Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
SUKARRA

 

        Claude Frollo ez zegoen Andre Mariako elizan, Quasimodo semetzakoak artxidiakono dohakabeak buhamea eta bere burua lotzen zituen zorigaiztoko korapiloa hain bat-batean ebaki zuenean. Sakristiara heldu zenean, alba, kapa eta estola kendu, dena sakristauari eskuetara bota eta klaustroko ezkutuko ate batetik ihes egin zuen. Terrain-go batelari Senaren ezkerraldera eraman zezala agindu zion eta han Unibertsitateko kale aldapatsuetan ezkutatu zen noraezean, bidean noiznahi sorgina zintzilikatzen ikusteko artean garaiz zirelakoan Saint-Michelgo zubira alai zihoazen gizon eta emakumezkoekin topo eginez. Zurbil, galduta, egunez mutiko-talde batek jazarritako gautxoria baino asaldatu, itsu eta nahasiago zihoan. Ez zekien non zegoen, zertaz pentsatzen zuen. Ametsetan ari zen. Oinez, korrika zihoan edozein kaletara sartuz, bere atzean nahas-mahas sentitzen zuen Greve beldurgarriak bultzatuta.

        Santa Jenobebaren mendia igaro zuen, azkenean hiritik Saint-Victor portaletik irten egin zuelarik. Ihes eta ihes segitu zuen, atzera jiratuta Unibertsitateko dorre-multzoa eta errebaleko etxe bakanak ikusi zituen arte. Azkenean muino batek Paris gorrotagarria begien bistatik kendu zion, eta landetan, basamortuan, ehun legoatara zegoela iruditu zitzaionean, gelditu egin zen. Arnasa hartzen ari zela iruditu zitzaion.

        Orduan oroimenean ideia beldurgarriak pilatu zitzaizkion. Bere ariman gauzak garbi ikusi zituen, eta izutu egin zen. Beretzat galbidea izandako eta aldi berean berak hondamendira eramandako zorigaiztoko neskaz pentsatzen hasi zen. Begirada makurra bota zien zorigaiztoak bi patuei derrigorrean ibilarazi zizkien bide bihurriei, zeinak elkartu zirenean patuak barak gupidarik gabe elkar zaputzarazi baitzituen. Betirako botoen zentzugabekeriaz, kastitate, zientzia, erlijio nahiz bertutearen hutsaltasunaz edo jainkoaren ezdeustasunaz pentsatu zuen. Pozik murgildu zen pentsamendu gaiztoetan eta sakondu ahala bere baitan Satanen barrea eztandaka ari zitzaiola sentitu zuen.

        Bere bihotz barrenera gisa horretan hondora zihoala naturak bertan grinentzat zeukan leku zabala ikusita, are eta barre mingotsagoa egiten zuen. Bihotz-hondoan bere gorroto eta gaiztakeria guztia nahastu zituen, eta gaixoa aztertzen duen medikuaren begi zorrotzak bezala, gorroto eta gaiztakeria haiek kutsatutako maitasuna besterik ez zirela konturatu zen. Maitasuna, gizonarengan bertute guztien iturri den maitasuna, zerbait beldurgarri bihurtzen zen apaizaren bihotzean eta hura bezalako gizona, demonio bihurtzen zen apaiz eginda. Orduan barre ankerra atera zitzaion eta bat-batean zurbil geratu zen bere zoritxarreko grinaren alderdi ilunenaz pentsatuta; batentzat urkamendia eta bestearentzat infernua ekarri zuen maitasun erregarri, pozoitsu, zital eta gupidagabeaz pentsatuta, alegia. Biak kondenatu ziren azkenean.

        Gero berriz ere barreari ekin zion, Febo bizirik zegoela pentsatuta. Izan ere kapitaina bizirik, alai eta pozik baitzegoen; inoiz baino uniforme politagoaz, maitale berria lehengo maitalea nola urkatzen zuten erakustera zeramalarik. Barre ankerra ozenagotu egin zitzaion, bizia kendu nahi zien pertsona guztietan gorrotatzen ez zuen bakarra ijitoa izan eta barkamenik gabe huraxe besterik ez zela geratu pentsatuta.

        Gero pentsamenduak kapitainarengandik jendearengana egin zuen jauzi. Guztiz jeloskor jarri zen bat-batean. Jendeak ere, jendetza guztiak, hark maite zuen emakumea atorra hutsean, ia biluzik, eduki zuela pentsatu zuen. Besoak bihurritu egiten zituen, ilunpetan forma besterik ikusi gabe erabat zoriontsu egin zezakeen emakume hura egunargiz, eguerdi eguerdian, lizunkeri gauerako bezala jantzita herri osoaren aurrean zebilelako. Amorrazioz negar egin zuen, maitasun-misterio haiek betirako zapuztu, zikindu, biluztu eta zimeldu zirelako. Amorrazioz negar egin zuen, hainbat begirada likitsek gaizki jantzitako ator hura ikusiz pozarren zebilela pentsatuz. Izan ere lirio birjin hura, ahalke eta eztizko edalontzi hura (zeinetara bere ezpainak dardaraz hurbildu baitzituen), guztientzako katilu bihurtu baitzen, eta Parisko zirtzilenak, lapurrak, eskaleak nahiz zaldi-mutilak inguratu zitzaizkion denak batera atsegin lotsagabe, lohitsu eta ustel hura edatera.

        Eta neska ijitoa izan ez balitz, berak apaiz-loturarik izan ez balu, Feborik ez balego eta buhameak maite izan balu mundu honetan izan zezaketen zorionaz pentsatuta, bihotza samurtasun eta etsipenez urratu egiten zitzaion. Izan ere gerta zitekeen lasaitasun eta maitasunezko bizimodua berak ere izatea. Une hartan behintzat, han-hemenka bikote zoriontsuak baziren munduan, laranjondoen itzalean edo erreka bazterrean, ilunabarrean edo gau izarratuan, hizketan gozo ari zirenak, eta Jaunak nahi izan balu berak neskarekin osa zezakeen zorioneko bikote haietako bat.

        O! Hura zen! Bera zen! Ideia hura zeukan finko. Noiznahi etortzen zitzaion, suminduz, garuna estutuz eta erraiak urratuz. Hala ere, ez zuen deitoratzen, ez zen damutzen. Ordura arte egindako guztia berriz egingo zukeen. Borreroaren eskuetan nahiago zuen, kapitainaren besoetan baino. Sufritzen ari zen ordea; zuritu ote ziren ikusteko ileak erauzteraino sufritu ere.

        Une batez agian minutu hartantxe goizean ikusitako katea gorrotagarri haren burdinazko korapiloa hain lepo lirain eta hauskorra estutzen arituko zela pentsatu zuen. Bere gorputzeko poro guztiak izerdi jario hasi ziren hura bururatu zitzaionean.

        Beste une batean, bere kasa demonioaren antzera barrez ari zela, aldi berean agertu zitzaizkion batetik lehen egunean ikusi bezalako Esmeralda bizi, lasai, alai, apain, dantzari, hegadun eta harmoniatsua, eta bestetik azken eguneko Esmeralda, bere atorra eta lepoko sokarekin, oinutsik, poliki-poliki, urkamendiko eskailera maldatsua igotzen. Bi koadro haiek zirrara bortitza eraginda, garrasi beldurgarria atera zitzaion.

        Etsipenezko zurrunbilo hark bere ariman dena irauli, hautsi, erauzi, makurtu eta errotik ateratzen zuen bitartean, inguruko naturari begiratzen zion. Bere oinetan oilo batzuk mokoka bila ari ziren sasi artean, esmaltezko kakalardoak eguzkirantz zihoazen, bere buru gainean hodei gris izurtuak ihes zegiten zeru urdinean, horizontean Saint-Victor-ko abadiako geziak muinoaren kurba bere arbelezko obeliskoaz zulatzen zuen, eta Copeaux-ko mendixkako errotaria txistua joz zegoen, bere errotan poliki biratuz eri ziren besoei begira. Bere inguruan mila eratara errepikatzen zen bizimodu lasai, eraginkor eta antolatu hark ez zion onik egin. Berriz ere ihes egin zuen.

        Landetan zehar ilundu arte ibili zen korrika. Naturatik, bizitzatik, bere buruarengandik, gizonarengandik, jaungoikotik, edozer gauzatik ihes egite hark, egun osoa iraun zuen. Batzuetan ahozpez erortzen zen lurrera eta bere atzazalez gari heldugabea erauzten zuen. Beste batzuetan, herriko kale hutsean geratzen zen eta bere bi eskuez buruari heldu eta, pentsamenduak jasan ezinda, gorputzetik bereizita lurrera bota nahi zuela zirudien.

        Eguzkia sartzen ari zenean, bere buruari erreparatu zion, eta ia eroturik aurkitu zuen. Ijitoa salbatzeko itxaropen eta gogorik gabe geratu zenez gero, bere baitako ekaitzak kontzientzian ez zuen ideia bat bera ere kutsatu gabe utzi; ezta pentsamendurik zutik ere. Bere ezaguera ia erabat hondatua zegoen. Bi irudi garbi baizik ez zeuzkan bere izpirituan: Esmeraldarena eta urkamendiarena. Gainerakoa beltz zegoen. Bi irudi haiek elkartuta bere baitan multzo beldurgarria osatzen zuten, eta zeukan arreta-apurra zenbat eta gehiago irudietara bideratu, hainbat eta azkarrago handiagotzen ziren progresio fantastikoan, batak grazia, xarma, edertasuna eta argitasuna irabaziz eta bestea izugarriago bilakatuz. Azkenean, Esmeralda izar gisa agertzen zitzaion, eta urkamendia haragirik gabeko besoa bailitzan.

        Azpimarratzekoa da oinazealdi luze hartan benetan hiltzeko ideiarik ez bururatzea. Dohakabe hura halakoxea zen. Biziari heltzen zion; agian guztiaren atzean infernua ikusten baitzuen.

        Bitartean, eguna itzaltzen ari zen. Artean bere baitan bizirik zegoen alderdiak, itzultzea pentsatu zuen. Parisetik urruti zegoela uste zuen, baina non zegoen hobeto begiratuz, Unibertsitateko barrutiaren inguruan ibili zela konturatu zen. Saint-Sulpice-ko dorrea eta Saint-Germain-des-Pres-ko hiru gezi altuak horizontean nabarmentzen ziren eskuinean. Alde hartara joan zen. Saint-Germain-go harresi almenatuetako zaintzaile armatuek «nor da hor?» galdera egin ziotenean, jiratu eta abadiako errotaren eta burguko legendundegi arteko bidea hartu zuen. Une batzuk geroago, Preaux-Clercs-en mugan zen. Belardi hura famatua zen gau eta egun han izaten ziren zalaparta eta iskanbilengatik. Saint-Germain-ho monje gaixoentzat hidra edo etengabeko arriskua zen, quod monachis Sancti-Germani pratensis hydra fuit, clericis nova semper dissidiorum capita suscitantibus. Artxidiakonoa inork topatuko zuen beldur zen. Edozein gizakiren aurpegia ikusteak ikara sortzen zion. Unibertsitatea eta Saint-Germain auzoa saihestu eta kaleetara ahalik eta beranduen sartzea nahi zuen. Pre-aux-Clercs alde batera utzi, Dieu-Neuf-era zihoan bidea hartu eta azkenean ibaiertzera heldu zen. Han dom Claudek batelari bat aurkitu zuen, eta sos batzuk emanda Senan gora Cite-ko pareraino eraman zuen. Irakurleak arestian Gringoire ametsetan ikusitako lur-zerrenda hutsean utzi zuen batelariak; erregearen lorategiak baino urrutirago iritsi arte Passeur-aux-Vaches-en irlarekiko paralelo zegoenean, hain zuzen.

        Ontziaren zabu monotonoak eta uraren zurrumurruak apur bat sorgortu egin zuten zoritxarreko Claude. Batelaria joan zenean ere, ibai ertzean ergelaren moduan geratu zen zutik, aurrera begira eta objektuak oszilazio handiagotzaile batzuen eraginez irudikeria gisa ikusiz. Ez da harritzekoa min handi batek, buruan sortutako nekea dela eta, izpirituan ondorio horiek izatea.

        Eguzkia ezkutatua zen Tour de Nesle handiaren atzean. Arrastiria zen. Zerua zuri zegoen eta ibaiko ura ere bai. Bi zuritasun haien artean, begiak finko zitueneko Senaren ezkerreko ertzak, bere masa iluna proiektatzen zuen, eta perspektibaren eraginez meheturik, horizonteko lanbro artean gezi beltza bailitzan sartzen zen. Silueta iluna baizik bereizten ez zitzaien etxez osaturik zegoen eta zeruaren nahiz ibaiaren hondo argian iluntasunean garbi nabarmentzen zen. Han-hemenka leihoak dizdiz hasi ziren, garrez argitutako zuloak bailiran. Zeruko eta ibaiko bi geruza zurien artean isolatutako obelisko beltz ikaragarri hura oso zabala zen leku hartan eta dom Clauderi efektu berezia eragin zion; Strasburg-eko kanpandorrearen oinean lurrean etzanda gora begira jarri eta arrastiriko argi-itzalean gezi ikaragarria sartzen ikusiko lukeen gizonari bezalakoa. Diferentzia bakarra, dom Claude zutik eta obeliskoa etzanda egotea zen, baina zerua islatuz ibaiak leizea bere azpitik luzatzen zuenez gero, tontor ikaragarria hutsera katedraleko gezia bezain ausart proiektatuta zegoela zirudien eta eragiten zuen zirrara berdintsua zen. Zirrara arraro eta sakonagoa gainera, zeren Strasburgeko kanpandorrearen antzekoa baina bi legoakoa baitzen; harrigarria, ikaragarria eta neurriz gainekoa. Eraikin hark Babelgo dorrea zirudien eta tamaina hartakorik inoiz gizakiak ez zuen ikusi. Etxeetako tximiniek, harresietako almenek, teilatuetan teilatutako pinoiek, agustindarren geziak, Tour de Nesle-k eta obelisko eskergaren profilari koskak markatzen zizkioten beste irtenune guztiek, irudiaren ilusioa areagotu egiten zuten, begiari eskultura trinko eta fantastikoaren irtenune bitxiak erakutsiz. Clauderi, bere haluzinazio-egoeran, begien aurrean infernuko kanpandorrea zeukala iruditu zitzaion. Dorre beldurgarri guzti hartan barreiatutako mila argiak, barneko labearen beste horrenbeste leihotzat hartzen zituen eta handik ateratzen ziren ahots eta zurrumurruak garrasi eta korokatzat. Orduan beldurtu egin zen, eta ez entzutearren behatzez belarriak itxi, ez ikustearren jiratu eta ikuskizun ikaragarri hartatik pauso handiak emanez urrundu egin zen.

        Baina ikuskizuna bere baitan zeraman.

        Kaleetan barrena hasi zenean, dendetako argitan zihoan jendea bere inguruan atzera-aurrera etengabe zebilen espektro-multzoa zela iruditzen zitzaion. Zarata arraroak zituen belarrietan. Fantasia harrigarriek asaldatzen zuten. Ez zituen etxeak ikusten; ez zorurik, gurdirik, gizon edo emakumerik. Batere zehaztu gabeko eta elkarri ertzetatik lotutako objektu-multzo kaotikoa ikusten zuen. Barrilerie-ko kale kantoian, janari-denda bat zegoen. Beti eduki zuen erlaitza latorri-uztaiz berea, berorietatik zurezko makilatxoak zintzilik zituela. Haizearen bultzadaz elkar jota, kriskitin hotsaren modukoa ateratzen zuten. Clauderi ordea, ilunpean Montfaucon-go eskeleto-multzoak ateratako hotsa zela iruditu zitzaion.

        —O! —zioen —Gaueko haizeak elkarren kontra bultzatzen ditu eta katen hotsa hezur-hotsarekin nahasten da! Neska ere agian besteekin batera zintzilik egongo da!

        Ero-ero eginda, ez zekien nora jo. Urrats batzuk aurrera egin eta Saint-Michel-go zubian zen. Etxe bateko beheko plantan argia zegoen. Hurbildu egin zen. Pitzatutako beira artetik begiratuta, bere barrenera oroitzapen nahasia ekarri zion gela zikin bat ikusi zuen. Kriseilu ahulaz gaizki argiztatutako gela hartan itxura ederreko gizon gazte ilehori eta alaia zegoen algara bizian, nabarmen jantzitako neska gazte bat besarkatuz. Kriseilu ondoan, andere zahar bat iruten eta ahots dardaratiz abesten ari zen. Gazteak barre aldika egiten zuenez, atsoaren kantua zatika heltzen zen apaizarengana. Ulergaitza eta beldurgarria zen kantua.

 

                Grève, aboye, Grève, grouille!

                File, file, ma quenouille,

                File sa corde au bourreau

                Qui siffle dans le préau.

                Grève, aboye, Grève, grouille!

                La belle corde de chanvre!

                Semez d'Issy jusqu'à Vanvre

                Du chanvre et non pas du blé.

                Le voleur n'a pas volé

                La belle corde de chanvre!

                Grève, grouille, Grève, aboye!

                Pour voir la fille de joie

                Pendre au gibet chassieux,

                Les fenetres sont des yeux.

                Grève, grouille, Grève, aboye!

 

        Une hartan gazteak berriz barre egin zuen, neska laztanduz. Atsoa Falourdel zen eta neska emagaldu bat. Mutila berriz, apaizaren anaia Joan.

        Claudek begira segitu zuen, ikuskizun bat ala bestea berdin zitzaionez.

        Joan, gela barrenean zegoen leiho batera joan zen, leihoa ireki eta ibai ertzera begiratu zuen. Urrutira argitutako mila leihok distira egiten zuten. Leihoa ixtean honakoa entzun zion apaizak:

        —Arraioa! Iluntzen ari da. Burgesek beren kriseiluak piztu dituzte eta jainkoak bere izarrak ere bai.

        Gero Joan neskarengana etorri eta mahai gaineko botila bat hautsi zuen, oihu eginez:

        —Hutsa berriz ere! Eta ez dut dirurik! Isabel polit hori. Jupiterrez ez naiz gustura egongo zure bi bular zurien ordez bi botila ardo beltz ipintzen ez baditu. Beaune-ko ardoa edan nahi dut zure titietatik gau eta egun.

        Txantxa alai hark emagalduari barrea eragin zion eta Joanek alde egin zuen handik.

        Dom Claudek, bere anaiak topo eginda aurrez aurre begiratu eta ezagutu ez zezan ozta-ozta izan zuen lurrean etzateko beta. Zorionez kalea ilun zegoen eta ikaslea mozkortuta. Hala ere, artxidiakonoa lurrean lokatzetan etzanda sumatu zuen.

        —Begira, begira! —esan zuen —Hara hemen egun ederra pasa duen bat.

        Bere oinaz arnasari eusten ari zen Clauderen gorputza mugitu zuen.

        —Mozkor-mozkor, bete-bete eginda dago —esan zuen Joanek—. Barrikatik irtendako izaina ematen du. Burusoila da, gainera —erantsi zuen makurtuz—. Agurea da. Fortunate senex!

        Gero dom Claudek urruntzen ari zela sumatu zuen eta honako hau entzun zion:

        —Berdin dio. Motiboa ederra da eta nire anaia artxidiakonoa zoriontsua ere bai, zuhurra delako eta dirua duelako.

        Orduan artxidiakonoa zutitu eta gelditu gabe, etxeen gainetik dorre handiak ikusten zizkion Andre Mariaraino joan zen. Katedraleko plazara arnasestuka heldu zenean, atzera egin zuen eta ez zen zorigaiztoko eraikinerantz begiak altxatzera ausartu.

        —O! —esan zuen ahots ahulez —Egia ote da gero horrelakorik gaur bertan hemen eguerdian gertatu izana!

        Azkenean elizari begiratzea ausartu zen. Fatxada ilun zegoen. Hondoan zeru izarratua zeukan. Horizontetik gora egindako Ilargia, une hartan ilgoran eskuineko dorrearen puntan zegoen; zintzilik egon ere, gingil beltzezko balaustradan pausatutako txori argitsua bailitzan.

        Klaustroko atea itxita zegoen, baina artxidiakonoak beti zeraman bere laborategia zeukaneko dorrera sartzeko giltza. Horri esker elizara sartu zen.

        Barruan kobazuloko iluntasuna eta isiltasuna topatu zituen. Nonahitik goitik behera ehun zabal gisa zetozen itzal handien artean, goizeko zeremoniarako zintzilikarioak artean kendu gabe ikusi zituen. Zilarrezko gurutze handiari, ilunpetan han-hemenka puntu batzuek dizdiz zegioten, hilobi-gau hartan esne-bidea bailitzan. Koruko leiho luzeek zapi beltzen gainean beren ojibak erakusten zituzten. Ilargi-izpi batek zeharkatzen zituen ojibako beira haiek gaueko nola-halako koloreak besterik ez zituzten; hildakoen aurpegian baizik egoten ez diren more, zuri eta urdin antzekoak, hain zuzen. Artxidiakonoak, koruaren bueltan ojiba-punta zurixka haiek ikusita, kondenatutako apezpikuen mitrak zirela pentsatu zuen. Begiak itxi egin zituen, eta berriz zabaldutakoan, begira zegozkion aurpegi zurbilak iruditu zitzaizkion.

        Elizan ihesi hasi zen, baina eliza ere ikaratu, mugitu, piztu egiten zela sumatu zuen. Kolomatzar haietako bakoitza, bere harrizko oin handiaz lurra kolpatzen zuen hanka ikaragarria zen. Katedral itzel hura elefante miresgarri baten antzekoa zen; pilareak hankak, bi dorreak tronpa eta zapi beltz ikaragarria estalki zituela arnaska zebilen elefante ikusgarria.

        Sukarra edo eromena tamaina hartaraino iritsi zenez, zorigaiztoko apaizarentzat kanpoko mundua ikusi, ukitu eta ileak lazten zizkion errealitatea zen bere ingurua.

        Une batez zertxobait bareago sentitu zuen bere burua. Alboko nabeetan ibili zen eta pilare baten atzean argi gorrizta bat ikusi zuen. Izarra balitz bezala hurbildu zitzaion. Kriseilu txiki bat zen; gau eta egun Andre Mariako elizan burdin sare baten atzeko otoitz-liburu publikoa argitzen zuena, hain zuzen. Liburu santu hartara gogoz inguratu zen, kontsolamendu- edo adore-apur bat han aurkituko zuen itxaropenetan. Liburua Job-en pasarte batean zegoen irekita eta honakoa irakurri zuen: «Eta izpiritu bat nire aurpegi aurretik igaro zen, eta haizexka bat sentitu nuen, eta larruazaleko ilea laztu egin zitzaidan.»

        Irakurketa goibel haren ondoren, itsuak lurretik jasotako bastoiak ziztatzen duenean sentitutakoa nabaritu zuen. Belaunek huts egin zioten eta lurrera erori zen, egun hartantxe hildakoaz pentsatuz. Bere garunean hainbat ke beldurgarri igaro eta jaurtitzen zuenez, burua infernuko tximinia bihurtu zitzaiola iruditu zitzaion.

        Agian denbora luzez egon zen egoera hartan, lur jota eta ezer egin gabe, demonioaren menpe. Azkenean indar-pixka bat etorri zitzaion eta bere Quasimodo leialaren ondoan dorrean babestea pentsatu zuen. Jaiki eta, beldur zenez, otoitz-liburuko kriseilua hartu zuen. Sakrilegioa zen hura, baina huskeria horietaz arduratzeko egoeran ez zegoen.

        Dorreetako eskailera poliki-poliki igo zuen, isilpeko izuaz beterik, zeina plazako ibiltari bakanengana hedatuko zen. Izan ere, kriseiluaren argi misteriotsua ordu haietan gezi-leihoz gezi-leiho kanpandorrearen gaineraino igotzen ikusi baitzuten.

        Bat-batean, freskotasun-apur bat sentitu zuen aurpegian. Galeria handienaren atean zen. Airea hotz zegoen. Zeruan hodei zuri handiak zebiltzan elkarrengana pilatuz eta ertzak kamustuz, neguan elur-urez gainezka egindako ibaia bezala. Ilargia, ilgoran, hondoa jota hodei artean zegoen, izotz-puska haien artean harrapatutako ontzi zerutiarra zirudiela.

        Begirada jaitsi eta bi dorreak elkartzen dituen kolomatxo-ilararen zirrikituetatik, une batez urrutira, lanbro eta ke artean, Parisko teilatu-multzo isila ikusi zuen; udako gauean itsaso bareko olatuak bezalako teilatu zorrotz, ugari, pilatu eta txikiak ikusi ere.

        Ilargiak izpi ahula igortzen zuen eta zeruari nahiz lurrari errauts-kolorea ematen zien.

        Une hartan erlojuari bere ahots mehe eta motela entzun zitzaion. Gauerdi zen. Apaizak eguerdiaz pentsatu zuen. Eguerdiko hamabiak zetozkion berriro:

        —O! —esan zuen bere golkorako —Honez gero hoztuko zen!

        Bat-batean, haize-bolada batek kriseilua itzali egin zion, eta ia aldi berean, dorreko beste muturrean itzal bat, distira bat, forma bat, emakume bat agertu zitzaion. Izutu egin zen. Izan ere emakume haren ondoan ahuntz txilei bat zegoen, erlojuaren azken danbatekoarekin batera beeka ari zela.

        Begiratzeko adina adore izan zuen. Huraxe zen.

        Zurbil, triste zegoen. Ileak sorbalda gainean goizean bezalaxe zituen, baina lepoan sokarik ez zuen eta eskuak lotu gabe zeuzkan. Libre zegoen; hilda.

        Zuriz jantzita zegoen eta zapi zuria zeraman buru gainean.

        Beregana zetorkion, poliki, zerura begira. Ahuntz zerutiarra atzetik zihoakion. Harri eta zur sentitu zuen gorputza; astunegia, ihes egiteko. Neskak aurrera urrats bat egin ahala, berak beste urrats bat egiten zuen atzera. Hori besterik ez. Horrela eskailerako ganga ilunera sartu zen. Bera zegoen lekuraino agian neska joan zitekeela pentsatuta, harrituta zegoen. Etorri izan balitz, izuaren izuz hil egingo zitekeen.

        Neska eskailerako ateraino heldu eta geratu egin zen une batez. Ilunpera finko begiratu zuen, baina dirudienez apaiza ikusi gabe, eta pasa egin zen. Neska, bizi zenean baino handiagoa iruditu zitzaion. Bere arropan zehar ilargia ikusi zuen eta arnasa ere sumatu zion.

        Emakumea igaro zenean, espektroa agertutakoan bezalaxe eskailera poliki jaisten hasi zen, izututa, ilea laztuta, lanpara itzalia eskuan, bera ere espektroa zelakoan. Eskailera kiribileko mailak jaisten zituen bitartean, garbi entzun zuen bere belarrietan barrez honakoa errepikatzen zuen ahotsa:

        «...Eta izpiritu bat nire aurpegi aurretik igaro zen, eta haizexka bat sentitu nuen, eta larruazaleko ilea laztu egin zitzaidan.»

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997