|
Parisko Andre Maria IV. Gringoirek, badaezpada ere, ijitoari segitu zion. Ahuntza hartuta Coutellerie kalea hartu zuela ikusita, bera ere hara joan zen. Zergatik ez? esan zuen. Parisko kaleetako filosofo praktiko izanik, Gringoirek bazekien amets egiteko neska politaren ondoren joatea bezalakorik ez zegoela, nahiz eta nora zihoan jakin ez. Norbere aukeramenari nahita uko egite honetan, beste fantasia baten menpeko fantasia honetan, bazen Gringoireri atsegin zitzaion independentzia apetatsuaren eta obedientzia itsuaren nahaste bat; esklabotzaren eta askatasunaren tarteko zerbait. Gringoire izan ere, funtsean izpiritu nahasi, zalantzakor eta konplexukoa zen; gai oroz arduratua eta giza grina guztiez kezkaturik (baina beti ere grina bat bere kontrakoarekin orekatuz) zebilena. Bere burua Mahomaren hilobiarekin konparatzea gustatzen zitzaion; kontrako noranzkoan bi iman-harrik erakartzen zutela eta beti ere goi eta behearen, ganga eta zoladuraren, igoera eta erorketaren, zenit eta nadirraren artean etengabeko zalantzan zebilela. Gringoire gaur egun biziko balitz, zein ongi egongo litzatekeen klasikoaren eta erromantikoaren arteko erdibidean! Baina tamalez hirurehun urtez bizitzeko gauza ez zen eta gaur egun haren hutsunea garbi sentitzen dugu. Bestetik, Gringoirek bezala kaletan ibiltarien atzetik joateko (eta emakumezko ibiltaria denean endemas) onena non lo egin ez dakizula joatea da. Gringoire beraz, pentsakor zihoan neskatxaren ondoren, zeinak pausoa bizkortu eta ahuntza trostan jartzen zuen. Izan ere hiritarrak etxera erretiratzen eta tabernak, egun hartan zabalik zeuden establezimendu bakarrak, ixten ari baitziren. Nolanahi ere pentsatzen zuen, nonbaiten lo egin beharko dut, eta ijitoak bihotz onekoak dira. AI dakit... Eta isiltzen zeneko eten-puntu horien lekua nahikoa ideia bitxiz betetzen zuen. Hala ere noizbehinka, ateak ixten ari ziren azken hiritar-taldeen ondotik igarotzean, haien elkarrizketaren zatiren bat jasotzen zuen, bere hipotesi alaien haria hausten zuelarik. Handik pixka batera bi agureren elkarrizketa entzun zuen: Thibault Fernicle maisua! Ba al dakizu hotz dagoela? (Gringoirek negua hasi zenez gero zekien hori). Bai horixe, Bonifazio Disome maisua! Orain dela hiru urte 80an bezalako negua izango ote dugu? Zortzi sos egin zuen orduan egur-zama bakoitzak. Ba! Hori ez da ezer 1407 urtekoaren aldean. Orduan sanmartinetatik Kandelario arte egin zuen izotza. Nola egin ere! Parlamentuko eskribauaren luma gela handian hiru hitz idatzi orduko izoztu egiten zelako, justizi lanak etenda egon ziren. Aurreraxeago auzoko emakumeak ari ziren lainoak diz-diz eragiten zien kandelaz argiztatutako leihoetan: Senarrak esan al dizu zer ezbehar gertatu den, Lau Boudraque andrea? Ez. Zer gertatu da, bada, Turquant andrea? Gilles Godin Cahtelet-eko notarioaren zaldia, flandestarrak eta beren prozesioa ikusi eta zoratu egin da. Jo du Philippot Avrillot, zelestinotako oblatua eta han utzi du hankaz gora. Benetan? Bai horixe! Zaldi hiritarra. Hori gehiegizkoa da. Hutsa sikiera zaldieriakoa izan balitz! Eta leihoak itxi egin ziren. Gringoirek berriz, bere ideien haria galdua zuen. Zorionez haria berriz ere laster topatzen eta erraz lotzen zitzaion, beti ere aurretik zihoazkion buhameari eta Djaliri esker. Beren oin txikiak, forma lerdenak eta keinu jostagarriak miresten zituen bi izaki fin, leun eta xarmangarri ziren. Begiratuta ia nahastu egiten zitzaizkion, beren adimen eta adeitasunagatik biak neska gaztetzat hartzen zituelako eta arintasun, bizkortasun eta ibileraren zalutasunagatik ahuntz iruditzen zitzaizkiolako. Kaleak gero eta ilunago, gero eta hutsago zeuden. Etxeratzeko ezkila aspaldi jo zuten eta noizbehinka kalean ibiltariren bat eta leihoetan argi bakanen bat besterik ez zen ikusten. Gringoire, ijitanoari segika, Saints-Innocents-eko hilobi zaharra inguratzen duen eta katuak nahasitako harila dirudien kale estu, bidegurutze eta cul-de-sac ugariko labirintora sartu zen. Hona hemen oso logika gutxi duten kaleak! esaten zuen Gringoirek berriz ere leku berera zetozen mila kale haietan galduta, nahiz eta neska gazteak oso ongi ezagutzen zuela zirudien bidean zalantza-izpirik gabe gero eta pauso bizkorragoz joan. Berak berriz, non zebilen arrastorik ere ez zeukan, kantoi batean buelta hartzean Azokako pikotaren masa oktogonala ikusi arte, zeinaren gainak bere silueta beltza Verdelet kalean artean argiztaturik zegoen leiho batean nabarmentzen baitzuen. Une batzuk lehenago, neska gaztea konturatu zen ondoren zetorkiola. Behin baino gehiagotan jiratu zuen burua atzera urduri samar. Halako batean gainera, bat-batean geratu eta okindegi bateko ate erdi irekitik zetorren argi-izpitan goitik behera adi-adi begiratu zion. Begiratu ondoren, Gringoirek lehendik ere ezaguna zuen keinutxoa ikusi zion eta aurrera joan zen. Keinu hark kezkatan utzi zuen Gringoire. Destaina eta iseka zeuden ñikada polit hartan. Horregatik, burua makurtu eta adokinak kontatzen hasi zen, gazteari urrutiragotik jarraituz. Une batez bistatik ezkutatu zitzaionean kantoi batera sartzean ordea, oihu ozen bat entzun zuen. Azkar joan zen beregana. Kalea ilunpetan zegoen. Hala ere kale-kantoian Ama Birjinaren oinetan zisku batean oliotan zegoen iztupak egindako argiari esker, Gringoirek garrasiak itotzen saiatzen ziren bi gizonekin indarka ikusi zuen ijitoa. Ahuntza, izututa, adarrak makurtu eta beeka hasi zen. Errondako jendea! Hel! Hel guri! deiadar egin zuen Gringoirek buhamearengana oldartuz. Neska helduta zeukan gizon haietako bat jiratu egin zitzaion. Quasimodo zen, bere gorputz sendo eta guzti. Gringoirek ez zuen ihes egin, baina aurrera pausorik ere ez zuen eman. Quasimodo joan zen beregana, eta eskuaz errebeski hartuta lau urrats atzera bota zuen lurrera. Gero ilunpetan ezkutatu zen berehala, neska gaztea besapean zetazko etxarpea bailitzan zeramala. Quasimodoren laguna atzetik zihoan, eta guztien ondoren ahuntza, negarti beeka. Lagundu! Hel! Hel! garrasi egiten zuen zoritxarreko ijitoak. Geldik hor, madarikatuok! Utzi hori! esan zuen trumoi-ahotsez bat-batean ondoko plazatik berehalako batean agertu zen zaldun batek. Erret arkularien kapitaina zen, goitik beheraino armatua eta ezpatatzarra eskuan zuela. Harri eta zur zegoen Quasimodori buhamea eskutatik kendu eta bere zelan trabeska jarri zuen. Korkox beldurgarria bere onera etorri eta harrapakinarengana jauzi egiten hasi zen, baina kapitainaren atzetik hamabost edo hamasei arkulari agertu ziren ezpata eskuan zutela. Erret eskoadroia zen eta Parisko probestutzako zaindari Roberto Estoutevillekoa musdearen aginduz kontra-erronda egiten ari ziren. Quasimodo inguratu, harrapatu eta lotu egin zuten. Orroka ari zen, horzka, ahotik bitsa zeriola, eta egun-argi izan balitz dudarik gabe haserrearen haserrez are eta nazkagarriago zen aurpegi itsusi hura ikuste hutsarekin eskoadroi osoak ihes egingo zukeen. Baina gauak bere arma beldurgarriena, itsusitasuna, kendu zion. Bere laguna, borrokaldian ezkutatu egin zen. Ijitoa dotore zutitu zen ofizialaren zelan, bere bi eskuak gizon gaztearen sorbaldetan apoiatu zituen eta segundo batzuetan tinko begiratu zion haren itxura ederraz eta eskaini zion laguntzagatik txoratuta. Gero, isiltasuna hautsiz, bere ahots gozoa are eta gozoagotuz honela mintzatu zitzaion: Zer izen duzu, jendarme jauna? Febo Chateauperskoa naiz. Zure esanetara, eder hori! erantzun zion ofizialak tentetuz. Eskerrik asko esan zion. Eta Febo kapitaina bere bibotea borgoniarren antzera leuntzen ari zela, neskak zalditik lurreraino gezia bezain azkar jaitsi eta ihes egin zuen. Tximista ez zitekeen hain bizkor desagertuko. Arraiopola! esan zuen kapitainak Quasimodoren soloak estutuz Aukeran nahiago nukeen neskatxa geratu balitz. Zer egingo diogu ba, kapitaina? bota zion jendarme batek Txinboak hanka egin digu, baina saguzarra hemen daukagu. Parisko Andre Maria |