|
Parisko Andre Maria V. Agian irakurlea ez zen ahaztuko gaueko lapur-ilarak sumatu baino lehen Quasimodok, bere kanpandorretik Pariseri begira zegoela, piztuta argi bat besterik ez zuela ikusten. San Antonioko portalearen ondoko eraikin ilun eta handi bateko leiho bat argitzen zuen goi-goian. Eraikin hura Bastille zen, eta argia, Luis XI.aren kandela. Luis XI.ak, hain zuzen, bi egun zeramatzan Parisen. Bi egun geroago joatekoa zen bere Montilz-les-Tours-ko gotorlekura. Bere Paris hiri onera, nekez eta denbora gutxirako etortzen zen. Bazirudien han bere inguruan ez zuela nahikoa tranpa, urkamendi eta arkulari eskoziar topatzen. Egun hartan Bastillen gaua igarotzera etorri zen. Louvren zeukan bost tuasa karratuko gela handia (hamabi animalia lodi eta hamahiru profeta handiz hornitutakoa eta hamaika bider hamabi oineko ohea zeukana), ez zitzaion atsegin. Handitasun haietan galdu egiten zen. Burges on eta errege hark, nahiago zituen Bastilleko gelatxoa eta ohetxoa. Gainera Bastille Louvre baino sendoagoa zen. Presondegi famatu hartan erregeak beretzat zeukan gelatxo hura, nahikoa zabala zen eta dorre nagusiko goiko estaia hartzen zuen. Gela biribila zen, zorua lasto dirdaitsuz eta sabaia eztainu urreztatuzko lis-lorez apaindua zuelarik. Habe tarteak ere kolorez ezkutaturik zituen eta hormak zur aberatsez estaliak zeuzkan, eztainu zurizko nahiz berde argiz pintatutako arrosatxoez josia. Leiho bakarra zuen; letoizko alanbrez eta burdinazko barraz osatutako sareaz babestutako ojiba handia. Errege-erreginen armarriak koloretan zeuzkan bertako beira ilunak, zeinaren plaka bakoitzak hogeita bi sos balio baitzituen. Sarrera bakarra zuen; arkua apaldutako ate moderno bat, barrutik tapizatua eta kanpotik Irlandako zurez egindako arkupea zuela. Oso fin landutako zurgin-lana zen; orain dela ehun eta berrogeita hamar urte egoitza zaharretan egon ohi ziren bezalakoa. Sauval-ek aspertu samarturik dioenez, «Lekua itxuragabetu eta enbarazu egin arren, gure aitona-amonek ez dituzte inola ere kendu nahi eta mantendu egiten dituzte, iritziak iritzi». Ohiko etxebizitzak janzteko altzaririk ez zen han ageri. Ez aulki eta ez aulkitxorik; ez kaxa formako ohikoak eta ez pilare eta kontra-pilareak dituzten launa soseko garestiagoak. Besaulki tolesgarri bat, oso ederra, besterik ez zegoen. Hondo gorrian arrosak pintaturik zituen besaulkiaren zurak eta aker-larru gorrizkoa zuen eserlekua; zetazko zerrendaz apaindua eta urrezko mila iltzez josia. Aulki hura hain bakar egoteak, gela hartan esertzeko eskubidea pertsona batek baino ez zuela adierazten zuen. Aulkiaren ondoan eta leihotik oso gertu, txori-irudizko oihal batez estalitako mahaia zegoen. Mahai gainean idaz-tresnak zeuden, tintaz zikindurik, pergamino batzuk, luma batzuk eta zilar xixelatuzko kopa bat. Urrutixeago, zangoak berotzekoa eta urrezko botoiz apaindutako belus gorriko belaun-aulkia. Azkenik, barrenean, damasko-oihal hori-gorrizko ohe sinple bat; edergarri eta xingolarik gabea. Ohe hura famatua zen, Luis XI.aren loa edo lorik eza jasan zuelako. Duela berrehun urte artean estatu-kontseilari baten etxean ikus zitekeen. Han Pilou andereak aurkitu zuen, zeina Cyrus obran Arricidie eta Moral vivant izenpean famatua baita. Horrelakoa zen, «Frantziako Luis jaunak bere orduak igarotzen ditueneko gordelekua» esaten zioten gela. Irakurlearekin bertara sartu garen unean, oso ilun zegoen. Etxeratzeko deia zuela ordubete egina zen, gaua zen eta argizarizko kandela ahul bakarra baino ez zegoen gelan bildutako bost pertsonaia argitzeko. Kandelak argiztatzen zuen lehena, galtza eta zilarrezko marrak zituen jipoi gorriz bikain jantzita zegoen. Gainean marrazki beltzezko oihal urreztatuz egindako kasaka zeraman. Argia islatzen zuten jantzi dotore haiek, izur guztietan garra islatzen zutela zirudien. Horrela jantzitako pertsonaiak, bularrean bere armarria kolore biziz bordaturik zeraman: «chevron» formakoa, puntan adarzabala atzaparkari zuela. Ezkutuan gainera, eskuinean olibondo-adarra eta ezkerrean adarzabalaren adarrak zituen. Gizon hark gerrian sastakai dotore bat zeraman, zilar urreztatuko girtenak buruko kaskoaren muturra eta konde-koroaren forma zituelarik. Haserre-itxura zeukan, aurpegi harroa eta burua zut. Lehen begiratuan aurpegian handikeria sumatzen zitzaion eta bigarren begiratuan maltzurkeria. Gorputza erdi tolesturik, belaun bat bestearen gainean eta ukondo bat mahai gainean apoiaturik esertzen zeneko besaulkiaren atzean, oso gaizki jantzitako beste pertsonaia bat zegoen zutik, kapelarik gabe, agiri batzuk eskuan zituela. Cordobako larru aberatsaren gainean pentsa dezagun bi hanka oker, artile beltzez gaizki estalitako bi zango mehe, bizkarra fustalezko kapa batean (ilea baino larrua gehiago ageri zuen larrukiz hornituan) bildurik eta guztiari gainak emanez oihal beltz arruntezko kapela koipetsua, inguruan berunezko irudiz hornitutako kordoi biribil eta guzti zeudela. Ileren bat edo beste ozta-ozta kanpoan uzten zuen txano txiki higatuarekin batera, hori besterik ez zitzaion ikusten eseritako pertsonaiari. Burua bularraldera hain makurtua zuenez, itzalpean zegoen aurpegia ez zitzaion ikusten, argi-izpi batek jotzen zion sudur-punta izan ezik. Sudur handia izan behar zuen, inola ere. Bere esku mehe eta zimurragatik, zaharra izan behar zuen. Luis XI.a zen. Haiengandik apartexeago, flandestarren eran jantzita bi gizon ahopeka berriketan ari ziren. Iluntasuna ez zen Gringoireren misterioan izandako inork bi flandestar garrantzitsuenak ez ezagutzeko adinakoa. Gilermo Rym, Ganteko sari-ordaintzaile maltzurra, eta Jacques Coppenole galtzerdigile famatua ziren. Gogoan izango duzue bi gizon hauek Luis XI.aren politika sekretuan nahastuta zeudela. Eta azkenean, barren-barrenean, atetik gertu, ilunpean zutik, estatua bezain geldirik, beso indartsuko gizon sendo bat zegoen jantzi militarrez eta armarriz edertutako kasaka zuela. Aurpegi karratua, bi begi nabarmen, aho ikaragarria eta ile urdin luzeen azpian bi belarriak erdi ezkutaturik zeuzkan. Ia kopetarik gabeko gizon hark, aldi berean zakurretik eta tigretik dezente zuen. Erregea izan ezik, gainerakoek burua hutsik zeukaten. Erregearen ondoan zegoen jauna, txosten luze samar bat irakurtzen ari zitzaion. Erregeak arretaz entzuten zuela zirudien. Bi flandestarrak ahopeka berriketan ari ziren. Jainkoarren! murmuratzen zuen Coppenolek Aspertu naiz zutik egoten. Aulkirik ez al dago hemen, ala? Rym-ek ezezkoa adierazi zion keinu batez, aldi berean irribarre zuhurra eginez. Errekontxo! zioen Coppenolek baxu hitz egin beharraz haserre Lurrean esertzeko gogoa ematen dit, galtzerdigileak bezala hankak gurutzaturik, neure dendan egon ohi naizen moduan. Ez egin horrelakorik, maisu Jacques! Ongi da, maisu Gilermo! Hemen zutik ez bada, ez al dago egoterik? Belauniko egon daiteke esan zion Rymek. Une hartan erregearen ahotsa entzun zen. Biak isildu egin ziren. Morroien jantziak berrogeita hamar sos eta hamabi libera koroako funtzionarioen kapak! Ederra kontua! Xahutu urrea! Erotu al zaizu, Olivier? Eta horrela hizketan ari zela, agureak burua altxatu zuen. Lepoan Saint-Michel-go koilarearen urrezko oskolak ikusten zitzaizkion. Kandelak bete-betean argitzen zuen bere silueta ihar eta goibela. Eskuetatik kendu egin zion papera. Porrot eginaraziko didazu! oihu egin zion bere begi saltonak txostenera bihurtuz Zer da hau? Zertarako behar dugu hain egoitza harrigarria? Bi kaperau hileko hamarna liberatan eta sakristauarentzat ehun sos! Gelazainak laurogeita hamar libera urtean! Lau sukalde-laguntzaileri ehun eta hogeina libera urteko! Sukaldeko saltsa, potaje eta haragi errean adituak, sukaldari-burua eta edarizaina hileko hamarna libera! Bi sukalde-mutil, zortzina libera! Zaldi-mutila eta bere bi laguntzaileak hogeita launa libera hileko! Mandataria, gozogina, okina eta bi itzain, bakoitzak hirurogei libera urtean! Eta ferratzaileak ehun eta hogei libera! Eta altxorzainari mila eta berrehun libera eta ordaintzaileari bostehun! Zer da hau? Itxuragabea da! Gure morroien soldatek Frantzia lur jota uzten dute! Louvreko altxor guztiak urtuko lirateke xahutze horren berotasunaz! Baxerak ere saldu egin beharko ditugu! Eta hurrengo urtean, jainkoa eta Andre Maria lagun (une hartan bere kapela altxatu egin zuen), geure belar-urak eztainuzko potean edan beharko ditugu! Orduan begiak mahai gainean dizdiz zegien zilarrezko kopara bihurtu zituen. Eztula egin eta honela segitu zuen: Maisu Olivier. Jaurgo handietan agintzen duten printzeek, errege edo enperadoreek, beren etxeetan ez dute handikeria eta apainkeriatan ibili behar, probintzian hori ezagutu eta berehala hedatzen delako. Beraz, maisu Olivier, entzun ondo. Gure gastuak urtero gora doaz eta ez zait atsegin. Nola arraio izan daiteke! 79an hogeita hamasei mila liberatik ez zen pasa eta 80an berriz, berrogeita hiru mila seiehun eta hemeretzi libera. Zifrak gogoan ditut. 81ean, hirurogeita sei mila seiehun eta laurogei libera, eta aurten, laurogei mila libera egingo du, alajaina! Lau urtean bikoiztu! Izugarria! Arnasarik gabe geratu zen une batez. Gero, bero-bero eginda honakoa esan zion: Nire bizkarretik gizentzen ari den jendea besterik ez dut ikusten inguruan! Zulo guztietatik ezkutuak ateratzen dizkidazu! Denak isilik zeuden, zeren bere hartan utzi beharreko haserrealdia baitzen. Honela eman zion segida bere jardunari: Frantziako nobleziak latinez egindako eskabidea bezalakoa da. Berriz ere koroaren «karga handiak» direlakoak ezartzeko eskea egiten dute! Kargak dira, noski! Zanpatzen duten kargak! A, jaunak! Dapifero nullo, buticulario nullo errege izatekoak ez omen gara! Ikusiko dute, bada, errege naizen ala ez! Bai horregatik! Une hartan irribarre egin zuen, bere botereaz seguru. Bere umore txarra apur bat bigunduta, flandestarrengana jiratu zen: Konturatzen al zara, Gilermo adiskidea? Okinen buruak, edarizainen buruak, gelazain nagusiak eta seneskal nagusiak ez dute deus balio. Gogoan izan, Coppenole. Ez dute ezer balio. Nire inguruan ezer egin gabe ikusten ditudanean, Jauregiko erloju handiaren inguruan oraintsu Felipe Brille-k konponduta dauden lau ebanjelariak direla iruditzen zaizkit. Urreztatuak daude, baina ez dute ordurik markatzen eta orratzak ez ditu ezertarako behar. Une batez pentsakor geratu zen, eta bere buru zaharra astinduz honela segitu zuen: Ez, ez! Jainkoarren! Ni ez naiz Felipe Brille eta inguruan apainkeriarik ez dut behar. Eduardo erregearen iritzikoa naiz: herria salbatu eta jaunak hil. Segi, Olivier. Aurreko pertsonaiak koadernoa berriz eskuetan hartu eta ozen irakurtzen hasi zen: »... Adan Tenon, Parisko probestutzako zigilu-zainari, zigiluetarako zilarragatik eta zigiluak grabatzeagatik, aurrekoak oso zaharrak zeudelako eta balio ez zutelako berriak egin dira eta. Hamabi libera paristar. «Gilermo Frere-ri, lau libera eta lau sos paristar, Tournellesko jauregian dauden bi usategiak aurtengo urtarril, otsail eta martxoan mantentzen egindako lan eta gastuengatik, horretarako zazpi garagar-karga ipini dituelarik. «Fraide bati, kriminal bat aitortzeagatik, lau sos paristar.» Erregea isilik ari zen entzuten. Noizbehinka eztula entzuten zitzaion. Orduan kopa ezpainetara hurbildu eta zurrut egiten zuen, keinu eginez. »Eta aurten, justiziaren aginduz, Parisko plaza eta bidegurutzeetan turuta joz berrogeita hamasei pregoi egin dira. Oraindik ordaindu gabe daude. «Leku batzuetan, Parisen eta Parisetik kanpora, diru-bila zulatzen aritzeagatik, ezer aurkitu ez bada ere ezkutaturik zeudela uste zelako. Berrogeita bost libera paristar». Ezkutua lurperatu, sos bat lurpetik ateratzeko! esan zuen erregeak. »...Tournelles-ko jauregian, burdinazko kaiola dagoen lekuan, beira zurizko sei panel konpontzeagatik, hamahiru sos. «Erregearen aginduz munstro-egunean haren armarrizko lau ezkutu, inguru guztian arrosazko kapelak dituztela, egin eta ipintzeagatik, sei libera. « Erregearen jipoi zaharrari bi mahuka berri jartzeagatik, hogei sos. « Erregearen botak distirarazteko kaxa bat koipegatik, hamabost denari. « Erregearen zerri beltzentzat korta berria egiteagatik, hogeita hamar libera paristar. «Saint-Paul-go lehoiak edukitzeko trenkada, plaka eta tranpa batzuk egiteagatik, hogeita bi libera.» Pizti garestiak, inola ere! esan zuen Luis XI.ak Ez dio axolarik. Erregearen handitasunaren seinale dira. Oso adeitsua delako lehoi gorri bat gogoko dut. Ikusi al duzu, maisu Gilermo? Printzeek horrelako animalia harrigarriak eduki behar dituzte. Erregeontzat zakurrek lehoi eta katuek tigre izan behar dute. Koroari dena handia dagokio. Jupiterren garai paganoetan, herriak tenpluetan ehun idi eta ehun ardi eskaintzen zituenean, enperadoreek ehun lehoi eta ehun arrano eskaintzen zituzten. Basatia eta oso ederra zen hura. Frantziako erregeek beti izan dituzte horrelako orroak tronuaren inguruan. Hala ere, egia esan, haiek baino diru gutxiago gastatzen dut nik eta haiek adina lehoi, hartz, elefante eta lehoinabar ez daukat. Tira, maisu Olivier. Argibide horiek eman nahi genizkien gure lagun flandestarrei. Gilermo Rym-ek, erreberentzia handia egin zuen, bitartean Coppenolek, bere aurpegi haserrearekin, erregeak aipatutako hartzen antza zuelarik. Erregea ez zen horretaz konturatu ordea. Bere ezpainak kopan busti berriak zituen eta edaria bota egin zuen honakoa esanez: Puaf! Belar-ur nazkagarria! Irakurtzen ari zenak, bere jardunari jarraipena eman zion: »Sei hilabetean lapur-gelan erabakiaren zain preso dagoen oinezko pikaroaren mantenuagatik, sei libera eta lau sos.» Nola liteke? eten zuen erregeak Urkatu behar dena mantendu! Ederra kontua! Sosik ere ez dut emango mantenu horretarako. Olivier. Estoutevilleko jaunarekin ardura zaitez arazo honetaz eta gazte horrek urkamendiarekin duen ezkontza prestatu. Jarraitu. Olivierrek behatz lodiaz marka egin zuen oinezko pikaroa aipatzen zuen atalean eta aurrera egin zuen. »Henriet Cousin Parisko justiziako borreroari hirurogei sos paristar, Parisko probestu jaunak agindu eta finkatutako kopurua, probestu jaun beraren aginduz beren erruengatik kondenatutakoei lepoa mozteko marrauza handi bat erosteagatik, zeinari zorroa eta dagokion gainerakoa ipini behar baitzaio. Era berean marrauza zaharra konpondu eta zorroa egin dio, nabaria denez musde Luis Luxemburgekoari lepoa egitean mailatu zelako Erregeak eten egin zuen: Aski da! Oso pozik ematen dut ontzat kopurua. Gastu hauetan ez naiz merkezurrian ibiltzen. Diru horrek inoiz ez dit penarik eman. Jarraitu. »Kaiola handi bat egiteagatik...» A! esan zuen erregeak bere eskuez aulkiaren besoei helduz Banekien hona Bastillera zerbaitetara etorria nintzela. Itxaron maisu Olivier. Neure begiz ikusi nahi dut kaiola. Nik ikusi bitartean esango didazu zenbat kostatu den. Jaun flandestarrak. Zatozte hau ikustera. Oso bitxia da. Orduan jaiki egin zen, bere ondokoaren besoari helduta. Ate ondoan zutik zegoen mutu antzekoari aurretik joan zedin eta flandestarrei ondoren etor zitezen keinuak eginda, gelatik irten egin zen. Erregearen ostea gordelekuko atarian hazi egin zen, burdinaz jantzitako gizon armatuak eta zuzi-mutil lirainak gehituta. Denboraldi batez joan ziren harresietaraino eskailera eta pasabidez josita zegoen dorre ilunaren barruan. Bastilleko kapitaina zihoan aurrean eta oinez zihoala eztul egiten zuen errege zahar, gaixo eta konkortuaren aurrean ate txikiak irekitzen zituen. Atetxoa irekitzen zuen bakoitzean, buru guztiek, urteen eraginez berez eraitsia zegoen zaharrarena izan ezik, makurtu egin behar izaten zuten. Um! esaten zuen oi artetik (hortzik ez baitzuen) Hilobiko aterako prest gaude. Ate txikiari, oinezko makurtua. Azkenean, sarrailaz josita zegoelako irekitzen ordu-laurden bat igaro ondoren, ojibazko gela handi batera sartu ziren. Zuzien argitan, gelaren erdian, harri, zur eta burdinaz egindako kubo handi bat zegoen. Barrua hutsa zuen. Estatu-presoentzako kaiola horietako bat zen; erregearen alabatxoak izenez ezagutzen ziren horietakoa. Hormetan bizpahiru leihatila zituen, baina burdinazko barrez hain beteak zeudenez, beirak ez ziren ikusi ere egiten. Atea, hilobietan bezala, harlauza handi bat zen. Sartzeko balearrik diren ate horietakoa zen, nahiz eta hemen hildakoa bizirik egon. Erregea, kontuz aztertuz, poliki ibili zen eraikin txiki haren inguruan. Bitartean maisu Olivier ondoren zihoakion zerrenda ozen irakurriz: »Kaiola berri handia egiteagatik, habe sendo, armazoi eta zoruaz, bederatzi oin luze, zortzi oin zabal eta zolatik sabairaino zazpi oin altukoa, arrabotatua eta burdinazko iltze handiz josia, San Antonioko gotorlekuko dorre batean ezarria, zeinetara gure errege jaunaren aginduz lehengo kaiola zahar eta hondatuan zegoen atxilotua sartu baita. Kaiola berri honetan laurogei habe eta berrogeita hamabi zutabe eta zoruan hiru tuasa luzeko hamar ohol erabili dira. Hemeretzi zurgin aritu dira hogei egunez Bastilleko patioan aipatutako egur guztia eskuairatu, landu eta tailatzen... Nahikoa haritz-enbor ona erabili dute esan zuen erregeak ukabilaz zura joz. »... Kaxa honetan segitu zuen besteak burdinazko berrehun eta hogei berno handi, bederatzi eta zortzi oinekoak, gainerakoak tamaina ertainekoak, beren azkoin, zirrindola eta kontra-bandekin, ipini dira. Burdinazko material honek guztira hiru mila zazpiehun eta hogeita hamabost libra pisatu ditu. Halaber burdinazko zortzi eskuaira handi kaiola lotzeko, gako-iltze eta iltzeekin, berrehun eta hamazortzi libra burdina erabiliz, eta horrez gain kaiola ezarri deneko gelan leihoetan burdinsareak ipini dira, gelako atean burdinazko barrak, eta abar...» Burdin pilo ederra da esan zuen erregeak izpiritu arina gordetzeko! »... Guztira hirurehun eta hamazazpi libera, bost sos eta zazpi denari. » Arraioa! oihu egin zuen erregeak. Luis XI.ak gogokoa zuen oihu hura entzundakoan, kaiola barnean norbait esnatu egin zen. Kateak lurrean arrastaka entzun ziren eta hilobitik zetorrela zirudien ahots ahul bat atera zen. Jauna! Jauna! Errukitu! Hizketan ari zena ez zegoen ikusterik. Hirurehun eta hamazazpi libera, bost sos eta zazpi denari! esan zuen Luis VXI.ak. Kaiolaren barrutik irtendako ahots errukarri hark harri eta zur uzi zituen guztiak, Olivier barne. Erregea bakarrik zen han zirudienez entzun gabeko bakarra. Haren aginduz Olivierrek irakurtzeari ekin zion, bere maiestateak batere asaldatu gabe kaiola aztertzen zuen bitartean. »...Halaber, leihoetako burdinsareak ipintzeko zuloak eta kaiola dagoeneko gelan zorua, lehengoa hain kaiola astunari eusteko gauza ez zelako, prestatu dituen igeltseroari, hogeita zazpi libera eta hamalau sos paristar...» Barruko ahotsa aieneka hasi zen berriro: Barkatu, jauna! Angers-ko kardinala izan zen traizio egindakoa, eta ez ni. Zin dagizut. Igeltsero ona da! esan zuen erregeak Jarraitu, Olivier. Olivierrek agindua bete zuen: »... Zurgin bati, leiho, ohe, zulodun aulki eta beste gauza batzuengatik, hogei libera eta bi sos paristar...» Ahotsak ere bere hartan segitzen zuen: A! Jauna! Ez al didazu entzungo? Benetan diotsut Guyenneko jaunari nik ez niola hori idatzi; La Balue kardinalak baizik! Zurgina garestia da adierazi zuen erregeak. Besterik ez? Bada, bai, jauna. «... Beiragile bati, aipatu gelako beirengatik, berrogeita sei sos eta zortzi denari paristar.» Izan nitaz gupida, jauna! Nire ondasunak epaileei, baxera Torcy-ko jaunari, liburutegia Pierre Doriolle maisuari eta tapizak Rossello-ko gobernadoreari ematea ez al da aski? Errugabea naiz. Hamalau urte daramatzat hotzak burdinazko kaiola honetan. Erruki zaitez, jauna! Zeruan izango duzu ordaina. Maisu Olivier? esan zuen erregeak Eta guztira? Hirurehun eta hirurogeita zazpi libera, zortzi sos eta hiru denari paristar. Ene Jaungoikoa! oihu egin zuen erregeak Kaiola iraingarria benetan! Maisu Olivierri eskuetatik zerrenda kendu egin zion eta behatzez bera hasi zen batuketa egiten, batean paperera eta bestean kaiolara begira. Bitartean barruko presoa negar-zotinka ari zen. Ilunpetan hura tristea zen, eta aurpegiek elkarri zurbil begiratzen zioten. Hamalau urte, jauna! 1469ko apirilaz gero hamalau urte egin ditut hemen! Jainkoaren Ama santuaren izenean, jauna! Entzun, arren! Denboraldi guzti horretan zuk eguzkiaren berotasunaz gozatu duzu. Eta nik, dohakabe honek, ez al dut egun-argirik ikusi behar? Arren, jauna! Izan zaitez errukitsu! Bihozberatasuna erregeen bertute ederra da; haserre-bideak hausten dituena. Heriotza-orduan erregearentzat zigorrik gabeko irainik ez uztea kontsolamendu handia dela iruditzen al zaizu? Gainera, jauna, nik ez dizut traiziorik egin. Angers-ko jauna izan zen eta nik daukat hankari katea lodia lotuta, muturrean burdinazko bola astuna duela; astuna bezain bidegabea izan ere. Arren, jauna! Erruki zaitez nitaz! Olivier esan zuen erregeak buruari eraginez. Ikusten dudanez lakari igeltsua hogeina sosetan dago hemen eta hamabi egiten du. Zerrenda berria egin beharko duzu. Eta kaiolari bizkar emanez, gela hartatik irteten hasi zen. Kartzelaratu gaixoak, zerata eta zuziak aldentzen ari zirela eta, erregea bazihoala konturatu zen. Jauna! Jauna! oihu egin zuen etsipenez. Atea itxi egin zen. Ez zuen ezer ikusi. Ez zuen beste ezer entzun, belarrira honako hau kantatzen zion kartzelariaren ahots zakarra izan ezik: Maître jean Balue A perdue la vue De ses évêchés; Monsieur de Verdun N'en a plus pas un; Tous sont dépêchés. Erregea poliki zihoan gora bere gordelekura eta ostea atzetik zihoakion, kondenatuaren azken aiene hunkigarriekin ikaratuta. Bat-batean erregea Bastilleko gobernadorearengana jiratu zen. Aizu! Ba al zegoen inor hor kaiolan? Jakina, jauna! erantzun zion galderaz harrituta. Zein zen? Verdun-go apezpiku jauna. Erregeak hori beste inork baino hobeto zekien, baina horrelako irteerak zituen. A! esan zuen itxuraz xalo eta horretaz lehen aldiz pentsatzen ariko balitz bezala Gilermo Harancourtkoa, La Balue kardinal jaunaren laguna. Demonio ederra apezpiku hori! Handik pixka batera gordelekuko atea ireki egin zen berriz, eta irakurleak kapitulu hasieran ikusitako bost pertsonaiak barruan zirenean itxi ere bai. Bakoitza bere lekura, bere ahots baxuko berriketara eta bere jarrerara itzuli zen. Erregea kanpoan egon zen bitartean, mahai gainean agiri batzuk utzi zituzten. Erregeak berak hautsi zituen lakreak. Berehala hasi zen haiek irakurtzen, orain bata eta segidan bestea. Erregearen ondoan ministro-ofizioa zuela zirudien maisu Olivierri keinu egin zion luma har zezan. Agiriek ziotenaren berririk eman gabe, ahopeka erantzunak esaten hasi zitzaion eta Olivier idazten hasi zen, nahikoa deseroso, mahai aurrean belauniko. Gilermo Rym, begira ari zitzaion. Erregea oso baxu hitz egiten ari zenez, flandestarrek ez zioten ezer ulertzen, noizbehinka zati solteren eta ulergaitzen bat izan ezik. Honako hauek, adibidez: ...Leku oparoak merkataritzarako mantendu eta elkorrak eskulanetarako... Jaun ingelesei gure lau bonbardak erakutsi, Londres, Brabant, Bourg-en-Bresse, Saint-Omer... Artilleria dela eta, orain gerra zentzu handiagoz egiten da... Bressuire-ko jaunari, nire lagunari, ...Armadak ezin dira mantendu zergarik gabe ... Etab. Halako batean, ozen hasi zen: Arraioa! Siziliako erregeak bere gutunak argizari horiz zigilatzen ditu, Frantziako erregeak bezalaxe. Agian akatsa izango da hori onartzea. Borgoniako printzeak, nire lehengusuak, ez zuen armarririk eremu gorrian ematen. Etxeen handitasuna eskubideei oso-osorik eutsita mantentzen da. Idatzi hori, lagun Olivier. Beste batean: O! O! esan zuen Zein mezu luzea! Zer nahi ote du orain gure anaia enperadoreak? Eta begiak gutunari begira zeuzkan, noizbehinka irakurraldia oihuka eteten zuelarik: Jakina! Ez dago sinesterik Alemaniak zein handi eta indartsu diren! Baina ez dugu esaera zaharra ahazten: Konderririk ederrena Flandes da, dukerririk ederrena Milan eta erreinurik ederrena Frantzia. Ez al da hala, jaun flandestarrak? Oraingoan Coppenolek Gilermo Rymekin batera egin zuen erreberentzia; galtzerdigilearen herrizaletasuna lausengatu baitzuen. Azken agiriak bekozkoa ipinarazi zion Luis XLari. Zer da hau? deiadar egin zuen Picardien ditugun goarnizioen kontrako arrangura eta gaitzespenak! Idatzi, Olivier, berehala Rouault-eko mariskalari. Diziplina aldetik zabartzen ari dela, jendarme laguntzaileek, nobleek, arkulariek eta suitzarrek eragozpen ugari sortzen dizkietela hango herritarrei. Soldaduek, nekazarien etxeetako ondasunak harrapatzeaz gain, makilakada eta akuilukadaz bidaltzen dituztela ardoa, arraina eta janariak herritik ekar ditzaten, eta beste gehiegikeria asko ere egiten dituztela. Erregea jakinaren gainean dagoela. Gure herria horrelako eragozpen, lapurreta eta ebaskerietatik gorde egin nahi dugula. Hori dela gure nahia, Ama Birjinagatik! Gainera, morroi, bizargin edo ezkutariak printzeak bezala belus, zeta eta urrezko eraztunez jantzita ibiltzea ez zaigula atsegin. Harrokeria horiek jaungoikoari irain egiten dietela. Guk, noble izan arren, aski izaten dugula Parisko kana hamasei sos balio duen oihalez egindako jipoia. Morroiak ere horretaraino jaitsi daitezkeela. Agindu eta ordenatu. Gure lagun, Rouault-eko jaunari. Ongi da. Gutun hura ozen, irmo eta hitz etenez diktatu zuen. Amaitzen ari zenean, atea ireki eta beste pertsonaia bat sartu zen gelara presaka eta izututa. Jauna! Jauna! Matxinada dago Parisen! Luis XI.aren aurpegi serioa urduri jarri zen, baina sentipen haren arrastoa tximista bezala igaro zen. Bere buruaz nagusitu eta seriotasun patxadatsuz honela hitz egin zuen: Jacques adiskidea. Oso zakar sartu zara! Jauna! Jauna! Matxinada da! errepikatu zuen Jacques adiskideak arnasestuka. Erregeak, zutituta, gogor heldu zion besotik. Haserreari eutsiz eta flandestarrei zeharka begiratuz, berak bakarrik entzuteko moduan belarrira honakoa esan zion: Zaude isilik, edo baxu mintzatu. Etorri berriak laster ulertu zion eta, oso asaldaturik, ahopeka adierazi zion gertatua. Erregeak patxadaz entzuten zion eta bitartean Gilermo Rym-ek Coppenoleri sartu berriaren aurpegi eta arropez hitz egin zion. Larruzko txanoa, caputia fourrata, epitoga laburra, epitogia curta eta belus beltzezko toga zeramatzan. Kontu-auzitegiko presidentea zen. Pertsonaia hark erregeari argibide batzuk eman orduko, Luis XI.a barrez hasi zen. Benetan? Esan ozen, Coictier adiskidea. Zergatik ari zara ahopeka? Andre Mariak badaki guk gure lagun flandestarrei ezkutatzekorik ezer ez dugula. Baina, jauna... Mintza zaitez denok entzuteko moduan! «Coictier adiskidea», harri eta zur, mutututa zegoen. Hitz egin ezazu behingoz! errepikatu zuen erregeak Gure Paris hiri ederrean bilauen matxinada dago, beraz. Bai, jauna. Eta diozunez, justizi jauregiko baile jaunaren kontra doaz. Hala dirudi erantzun zuen totelka adiskideak, erregearen pentsamenduetan hain ustekabean izandako aldaketaz harrituta. Luis XI.ak aurrera segitu zuen: Eta errondakoek non topatu dute jendetza? Grande-Truanderie-tik Pont-aux-Changeurs aldera zihoazen. Neuk ikusi ditut berorren maiestatearen aginduak obedituz hona nentorrenean. Batzuk oihuka ari ziren: «Utikan Parisko bailegoa!» Eta zer dute bailegoaren kontra? A! esan zuen Jacques adiskideak-Beren jauna dela. Besterik ez? Ez, jauna. Mirari Gorteko alprojak dira. Aspalditik dira bailegoaren kexu, haren menpe daudelako. Ez dute onartzen beren epaile eta begiraletzat. Tira, tira! segitu zuen erregeak irribarrea disimulatu ezinik. Parlamentuari egindako eskabide guztietan erantsi zuen Jacques adiskideak, bi nagusi dituztela aitortzen dute: berorren maiestatea eta beren jainkoa; nire ustetan deabrua. Ongi da! esan zuen erregeak. Pozik zegoen eta aurpegia alaitzen zion barne-barreaz ateratzen zitzaion irria. Bozkarioari ezin zion eutsi, horretan ahalegintzen bazen ere. Inork ez zekien zer gertatzen zen. Ezta «maisu Olivierrek» ere. Une batez isilik geratu zen; pentsakor, baina pozik. Asko al dira? galdetu zuen bat-batean. Bai, noski, jauna erantzun zion Jacques adiskideak. Zenbat? Gutxienez sei mila. Eta erregeak: Ongi da! Armaturik al daude? Segak, aiztoak, arkabuzak, pikotxak. Erasorako mota guztietako armak dituzte. Arma-zerrenda hark ez bide zuen erregea kezkatu. Jacques adiskideari, egokia iruditu zitzaion honakoa adieraztea: Maiestate horrek bailegora laguntza bizkor bidaltzen ez badu, harenak egin du. Bidaliko dugu esan zuen erregeak serio-itxuraz Ongi da. Bidaliko diogu laguntza. Baile jauna gure laguna da. Sei mila! Oso ausartak dira. Ausardia mirestekoa da, baina gu oso haserre gaude. Gaur gauean izan ere, oso jende gutxi dugu inguruan. Bihar goizean egingo dugu egin beharrekoa. Jacques adiskideak ihardetsi egin zion: Berehala, jauna! Bailegoa hogei aldiz bipiltzeko astia izango dute. Bailearen emaztea bortxatu eta bailea bera zintzilikatu egingo dute! Jainkoarren, jauna! Bidal beza laguntza berandu baino lehen. Erregeak aurrez aurre begiratu zion. Bihar goizean esan dizut. Erantzunik eman behar ez deneko begirada zen. Isilune baten ondoren, Luis XI.ak ozenago hitz egin zuen. Jacques adiskidea. Zuk jakin behar zenuke. Zein zen?... eta zuzenduz Zein da bailegoaren jurisdikzio feudala? Jauna. Jauregiko bailegoak Calandre kaletik Herberie kaleraino hartzen du, Saint-Michel plaza eta Mureaux izenez ezagutzen diren lekuak, Notre-Dame des Champs-ko elizaren ondoan daudenak (une hartan Luis XI.ak kapelaren punta altxatu zuen). Guztira hamahiruren bat dira, eta Mirari Gortea, eta Banlieu izeneko legendundegia, eta legendundegitik Saint-Jacques-ko portalerainoko kalea. Barruti guzti horietan du aginpidea. Beheko, erdiko eta goi-mailako justizia du bere esku. Jaun eta jabe da. Bai esan zuen eskuinaz ezkerreko belarria arraskatuz. Nire hiriko zati handia da hori! Beraz, baile jauna guzti horretako errege zen! Orduan esandakorik ez zuen zuzendu, eta bere buruari hizketan ari balitzaio bezala, honakoa erantsi zuen: Bapo, baile jauna! Ahoan zenuen gure Parisko pusketa ederra. Bat-batean, eztanda egin zuen: Arraioa! Baina zer uste dute gure etxean nagusi, justizia-buru, jaun eta jabe sentitzen diren hauek? Zer dela eta dituzte gure herritarrentzat nonahi bidesariak, justiziak eta bidegurutze bakoitzean borreroak? Grekoek iturri adina jaungoiko zeudela pentsatzen zuten, eta pertsiarrek izar adina jaungoiko zegoela. Frantsesek berriz, urkamendi adina errege daudela pentsatu behar al dute? Nolabaiteko arazoa da hau eta nahasmendu horrek ez dit onik egiten. Jakin nahi nuke Parisen erregeaz gain beste bidezainak, gure parlamentuaz gain beste justiziak eta inperio honetan gu ez beste enperadoreak Jainkoaren graziaz dauden ala ez! Egunen batean Frantzian errege bakarrak, jaun bakarrak, epaile bakarrak eta borrero bakarrak egon beharko dute, paradisuan jainko bakarra dagoen bezalaxe! Izen hura aipatzean kapela altxatu zuen. Bere ametsetan segitu zuen eta zelatan dagoen ehiztariak bere zakur-taldea botatzen duen moduan: Ongi! Aurrera, nire herri hori! Desegin jaun faltsu horiek! Egin zeure lana. Tira, aurrera! Harrapatu, zintzilikatu, bipildu!... A! Errege izan nahi duzue? Aurrera, herri hori! Aurrera! Une hartan bat-batean eten egin zuen jarduna eta ihesi zihoakion pentsamendua atxikitzeko ezpainari horzka egin zion. Gero, bere begi zorrotzaz inguruan zituen pertsonaiak banaka-banaka aztertu zituen. Berehala kapela bi eskuez hartu zuen, eta aurrez aurre begiratuz, honela esan zion: A! Nire buruan zer dagoen bazeneki, erre egingo zintuzket! Gero, bere begi zoli eta urduriez inguruari begiratuz, gordelekura maltzurki itzultzen den azeriaren antzera honela eman zion jarraipena: Ez dio axolarik! Baile jaunari lagundu egingo diogu. Zoritxarrez tropa gutxi dugu orain hemen jendetza horri aurka egiteko. Bihar arte itxarongo dugu. Cite-n ordenua ezarriko dugu eta harrapatutako edozein errukirik gabe zintzilikatuko dugu. Jauna! adierazi zion Coictier adiskideak Hasierako urduritasuna zela eta, ahaztu egin zait esatea. Errondakoek jendetzan atzeratuta zetozen bi atxilotu egin dituzte. Berorren maiestateak ikusi nahi baditu, hor daude. Ikusi nahi ote ditudan? oihu egin zuen erregeak Arraioa! Horrelakorik ahaztea ere! Zoaz bizkor, Olivier, horien bila! Olivier joan egin zen eta handik gutxira bertan zen bi atxilotuekin, arkulariak inguruan zituztela. Lehenengoak ergel, mozkor eta harrituaren aurpegi biribila zuen. Piltzarrak zeramatzan soinean eta belauna bildurik hanka arrastaka zuela ibiltzen zen. Bigarrenak aurpegi zurbil eta irribarretsua zuen. Irakurleak ezagutzen du, noski. Erregeak biak aztertu zituen hitzik ere esan gabe. Gero, lehenengoari honela mintzatu zitzaion: Zer izen duzu? Gieffroy Pincebourde. Zer ofizio duzu? Litxarreroa naiz. Eta matxinada gaitzesgarri horretan zer egin nahi zenuen? Lapurrak erregeari begiratzen zion, bere besoei ergelaren moduan balantza eraginez. Gaizki egindako buru horietakoa zen eta bertan adimena sugarra itzalgailuaren azpian bezain deseroso zegoen. Ez dakit esan zuen. Denak zihoazen eta ni ere bai. Ez al zineten baile jaunari eraso eta jauregia bipiltzekoak? Badakit norbaiten etxean zerbait hartzekoak ginela. Hortik aurrera ez dakit ezer. Soldadu batek erregeari lapurrari kendutako aihen-moztekoa erakutsi zion. Zure arma al da hau? galdetu zion erregeak. Bai nire aihen-moztekoa da. Mahastizaina naiz. Ondoko hau zure laguna al da? galdegin zion berriz Luis XI.ak beste atxilotua seinalatuz. Ez. Ez dut ezagutzen. Aski da esan zuen erregeak. Eta irakurleari lehen deskribatuta bezala ate ondoan geldirik eta isilik zegoen pertsonari keinu bat eginda, honela esan zion: Tristan adiskidea. Hona hemen gizon hau zuretzat. Tristan l'Hermite makurtu egin zen. Bi arkulariri ahopeka agindua eman eta litxarrero gizajoa eraman egin zuten. Bitartean erregea bigarren atxilotuarengana hurbildu zen, zeina izerdi patsetan baitzegoen. Zure izena? Pierre Gringoire, jauna. Ogibidea? Filosofoa, jauna. Nola ausartu zara, alproja hori, jauregiko gure lagun baile jaunaren kontra joatera? Eta jendearen matxinada horretaz zer duzu esatekorik? Jauna. Ni ez nengoen han. Hara bestea! Errondakoek ez al zaituzte matxinatuekin zindoazela atxilotu? Ez jauna. Oker bat izan da. Patua. Nik tragediak egiten ditut. Jauna. Entzun nazazu, arren. Ni poeta naiz. Lanbide honetako jendeak geure tristura gauez kaleetan zehar eramaten dugu. Gaur gauean ni oinez nindoan han. Halabehar hutsa izan da. Behar ezta atxilotu naute. Herritarren ekaitz horretan nik ez dut errurik. Maiestate horrek ikusi duenez, litxarreroak ez nau ezagutu. Maiestateari egingo nioke... Zaude isilik! agindu zion erregeak belar-uretik zurrut egin bitartean Burua nahastu egiten didazu. Tristan l'Hermite aurrera etorri zen, eta behatzaz Gringoire seinalatuz: Jauna. Hau ere zintzilika al dezaket? Haiek ziren ahoskatu zituen lehen hitzak. Ba! esan zuen asperturik erregeak Ez dut eragozpenik ikusten. Nik asko ikusten ditut bada! erantsi zuen Gringoirek. Gure filosofoa une hartan oliba baino berdeago zegoen. Erregearen aurpegi hotz eta axolagabea ikusita, irtenbide bakarra eszena patetikoren bat izan zitekeela konturatu zen. Horregatik, Luis XI.aren oinetara makurtu zen eta etsipenezko keinuak eginez honela zioen deiadarka: Jaun hori! Entzun beza berorren maiestateak. Ni hain ezdeusa izanda, ez bedi haserretu. Jaungoikoaren tximista handia ez da inoiz letxugaren gainera erortzen. Jauna. Berori oso errege ahaltsu eta handia da. Izan beza errukia gizon gaixo eta zintzo honetaz, matxinadak piztea izotz-kozkorrak txinpartak ateratzea baino ezinagoa du eta! Maiestate handi hori. Bihozberatasuna lehoi eta erregeen bertutea da. Hara! Gogortasunak izpiritua haserrarazi besterik ez du egiten. Ipar-haizearen bolada zakarrek ez dute ibiltariaren kapa kentzerik lortuko, baina eguzkiak, bere izpiak igorriz, emeki-emeki berotu egingo du mahuka hutsik geratzen den arte. Maiestate hori. Berori eguzkia da. Berriz diot berorren aurrean. Ni ez naiz litxarrero, lapur eta txarraposo horietakoa. Matxinadak eta ebaskeriak ez dira Apolo-ren lagun. Ni ez naiz zalaparta eta matxinadak sortzen dituzten talde horietakoa. Ni berorren maiestatearen basailu leiala naiz. Senarrak bere emaztearen ondraz erakutsi behar duen arreta, semeak bere aitarenganako eduki behar duen maitasuna, basailu onak ere izan behar ditu bere erregearen ohorerako. Bere buruari uko egin behar dio erregearen etxearen onerako, zerbitzuak eskuzabal eskainiz. Beste edozein grinak menperatzea erokeria litzateke. Hori da, maiestatea, nire jokabidea. Nire arropak ukondo aldean urratuta ikusiz ez beza matxinatu eta lapurra naizenik pentsa. Grazia egiten badit, jauna, gau eta egun arituko naiz belauniko jaungoikoari zure alde erreguka! Ai! Ez naiz oso aberatsa. Egia da. Pobre samarra naiz, bai, baina ez gaiztakeriari emana. Pobre izatea ez da nire errua. Denek dakite letra ederren bidez ez dela aberasten eta liburu onak irakurtzeko joera handiena dutenek neguan beti ez dutela su eder bat alboan izaten. Abokatutzak hartzen ditu beretzat irabazi guztiak, gainerako zientzi lanbide guztiei lastoa besterik uzten ez diolarik. Berrogeita hiru atsotitz bikain daude filosofoen kapa zulatuaz. O, jauna! Bihozberatasuna da arima handiaren barnea argi dezakeen kriseilu bakarra. Bihozberatasuna da beste bertute guztiei aurrea hartzen diena. Hori gabe, haztamuka jainko-bila dabiltzan itsuen pareko lirateke. Errukitsu izateak, bihozbera izatea adinakoa denez, maitasuna sortzen du jendearengan eta hori da, zalantzarik gabe, printze-zaindaririk onena. Zer axola dio berorri jauna, denek txundituta begiratzen dioten maiestate horri, mundu honetan gizajo bat gehiago egoteak? Filosofo gaixo errugabea litzateke, kalamitatearen ilunpetan blai legokeena, patrikera hutsak urdail hutsean oihartzun egiten diola. Gainera, jauna, ni idazlea naiz eta errege handiek koroari perla bat gehiago eransten diete letrak babestuta. Herkulesek ez zuen Musageta titulua albora utzi. Matias Corvin-ek Joan Monroyalgoari lagundu zion; matematikari bikainari. Letrak babesteko ez dirudi literatoak zintzilikatzea bide egokia denik. A zer nolako akatsa, Alexandrok Aristotele urkatu izan balu! Orbain hori ez zitekeen bere famaren aurpegia edertzeko oreina izango; itsusteko ultzera gaiztoa baizik. Jauna! Flandesko andereñoarentzat eta delfin jaun agurgarriarentzat oso eztei-kantu egokia dut prestaturik. Beraz, jendea matxinatzen dabilenaren lana ez da. Maiestate horrek ikusiko duenez, ez naiz erdipurdiko idazlea. Gogotik ikasia naiz eta berez mintzo ederrekoa gainera. Barkatu, jauna! Horrela Andre Mariarentzat ere ekintza adeitsua izango da. Gainera, zin degiot urkatzeak erabat izutzen nauela! Horrela hitz egiten ari zela, Gringoire gaixoak erregearen oinetako txapinei muin ematen zien, eta Gilermo Rymek honela zioen ahopeka Coppenoleri: Hor lurrean arrastaka ibiltzea mesederako du. Erregeak Kretako Jupiter bezalakoak dira. Belarriak oinetan baino ez dituzte. Eta Kretako Jupiterrez arduratu gabe, galtzerdigileak irribarre handiaz erantzun zion, begiak Gringoirerengan finko zituela: O! Bikain dago! Hugonet kantzelaria barkamen-eske ari zaidala dirudi. Gringoirek bere jardunari amaiera eman zionean, arnasestuka ari zen. Ikaratuta burua altxatu egin zuen erregearengana, zeina galtzetan belaun parean zeukan orban bati hazka ari baitzitzaion. Gero bere maiestatea belar-uretik apur bat zurrupatzen hasi zen, baina ez zuen txintik ere esaten eta isiltasun hark oso oinazetzen zuen Gringoire. Azkenean erregeak begiratu egin zion: Hona hemen berritsu jasanezina! esan zuen. Gero, Tristan l'Hermiterengana jiratuta: Ba! Utz ezazu! Gringoire lurrean eserita geratu zen, pozaren pozez. Libre! marmar egin zuen Tristanek Berorren maiestateak ez al du hau kaiolan denboraldi batez edukitzerik nahi? Adiskidea esan zuen Luis XI.ak. Hirurehun eta hirurogeita zazpi libera, zortzi sos eta lau denari kostatutako kaiolak hau bezalako txorientzat egiten ditugula uste al duzu? Askatu lizun hori (Luis XI.ak hitz hori atsegin zuen eta Arraioa oihu-hitzarekin batera bere barne-pozaren adierazgarri ziren) eta ostikoz jota bota hemendik! Ufl esan zuen Gringoirek Benetan errege handia da hau! Eta agindua aldatuko zen beldurrez, atera joan zen berehala, zeina Tristanek gogoz kontra ireki baitzion. Soldaduek ere irten zuten, atxilotua aurrean kolpeka eta bultzaka zeramatela, baina Gringoirek benetako estoikoen filosofiaz jasan zituen haiek denak. Bailegoaren kontrako altxamenduaren berri eman ziotenez gero, erregearen umore ona bere ekintza guztietan agertzen zen. Barkamen hura ez zen, ez, seinalerik txarrena. Tristan l'Hermite, bere txokoan zegoen bekozkoaz, zerbait ikusi eta bereganatu ez duen zezen-txakurraren antzera. Erregea bitartean, bere behatzez Pont-Audemer-ko martxa aulkiaren besoan markatzen ari zen pozik. Printze maltzurra zen, baina bere penak pozak baino hobeto ezkutatzen zekiena. Berri onak zeudenean bere pozaren adierazgarriak batzuetan benetan ikusgarriak izaten ziren. Karlos Izukaitza hil zenean, adibidez, San Martin Tourskoari zilarrezko balaustradak eskaini zizkion, eta tronora igo zenean bere aitaren hiletaz arduratzea ahaztu egin zitzaion. Eta, jauna! oihu egin zuen bat-batean Jacques Coictierrek Berorren maiestateak gaitzak txarraldia zuela eta deitu nau. Zertan da gaixotasun hori? O! esan zion erregeak Oinaze handiak ditut, adiskidea. Belarria ziztuka daukat eta bularrean suzko eskuareen antzekoak dabilzkit. Coictierrek erregeari eskua hartu zion eta aditu-aurpegia ipiniz pultsuaren bila hasi zen. Begira, Coppenole zioen Rymek ahopeka. Horra hor Coictier eta Tristan. Hori besterik ez da bere Gortea. Medikua beretzat eta borreroa besteentzat. Erregearen pultsua hartzen ari zela, Coictierrek gero eta kezka-aurpegi handiagoa zuen. Luis XI.ak urduri samar begiratzen zion. Coictier nabarmen ari zen tristatzen. Gizon jator haren irabazpide bakarra erregeak osasun txarra edukitzea zen. Ahalik eta ongien ustiatzen zuen bizibide hura. O! O! esan zuen azkenean Honek larria dirudi, inola ere! Halaxe da, ezta? esan zuen erregeak urduri. Pulsus creber, anhelans, crepitans, irregularis erantsi zuen medikuak. Arraioa! Honek hiru egunetan gizon batenak egin ditzake. Andre Maria! oihu egin zuen erregeak Eta sendabidea, adiskidea? Horretan ari naiz, jauna. Luis XI.ari mihia aterarazi zion. Buruari eragin, keinu egin eta milikeria guzti haien artean: Entzun dudanez, jauna esan zion zerga-bilketarako lanposturen bat ba omen da, eta nik iloba bat badut. Zure ilobarentzat lanpostua, Jacques adiskidea erantzun zion erregeak, baina kendu iezadazu su hau bularretik. Eta gaur hain eskuzabal zaudenez, jauna segitu zuen medikuak, Saint-Andre-des-Arcs kalean egiten ari naizen etxerako laguntzaren bat ez al zenidake emango? Tira ba! esan zuen erregeak. Oraintxe ia dirurik gabe nago erantsi zuen doktoreak eta lastima litzateke etxea teilaturik gabe uztea. Ez etxeagatik, oso sinplea eta burgesa delako; hormak apaintzen dituzten Joan Fourbault-en koadroengatik baizik. Hegan ari den Dianaren bat dago. Bere xalo-aurpegiarekin hain da ederra, samurra eta fina! Burua ongi orraztua du, koroatzat ilgora duela. Haragia hain zuria duenez, arretaz begira ari zaizkienei tentazioa pizten die. Zeres bat ere badago. Hura ere oso jainkosa ederra da. Azao batzuen gainean eserita dago eta terebuza nahiz galburuz osatutako lore-uztai bat du buruan. Haren begiak baino maiteminduagorik, haren zangoak baino biribilduagorik, haren itxura baino nobleagorik edo haren gonako izurrak baino dotoreagorik ez da. Inongo pintzelez sortutako edertasun xalo eta perfektuenetakoa da. Borreroa! murmuratu zuen Luis XI.ak Zer nahi duzu? Pintura horiek estaltzeko teilatua behar dut, jauna. Berez ez da asko kostako, baina dirurik gabe nago. Zenbat balio du zure teilatu horrek? Ba... kobrezkoa litzateke; apaindua eta urreztatua. Gehienez bi mila libera. E! Hiltzaile hori! deiadar egin zuen erregeak Diamantea baino gutxiago balio duen hortzik ez dit ateratzen. Beraz, izango al dut neure teilatua? galdetu zuen Coictierrek. Bai! Eta zoaz infernura, baina senda nazazu. Jacques Coictier makurtu egin zen eta honakoa esan zion: Jauna. Txaplata batek salbatuko zaitu. Giltzurrunetan ipiniko dizut babesle handia; ezko, Armeniako bolo, arrautza-zuringo, olio eta ozpinez egina. Zeure belar-ura hartzen ere segituko duzu eta utzi dena nire gain. Piztuta dagoen kandelak ez du eltxo bakar bat erakartzen. Olivier maisua erregea eskuzabal ikusita, une aproposa zela iritzita, inguratu egin zitzaion: Jauna... Zer dugu orain? galdegin zion Luis XI.ak. Jauna. Badakizu Simon Radin maisua hil egin dela. Eta? Altxor-justiziarako erregearen kontseilari zen. Eta? Haren lekua hutsik dago. Horrela hizketan ari zenean, Olivier maisuak bere itxura harroaren ordez apalagoa zeukan. Hori da gortegizonaren aurpegiak daukan ordezko bakarra. Erregeak aurrez aurre begiratu eta honela hitz egin zion lehor: Ulertzen dut. Eta ondoko jarraipena eman zion: Maisu Olivier. Boucicaut-eko mariskalak honakoa esan ohi zuen: Erregearen dohaintzak baino ez daude, eta arrantzarako itsasoa baino ez. Konturatu naiz zu ere Boucicauteko mariskalaren iritzikoa zarela. Baina entzun hau ere, oroimen onekoak gara-eta. 68an gure gelako morroi egin zintugun. 69an Saint-Cloud-eko zubiko gazteluzain, ehun libera tourstarreko soldataz (zuk libera paristarrak nahi zenituen). 73ko azaroan, Gergeole-ri emandako aurkezpen-gutunen bidez, Vincennes-ko basozain izendatu zintugun, Gilbert Acle ezkutariaren ordez. 75ean Rouvray-lez-Saint-Cloud-eko oihaneko ofizial-buru, Jacques Le Maire-ren ordez. 78an lakre berdezko zinta bikoitzean zigilatutako erret agiriaren bidez, hamar libera paristarreko errenta eman genizun, zuretzat eta zeure emaztearentzat, Saint-Germain-go eskolako plazan ezartzen diren merkatariengandik jasota. 79an, Senart-eko oihaneko ofizial-buru egin zintugun, Joan Daiz gaixoaren ordez. Gero Loches-ko gazteluko kapitain, gero Saint-Quentin-go gobernadore, gero Meulan-go zubiko kapitain, han zuk zeure burua kondetzat zenuela. Jaiegunetan lan egiten duen edozein bizarginek ordaindutako bost soseko isunetik hiru zuretzat dira eta gainerakoa guretzat. Zure Le Mauvais deitura, nahiz eta zure itxurari oso ongi egokitu, aldatzea onartu genuen. 74an, gure nobleak haserre izan arren, mila koloretako armarria eman genizun eta orain bularra paumaren antzekoa duzu. Arraioa! Oraindik ez al duzu aski? Egindako arrantza ez al da nahikoa ederra eta ugaria? Ez al duzu uste izokin bat gehiagok ontzia iraul dezakeenik? Harrokeriak galdu egingo zaitu, adiskidea. Harrokeriak ondoan ohi ditu hondamena eta lotsa. Azter ezazu esandakoa eta isil zaitez. Zorrotz esandako hitz haiek, ozartasuna itzularazi zuten Olivier maisuaren aurpegi sumindura. Tira! murmuratu zuen ia entzuteko moduan Bistan da erregea gaur gaixo dagoela. Dena medikuarentzat du. Luis XI.a ez zen lotsagabekeria haregatik haserretu eta gozo antzean honakoa erantsi zuen: A! Ahaztu egin zait, baina Maria anderearengan Gante-ko enbaxadore ere egin zintugun. Bai, jaunak esan zuen erregeak flandestarrengana jiratuta. Enbaxadore izan da. Beraz, adiskidea segitu zuen Olivierrengana berriro itzulita, ez gaitezen haserretu, lagun zaharrak gara eta. Begira. Oso berandu da. Gaurko lanak amaitu ditugu. Bizarra moztu, beraz. Gure irakurleek honez gero igarriko zuten Olivier maisua Figaro beldurgarria zela; hain dramagile bikaina den zoriak Luis XI.aren komedia odoltsu eta luzean hain artistikoki nahastu duen bizargina, alegia. Hemen ez gara pertsonaia aparta honen gorabeherak adierazten hasiko, baina erregearen bizarginak hiru izen zituen. Gortean kortesiaz Olivier le Daim deitzen zioten. Herriak berriz, Olivier Deabrua eta bere benetako izena Olivier le Mauvais zen. Olivier le Mauvais, beraz, geldirik geratu zen, erregearekin haserre eta Jacques Coictierri zeharka begira. Bai, bai. Medikua zioen marmarka. Ba, bai baieztatu zuen Luis XI.ak onez onean. Medikuak zuk baino ospe handiagoa du. Ulertzen oso erraza da. Horrek nire gorputz osoari hel diezaioke eta zuk kokotsari besterik ez. Tira, nire bizargin gaixo hori. Ikusiko dugu nola konpontzen dugun. Zer esango zenuke eta zer egingo zenuke Txilperiko erregeak bezala bizarrari heltzeko ohitura banu? Tira, adiskidea. Ekin zeure lanari eta kendu bizarra. Zoaz behar dituzun tresnen bila. Olivierrek erregeak gauzak txantxetan hartu zituela eta hura haserretzeko modurik ez zegoela ikusita, marmarka atera zen agindua betetzearren. Erregea jaiki eta leihora hurbildu zen orduan, eta ireki zuenean bat-batean asaldaturik honela mintzatu zen: A! Bai! Hara hor gorritasun hori zeruan Cite-ko parean. Bailegoa erretzen ariko dira. Horixe izango da. A! Nire herri maitea! Zein ongi laguntzen didazun jaunak hondatzen! Orduan flandestarrengana jiratu zen: Zatozte, jaunak. Hango argitasun hura ez al da sua? Su handia da baieztatu zuen Gilermo Rymek. O! erantsi zuen Coppenolek, bat-batean begiak dizdiz jarrita Hymbercourt-eko jaunaren etxea erre zenekoa gogorarazten dit honek. Istilu handiak daude han, antza. Hori iruditzen al zaizu, Coppenole? eta Luis XI.aren begirada ia galtzerdigilearena bezain alaia zen. Eraso horri eustea zaila izango da, ezta? Jainkoarren, jauna! Borroka horretan gerrarako konpainia batzuk erabili beharko dituzu! A! Nik? Hori beste upeleko sagardoa da erantzun zion erregeak. Nik nahiko banu!... Galtzerdigileak ausart erantzun zion: Matxinada hori nik uste dudana bada, nahi izate hutsa ez duzu asid izango, jauna! Adiskidea erantzun zion Luis XI.ak. Nire agindupeko bi konpainiarekin eta kanoizko botaldi batekin jendaila horrenak egingo genituzke. Galtzerdigileak ordea, Gilermo Rymek bestelako keinuak egin arren, erregeari aurre egiteko prest zirudien. Jauna. Suitzarrak ere bilauak ziren eta Borgoniako dukea jendaila hari destainaz begiratzen zion noblea. Grandson-go batailan, jauna, honela zioen deiadarka: «Kanoilariak! Bota bilau horiei!», san Jorgeri dei eginez. Baina Scharnachtal magistratuak duke ederrari eraso egin zion bere jendaila eta herritarrekin. Bufalo-larruzko herrikideek talka eginda, armada borgoniar distiratsuak eztanda egin zuen, harkoskorrak beira jota bezala. Jendailak zaldun ugari hil zuen, eta Chateau-Guyon-go jauna, Borgoniako noble ospetsuena, bere zaldi grisoniar handiarekin hil egin zuten belardi aintziratsu txiki batean. Zuk lagun esan zion erregeak, bataila bateko kontuak aipatu dituzu. Hemen ordea, matxinada dugu eta muturtzeko gogoa izan orduko egingo ditut horienak. Besteak hotz erantzun zion: Baliteke, jauna, baina horrela balitz oraindik herriaren ordua ez dela iritsi esan nahiko luke. Gilermo Rymi parte hartzeko tenorea zela iruditu zitzaion. Maisu Coppenole. Errege ahaltsuari ari zatzaizkio hizketan. Badakit erantzun zion serio galtzerdigileak. Mintza dadila lasai, nire lagun Rym esan zuen erregeak, Gauzale argi eta garbi esan ditzaten nahi izaten dut. Nire aita Karlos VILA egia gaixo zegoela esaten zuen. Nik berriz, gaixo ez ezik hilda zegoela eta aitorlerik ez zuela aurkitu uste nuen, baina maisu Coppenolek besterik erakutsi dit. Orduan, bere eskua adeitasunez Coppenoleren sorbaldan ipinita: Zer zenion, beraz, maisu Jacques?... Agian arrazoi duzula nioen, jauna. Herriaren ordua oraindik ez dela iritsi esan nahiko lukeela. Luis XI.ak begi zorrotzez begiratu zion. Eta noiz helduko da ordu hori, maisu? Ordua jotzen duenean entzungo duzu, jauna. Zein erlojutan, mesedez? Coppenolek, bere jarrera patxadatsu eta arruntaz erregea leiho ondora eraman zuen. Entzun, jauna! Hemen dorrea, talaia, kanoiak, hiritarrak eta soldaduak dituzu. Talaiak burrundara ateratzen duenean, kanoiek eztanda egiten dutenean, zarata handiz dorrea eraisten dutenean, hiritar eta soldaduak elkar borrokatu eta elkar hiltzen dutenean, ordua jo duenaren seinale izango da. Luis erregearen aurpegia serio eta pentsakor bihurtu zen. Une batez isilik iraun zuen eta gero eskuaz dorreko horma lodia emeki jo zuen, zaldia bizkarrean jotzen denean bezalaxe. A, ez! Zu ez zara hain erraz eraitsiko, nire Bastille eder hori! Eta bat-batean flandestar ausartarengana jiratuz: Inoiz ikusi al duzu matxinadarik, maisu Jacques? Bai, noski erantzun zion galtzerdigileak. Eta zer egingo zenuke galdetu zion erregeak matxinada antolatzeko? A! erantzun zion Coppenolek Oso erraza da. Makina bat era badago horretarako. Beste ezer baino lehen, hirian ondoezak egon behar du. Hori ez da zaila. Gero jendearen izaera dago. Gantekoek matxinadarako joera dute. Printzearen semea maite ohi dute, baina printzea behin ere ez. Eta egunen batean, nire dendara etorri eta honela hitz egingo didate: «Coppenole adiskidea. Hau eta beste hau dago. Flandesko andereñoak bere ministroak salbatu nahi ditu, bailegoak alearen prezioa bikoiztu egin nahi du», edo beste zerbait; nahi duzuna. Orduan nik, lana utzi, galtzerdi-dendatik irten eta kalera joanda oihuka hasten naiz: Erasora! Beti egon ohi da upela hutsen bat. Gainera igo eta gogora etorritako lehenengo hitzak ozen esaten ditut, bihotzean dudana adieraziz. Eta norbera herritarra denean, jauna, beti egoten da zerbait bihotzean. Orduan jendea bildu, oihu egin, ordara deitu, soldaduei kendutako armez herritarrak armatu, azokako jendea bildu, eta aurrera! Eta hori horrela izango da beti, jaurgoetan jaunak, hirietan hiritarrak eta baserrietan baserritarrak diren bitartean. Eta zeren aurka altxatzen zara horrela? galdetu zion erregeak Zuen bailegoen kontra? Zuen jaunen kontra? Bai, batzuetan. Ez jakin. Inoiz dukearen kontra ere bai. Luis XI.a, berriz esertzera zihoala, irribarrez honela mintzatu zen: A! Hemen oraingoz bailegoen kontra baino ez dira matxinatzen. Une hartan Olivier le Daim sartu zen. Atzean bi morroi zituen erregearen konketarekin. Baina Luis XI.a gehien harritu zuena, ondoren Parisko bailea eta erronda-zalduna sartzen ikustea izan zen. Azken biak lur jota zeudela ziruditen. Bizargin gaiztoak ere triste-aurpegia zuen, baina aldi berean poz itxura ere bazerakutsan. Bizargina hasi zen hizketan: Jauna! Aurrez barkamena eskatzen dizut, eman behar dizudan berri tamalgarriagatik. Erregea oso azkar jiratu zen eta aulkiaren hankek lurreko oihala urratu egin zuten. Zer dugu, bada? Jauna! segitu zuen Olivier le Daim-ek, kolpe latza eman behar zuelako poztuta Kaleko matxinada hori ez da bailegoko Jauregiaren kontra altxatu. Noren kontra altxatu dira bada? Zure kontra, jauna! Errege zaharra, mutil gaztea bezalaxe ipini zen zutik. Mintza zaitez, Olivier! Mintza zaitez! Eta ongi neurtu esateko duzuna, adiskidea. Saint-Lo-ko gurutzearen gainean zin degizut gezurretan ari bazara Luxemburgeko jaunaren lepoa moztu duen ezpata zurea ere mozteko adina zorrotz badela! Zina ikaragarria zen. Izan ere Luis XI.ak bere bizitza guztian Saint-Lo-ko gurutzearen gainean bitan baino ez baitzuen zin egin. Olivierrek ahoa ireki eta honela erantzun zion: Jauna... Belauniko! eten zion haserre erregeak Tristan! Egin kontu gizon honi. Olivier belauniko jarri zen eta patxadaz honakoa bota zion: Jauna. Zure parlamentuko gorteak sorgin bat heriotzara kondenatu zuen. Andre Marian asiloa lortu du. Herriak indarrez atera nahi du handik. Probestu jauna eta erronda-zalduna matxinadatik datoz eta hau egia ez bada esan dezatela. Andre Maria dute herritarrek setiatuta. Horixe bahar genuen! esan zuen erregeak ahopeka, zurbil eta haserre bizian Andre Maria! Andra Mariako katedrala dute inguraturik! Nire Ama ona! Jaiki, Olivier! Arrazoi duzu. Simon Radin-en kargua zuretzat. Arrazoi duzu. Nire kontra altxatu dira. Sorgina elizaren babespean dago eta eliza nire babespean. Eta ni bailegoaren kontrakoa zelakoan! Neure kontra ari dira! Haserrearen haserrez gaztetuta, urrats handiz zebilen gelan. Irribarreak ezkutatu zitzaizkion ederki. Ikara ematen zuen harat-honat zebilela. Azeria hiena bilakatu zen. Estutasun hartan ezin zuen hitz egin. Ezpainak ezin zituen geldirik eduki eta bere ukabil meharrak uzkurtu egiten zitzaizkion. Bat-batean burua altxatu zuen, begi sakonak argiz bete zitzaizkion eta bere ahotsak turutak bezala oihu egin zuen: Gogor Tristan! Gogor bilau horiekin! Zoaz, Tristan, lagun hori! Hil! Hil! Beroaldi hura igarota, eseri egin zen berriz eta bere haserrea menperatuz: Zatoz, Tristan! Bastille honetan hemen inguruan Gif-eko bizkondearen berrogeita hamar lantza daude, hau da, hirurehun zaldi. Har itzazu. Gure arkulari-konpainia ere hortxe dago, Chateaupersko jaunaren agindupean. Hartu hori ere. Mariskalen probestu zara eta probestutzako jendea ere hartu. Saint-Paul jauregian delfin jaunaren guardia berriko berrogei arkulari aurkituko dituzu. Hartu horiek ere, eta guztiak bilduta zoaz Andre Mariako elizara. Ai, Parisko bilauak! Frantziako koroaren, Andre Mariaren santutasunaren eta errepublika honetako bakearen kontra oldartu zarete! Garbitu, Tristan, garbitu! Montfaucon-era joateko ez bada, ez dadila inor gera. Tristan makurtu egin zen. Ongi da, jauna! Eta isilune baten ondoren: Eta sorginari zer egin behar diot? Galderak erregeari pentsarazi egin zion. A! esan zuen Sorgina! Estoutevilleko jauna. Zer egin nahi zuen herriak? Jauna erantzun zuen Parisko probestuak. Andre Mariako babesetik atera nahi dutenez gero, han duen asiloaz kexu izango dira eta zintzilikatu egin nahiko dute. Bazirudien erregea sakon eta serio pentsatzen ari zela. Gero, Tristan l'Hermiter honakoa agindu zion: Tira, lagun. Garbitu herritarrak eta zintzilikatu sorgina. Ederra kontua! esan zion ahopeka Rymek Coppenoleri Zerbait nahi duelako herria zigortu eta gero nahi hori berak betearazi. Ongi da, jauna erantzun zion Tristanek, baina sorginak bere Andre Mariako asiloa badu, hala ere harrapatzerik ba al dut? Arraioa! Asiloa! esan zuen erregeak belarria arraskatuz Nolanahi ere emakume hori zintzilikatu egin behar da. Orduan, bat-batean pentsamendu bat bururatuta bezala, aulkiaren aurrean belauniko jarri zen. Kapela kendu, aulkian ipini eta kapelako berunezko iruditxo bati debozioz begiratuta eskuak elkarturik honela hitz egin zuen: O! Parisko Andre Maria, gure zaindari ona, barka nazazu. Behin bakarrik egingo dut. Hiltzaile hori zigortu egin behar da. Ama Birjin hori, nire zaindari on hori, sorgin doilor horrek ez du zure babes adeitsurik merezi. Badakizu, Ama errukior horrek, printze askok, eta oso elizkoi izanik gainera, Jainkoaren ohoretan eta estatuaren mesedetan pribilegio hori gainditu egin dutela. Ingalaterrako San Hugo apezpikuak Eduardo erregeari azti bat bere elizan atxilotzeko baimena eman zion. Frantziako San Luis, nire jauna, San Pauloko elizara horrexegatik sartu zen, eta Jerusalemgo erregearen Alfontso semea Hilobi Santuko elizara. Barka nazazu, bada, oraingoagatik, Parisko Andre Maria. Ez dut berriz egingo eta zilarrezko estatua ederra eskainiko dizut; iaz Notre Dame d'Ecouys-i eskainitakoaren antzekoa. Hala bis. Eta aitaren eginez, jaiki eta orraztu egin zen. Tristani honela hitz egin zion: Zoaz bizkor, lagun. Chateaupersko jauna hartu. Ordara dei egin. Matxinatuak zanpatu. Sorgina zintzilikatu. Esana dago. Gainera zeuk zintzilikatu behar duzu. Horren kontu zuk eman beharko didazu. Tira, Olivier. Moztu bizarra, bestela gaur gauean ez naiz oheratuko eta. Tristan l'Hermitek erreberentzia eginez irten zuen. Erregeak, keinu batez Rym eta Coppenoleri despedida eman zien: Jainkoak gorde zaitzatela, nire lagun flandestarrak. Atseden har ezazue. Gaua aurrera doa eta goiza ilunabarra baino gertuago dugu. Biak erretiratu egin ziren, eta Bastilleko kapitainaren soldaduek beren geletara eraman zituzten. Coppenolek Gilermo Rymi honela zioen: Asperturik nago eztul egiten duen errege honetaz! Karlos Borgoniakoa mozkortuta ikusi nuen eta Luis XI.a gaixoa bezain gaiztoa ez zen. Izan ere, maisu Jacques erantzun zion Rymek, erregeentzat ardoa ez da belar-ura bez Parisko Andre Maria |