|
Parisko Andre Maria III. Zurbil eta herrenka entzutegiko aretora itzuli zenean, atsegin-murmurioz hartu zuten gaztea. Entzuleen egonezin-sentimendua ase egin zela esan nahi zuen zurrumurru hark. Teatroan ere berdintsu gertatzen da komediako azken atsedenaldia amaituta oihala altxatuz obraren amaierari ekiten zaionean. Epaileentzat laster afalduko zutela esan nahi zuen. Ahuntza ere pozik ari zen beeka. Bere jabearengana gogoz abiatuko zitekeen, banku bati lotuta egon ez balitz. Ilundu egin zuen eta gaua zen. Lehengo kandelak zeuden eta argi gutxi zerienez aretoko hormak ez ziren ikusten. Iluntasunak objektu guztiak lanbro antzeko batez biltzen zituen. Epaile batzuen aurpegi apatikoak ozta-ozta nabari ziren. Aurrez aurre, areto luzearen beste muturrean, ilunpean nabarmentzen zen zuriune lauso bat ikus zitekeen. Salatua zen. Arrastaka joan zen bere lekuraino. Charmolue berean maisuki eseri ondoren, altxa egin zen eta bere arrakastaz gehiegi harrotu gabe honakoa esan zuen: Atxilotuak dena aitortu du. Neska ijito hori eman zuen segida presidenteak. Aitortu al duzu sorginkerian, prostituzioan eta Febo Chateauperskoa hiltzen ibili zarela? Bihotza estutu egin zitzaion. Ilunpetik bere negar-zotinak entzun ziren. Nahi duzun guztia erantzun zuen ahots ahulez, baina hil nazazue azkar! Elizako arazoetarako erregearen prokuradore jauna. Ganbara zure errekisitoria entzuteko prest dago. Charmolue maisuak koaderno beldurgarria erakutsi zuen eta irakurtzen hasi zen keinu ugari eginez, abokatutzari dagokion tonu arranditsuaz. Latinezko mintzaldia egin zuen, prozesuko froga guztiak Zizeronen perifrasietan oinarrituz eta bere komiko kuttun Plautoren aipamenez hornituz. Damu dugu gure irakurleei zati garrantzitsu hau eskaini ezina. Hizlaria harrigarriro ari zen bere lanean. Bere saioa artean amaitu gabe izan arren, bekokitik izerdiak irteten zion, eta begiak burutik ere bai. Bat-batean, bere esaldi bat erdialdean eten egin zen, eta normalean lasaia eta ergel samarra zuen begirada, ikaragarri bihurtu zen. Jaunak! oihu egin zuen (frantsesez oraingoan, esan zuena koadernoan ez zegoenez gero) Satan arazo honetan hain dago nahastua, ze gure eztabaidetan baitago bere maiestatearen arrastoak erakutsiz. Begiratu horra! Eta horrela mintzatuz, behatzez ahuntz txikia erakutsi zuen, zeinak Charmolue keinuka ikusiz berak ere beste horrenbeste egin zezakeela pentsatu baitzuen. Horregatik, atzeko hanketan eserita, aurreko hankez eta bizarra zerion buruaz, elizako arazoetarako erregearen prokuradoreak egiten zituen keinu patetikoak imitatzen zituen. Gogoratzen bagara, hura zen bere imitazio politenetakoa. Gorabehera hark, froga hark, eragin handia izan zuen. Ahuntzari hankak lotu egin zizkioten eta erregearen prokuradorea bere hitz-jario dotoreari lotu zitzaion. Luzeegia izan arren, hitzaldi bikaina egin zuen. Hona hemen azken esaldia. Charmolue maisuaren ahots latza eta arnas hotsa erantsi behar zaizkio. Ideo, Domini, coram stryga demonstrata, crimine patente, intentione criminis existente, in nomine santa ecclesiae Nostrae Dominae Parisiensis, quae est in saisina habendi omnimodam altam eta bassam justitiam in illa hac intemerata Civitatis insula, tenore praesentium declaramus nos requirere, primo, aliquandam pecuniariam indemnitatem; secundo, amendationem honorabilem ante portalium maximum Nostrae-Dominae, ecclesiae cathedralis; tertio, sententiam in virtute cujus ista stryga cum sua capella, seu in trivio vulgariter dicto la Greve, seu in insula exeunte in fluvio Sequanae, juxta pintara lorategii regalis, executatae sint! Bere boneta ipini eta eseri egin zen. E! hasperen egin zuen Gringoirek nahigabeturik Bassa latinitas! Beltzez jantzitako beste gizon bat zutitu egin zen salatuaren ondoan. Bere abokatua zen. Baraurik zeuden epaileak, marmarka hasi ziren. Abokatu jauna. Labur, mesedez esan zion presidenteak. Presidente jauna erantzun zion abokatuak. Salatuak bere krimena aitortu duenez, hitz bat bakarrik dut esateko. Hona lege salikoaren testu bat: «Sorgin batek gizon bat jaten badu eta aitortzen badu, zortzi mila denari edo urrezko berrehun soseko isuna ordainduko du.» Beraz ganbara honi nire bezeroa isuna ordaintzera baino ez dezala kondena eskatzen diot. Testu hori ez dago indarrean esan zuen erregearen abokatu bereziak. Nego erantzun zion abokatuak. Botazioa egin dadila! esan zuen kontseilarak Krimena garbi dago eta berandu da. Aretotik irten gabe, botoetara jo zen. Epaileek, presa izaki, bonetaz erantzun zuten. Estalitako buruak bata-bestearen ondoren erantzi egin ziren erdi ilunpetan presidenteak ahots ahulez egindako galderaren ondoren. Atxilotua begira ari zitzaien, baina bere begi lausotuak ez zuen ezer ikusten. Gero eskribaua idazten hasi zen eta presidentearen esku pergamino bat utzi zuen. Orduan neska gajoak jendearen mugimendu-hotsa, lantza-hotsa eta ahots latz bat entzun zituen: Neska ijito hori! Gure errege jaunak izendatzen duen egunean, eguerdian, atorra jantzita, oinutsik, lokarria lepoan, gurdi batean Andre Mariako portalera eramango zaituzte. Han bi librako argizarizko kandelaz barkamena eskatuko duzu eta Greveko plazara eramanda urkatu egingo zaituzte hiriko urkamendian. Zure ahuntzari ere horixe egingo diote. Eta Ofizio Santuari urrezko hiru lehoi ordainduko dizkiozu, zeuk aitortuta bezala sorginkerian, magian, likiskerian eta Febo Chateauperskoa jauna hilda egin dituzun krimenen ordainetan. Jaunak gorde dezala zure arima! O! Ametsa izango da! murmuratu zuen ijitoak, esku latz batzuek zeramatela sentitutakoan. Parisko Andre Maria |