|
Parisko Andre Maria VI. Esana dugunez, artxidiakonoa eta kanpai-jolea katedral inguruko jende handiak eta xeheak ez zituen begi onez ikusten. Askotan ohi zutenez Claude eta Quasimodo batera ateratzen zirenean eta, nagusia aurrean morroia atzean, Andre Maia inguratzen duten kale estu-ilunak zeharkatzen ikusten zituztenean, hitz gaizto bat baino gehiago, kantu ironiko bat baino gehiago eta eztenkada iraingarri bat baino gehiago botatzen zien jendeak, baldin eta (eta hori oso gutxitan gertatzen zen) Claude Frollo, burua tente, bere aurpegi serio eta ia maiestatikoa adarjotzaile txundituei erakutsiz pasatzen ez bazen. Toutes sortes de gens vont aprés les poètes, Comme après les hiboux vont criant les fanvettes. Batzuetan mutiko lotsagaberen batek bere hezurrak eta bizia arriskatzen zituen orratz bat Quasimodoren konkorrean sartuta atsegin hartzeagatik. Beste batzuetan neska pertxentaren batek, behar baino ausardia handiagoz, apaizaren jantzi beltza igurtziko zuen bere aurpegira honakoa isekaz kantatuz: niche, niche, le diable est pris. Inoiz atso ihar batzuek, etxe atariko mailetan itzaletik indartsu egiten zieten marmar artxidiakonoari eta kanpai-joleari, eta madarikazio artean honako ongietorria botatzen zieten: «Hara! Horra batek arima besteak gorputza bezalakoa!». Beste zenbaitetan jolasean ari ziren ikasle edo soldaduak batera jaiki eta uhuka egingo zieten latinez honela agurtuz: Eia! eia! Claudius cum claudo!. Gehienetan ordea, apaiza eta kanpai-jolea ez ziren iseka haietaz jabetzen. Hain gauza barregarriak entzuteko Quasimodo gorregia zen eta Claude bere baitara bilduegia. Parisko Andre Maria |