|
Parisko Andre Maria VII. Irakurleak gogoan izango du Quasimodo oso kinka larrian utzi genuela. Bazter guztietatik setiaturik, gor ausartak adorea galdu ez bazuen ere ez zuen salbatzerik espero. Bere burua salbatzeak ez zuen kezkatzen; ijitoa salbatzeak baizik. Galeriaren alde batetik bestera zebilen etsita. Andre Mariako eliza hartu egin zuten lapurrek. Bat-batean, ondoko kaleetatik arrapaladan zetozen zaldien hotsa entzun zen. Zuzizko lerro handi bat eta lantzak jaitsita eginahalean zetorren zaldun-multzo handi bat ekaitza bezala sartu ziren plazara: Gora Frantzia! Gora! Behera bilauak! Aurrera Chateauperskoa! Aurrera probestutzakoak! Lapurrak, izututa, jiratu egin ziren. Quasimodok, entzuten ez bazuen ere, ezpatak zorrotik aterata, zuziak, lantzetako burdinak eta buru zihoan Febo kapitaina bere zalduneriarekin ikusi egin zituen. Kapitaina ezagutzeaz gain, litxarreroak nahastuta (batzuk ikaratuta eta onenak asaldatuta) sumatu zituen, eta ustekabeko laguntza hartaz bizkortuta, galeriara igotako lehen erasotzaileak elizatik kanpo bota zituen. Erregearen tropak iritsi ziren, noski. Lapurrek ausart aurre eman zieten. Gogor ari ziren defendatzen. Saint-Pierre-aux-Boeufs aldetik saihetsa hartu zieten eta plazarako kaletik atzea. Katedralaren kontra harrapatuta zeuden, Quasimodok defendatuagatik artean erasotzen bazioten ere. Erasotzaile eta aldi berean besteen eraso-jasale ziren. Gero 1640an Turingo setiaketa famatuan Enrike Harcourtekoa kondea bezala zeuden. Turinen Tomas Saboiakoak erasotzen zion eta Leganesko kondeak irteera ixten zion. Haren hilartitzak dioenez, Taurinum obsessor idem et obsessus. Gatazka izugarria izan zen; P. Mathieu-k dioenez, zakur eta otsoen artekoa bezalakoa. Erregearen zaldunek, Febo Chateauperskoa ausart nabarmentzen zelarik, ez ziren gelditzen eta ezpatak hartzen zuen puntzetari ihes egindakoa. Gaizki armatutako lapurrei, bitsa zerien ahotik eta horzka ere egiten zuten. Gizon, emakume eta ume, zaldien bizkar gainera jauzi egiten zuten eta katuek bezala heltzen zuten esku eta hanketako atzazal nahiz hortzekin. Batzuek, beren zuziak arkularien aurpegietan itzaltzen zituzten. Beste batzuek burdinazko gakoz zaldunei lepotik heldu eta eraitsitakoak txiki-txiki eginda uzten zituzten lurrean. Nabarmena zen sega distiratsua zeukan bat. Hura denbora luzez zebilen zaldien hankak ebakitzen. Beldurgarria zen. Ahoa itxita kantatu eta segan egiten zuen etengabe. Kolpe oro, bere inguruan ebakitako hanka-piloa uzten zuen. Horrela zihoan aurrera zaldun gehien zegoen lekuraino, lasai, burua zabuka eta galsoroan ari den segalaria bezala arnasa erregularki hartuz. Clopin Trouillefou zen. Arkabuz-tiro batek bota zuen. Bitartean leihoak ireki egin ziren. Erregearen tropek egindako deiadarrak entzunda, hiritarrak parte hartzen hasi ziren eta nonahitik lapurrei balak etortzen zitzaizkien. Alkabuzarien danbatekoek suz hornitzen zuten ke trinkoa zegoen plazan. Andre Mariako fatxada ozta-ozta ikus zitekeen eta Hotel-Dieu edo ospitale zaharrekoa ere bai, zeinaren argizuloz betetako teilatutik gaixo zurbil batzuk begira baitzeuden. Azkenean, lapurrek atzera egin zuten. Nekea, arma egokirik eza, ustekabeak eragindako beldurra, leihoetako arkabuz-tiroak eta errege-tropen ausardiak, amore emanarazi zien. Erasotzaileen lerroak bortxatu eta alde guztietara ihes egin zuten, plaza gorpuz lur-estali utzita. Atertu gabe borrokan aritutako Quasimodok porrota ikusi zuenean, belauniko jarri eta bi besoak zerurantz altxatu zituen. Gero, pozez zoratzen, korrika txoria hegan baino bizkorrago joan zen gora, sarbideak hain suhar zaindu zizkion gelara. Buruan pentsamendu bat besterik ez zuen: bigarren aldiz salbatu zuenaren aurrean belauniko jartzea. Gelara sartu eta hutsik zegoela ikusi zuen. Parisko Andre Maria |