|
Parisko Andre Maria V. Bitartean, kaleko zurrumurruen bidez artxidiakonoak ijitoa zein era harrigarrian salbatu zen jakin zuen. Bere baitako sentipenen berririk ez zeukan. Esmeralda hiltzat jotzen zuen eta horrela lasai zegoen, samintasunaren hondo-hondoraino heldu zelako. Giza bihotzak (eta dom Claude gai horietaz gogoeta ugari egina zen) ezin du etsipen-kantitate bat baino gehiago eduki. Belakia erabat bustita dagoenean, gainean itsaso osoa izan arren ez zaio malko bat bera ere erantsiko. Esmeralda hil izan balitz, belakia erabat bustia egongo zitekeen eta dom Clauderentzat mundu honetan esan beharreko guztia esana zegokeen. Bizirik zegoela jakinda ordea (eta Febo ere bizirik egonik), oinazeak, astinaldiak, alternatibak eta bizia, berriz hasiko ziren. Eta Claude guzti hartaz asperturik zegoen. Berria jakin zuenean, klaustroko bere gelara sartu zen. Ez kapitulu-bileretara eta ez elizkizunetara, ez zen agertu. Denentzat itxi zuen atea; baita apezpikuarentzat ere. Aste batzuk eman zituen han barruan inora irten gabe. Gaixo zegoela pentsatu zuten, eta ez zebiltzan oker. Zer egiten zuen han barruan? Zein pentsamendu zerabiltzan dohakabeak? Bere grina beldurgarriarekin borrokan ari al zen? Neskarentzako azken heriotza-plana eta bere buruarentzat galbidea prestatzen ari ote zen? Joan, bere anaia maitea, anaia mainatsua, ateko atarira etorri zitzaion behin. Atea jo, zin egin, erregutu, zein zen hamar bider adierazi, baina Claudek ez zuen ireki. Egunak zeramatzan aurpegia leihoko beirari itsatsita. Klaustroko leiho hartatik, Esmeraldaren gela ikusten zuen. Batzuetan ikusi ere egiten zuen neska, bere ahuntzarekin edo Quasimodorekin. Gor arlotearen buhamearenganako adeitasunaz, menekotasunaz eta tratu finaz konturatzen zen. Oroimen onekoa zenez (eta oroimena da jeloskorren oinaze-bidea), gogoan zuen kanpai-joleak arratsalde batez dantzariarengana zuzendutako begirada. Quasimodo hura salbatzera zerk bultzatu zuen galdetzen zion bere buruari. Ijito eta gorraren arteko milaka xehetasunen lekuko izan zen. Haren keinuak, urrutitik zeukan grinaz begiratuta, samurtasunez beteak iruditzen zitzaizkion. Emakumeen bitxikeriez ez zen fio eta beregan nolabait jeloskortasuna pizten sumatu zuen; gorritzeraino lotsatzen eta haserretzen zuen jeloskortasuna. Kapitaina balitz, gaitz erdi. Baina hau? Pentsamendu hark asaldatu egiten zuen. Gauak beldurgarriak ziren. Buhamea bizi zela zekienez gero, espektro eta hilobiaz egun osoan izandako obsesioa ezkutatu egin zitzaion eta haragia berriro ere eztenka hasia zuen. Ohean bihurritu egiten zen neska beltzarana hain hurbil sentituta. Gauero bere irudimenak Esmeralda odola gehien irakiteko moduan aurkezten zion eldarniotan. Sastakatutako kapitainaren gainean ikusten zuen, begiak itxita eta lepo biluzia Feboren odolez bustita. Edo une atsegin batean, artxidiakonoak haren ezpain zurbilei musu eman eta ia hilik zegoen gajoak sua sentitzen zuen. Torturatzaileen esku basatiez biluztutako irudia, neskaren oin fina torlojozko brotzegian sartzen, zango fin eta biribila, belaun trebe eta zuria, zetozkion burura. Torterue-ren aparatu beldurgarritik kanpo geratutako bolizko belaun hura ikusten zuen. Atorraz jantzita ere ikusten zuen, soka lepoan, sorbalda eta oinak biluzik, ia erabat biluzik, azken egunean bezala. Irudi haragikoi haiek medio, ukabilak estutu eta bizkarrezurra ikaratu egiten zitzaion. Gau haietako batean, irudi haiek bere apaiz-odol birjina irakin-irakin eginda, burukoari horzka egin, ohetik jauzi egin, atorraren gainean eliz atorra jantzi eta eskuan kriseilua zuela, erdi biluzik, txundituta, begiak diz-diz zituela, gelatik atera zen. Klaustroa eta eliza lotzen zituen Ate gorriko giltza non zegoen bazekien eta gainera beti zeraman soinean dorreetarako eskailerako giltza. Parisko Andre Maria |