Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

VI.
ZAZPI BIRAO BOTATA
LOR DAITEKE ONDORIOA

 

        —Te Deum laudamus! —deiadar egin zuen Joanek bere zulotik irtenda —Eskerrak hontza-pare hori joan denari. Och! Och! Hax! pax! max! Arkakusoak! Zakur amorratuak! Deabrua! Leporaino nago horien hizketaz. Burua kanpaia bezala bueltaka dabilkit. Gainera lizundutako gazta. Tira! Goazen behera, har dezagun anaia zaharraren poltsa eta txanpon guzti hauek botila bihur ditzagun!

        Mirespenez eta samurkiro miatu zuen poltsaren barrena, arropak pixka bat atondu, oinetakoak igurtzi, errautsez beteta zeuden bere mahuka gaixoak astindu, txistua jo, jauzi egin, gelan berak hartzeko modukorik ezer ote zegoen begiratu, labe gainetik bitxi gisa Isabeau la Thierrye-ri emateko beirazko kutunen bat edo beste hartu, bere anaiak azken barkamena bailitzan zabalik utzitako atea ireki, azken gaiztakeria bailitzan atea zabalik utzi eta txoria bezala saltoka eskailera kiribilean barrena jaitsi zen.

        Ilunpetan zeuden eskaileren erdialdera, purrustada bota zion zerbaitekin edo norbaitekin behaztopa egin zuen. Quasimodo izan zitekeela pentsatuz, barreari eutsi ezinik jaitsi zen handik behera.

        Oinarekin lurra kolpatu zuen behera heldu zenean.

        —O! Parisko zoru bedeinkatua! —esan zuen —Eskailera madarikatu horrek Jakob-en zurubiko aingeruak ere nekaraziko lituzke! Zer ari ote nintzen pentsatzen zeruraino iristen den harrizko eskailera horretan gora nindoanean! Azken finean gazta-apur bat jateko eta argi-zulotik Parisko kanpandorreak ikusteko besterik ez da izan!

        Pauso batzuk aurrera egin orduko, bi hontza (hau da, dom Claude eta Jacques Charmolue maisua) ikusi zituen atariko eskultura bati begira. Hanka-puntetan joan zen beraiengana eta artxidiakonoa Charmolueri ahopeka honakoa esaten ari zitzaiola nabaritu zuen:

        —Gilermo Pariskoak grabarazi zuen Job lazul-harri horretan eta ertzak urreztatuz. Job filosofoen harrian agertzen da. Harri honek ere bere proba eta martirioa eduki behar du, perfektua izango bada. Raimon Llull-ek dioenez: Sub conservatione forma specificae salva anima.

        —Berdin dio —esan zuen Joanek—, poltsa nik daukat eta.

        Orduan ahots indartsu eta ozena entzun zuen bere atzean biraoka ari zela:

        —Jainkoaren odola! Jainkoaren sabela! Deabrua! Jainkoaren gorputza! Beeltzebub-en zilborra! Aita santua! Errekoño! Mila demonio!

        —Arraioa! —deiadar egin zuen Joanek —Hau nire lagun Febo kapitaina duk.

        Febo hitza artxidiakonoari belarrira, erregearen prokuradoreari kea eta erregearen burua ateratzen zaizkion bainuan isatsa ezkutatzen duen herensugea esplikatzen ari zela heldu zitzaion. Dom Claude ikaratuta, Charmolue txundituta utziz mutu geratu zen. Jiratu eta bere anaia Joan ikusi zuen Gondelaurierkoen jauregiko atarian zegoen itxura oneko ofizial batengana inguratzen.

        Febo Chateauperskoa kapitaina zen, hain zuzen. Bere emaztegaiaren etxe-kantoiaren kontra zegoela, sinesgabeak bezala biraoka ari zen.

        —Arraioa, Febo kapitaina! —esan zion Joanek eskua emanez— Gorrian ari zarenean berebiziko etorria duzu.

        —Arraiopola! —erantzun zion kapitainak.

        —Zu zeu arraio galanta! —erantsi zuen ikasleak —Eta nire kapitain horri nondik datorkio hitz dotoreen jario hori?

        —Barka, Joan adiskidea —deiadar egin zion Febok eskua astinduz —Abiadan datorren zaldia motzean geratzea ez da erraza eta ni arrapaladan ari nintzen madarikatzen. Txolin horien etxetik nator eta ateratzen naizen bakoitzean eztarria madarikazioz betea izaten dut. Kanpora bota behar derrigorrean. Bestela itoko nintzateke, arraiopola!

        —Zerbait edatera etorri nahi al duzu? —galdetu zion ikasleak.

        Proposamen hark kapitaina lasaitu egin zuen.

        —Nahi bai, baina ez dut dirurik.

        —Nik bai, badut.

        —Bai zera! Erakutsi!

        Joanek poltsa kapitainari maiestatez eta xalotasunez erakutsi zion. Bitartean artxidiakonoa, Charmolue txundituta utziz, haiengana hurbildu eta urrats batzuetara geratu egin zen. Biei so zegoen, bikotea poltsari adi-adi begira zegoela konturatu ere egin gabe.

        Febok oihu egin zuen:

        —Zure patrikan poltsa, Joan, ilargia baldean edukitzea bezalaxe da. Ikusi bai, ikusten da, baina hor ez dago. Isla besterik ez da. Alajaina! Baietz harriak izan!

        Joanek lehor erantzun zion:

        —Harri hauekin harriztatzen dut nik patrika.

        Eta berriketa gehiagorik gabe, ondoko harri baten gainera hustu zuen poltsa, aberria salbatzen ari den erromatarra bailitzan.

        —Ene Jaungoikoa! —murmuratu zuen Febok —Sos handiak, txikiak, Toursko binakoak, denari paristarrak, arrano-lauzurikoak! Harrigarria!

        Joan harro eta geldirik zegoen. Lauzuriko batzuk lurrera erori ziren eta kapitaina ber(, berotasunean makurtu egin zen jasotzearren. Joanek ez zion utzi ordea:

        —Kendu, Febo Chateauperskoa kapitaina!

        Febok txanpon guztiak kontatu zituen eta Joanengana maiestatez jiratuta honela mintzatu zitzaion:

        —Ba al dakizu, Joan, hogeita hiru sos paristar daudela! Zein larrutu duzu gaur gauean Coupe-Gueule kalean?

        Joanek, bere ile hori eta kizkurreko buruari atzera eraginez eta destainaz begiak erdi itxiz:

        —Anaia artxidiakonoa eta ergela dut.

        —Mila deabru! —oihu egin zuen Febok —Hara herren jaun ohoretsua!

        —Edan dezagun —esan zion Joanek.

        —Nora joango gara? —galdetu zuen Febok —Pome d'Eve-ra?

        —Ez, kapitaina. Goazen Vielle Science-ra. Heldulekua ebakitzen duen atsoarengana. Hieroglifikoa da. Atsegin dut.

        —Utzi alde batera hieroglifikoak, Joan! Pome d'Eveko ardoa hobea da eta gainera atarian eguzkitan edaten ari naizenean pozten nauen parra dago.

        —Tira! Eba eta bere sagarra hautatuko ditugu —esan zuen ikasleak, eta Febori besotik helduz—. Coupe-Gueule kalea aipatu duzu, kapitaina. Gaizki esana dago. Orain ez gara hain barbaroak. Coupe-Gorge kalea esaten da.

        Bi lagunek Pome d'Eve-rako bidea hartu zuten. Esan beharrik ez dago aurrez dirua bildu zutela eta ondoren artxidiakonoa zihoakiela.

        Artxidiakonoa kopetilun eta zaputz zihoan. Gringoirerekin elkarrizketa izan ondoren pentsamendu guztietan nahastutako Febo hura ote zen? Ez zekien, baina, dena den, Febo deitzen zioten eta hori aski zen artxidiakonoa, otsoaren gisa, bi adiskide axolagabe haien atzetik beren hitzak entzunez eta keinu guztiak adi-adi aztertuz joateko. Gainera haiek ziotenaz jabetzea oso erraza zen. Ozen ari ziren hizketan, ingurukoek entzunagatik batere kezkatu gabe. Desafio, neska, pitxar eta erokeriez ari ziren.

        Kale-kantoi batean, ondoko bidegurutze batetik danbolin-hotsa heldu zitzaien. Dom Claudek ofiziala ikasleari honakoa esaten soinatu zuen:

        —Arraioa! Goazen azkarrago.

        —Zergatik, Febo?

        —Beldur naiz ijitoak ikusiko ote nauen.

        —Zein ijitok?

        —Ahuntza daukan gazte horrek.

        —Esmeraldak?

        —Horrexek, Joan. Beti ahaztu egiten zait izen bihurri hori. Goazen azkarrago. Ezagutu egingo ninduke, eta ez dut neska horrek ni kalean gerarazterik nahi.

        —Ezagutzen al duzu, Febo?

        Une hartan artxidiakonoak Febo barrez ikusi zuen, Joanen belarrira makurtu eta ahopeka hitz batzuk esaten ari zitzaiola. Gero Febok algara egin zuen, buruari garaile-itxuraz eraginez.

        —Benetan? —esan zion Joanek.

        —Benetan!

        —Gaur gauean?

        —Gaur gauean.

        —Seguru al zaude etorriko dela?

        —Erotu al zaizu, Joan? Ez dago zalantzarik.

        —Febo kapitaina, jendarme zoriontsua zara.

        Artxidiakonoak elkarrizketa guzti hura entzun zuen. Hortzak karraska ari zitzaizkion. Begiz ikusteko moduko ikara batek astindu zuen bere gorputza. Une batez geratu egin zen eta izkina batean apoiatu zen, mozkorraren antzera. Gero bi mutil alai haien arrastoari jarraitu zitzaion.

        Berriro ere bikotearengana hurbildu zenerako, berriketa-gaia aldatua zuten. Zein baino zein ozenago kantu zahar hau abesten ari ziren:

 

                Les enfants des Petits-Carreaux

                Se font pendre comme des veaux

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997