|
Parisko Andre Maria III. Irakurleak ez zuen ahaztuko Mirari Gortearen alderdi bat hiriko harresi zaharrak mugatzen zuela eta harresiko dorre asko garai hartan hondatzen hasiak zirela. Dorre haietako bat pikaroek atsegin-leku bihurturik zeukaten. Beheko gelan kabareta zegoen eta gainerakoa goiko estaietan. Dorre hura zen lapurren leku biziena eta, ondorioz, nazkagarriena. Gau eta egun burrundara ateratzen zuen aberaska higuingarria zen. Gauez, gainerako miserable guztiak lo zeudenean, plazako lurrezko fatxadetan leiho bat bera ere argirik gabe zegoenean, etxe-pilo handi hartatik oihu bat ere ateratzen ez zenean, lapur, emagaldu, lapurtutako ume edo sasikumezko txindurritegi hartan dorre alai hura beti nabarmentzen zen ateratzen zuen zaratagatik eta aire-zulo, leiho edo pitzatutako hormen zirrikituetatik zerion argi gorriztagatik. Sotoa zen, beraz, kabareta. Ate txiki batetik eta alexandriar klasikoa bezain eskailera pikatik zegoen sarbidea. Ate gainean, ikur gisa orban batzuk zeuden, txanpon berri batzuk eta hildako oilasko batzuk irudikatuz. Azpian hitz-joko hau zegoen: Aux sonneurs pour les trépassés. Gau batean, Parisen etxera biltzeko kanpandorre guztietan jotzen ari zirenean errondako sarjentuak Mirari Gorte beldurgarrira sartu izan balira, lapurren taberna hartan ohi baino zalaparta handiagoa zegoela ikusiko zuketen; bestetan baino gehiago edan eta madarikatzen zela, alegia. Kanpoan ahopeka hizketan talde asko zegoen (isilka proiektu handi bat prestatzen ari denean bezalaxe), beti ere han-hemenka lapurren bat kokoriko lurreko harrian altzairuzko ganibeta zorrozten ari zelarik. Taberna barruan dena den, ardoak eta jokoak pikaroak hain indartsu dibertitzen zituztenez, zaila zen zurruteroak zertan ari ziren asmatzea. Ohi baino alaiago zeuden eta denek zeramaten arropa artean armaren bat; aihotz, aizkora, ezpatatzar edo arkabuz zaharraren kanoiren bat. Gela, biribila, zabala zen, baina mahaiak elkarrengandik hain hurbil zeudenez eta edaleak hain ugari zirenez, tabernako oro (gizon, emakume, aulki, garagardo-pitxar, edale, lo-egile, jokalari, osasuntsu eta elbarri), ostren maskor-piloa bezain ordenaturik eta harmoniatsu zegoela zirudien. Mahai gainean kandela batzuk piztuta ikus zitezkeen, baina tabernako benetako argia, opera-aretoan erdian zintzilikatutako lanpara handiaren zeregina betetzen zuena, sua zen. Soto hura hain hezea zenez, tximiniari itzaltzen ez zioten inoiz uzten; ezta udan ere. Beheko su ikaragarria zen, tailatutako suburua dena su-burdina eta sukaldeko tresnaz betea zuelarik. Egur eta zohikatzezko su handia egiten zuen; gauez herrietako kaleetan aurreko hormara leihoko burdinsare forjatuaren espektroa hain gorri jaurtikitzen duen horietakoa. Errauts gainean serio eseritako zaintzaile bat, okelaz betetako burruntzi bat jiratzen ari zen. Nahasmendu handia egon arren, lehen begi-kolpearen ondoren jende-pila hartan hiru talde nagusi nabari zitezkeen. Irakurleak jadanik ezagutzen dituen hiru pertsonaiaren inguruan bilduta zeuden haietako bat, urre-izunezko kapaz ekialdeko modan jantzitakoa, Matias Hungadi Spicali zen; Egipto eta Bohemiako dukea. Pikaroa mahai baten gainean eserita zegoen, hankak gurutzaturik eta behatza airean, magia zuriaz eta beltzaz bere jakinduria aho-zabalik inguruan zituenei ozen aldarrikatzen. Beste multzo bat Thunes-ko errege ausartaren, gure lagun zaharraren, inguruan zegoen. Hortzetaraino armaturik, Clopin Trouillefou oso serio eta ahopeka armaz betetako upela baten banaketa antolatzen ari zen. Upela lehertuta zegoen bere aurrean eta bertatik aizkorak, ezpatak, zizpak, bular-sareak, aiztoak, lantza-muturrak, azkonak, geziak eta tragazak ugari ateratzen zitzaizkion, sagarrak eta mahats-mordoak kornukopiatik bezala. Batek buruko babesa, besteak puntzeta eta besteak sastakaia hartzen zuen pilotik. Umeak ere armatzen ari ziren eta zangorik gabeko elbarriren bat ere bazen, haga, koraza eta guzti, kakalardoa bailitzan zurruteroen hanka artean zebilela. Azkenik, hirugarren taldea zegoen; zaratatsuena, alaiena eta ugariena. Mahai eta aulkiak beteta zeuzkan, erdian burutik ezproietarainoko armadura osoaren barrutik ateratzen zen ahots mehe bat hizketan eta madarikatzen ari zitzaielarik. Goitik beherainoko armaduraz hornitutako gizon hari, gerra-jantzi haren barruan sudur izugarria, gorria, harroa, ile kizkur hori batzuk, aho gorria eta begi biziak besterik ez zitzaizkion ikusten. Gerria daga eta sastakaiz josia zeukan, ezpata handia zuen aldean, herdoildutako balezta ezkerrean eta pitxarkada handi bat ardo aurrean, golkoa hutsik eskuinean zuen neska guriaz gain. Inguruan zituen aho guztiak barrez, madarikatzen eta zurrutean ari ziren. Horiez gain beste hogei laguntzaile-talde, txarroak buru gainean zituztela harat-honat zebiltzan neskame eta morroiak, bolatan, kurkuluxetan, datoka, burdin zotzetan eta uztai-joko ernagarrian ari zirenak, bazter bateko liskarrak eta beste muturreko laztanak zeuden. Guzti hori kontutan hartuta multzo haren berri izan daiteke, zeinaren ondoan su gartsuaren argia kabareteko hormetan milaka itzal ikaragarri eta itxuragabe dantzaraziz zabuka ari baitzen. Hango zarataz berriz, bilin-bolaka ari den kanpaiaren barrena zirudiela esan daiteke. Koipea zirtaka ari zitzaion litxarrak, bere etengabeko txilioaz aretoko mutur batetik bestera nahasten ziren mila elkarrizketen tarteak betetzen zituen. Anabasa hartan, taberna barrenean, beheko suaren barneko aulkian, filosofo bat zegoen pentsakor, oinak errauts gainean eta begiak ilintietan zituela. Pierre Gringoire zen. Tira, azkar! Hartu armak! Ordubete baino lehen joan behar dugu! esaten zien Clopin Trouillefou-k bere berritsuei. Neska bat ahapetik honakoa kantatzen ari zen: Bonsoir, mon père et ma mère! Les derniers couvrent le feu. Karta-jokoan ari ziren bi, haserre zebiltzan: Txanka hori! deiadar egin zuen bietan asaldatuenak Hirusta bezala utziko haut! Errege jaunaren kartetan Mistigri-ren lekua hartzeko moduan izango haiz horrela. Uf! zaunka egiten zuen normandiar batek bere sudur-mintzoaz Hemen Caillouville-ko santuak bezala pilatuta gaude! Mutilak! ari zitzaien Egiptoko dukea ahots mehez bere entzuleei Frantziako sorginak akelarrera erratzik, koiperik eta zaldirik gabe joaten dira. Hitz magiko batzuk besterik ez dituzte. Italiako sorginek beti dute akerra atarian, baina denak tximiniatik irteten dira. Goitik behera armatutako pikaro gaztearen ahotsa nagusi zen iskanbila hartan. Hori, hori! egiten zuen deiadar Gaur dut hasiera! Lapurra! Lapurra naiz, arranopola! Bota ardo gehiago! Lagunok! Joan Frollo Errotakoa naiz; noblea. Segur naiz Jaungoikoa jendarme izan balitz lapur bihurtuko litzatekeela. Anaiok! Ibilaldi eder bat egitera goaz. Denok ausartak gara. Eliza inguratu, ateak ireki eta neska aterako dugu. Epaile eta apaizengandik askatuko dugu. Klaustroa eraitsi eta apezpikua bere apezpikutegian erre egingo dugu. Eta guzti hori alkateak zopa-koilarakada bat irentsi baino azkarrago. Gure kausa bidezkoa da. Andre Mariako eliza bipildu egingo dugu, eta kito. Quasimodo zintzilikatu egingo dugu. Ezagutzen al duzue Quasimodo, neskak? Zigorpean arnasestuka ikusi al zenuten Mendekoste-egunean? Oso ederra da, alajaina! Eman behar deabrua xurrutarriaren gainean dela. Entzun, lagunok! Pikaroa naiz bihotzaren barreneraino. Goitik behera litxarreroa naiz. Oso aberatsa nintzen, baina neure ondasunak jan egin ditut. Nire amak ofizial egin nahi ninduen eta nire aitak subdiakono, izebak auzitegiko kontseilari, amonak erret notari eta izeba txikiak altxorzain togadun. Ni ordea, pikaro egin naiz. Aitari esan nion eta bere madarikazioa aurpegira bota zidan. Amari ere esan nion, eta gajoa su-burdineko egur hori bezala negarrez eta lerde-jario hasi zitzaidan. Gora alaitasuna! Aske naiz! Tabernari lagun hori, bota ardoa! Oraindik ordain dezaket. Ez dut Suresnes-ko ardorik nahi, eztarria laztu egiten dit eta. Nahiago dut otar batekin gargarak egitea! Entzuleek barre-algaraz txaloka egiten zutela eta jendetza hura bere inguruan biltzen zela ikusita, ikasleak honela segitu zuen: Hau da zarata gozoa, hau! Populi debacchantis populosa debacchatio! Eta kantuz hasi zen, ikusmena estasian bezala lausotuta, kalonjeak bezperak abesten dituenean bezala: Quae cantica! quae organa! quae cantilenae! quae melodia: hic sine fine decantantur! sonant melliflua hymnorum organa, suavissima angelorum melodia, cantica canticorum mira! Eten egin zuen jarduna eta: E! Tabernari arraio hori! Atera afaria! Hizketan ia inor ari ez zen une batean, Egiptoko dukearen ahots garratza entzuten zen, ijitoei irakasten ari zela: Erbinudeari Aduine esaten zaio, azeriari Oin-urdin edo Basa korrikari, otsoari Oingris edo Oin-urreztatu, hartzari Zaharra edo Aitona. Iratxoaren txapelak ikusezin bihurtzen du eta gauza ikusezinak ikustarazten ditu. Bataiatzen apoa belus gorri-beltzez jantzi behar da. Kriskitina)* arri behar zaio lepoan eta kanpaitxoa hanketan. Aitapontekoak aurrean eta amapontekoak atzean. Sidragasum deabrua da neskak biluzik dantzarazteko ahalmena duena. Arraioa! eten zion Joanek Nahiago nuke Sindragasum demonioa banintz. Bitartean lapurrak beren hitz-hots eta guzti aretoko beste bazterrean armatzen ari ziren. Esmeralda gajoa! zioen andere ijito batek Gure ahizpa da. Atera egin behar da handik. Andre Marian dago beraz oraindik erantsi zuen judu-aurpegia zuen eskale batek. Bai, noski. Beraz, lagunok oihu egin zuen eskaleak, goazen Andre Mariara! Gainera San Fereol eta San Ferrution-en kaperan bi estatua daude; San Joan Bataiatzailearena bata eta San Antoniona bestea. Urrezkoak dira biak eta guztira hamazazpi marko urre eta hamabost estelin pisatzen dituzte. Eta oinazpikoak berriz, zilar urreztatuzkoak dira. Hamazazpi marko eta bost ontza izango dira. Ongi dakit hori, zilargina naiz eta. Orduan afaria atera zioten Joani. Ondoko neskari lepotik helduta, honela hasi zen deiadarka: Herriak San Goguelu esan eta San Voult-de-Lucques delakoaren osasunagatik! Zoriontsu naiz benetan. Artxiduke-aurpegi bizargabeaz begira ari zaidan ergel bat dut aurrean. Ezkerrean berriz, okotsa estaltzerainoko hortzak dituen beste hau. Eta ni Pantoiseko setiaketan Gie mariskalaren parekoa naiz, eskua titian dudala. Lagun arraio hori! Pilota-merkataria dirudik eta nire ondora hator eseritzera. Ni noblea nauk eta merkataritza nobleziarekin ezin duk uztartu. Hoa hemendik! E! Zuek! Utzi borrokatzeari. Nola, Baptiste Croque-Oison? Hain sudur dotorea eduki eta astazakil horren ukabilen aurrean ipiniko ote duk bada? Ergel alaena! Non cuiquam datum est habere nasum. Zoragarria zara, Jacqueline Ronge-Oreille! Lastima da zuk ilerik ez edukitzea. E! Ni Joan Frollo naiz eta anaia artxidiakonoa dut. Demonioak eraman dezala! Esaten dizuedana egia da. Lapur bihurtuta oso pozik uko egin diot neure anaiak aginduta paradisuan neukan etxe baten erdiari. Dimidiam domum in paradiso. Hona hemen testua. Tirechappe kalean feudoa dut eta neska guztiak nitaz maitemindurik daude. Hori egia da; San Eloi zilargin bikaina zela eta Parisko hiri oneko bost ofizioak larru-ontzea, larru-apaintzea, uhalgintza, toxagintza eta zapatagintza direla edo San Lorentzo arrautza azalekin erre zutela bezain egia. Zin degizuet, lagunak. Zatoz, polit hori. Ilbete dago. Begira argizulotik haizeak hodeiak nola urratzen dituen! Horixe egingo diot nik zure lepokoari. Neskak! Kendu mukiak umeei eta kandelak ongi ipini. Kristo eta Mahoma! Zer ari naiz jaten? Arraioa! Zirtzil hauen buruetan falta diren ileak platerean daude. E! Atso hori! Ba al dakin arrautzopil burusoilak gustatzen zaizkidala? Deabruak pasmatuta utziko al hau! Beeltzebub-en ostatu honetan emagalduak sardexkaz orrazten dira! Guzti hori esanda, platera lurrera botata hautsi eta deiadarka honela hasi zen: Eta nik ez dut, / Jainkoarren!/ Ez fede eta ez lege,/ Ez su eta ez etxe,/ Ez errege,/ Ez Jainko! Bitartean Clopin Trouillefou-k arma-banaketa bukatua zuen. Gringoirerengana hurbildu zen, berau itxuraz, oinak su-burdinan zituela, ametsetan sakon zegoelarik. Pierre. Zertaz ari zara pentsatzen? galdetu zion Thunesko erregeak. Gringoire irribarre tristeaz jiratu zitzaion: Sua atsegin dut, lagun. Ez oinak berotzen dizkigulako edo zopa irakiten digulako, ez. Txinpartak dituelako maite dut. Batzuetan orduak ematen ditut txinpartei begira. Supazter beltza zipriztintzen duten izar horietan milaka gauza ikusten dut. Izar horiek beste horrenbeste mundu dira. Arraioa! Ez dizut ulertzen esan zion lapurrak. Ba al dakizu zer ordu den? Ez dakit erantzun zion Gringoirek. Clopin orduan, Egiptoko dukearengana joan zen. Matias adiskidea. Unea ez da ona. Diotenez Luis hamaikagarrena Parisen da. Gure arreba bere atzaparretatik ateratzeko beste arrazoi bat gehiago erantzun zion ijito zaharrak. Gizon hitz egiten duzu, Matias esan zion Thunesko erregeak. Gainera arin ibiliko gara. Elizan oztopoak izango diren beldurrik ez dago. Kalonjeak erbiak bezalakoak dira eta gu indartsu gaude. Parlamentuko jendea bihar neskaren bila etortzen denean ahoa bete hortz geratuko da. Ez dugu nahi, ez, neska eder hori zintzilika dezaten. Clopin kabaretetik irten egin zen. Bitartean Joan garrasika ari zen ahots zakarrez: Jan, edan, mozkortuta nago. Jupiter naiz. E! Hi! Pierre Abere-hiltzaile! Horrela begiratzen segitzen baduk muturrean jota sudurra mailatuko diat. Gringoire bestetik, bere gogoetetatik irtenda inguruko giro zalapartatsuaren bizitasuna ari zen kontsideratzen, bere golkorako honela zioela: Luxuriosa res vnum et tumultuosa ebrietas. Ai! Ez edanda ongi ari naiz. Zein ederki zioen San Benitok Vinum apostatare facit etiam sapientes. Une hartan Clopin sartu eta bere trumoi-ahotsarekin honakoa esan zuen: Gauerdi da! Hura entzunda, geldirik dagoen erregimentuan turuta jotzen dutenean bezala, lapur guztiak (gizon, emakume eta ume) bat-batean tabernatik kanpora atera ziren, arma eta burdinez zarata handia eginez. Ilargia ezkutatua zen. Mirari Gortea ilunpetan zegoen. Argirik sumatzen ez bazen ere, inguru haiek ez zeuden hutsik. Gizon eta emakume, ahopeka hizketan, jendetza handia zegoen han. Zurrumurrua entzuten zitzaien eta ilunpetan mota guztietako armak dizdiz nabaritzen ziren. Clopin harri handi baten gainera igo zen. Zeuen ilaretara, Ahuntz-erdarakoak! deiadar egin zuen Zeuen taldera Egiptokoak! Zeuen lerroetara, Galileakoak! Ilunpean mugimendua sumatu zen eta jendetza hura lerrokatu egin zen. Minutu batzuk geroago, Thunesko erregea hizketan hasi zen: Orain isil-isilik Paris zeharkatuko dugu! Kontrazeinua Sugar txiki ibiltaria da. Andre Mariara iritsi arte ez ditugu zuziak piztuko! Aurrera! Hamar minutu geroago, errondako zaldunek izututa ihes egin zuten Pont-au-Change aldera, Azoka-auzoa alde guztietatik zeharkatzen duten kale bihurrietan zehar jaisten ari zen gizon beltza eta isileko prozesioa ikusita. Parisko Andre Maria |