|
Parisko Andre Maria III. Pikotako goiz harez gero, Andre Mariako auzokoek Quasimodori kanpaiak jotzeko adorea hoztu egin zitzaiola igarri zioten. Lehen edozer aitzakiagatik jotzen ziren kanpaiak. Bilin-bolaka luze aritzen ziren matutietatik arratseko otoitzera arte. Meza nagusirako ere dangakadak entzuten zituzten eta ezkontzarako nahiz bataiorako ezkilen dinbili-danbala dotoreak, airean soinu xarmantez egindako bordatuak bailiren nahasten ziren. Dardara eta soinuz betetako eliza zaharrak, beti pozik zeuzkan kanpaiak. Etengabe sentitzen zen izpiritu ozen eta gutiziatsuren bat kobrezko aho guzti haietatik kantatzen ari zela. Baina orduan izpiritu hura ezkutatu egin zela zirudien. Katedrala triste zegoen, eta bere borondatez mutu zirauen. Festa eta hiletetan, kanpaiek sinple, lehor eta biluz jotzen zuten. Legea bete besterik ez zuten egiten. Elizak dituen bi soinu-iturrietatik, barruko organo eta kanpoko kanpaitik, organoak bakarrik ziharduen. Kanpandorreko musikaria falta zela esan zitekeen. Quasimodo beti han zegoen, ordea. Zer gertatu zitzaion? Pikotako lotsa eta etsipena bere bihotz-barrenean itsatsita ote zeuden artean? Borreroaren zigorkadek etengabe kolpatzen ote zuten haren arima eta tratu hark eragindako tristuragatik kanpaiak jotzeko adorea ere joan egin ote zitzaion? Edo Mariak lehiakideren bat ote zuen Andre Mariako kanpai-jolearen bihotzean? Kanpai handia eta bere hamalau anai-arrebak zerbait txeratsu eta politagoagatik ote zeuden utzi samarrak? 1482 urte hartan, Deikundea martxoaren 25ean asteartez tokatu zen. Egun hartan airea hain garbi eta garden zegoenez, Quasimodok bere kanpaienganako maitasuna apur bat berpizten sentitu zuen. Iparraldeko dorrera igo zen, behean giltzazainak elizako ateak zabal-zabalik utzi zituen bitartean. Orduan ateak zur lodizko ohol ikaragarriz eginak ziren, larruz estalita, iltze urreztatuz bordatuta eta markoan «artifizialki landutako» eskulturaz inguratuta zeudelarik. Kanpandorre gainera heldu zenean, une batez Quasimodok buruari triste eraginda sei kanpandorreei begiratu zien, bihotzean kanpaien eta bere artean gauza arrotzen bat tartekatu zela sentitu balu bezala. Baina zabuka ipini zituenean, kanpai-sorta hura bere menean mugitzen ikusi zuenean, zortziko ernagarri hura soinu-eskalan gora eta behera adaxkaz adaska dabilen txoria bezala ikusi zuenean (ez baitzuen entzuten), musikaren deabrua (akorde, txio eta arpegiozko sorta distiratsua astintzen duen demonioa) gor gizajoaz jabetu zenean, zoriontsu bihurtu zen. Beste guztiaz ahaztu eta zabaltzen ari zitzaion bihotzak aurpegia argitu zion. Batera eta bestera zebilen, eskuaz bultzaka, sokaz soka. Sei kantari haiek ohotsez eta keinuz bultzatzen zituen, orkestrako gidariak musikari trebeak sustatzen dituen bezala. Tira Gabrielle! esaten zuen Bota zure zarata guztia plazara, gaur jai da eta. Thibalt! Utzi nagikeriak. Gelditzen ari zara. Tira, tira! Herdoildu egin al zara, alfer hori? Ongi da! Bizkor! Bizkor! Mihirik ez dadila ikusi. Utzi denak ni bezain gor! Hori, hori, Thibalt! Ederki. Gilermo! Gilermo! Zu zara handiena eta Pasquier txikiena, baina Pasquier hobeto ari da. Apustu egingo nuke entzuten dutenek zure hotsa baino hobeto aditzen dutela. Ederki! Ederki, ene Gabrielle! Ozenago! Ozenago! E! Zertan ari zarete hor goian Txolarreok? Zaratarik egiten ez zaituztet ikusten. Kobrezko mokoa duten horiek kantatu egin behar eta hor ari zarete aharrausika. Lan egin behar da, gaur Deikunde-eguna da eta. Eguzki ederra daukagu eta karilloi onaren premian gara. Gilermo gaixoa! Izerditan ari zara, potolo hori! Zein baino zein bueltaka ari ziren bere sei kanpaiei adore ematen ari zen. Kanpaiek beren bizkar distiratsuak Espainiako gurdi-mandoek mandazainaren oihuz etengabe xaxatuta bezala astintzen zituzten. Bat-batean, begirada kanpandorreko horma bertikala altuera batean estaltzen duten arbel-ezkatetan behera jaitsita, plazan soineko bitxiak zituen neska gelditzen, lurrean alfonbra bat zabaltzen, ahuntza bertan jartzen era inguruan jendea pilatzen ikusi zuen. Orduan bere pentsamenduen haria aldatu egin zen eta bere musika-garra gatzatuta geratu zen, urtutako erretxina aire-korronteak uzten duen bezalaxe. Lan egiteari utzi egin zion. Kanpaiei atzea emanda arbelezko teilatupean kokoriko geratu zen dantzariari so. Arestian artxidiakonoa harrituta utzitako ametsezko begirada gozo eta samurra zeukan. Alde batera utzitako kanpaiak bat-batean geratu egin ziren, Pont-au-Change-n bilduta zeuden karilloizaleak haserre samar utziz. Harrituta joan ziren handik, hezurra erakutsi eta harria ematen zaion zakurraren antzera. Parisko Andre Maria |