Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

V.
QUASIMODO

 

        Amen batean prestatu zuten Coppenolek proposatutakoa burutzeko behar zena. Hiritar, ikasle eta kuriako gizonak lanean hasi ziren. Marmolezko mahaiaren aurrean zegoen kapera txikia aukeratu zuten imintzio-lekurako. Atari gaineko arrosetoi ederrari beira bat hautsi zioten eta harriz inguratutako zirkulua geratu zen. Handik aterako zuten burua lehiakideek. Bertara heltzeko, nahikoa zen ez dakit nondik ekarritako eta elkarren gainean nola edo hala ipinitako bi upelaren goialderaino igotzea. Parte hartzaile bakoitzak, zela gizonezkoa zela emakumezkoa (ama santu aukeratzea ere bai baitzegoen), bere imintzioa eta aurpegia inork aurrez ikus ez zezan burua estalita edukiko zuen kaperan, zuloan erakutsi arte. Laster batean kapera lehiakidez bete ondoren, atea itxi egin zuten.

        Coppenolek bere lekutik dena agintzen, antolatzen eta zuzentzen zuen. Iskanbila hartan, Gringoire bezain harrituta zegoen kardinalak bere lagun-oste guztiarekin alde egin zuen eginkizunak eta bezperak zituelako aitzakian. Jendetzak berriz, etorritakoan biziki asaldatu arren irtetean ez zuen inolako zirrararik sentitu. Gilermo Rym izan zen bere gorentasuna ez egotea nabaritu zuen bakarra. Jendearen arreta, eguzkia bezalaxe bere bideari jarraitzen zitzaion; aretoaren mutur batetik bestera, erdian une batez geldialdia eginda. Marmolezko mahai zein zetazko taulatuarentzako garaia joan zen. Orain Luis XLaren kaperari heldu zitzaion txanda. Edozein erokeria egiteko aukera zegoen. Flandestarrak eta jendaila besterik ez zen ikusten.

        Keinuen ikuskizunari hasiera eman zitzaion. Argizulotik ateratako lehen aurpegiak, bere betazal gorri, ahotzar ireki eta bekokian inperioko husarren botetakoak baino zimur gehiago zituela, algara ikaragarriak eragin zituen. Homero berak ere arlote haiek jainkotzat hartuko zituzkeen. Areto nagusia ordea, ez zen inola ere Olinpoa. Gringoireren Jupiterrek inork baino hobeto zekien hori. Bigarren eta hirugarren keinu-aldia ere ikusi zituzten, eta gero beste bat, eta beste bat, beti ere jendearen barrea eta zoramenezko hanka-hotsa areagotuz. Ikuskizun hark halako zorabio berezia zeukan; mozkortzeko eta liluratzeko ahalmen ezkutua. Zaila da, zinez, gaur egungo eta gure aretoetako irakurleei haien berri ematea. Pentsa aurpegiek elkarren ondoren forma geometriko guztiak (triangelutik trapezioraino eta konotik poliedroraino), giza grina guztiak (haserretik lizunkeriaraino), adin guztiak (jaio berriaren kizkurretatik hilzorian dagoen amonaren zimurretaraino) erakutsi zituztela. Erlijio-mamu guztiak (Basajaunetik Beeltzebuberaino), animali itxura guztiak (ahozabaletik mokoraino, muturretik kokotseraino) ikusi ziren. Demagun Germain Pilonen eskutik irtendako harrizko amesgaizto diren Pont-Neuf-eko maskaroiak hezur eta haragi bihurturik aurrez aurre beren suzko begiekin banan-banan datozkigula edo Veneziako inauterietako mozorro guztiak zure kataloxa aurretik igarotzen ari direla. Hitz batez esanda, giza kaleidoskopioa zen hura.

        Orgia gero eta flandestarragoa zen. Teniers pintatzaileak erdizka baizik ez zukeen hura adieraziko. Pentsa dezagun Salvator Rosaren bataila bakanal hutsean dugula. Han ez zegoen ez ikaslerik, ez enbaxadorerik, ez hiritarrik, ez gizonik, ez emakumerik. Ez zegoen ez Clopin Trouillefou, ez Gilles Lecornu, ez Marie Quatrelivres eta ez Robin Poussepain. Taldeko nasaikerian dena desagertzen zen. Areto nagusia lotsagabekeri eta alaitasun-labe handia besterik ez zen, aho bakoitza oihua, begi bakoitza distira, aurpegi bakoitza keinua eta pertsona bakoitza jarrera berezia izanik. Dena garrasi eta zaunka zen han. Txandaka hortzak karraskatuz arrosetoira zetozenak, su-ontzira botatako suziriak ziren, eta bor-bor zegoen jendetza hartatik labeko lamara bezala eulitzarraren hegoen antzeko zurrumurru garratz, latz, zorrotza igotzen zen.

        —Ai ene! Arraiopola!

        —Begira mutur horri!

        —Ez du ezer balio.

        —Beste bat!

        —Guillemette Maugerepuis, begira zezen-mutur horri! Adarrak besterik ez ditu falta! Ez da, bada, zure senarra izango?

        —Beste bat!

        —Zakurraren putza! Zer keinu da hori?

        —E! Hori tranpa da! Aurpegia erakutsi behar da!

        —Perrette Callebotte demonio hori edozertarako gauza da.

        —Hori, hori!

        —Ito egingo naiz!

        —Begira belarriak pasa ezinda dabilen horri!

        Etab. etab.

        Gure lagun Joanez ez gaitezen ahantz. Anabasa haren erdian bere pilare gainera ontzi-mutila gabiara bezala igota zegoen. Gal-gal zebilen adore izugarriz. Ahoa zabal-zabal eginda, ulertu ezineko garrasia ateratzen zitzaion, baina ulergaitza ez zen jendetzaren zaratak (handia izan arren) itotzen zuelako; soinu altuen entzute-muga (Sauveur-en hamabi mila bibrazioak edo Bioten zortzi mila bibrazioak) gainditzen zituelako baizik.

        Gringoireri dagokionez berriz, hasierako etsipen aldia igaro ondoren suspertu egin zen. Ezbeharrei kontra egitea erabakia zeukan. —Jarraitu! —agindu zien beste behin bere komediante edo hitza zerien makina haiei. Gero, urrats handiz marmolezko mahai aurrean ibiliz, esker gaiztoko jende hari iseka egiteko besterik ez bazen ere kaperako zulotik burua ateratzeko gogoa ematen zion.

        —Baina ez. Guretzat ez da ez gisako eta ez bidezko. Mendekurik ez! Azkeneraino borroka egin dezagun —esaten zuen bere golkorako—. Poesiak herritarrengan eragin handia du eta neureganatuko ditut berriro. Ikusiko dugu, keinuek edo letra ederrek, zeinek irabazten duten.

        Baina tamalez, bera zen bere obraren ikusle bakarra. Lehen baino egoera okerragoan zegoen. Jendearen bizkarra baizik ez zuen ikusten.

        Oker diot, zeren kinka larrian iritzia eskatutako gizon baketsu potoloa teatroari begira baitzegoen. Guisquette eta Lienarda berriz, aspaldi hanka eginak ziren.

        Gringoire hunkituta zegoen bere entzule bakarraren leialtasuna ikusita. Mintzatu nahian hurbildu egin zitzaion, baina besotik tira egin behar izan zion, gizajoa barandaren kontra lo-kuluxka egiten ari zelako.

        —Eskerrik asko, jauna —esan zion Gringoirek.

        —Zer dela eta? —erantzun zion gizon gizenak aharrausika.

        —Konturatzen naiz zarata hau medio ezin duzula gustura entzun, baina lasai, jauna. Zure izena gogoangarria izango da. Zer izen duzu?

        —Renault Chateau, Parisko Chatelet-eko zigilu-zaina. Zure esanetara, jauna.

        —Musen ordezkari bakarra zeu zara, jauna —esan zion Gringoirek.

        —Eskerrik asko, jauna —erantzun zuen Chateleteko zigilu-zainak.

        —Zu zara —erantsi zion Gringoirek— obra behar bezala entzun duen bakarra. Zer iruditu zaizu?

        —Tira! —erantzun zion magistratu lodikoteak artean erdi lo —Nahikoa ona zen.

        Gringoirek horrenbestez konformatu behar izan zuen, zeren txalo-zaparrada ikaragarriak eta zarata izugarriak elkarrizketari amaiera eman baitzioten. Eroen aita santua aukeratua zuten jadanik.

        Hori, hori! —oihu egiten zuen jendeak nonahitik.

        Egia esan, arrosetoian une hartan benetan keinu bikaina zegoen agerian. Orgiaren berotasunaz irudimenean sortutako eredu barregarrienera iritsi gabe argizulotik pentagono, hexagono eta ohi ez bezalako irudiak igaro ondoren, jendetza txunditu zuen keinu bikain hark lortuko zituzkeen behar ziren botoak. Coppenole maisua bera ere txaloka ari zen. Parte hartutako Clopin

        Trouillefouk ere (Jainkoak bestek ez daki haren aurpegia zein itsusia zen) galdutzat eman zuen lehiaketa. Guk ere etsi egingo dugu. Ez gatzaizkio irakurleari tetraedro itxurako sudur hura, zaldi-ferraren antzeko aho hura, garatxo ikaragarriaren atzean erabat ezkutatuta zegoen begi eskuina eta betazal gorri eta iletsuz estalitako ezkerreko begia, gazteluko almenen itxura emanez han-hemenka hautsita zeuzkan hortz pilatuak, elefantearen betortzaren gisa hortz bat ateratzen zitzaioneko ezpain babatsu hura, kokots ebaki hura eta batez ere aurpegi osoan zeukan maltzurkeria, harridura eta tristurazko nahastez osatutako eitea nolakoak ziren adierazten hasiko. Ahal baduzu pentsa ezazu multzo hura zer izan zitekeen.

        Aho batez onetsi zuten. Kaperara joan ziren berehala, eroen zorioneko aita santua garaile gisa atera nahian, baina orduan harridurak eta mirespenak gainak hartu zituzten. Ikusitakoa ez zen keinua; berezko aurpegia baizik.

        Pertsona osoa keinua zela esan daiteke. Ile gorri latz eta nahasiz hornitutako buru handia, bi sorbalden artean konkor ikaragarria (zeinaren eragina bular aldean ere nabarmentzen baitzitzaion), hain era bitxian eratuta zeudelako belaunetan baizik elkar ukitu ezin zuten izter-zangoak (aurretik begiratuta girtenean elkartzen ziren bi igitai ziruditen), oin luzeak eta esku itxuragabeak zituen. Itsusitasun horiez gain ordea, bazuen halako indar, arintasun eta ausardiazko itxura beldurgarria ere. Arauaren salbuespen bitxia zen hura. Izan ere arauak edertasuna zein indarra armoniatik eratorriak direla baitio. Hura zen, dena dela, eroen aita santutzat hautatu zutena.

        Eman behar hautsi eta gaizki konpondutako erraldoia zela!

        Zildope moduko hura kaperako atarian geldirik, mozkote eta ia luze bezain zabal (oinarritik karratu, gizon ospetsu batek esango lukeenez) agertu zenean, zilarrezko txintxarriz jositako bere gainjantzi gorri-moreagatik eta batez ere bere itsusitasunaren perfekzioagatik jendeak berehala ezagutu zuen. Denak batera hasi ziren deiadarka:

        —Quasimodo kanpai-jolea da! Andre Mariako katedraleko korkoxa! Quasimodo begibakarra! Quasimodo hankokerra! Gora! Gora!

        Atera kontu zenbat goitizen zituen aukeran!

        —Kontuz gero emakume haurdunak! —oihu egiten zuten ikasleek.

        —Edo haurdun egon nahi dutenak! —erantsi zuen Joanek.

        Emakumeek aurpegia estaltzen zuten.

        —O! Bilau-tximinoa —zioen andere batek.

        —Itsusi bezain gaiztoa —bota zuen beste batek.

        —Deabrua da —zioen hirugarrenak.

        —Zoritxarrez katedral ondoan bizi naiz eta gauero sumatzen dut teilatu-hodietan dabilela.

        —Katuekin batera.

        —Gure teilatu gainetan da beti.

        —Sorginkeriak sartzen dizkigu tximinietatik.

        —Gau batean argizulora etorri zitzaidan keinuak egitera. Gizonen bat zelakoan, a zer nolako beldurra eman zidan!

        —Seguru nago akelarrera joaten dela. Egun batean erratza ahaztuta utzi zuen gure zorrotenean.

        —Uf! Zein itsusia den korkox horren muturra!

        —Atera kontu arima nolakoa izango duen!

        —Bua!

        Gizonak aldiz, pozez zoratzen txaloka ari ziren.

        Zalaparta hartako erdigune zen Quasimodo, zutik, triste, goibel zegoen kaperako atarian, mirets zezaten.

        Ikasle bat (Robin Poussepain zela uste dut) muturreraino inguratu zitzaion txantxetan. Quasimodok gerritik heldu eta txintik atera gabe jendartera airean hamar urratseko bidean jaurti zuen.

        Coppenole maisua, erabat txundituta, hurbildu egin zitzaion.

        —Ene Jaungoikoa! Egundo ikusi dudan itsusitasun ederrena duk. Bai Parisen eta bai Erroman izan behar lukek aita santu.

        Horrela ari zitzaiola, eskua bizkarrean ipini zion alai antzean. Quasimodok ez zuen zirkinik ere egin. Coppenole bereari jarraitu zitzaion.

        —Pozik bazkalduko nikek hirekin bapo egin arte. Baita hamabi liberakoa kostatzen bazaidak ere. Zer iruditzen zaik?

        Quasimodok ez zion erantzun.

        —Zer arraio! —esan zion galtzerdigileak —Gorra al haiz?

        Gorra zen, noski.

        Hala ere, Coppenoleren portaera medio haserretzen hasia zen. Hortz-karraska izugarriaz beregana jiratu zen bat-batean, eta flandestar erraldoiak atzera egin zuen zakurrak katuaren aurrean bezala.

        Orduan inguruan gutxienez hamar oin geometrikoko erradioan beldur eta errespetuzko zirkulua eratu zen. Emakume zahar batek Coppenoleri Quasimodo gorra zela adierazi zion.

        —Gorra, alajaina! —bota zuen bere flandestar algara handiaz— Aproposa aita santu izateko.

        —Aizu! Nik ezagutzen dut —esan zion Joanek Quasimodo gertuagotik ikustearren azkenean bere kapiteletik eraitsita—. Nire anaia artxidiakonoaren menpe dagoen kanpai-jolea da.

        —Kaixo Quasimodo!

        —Arraio alaena! —esan zuen Robin Poussepainek, artean bere erorketa zela eta guztiz mailaturik —Azaldu eta korkoxa da, oinez hasi eta hankokerra da, zuri begiratu eta betokerra da, berari hitz egin eta gorra da. Zertarako du mingaina Polifemo honek? —Nahi duenean hitz egiten du —argitu zuen emakume zaharrak—. Kanpai-hotsekin gortu da, baina ez da mutu.

        —Beharrik —zioen Joanek.

        —Oraindik begi bat dugu soberan —erantsi zuen Robin Poussepainek.

        —Ez horixe! —esan zuen zuhur Joanek— Begibakarra ez da itsua bezain osatua. Zer falta duen badaki.

        Bitartean, eskale, morroi eta lapurrak ikasleekin batera prozesioan joan ziren kuriaren armairutik kartoizko tiara eta eroen aita santuarentzako sotana irrigarria hartzera.

        Quasimodo geldi-geldirik, otzan eta harro egon zen jantzi zuten bitartean. Gero anda koloretsuen gainean eserarazi eta eroen kofradiako hamabi ofizialek bizkarreratu egin zuten. Orduan, gizon eder, lirain eta prestuen buru guzti haiek bere oin okerren azpian ikusi zituenean, destaina eta sumintasunezko poza loratu zen ziklopearen aurpegi goibelean. Gero prozesio deiadarkari eta zarpailtsu hura abiatu egin zen Jauregi barruko galerietan zehar, hiriko kale eta plazetan ibilaldia egin baino lehen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997