgo erregeen hilobietako lauza hautsiak ikusi. Hermesek idatzita hemen daukagun liburuarekin konformatuko gara. San Kristobalen estatua erakutsiko dizut, eta Semeur-en ikurra, eta Kapera Santuko portadan (batak eskua ontzi batean eta besteak hodei batean duela) dauden bi aingeruena...

        Puntu hartan Jacques Coictierrek, artxidiakonoaren ihardespen sutsuez nahastuta, aurrea hartu eta jakintsu batek besteari zerbait zuzentzen dionean bezalako garaipen-kutsuz honela eten zion:

        —Erras, amici Claudi. Ikurra ez da zenbakia. Orfeo Hermestzat hartzen duzu.

        —Zeu zabiltza oker —erantzun zion artxidiakonoak serio—. Dedalo zimendua da, Orfeo harresia eta Hermes eraikina. Osotasuna da. Nahi duzunean etorri —erantsi zuen Tourangeaurengana jiratuz—. Nikolas Flamelen arrago hondoko urre-pusketak erakutsiko dizkizut eta Gilermo Pariskoaren urrearekin konparatu ahal izango duzu. Peristera hitz grekoaren bertute sekretuak ere azalduko dizkizut. Baina beste ezer baino lehen, bata bestearen ondoren alfabetoko marmolezko letrak irakurraraziko dizkizut; liburuko granitozko orrialdeak. Gilermo apezpikuaren portadatik eta Saint-Jean-le-Rond-ekotik, Kapera Santura joango gara, gero Nikolas Flamelen Marivaulx kaleko etxera, Saint-Innocents-en duen hilobira eta Montmorency kaleko bere bi ospitaleetara. Saint-Gervais-ko ospitalean eta Ferronnerie kalean burdinazko arkupean dauden lau irtenuneak estaltzen dituzten hieroglifoak irakurraraziko dizkizut. Batera letreiatuko ditugu Saint-Come, Sainte-Genevieve-des-Ardents, San Martin, Saint-Jacques-de-la-Boucherie, eta abarretako fatxadak.

        Tourangeau, begirada erne edukiagatik, bazirudien aspaldian dom Clauderi jarraitu ezinik zebilela. Eten egin zion jarduna:

        —Arraioa! Zein liburu dituzu zuk?

        —Hona hemen bat —erantzun zuen artxidiakonoak.

        Eta gelako leihoa irekiz, behatzez Andre Mariako eliza itzela erakutsi zion. Gau izarratuan bere bi dorreen, harrizko saihetsen eta bizkar beldurgarriaren silueta beltza nabarmenduz, hiri erdian eseritako bi buruko esfingea zirudien.

        Artxidiakonoa une batzuetan isilik egon zen eraikin ikaragarriari begira. Gero, hasperen eginez bere esku eskuina mahai gainean irekita zegoen inprimatutako liburura zabaldu zuen eta esku ezkerra Andre Mariako elizara, begirada liburutik elizara triste bideratuz.

        —Hara! —esan zuen—. Honek hura hilko du.

        Liburura korrika hurbildutako Coictierrek, oihu egin zuen:

        —Baina zer? Zer du, bada, honek beldurgarritik? «GLOSSA IN EPISTOLAS D. PAULI. Norimbergx, Antonius Koburger, 1474» dio. Ez du ezer berririk. Sententziatan maisu den Pierre Lombard-en liburua da. Inprimaturik dagoelako al da?

        —Bete-betean asmatu duzu —erantzun zion bere baitan pentsakor, zutik eta behatz erakusle okertua Nuremberg-eko prentsa famatuetatik irtendako orri gainean zuela zegoen Claudek. Gero, hitz misteriotsu hauek erantsi zituen:

        —Ai, ai! Gauza txikiek handiei aurrea hartzen diete. Hortz batek oreari irabazi egiten dio. Niloko arratoiak krokodiloa hiltzen du, ezpatarrainak balea eta liburuak eraikina hilko du!

        Klaustroko erretira-deia, Jacques doktoreak ahopeka bere lagunari betiko leloa errepikatzen ari zitzaionean entzun zen:

        —Erotuta dago!

        Adiskideak oraingoan honela ihardetsi zion:

        —Halaxe dirudi, bai!

        Klaustroan handik aurrera arrotzek egon ezin zutenez, bi bisitariak erretiratu egin ziren.

        —Maisu —esan zion Tourangeau adiskideak artxidiakonoa agurtuz—. Jakintsuak eta izpiritu bikainak aintzakotzat hartzen ditut eta zu ere oso estimatzen zaitut. Zatoz bihar Tournelles-ko jauregira eta Toursko San Martingo abadeaz galde egin ezazu.

        Artxidiakonoa harrituta sartu zen bere gelara. Azkenean jakin zuen Tourangeau adiskidea zer-nolako pertsonaia zen, Toursko San Martingo kartulariko pasarte hau gogora etorri zitzaionez: Abbas beari Martini, SCILICET REX FRANCIAE, est canonicus de consuetudine et habet parvam praebendam quam habet sanctus Venantius et debet sedere in sede thesaurarii.

        Esaten zutenez, harez gero artxidiakonoak maiz hitz egiten zuen Luis XI.arekin, erregea Parisera etortzen zenean. Dom Clauderen famak itzal egiten omen zien Olivier le Daim-enari eta Jacques Coictierrenari, zeinak ohi bezala erregeari gogor egiten baitzion.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997