Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

III.
FEBOREN EZKONTZA

 

        Egun hartan ilunabarrean, apezpikuaren justiziako ofizialak plazatik artxidiakonoaren gorpu mailatua jasotzera etorri zirenerako, Quasimodo Andre Mariatik desagertu egin zen.

        Esamesa asko izan zen gertaera hartaz. Denek esaten zuten egindako tratuaren arabera, Quasimodok (hau da, deabruak) Claude Frollo (aztia, alegia) eramateko ordua heldu zela. Tximinoek intxaurra jateko azala hausten duten bezala, arima ateratzeko gorputza apurtu zuela pentsatu zuten.

        Horregatik artxidiakonoa ez zuten lur bedeinkatuan hobiratu.

        Luis XI.a hurrengo urtean hil zen; 1483ko abuztuan.

        Pierre Gringoirek berriz, bere ahuntza salbatu eta tragediekin arrakasta handia lortu zuen. Astrologia, filosofia, arkitektura, hermetika eta erokeria guzti horiek probatuta, tragediara itzuli zen, nahiz eta guztietan eroena izan. Berak zioenez, amaiera tragikoa egitea izan zen, hain zuzen. H aren antzezlanen arrakastaz honakoa irakur daiteke ordinarioaren kontu-liburuan: «Joan Marchand eta Pierre Gringoire zurgin eta idazleari, Parisko Chatelet-en mandatari jaunaren sarrera-egunean emateko egin eta osatu dutelako, misterioak eskatu bezala pertsonaiak ordenatuz, jantziz eta prestatuz eta emanaldirako behar ziren zurgintz lan guztiak egin dituztelako; guzti horregatik ehun libera.»

        Febo Chateauperskoak ere amaiera tragikoa izan zuen: ezkondu egin zen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997