Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
LASCIATE OGNI SPERANZA

 

        Erdi Aroan, eraikin bat amaitzen zenean, lurpean lur-gainean ikusten zena adina egoten zen. Andre Maria bezala pilote gainean eraikitzen ez bazen, jauregi, gotorleku edo elizak beti zuen hondo bikoitza. Katedraletan, nolabait esan, lurpean beste katedral bat egoten zen; baxu, ilun, misteriotsu, itsu eta mutua, goiko nabea argiz gainezka eta organo- nahiz kanpai-hotsez gau eta egun beteta zegoen arren. Batzuetan beheko planta hura, hilobia zen. Jauregi eta gotorlekuetan sotoa presondegia zen eta batzuetan hilobia (edo biak batera) ere bai. Arestian nola egiten ziren aipatutako eraikin handi hauek, zimenduak ez ezik lurpean gela, galeria eta eskaileratan adarkatzen ziren sustraiak ere bazituzten, goiko eraikin-zatiak bezalaxe. Horregatik eliza, jauregi eta gotorlekuek lurra gerriraino zeukaten. Eraikin baten sotoa, igo ordez jaitsi egin behar zeneko beste eraikin bat zen. Monumentuaren kanpoko oinen multzoaren azpian bere lurpeko oinak zituen, ertzeko baso eta mendien azpian lakuko ur garbietan islatuta alderantzikatzen diren baso eta mendiak bezalaxe.

        San Antonioko gazteluan, Parisko justizi jauregian, Louvren, sotoak presondegiak ziren. Presondegi haietako oinak txikiagoak eta ilunagoak ziren, behera joan ahala. Izuaren ñabardurak mailakatzen zireneko beste horrenbeste zona ziren. Dantek bere infernurako gauza hoberik ez du aurkitu. Inbutu erako gela itxi hauen hondoan normalean ziega egoten da. Dantek Satan ipini zuen han; gizarteak heriotzara kondenatutakoak edukitzen zituen Lekuan, hain zuzen. Dohakaberen bat hara sartzen zenean, agur egiten zion argiari, aireari, biziari eta edozein esperantzari. Urkatu edo sutan erre zezaten arte ez zen handik aterako. Batzuetan bertan usteldu ere egiten ziren. Giza justiziak horri ahaztea deitzen zion. Gizakien eta bere artean, kondenatuak buru gainean harri eta kartzelari-multzoa sentitzen zuen. Presondegia ere, gotorleku osoa alegia, bizien mundutik aparte lotzen zuen sarraila konplexu ikaragarria baino ez zen.

        Horrelako zuloaren hondoan, San Luisek Tournelle-ko sotoan egindako ziegan utzi zuten Esmeralda urkatzera kondenaturik, ihes egingo zuen beldurrez. Justizi jauregi osoa buru gainean, alajaina, harririk txikiena mugitzeko gauza ez zen euli gajoa izanik!

        Egia esan, bai probidentzia eta bai gizartea gaizki portatu ziten, zeren izaki ahul harenak egiteko ez baitzegoen horrenbeste zorigaitz eta oinazeren beharrik.

        Han zegoen, ilunpetan galdurik, lurperaturik, giltzaperaturik. Eguzkitan barrez eta dantzan ikusi zuenari erakutsi izan balitzaio, ikaratu egingo zitekeen. Gaua bezain ilun, heriotza bezain hotz zegoen, bere ileetan haizerik gabe, belarrian pertsona-hotsik gabe, begietan argi-izpirik gabe, bi puska eginda, kateaz beterik, ziegako lurrari zerion urez osatutako putzuan lasto-pixka baten gainean txarro baten eta ogi-puska baten ondoan uzkurtuta, mugitu gabe eta ia arnasarik gabe. Ia sufritu ere ezin zuen egin. Febo, eguzkia, eguerdia, airea, Parisko kaleak, dantzak eta txaloak, ofizialaren maitasun-hitz gozoak, gero apaiza, atsoa, sastakaia, odola, tortura, urkamendia, dena bere oroimenean igarotzen zen, batzuetan doinuz eta urrez jantzitako ikuskizun gisa eta besteetan amesgaizto itxuragabe bailitzan. Nolanahi ere, ilunpetan ezkutatzen zen borroka goibel eta izugarria edo han lurrean urrutiko musika zen; zulo sakon hartatik entzun ezin zitekeena.

        Han zegoenez gero, ez zuen lorik egiten eta ez zegoen esna. Zorigaizto hartan, ziega hartan, lo edo esna egotea, ametsa eta errealitatea, eguna eta gaua, ezin zituen bereizi. Dena nahasita, hautsita, flotatuz, bere pentsamenduan nahas-mahas hedatuta zegoen. Ez zuen ezer sentitzen, ez zekien ezer, ez zuen ezer pentsatzen. Gehienez ere amets egiten zuen. Ordura arte inor ez zen ezerezean amildurik tamaina hartan egon.

        Eta horrela sorgortuta, izoztuta, harri bihurturik, ia nabaritu ere ez zuen egin bere buru gainean nonbaiten ataka bat argirik sartu gabe bizpahiru aldiz ireki eta eskuren batek ogi-kozkor beltz bat bota ziola. Hura zen gizakiekin zuen komunikabide bakarra; kartzelazainaren aldikako bisita.

        Bere belarriak gauza bakar bat sentitzen zuen. Bere buru gainean lizundutako harriei hezetasuna zerien eta tarte berdinetan ur-tanta bat erortzen zen. Bere ondoko putzuan tanta hark aldika ateratzen zuen hotsa entzuten zuen.

        Tanta hura zen bere inguruko mugimendu bakarra, denbora markatzen zuen erloju bakarra, lurbira osoan ateratako zarata guztietan heltzen zitzaion bakarra.

        Dena esan behar eta, noizbehinka lohi eta iluntasunezko zulo hartan gauza hotz bat pasatzen zitzaion oin edo beso gainetik, bera ikaratu egiten zelarik.

        Ez zekien zenbat denbora zeraman han. Nonbaiten noizbait norbaiti heriotza-zigorra irakurri eta gero hara eraman zutela gogoratzen zen. Gaueko isiltasunean esnatu zen, hotzak izozturik, eta lurrean eskuez arrastaka ibiltzen saiatu zen, baina burdinazko uztaiek orkatilak urratu zizkioten. Katearen hotsa ere nabaritu zuen. Inguru guztia hormaz itxia zegoela konturatu zen. Azpian lauzetan ur-putzua zeukan eta lasta azaoa. Ez zegoen ez argirik eta ez arnasbiderik. Orduan lasto gainean eseri zen eta aldika ziegako harmaila batean ere bai, posturaz aldatzearren. Denboraldi batez ur-tantak neurtzen zituen minutu beltzak kontatzeari ekin zion, baina luze baino lehen garun gaixo hartan lan triste hura berez eten egin zen, harri eta zur zurrun geratu zelarik.

        Azkenean, egun batez (edo gau batez, zeren hilobi hartan gauerdiek eta eguerdiek kolore bera baitzuten) bere gainean normalean kartzelazainak ura eta ogia ekartzean egin ohi zena baino zarata handiagoa sumatu zuen. Burua altxatu eta izpi gorrizta iritsi zitzaion ziegako gangan zegoen ataka edo leihoko zirrikitu artetik. Aldi berean morroilo astunak kirrinka egin zuen eta atakak ere bai bere kontza herdoilduetan biratzean. Argi bat, esku bat eta bi gizonen beheko aldea ikusi zituen. Ataka baxuegia zen haien buruak ikusi ahal izateko. Argiak begiei hain bizi eraso zienez, itxi egin behar izan zituen.

        Berriz ireki zituenean, ataka itxita zegoen, kriseilua harmailan eta gizon bakar bat bere aurrean zutik. Kapusai beltz bat zuen oinetaraino eta kolore bereko txano batek aurpegia estaltzen zion. Ez zitzaion ezer ikusten; ez aurpegirik eta ez eskurik. Zutik zirauen hil-jantzi luzea zen, barruan zerbait mugitzen zitzaiolarik. Minutu batzuetan finko begiratu zion espektro moduko hari. Bitarte hartan bietako inork ez zuen hitzik egin. Aurrez aurre zeuden bi estatua ziruditen. Ziega hartan bizirik bi gauza besterik ez zeudela esan zitekeen: aireko hezetasuna zela eta zirtaka ari zen kriseilu-metxa, eta txinpart irregular haiek palast monotonoz hautsita, kriseilu-argiari putzuko ur koipetsuan isla zentrukidez dardara eragiten zion gangatiko ur-tanta.

        Azkenean, preso zegoen neskak eten zuen isilaldia.

        —Nor zara?

        —Apaiz bat.

        Hitz haiek, doinu hark, ahots hark, ikaratu egin zuten.

        Apaizak hizketan segitu zuen, isilka ahoskatuz:

        —Prest al zaude?

        —Zertarako?

        —Hiltzeko.

        —O! —esan zuen —Azkar izango al da?

        —Bihar.

        Pozik altxatu zen burua, bular gainera erori zen.

        —Denbora gehiegi da! —murmuratu zuen —Berdin zitzaien gaur bertan hiltzea!

        —Hain zorigaiztokoa al zara? —galdetu zion apaizak isilune baten ondoren.

        —Hotz handia daukat —erantzun zion ijitoak.

        Orduan bere oinak eskuez hartu zituen (hotz direnek egin ohi dute hori, arestian Tour-Roland-en preso zegoenari ere horixe egiten ikusi genionez) eta hortzak karraska hasi zitzaizkion.

        Apaizak bere txanoaren azpiko begiradaz gela osoa bildu zuen.

        —Argirik gabe! Surik gabe! Uretan! Ikaragarria da!

        —Bai! —erantzun zion gajoak zorigaitzak utzitako harridura aurpegiaz —Argia denontzat da. Zergatik ilunpe hutsa niretzat?

        —Ba al dakizu —galdetu zion apaizak beste isilune baten ondoren —hemen zergatik zauden?

        —Inoiz jakin izan dut —esan zuen behatz meheak, oroitu nahian, bekain azpitik pasatuz—, baina orain ez dakit.

        Bat-batean umea bezala negarrez hasi zen.

        —Hemendik irten egin nahi dut, jauna. Hotzak eta beldurrez nago eta hemen gorputzera igotzen zaizkidan piztiak daude.

        —Ongi da. Zatoz nirekin.

        Orduan apaizak besotik heldu zion. Neska gajoak, hezur-muinetaraino izoztuta egon arren, hotza sentitu zuen esku hark ukitu zuenean.

        —O! —murmuratu zuen —Herioren esku hotza da. Zein zara zu?

        Apaizak bere txanoa erantzi eta neska begira geratu zitzaion. Aspalditik ondoren zebilkion aurpegi goibela zen; Falourdele-ren etxean bere Febo maitearen buru gainean agertu zitzaion deabru-burua; azkenean sastakaiaren ondoan diz-diz ikusi zituen begiak, inola ere.

        Zorigaitzetik zorigaitzera oinaze latzak jasateraino eramandako gertaera tamalgarri hark sorgortasunetik atera egin zuen. Bere oroimena inguraturik zeukan estalki moduko hura urratzen ari zitzaiola sumatzen zuen. Bere gorabehera tristearen xehetasun guztiak, hasi Falourdele-ren etxeko gaueko gertaeratik eta Tournelle-ra kondenatu artekoak, batera zetozkion burura, baina ez ordura arte bezala nahasian eta lausoturik; garbi, gordin, argitsu, bizi eta ikaragarri baizik.

        Oinaze handiegiak erdi galduriko eta ezabaturiko oroitzapen haiek, berpiztu egin ziren aurreko aurpegi goibelaren eraginez, tinta sinpatikoz idatzitako paper zuriari beroak letrak garbi nabarmenarazten dizkion bezalaxe. Bere bihotzeko zauri guztiak ireki eta denak batera odol jario ari zitzaizkiola iruditu zitzaion.

        —A! —oihu egin zuen eskuak begietan eta ikaraz —Apaiza da!

        Gero, etsita, bere besoak erortzen utzi eta burumakur, begirada lurrean, mutu, eserita geratu zen dardaraz.

        Apaizak galsoroan ezkutaturik dagoen hegatxabalari airetik miruak bezala begiratzen zion, hegaka gero eta zirkulu estuagoak egin ondoren bat-batean gezia bezala harrapakinarengana jauzi eta atzaparretan taupatsu estu helduz.

        Neska ahopeka murmuratzen hasi zen.

        —Bukatu! Bukatu! Eman azken errematea!

        Eta ikaratuta bere burua sorbalda artean ezkutatzen zuen, harakinaren kolpearen zain dagoen arkumeak bezala.

        —Beraz, izutu egiten zaitut —esan zion azkenean apaizak.

        Neskak ez zion erantzun.

        —Izutu egiten al zaitut? —galdetu zion berriz.

        Neskaren ezpainak irribarre egiteko bezala uzkurtu egin ziren.

        —Bai —esan zion—. Borreroak iseka egiten dio kondenatuari. Hilabetetan dabilkit ondoren, mehatxuka, ikaratuz! Ene Jaungoikoa! Hori gabe zein zoriontsu nintzatekeen! Berak bota nau amildegi honetara! Berak hil du! Berak hil du nire Febo!

        Orduan, begiak apaizarengana altxatuz eta eztanda eginez, negar-zotinka honakoa bota zion:

        —Madarikatua! Zein zara zu? Zer egin dizut? Zergatik gorrotatzen nauzu? Zer duzu nire kontra?

        —Maite zaitut —erantzun zion elizgizonak.

        Orduan bere negarra bat-batean geratu egin zen. Ergela bailitzan begiratzen zion. Apaiza belauniko ipini zitzaion eta bere begi distiratsuez jan egingo zuela zirudien.

        —Aditzen al duzu? Maite zaitut! —oihu egin zuen.

        —A zer nolako maitasuna! —esan zion dohakabeak ikaraz.

        —Kondenatuaren maitasuna —erantsi zuen apaizak.

        Minutu batzuetan zirraren zamaz abailduta biak isilik geratu ziren; gizona sentikortasunik gabe eta neska ergelaren gisa.

        —Entzun —esan zion azkenean lasaitasun berezia etorri zitzaiola zirudien apaizak—. Guztiaren berri emango dizut. Orain arte gaueko sakontasunean, iluntasuna hain handia izanik Jainkoak ere ez gaituela ikusten ematen duen garaian, nire kontzientziari isilpean galdezka ari nintzaionean neure buruari esatera ere ausartzen ez nintzena jakinaraziko dizut. Entzun, bada. Zu ezagutu baino lehen zoriontsu nintzen...

        —Ni ere bai! —hasperen egin zuen neskak.

        —Ez eten, arren. Bai, zoriontsu nintzen. Hala uste nuen nik behintzat. Garbia nintzen eta nire arima argitasun gardenez betea zegoen. Apaizek kastitateaz aholkuak eskatzen zizkidaten eta doktoreek dotrinaz. Bai. Zientziaren jabe nintzen. Zientzia arreba nuen eta arreba aski zen niretzat. Bestelako pentsamenduak ere izaten nituen ordea. Behin baino gehiagotan sentitu zuen nire haragiak zirrara emakume-forma pasatzen ikusita. Gazte eroa izaki, nik bizitza guztirako itota neukala uste nuen sexu eta odolezko giza indar horrek, behin baino gehiagotan gogor astindu zituen aldareko harri hotzei lotuta naukaten burdinazko botoen katea. Baina barauak, otoitzak, estudioak eta klaustroko hildurak izpiritua gorputzaren gainetik jartzen zuten. Emakumeengandik ihes egiten nuen. Gainera liburu bat irekitze hutsarekin neure garuneko ke lizunak zientziaren distirapean erabat ezabatzen ziren. Minutu gutxi batzuetan mundu honetako gai larriak ihesi zihoazela sentitzen nuen eta lasai, txundituta, bare egoten nintzen betiereko egiaren distirapean. Deabruak erasotzeko elizan, kalean edo landetan nire begien aurrean igarotzen ziren emakume-forma sakabanatuak besterik bidaltzen ez zizkidan bitartean, inoiz ametsetan gogoratzen banituen ere erraz gainditzen nuen arazoa. Baina, ai!, garaipena lortu ez badut errua Jaungoikoarena da, gizona eta deabrua indar berdintsukoak egin ez dituelako. Entzun. Egun batean...

        Une hartan apaiza geratu egin zen eta atxilotuak haren bularretik negar-zotin erdiragarrien gisako hasperenak entzun zizkion.

        Elizgizonak jarraipena eman zion bere kontakizunari.

        —...Egun batean nire gelako leihotik begira ari nintzen... Zein liburu ari nintzen irakurtzen orduan? O! Guztia zurrunbiloa bezala dago nire buruan. Irakurtzen ari nintzen. Leihotik plaza ikusten zen. Danbolin- eta musika-hotsa entzun nituen. Neure pentsamenduetan etena sortzeagatik gogaiturik, plazara begiratu nuen. Ni bezalaxe beste pertsona asko ere begira ari ziren. Hura ez zen, ordea, giza begiek ikustekoa. Han plazaren erdian, eguerdi eguerdian eta eguzki distiratsuaren pean neskatxa bat dantzan ari zen. Hain zen ederra, ze Jainkoak berak ere Ama Birjinaren ondoan amatzat hobetsi eta gizon bihurtu zenean bizi izan balitz harengandik jaioko baitzitekeen. Begi beltz eder-ederrak zituen eta bere ile beltz batzuk eguzkiak jota urrezko hari bihurtzen zituen. Bere mugimenduan oinak ezkutatu egiten ziren, azkar biratzen ari den gurpilaren erradioak bezala. Bere buruan eta txirikorda beltzetan eguzkitan diz-diz egiten zuten metalezko plakak zituen, bekokia izarrezko koroa bilakatzen zelarik. Dilista metalikoz jositako soinekoak urdin islatzen zuen, udan gaueko zeruak bezala milaka distiraz beterik. Bere beso arin eta beltzaranak gerriaren inguruan bi etxarpe gisa biltzen eta zabaltzen ziren. Gorputza harrigarriro eder zuen. O! Eguzkiaren argitan ere irudi distiratsu nabarmena zen!... Ai, neska! Gazte hura zu zinen. Harrituta, txundituta, sorginduta, begira egoten nintzaizun. Hainbeste begiratuz, bat-batean izuaren izuz ikaratu egin nintzen eta patuak harrapatu egin ninduela sentitu nuen.

        Apaiza, estututa, gelditu egin zen beste behin. Gero honela eman zion jarraipena bere hariari:

        —Erdi liluraturik, nire erorialdian zerbaiti heltzen saiatu nintzen, ez amiltzearren. Satanek bestetan bidali zizkidan amarrukeriak gogoratu nituen. Nire begien pean zegoen izaki haren edertasuna ez zen mundu honetakoa. Zerutik ala infernutik bidalia baino ezin zitekeen izan. Gure lur-puska bat barrutik emakume-arima dardaratiz gaizki argituta egindakoa ezin zitekeen izan. Aingerua zen! Baina iluntasun eta sugarrezkoa, eta ez argizkoa. Hori pentsatzen ari nintzela, zure ondoan ahuntza ikusi nuen, akelarretako piztia, barrez begira ari zitzaidala. Eguerdiko eguzkiak adarrak urrezko bihurtzen zizkion. Orduan konturatu nintzen deabruaren amarrua zela eta harez gero ez dut zalantzarik egin. Zu infernutik etorri zara. Ni galtzeko etorri ere. Seguru nago.

        Une hartan apaizak aurrez aurre begiratu zion atxilotuari eta honela segitu zuen:

        —Oraindik ere halaxe uste dut. Nolanahi ere, sorginkeria poliki-poliki eragiten ari zen, zure dantza buruan jira-biraka nuen, patu misteriotsua nigan betetzen ari zela igartzen nion, iratzarrita egon behar zuen guztiak nire ariman lotan hasten zen, eta elurretan hotzak hiltzen direnak bezalaxe, atsegin hartzen nuen lo hura hurbiltzen zitzaidanean. Bat-batean kantatzen hasi zinen. Zer egin nezakeen nik, dohakabe honek? Zure kantua dantza baino are liluragarriagoa zen. Ihes egin nahi nuen, baina ezin. Iltzaturik, sustraiz lurrera loturik nengoen. Zoruko marmola belaunetaraino neukala iruditu zitzaidan. Amaitu arte han egon behar nuen. Oinak izozturik neuzkan eta burua irakiten. Azkenean, agian nitaz errukitu egin zinen. Abesteari utzita ezkutatu egin zintzaizkidan. Ikuskizun txundigarri haren isla, sorgin-musika haren oihartzuna, emeki-emeki itzali ziren nire begi-belarrietan. Leiho bazterrera erori nintzen, askatutako estatua baino zurrunago eta ahulago. Bezperetarako kanpaiak iratzarri ninduen. Esnatu eta ihesari ekin nion, baina, ai!, nire baitara zerbait erori zen eta ezin zen jaiki. Nire barruan alde batera utzi ezin nuen zer edo zer neukan.

        Beste geldiune bat eginda, honela jarraitu zitzaion bere kontakizunari:

        —Bai. Harez gero nik ezagutzen ez nuen gizona zegoen nire baitan. Nire erremedio guztiak erabili nahi izan nituen: klaustroa, aldarea, lana, liburuak. Dena alferrik! Zein hutsa den zientzia, grinaz beteriko burua etsita jotzen duenean! Ba al dakizu, neska horrek, harez gero liburuaren eta nire artean zer ikusten nuen? Zu, zure itzala, egun batean nigana heltzeko espazioa zeharkatu zuen agerkunde argitsu haren irudia. Baina irudi hark ez zeukan kolore bera. Zuhurra ez denak eguzkiari luze finko begiratu ondoren geratzen den zirkulu beltza bezalaxe, iluna, goibela, hitsa zen.

        Ezin nintzen zugandik libratu, zure abestiaren burrunbada entzuten nuen beti belarrietan, nire otoitz-liburuan zure oinak ikusten nituen dantzan eta gauean ametsetan zure gorputza nirean irristatzen zela sentitzen nuen. Zu ikusi, ukitu eta nolakoa zinen jakin asmoz nenbilen. Zutaz geratu zitzaidan ametsezko irudi haren antzik ote zenuen egiaztatu nahi nuen; nire ametsa errealitateaz hautsi agian. Edozelan ere, beste zirrara bat sentitu nahi nuen, jasan ezin nuen lehenengoa ezabatuko zidalakoan. Bila ibili nintzaizun, eta zoritxarrez baita berriz ikusi ere. Bitan ikusi ondoren, mila aldiz, beti, ikusi nahi zintudan. Baina, nola gera daiteke infernuko malda horretan? Harez gero nik neu izateari utzi egin nion. Demonioak nire hegoak lotzeko erabili zuen hariaren beste muturra zure oinari loturik zegoen. Zu bezala erromes eta ibiltari bihurtu nintzen. Etxe-atarietan zain egoten nintzaizun, kale-kantoietatik zelatatu egiten zintudan, neure dorrera igota adi-adi so egiten nizun. Gauero neure baitara biltzen nintzen eta liluratuago, etsiago, sorginduago, galduago ikusten nuen neure burua.

        Ijitanoa, buhamea, ijitoa, tzingaroa zinela jakin nuen. Zure sorginkeriaz nola zalantzarik egin? Entzun. Auzi batek zure liluratik libratuko ninduela espero nuen. Sorgin batek nahastu zuen Bruno Astekoa. Errearazi eta sendatu egin zen. Nik banekien hori eta erremedioa probatu nahi nuen. Lehenbizi Andre Mariako plazan ibiltzea debekarazten saiatu nintzen, itzultzen ez bazinen ahaztuko zintudalakoan. Zuk ez zenion jaramonik egin. Itzuli egin zinen. Gero zu bahitzea bururatu zitzaidan. Gau batean baita ahalegindu ere. Bi ginen. Geurea egina genuen, ofizial madarikatu hori etorri zenean. Askatu egin zintuen. Orduan hasi zen zure zorigaitza, nirea eta harena. Azkenean, zer egin ez nekiela, Ofizio Santuaren aurrera joanda salatu egin zintudan. Bruno Astekoa bezala neure onera etorriko nintzela uste nuen. Gutxi gorabehera auziak niregana ekarriko zintuelakoan nengoen; presondegian nire esku zeundekeela, nirea izango zinela, handik ihes egiterik ez zenuela izango, aspaldian zurea nintzela eta behingoz zu nirea izateko garaia bazela. Kaltea egitekotan, egin beharreko guztia egin arte ez da etsi behar. Izugarrikeriak egiten hasi eta erdibidean geratzea ez da komeni! Krimen-gehiegikeriak pozezko eldarnioak ditu. Apaiza eta sorgina atseginean bat izan daitezke ziegako lasto gainean.

        Salatu egin zintudan, beraz. Zuregana joanda ikaratu egiten zintudan orduan. Zure kontra prestatzen ari nintzena, zure buru gainean pilatzen nuen ekaitza, niregandik irtendako mehatxu eta tximistak ziren. Artean zalantzak nituen ordea. Nire proiektuak bazituen atzera eragiten zidaten alderdi beldurgarriak.

        Orduan bertan behera utzi banu, agian nire ideia higuingarria fruiturik eman gabe neure garunean ihartu egingo zen. Prozesuan aurrera egitea ala geratzea beti nire esku egongo zela pentsatzen nuen, baina pentsamendu gaizto oro gupidagabea da eta gauzatzea nahi izaten du. Ni ahaltsua nintzela uste nuenean, patuak nik baino gehiago zezakeen. Lastima! Lastima izan da! Patuak harrapatu zaitu eta patuak utzi zaitu nik ilunpetan osatu dudan makina beldurgarriaren gurpilean!

        Entzun, amaitzen ari naiz eta! Egun batean, egun eguzkitsu batean, nire aurrean zure izena aipatuz, barrez eta begietan lizunkeria zuela gizon bat pasatu zen. Madarikatua! Ondoren joan nintzaion. Handik aurrerakoa badakizu.

        Isildu egin zen. Neska gazteari honakoa bakarrik atera zitzaion:

        —O, nire Febo!

        —Izen hori ez! —esan zion apaizak besotik zakarki helduz —Ez aipatu gero hitz hori! O! Zein errukarri garen! Izen horrek galdu gaitu! Edo hobeto esan, patuaren joko ulertezinaren eraginez ekar galdu dugu! Sufritzen ari zara, ezta? Hotzak zaude, iluntasunak itsutu egiten zaitu, presondegiko gela honek inguratu egiten zaitu, baina beharbada zeure barrenean argi-izpiren bat izango duzu, zure bihotzarekin jolasean ari zen gizon harro horrenganako ume-maitasuna besterik ez bada ere! Nik berriz, presondegia neure baitan daramat. Nire barrua negua da, izotza, etsipena. Gaua dut neure ariman. Ba al dakizu zenbat sufritu dudan? Zure auzian izan naiz. Ofizio Santuko aulkietan eserita nengoen. Bai. Apaiz jantziaren azpian kondenatu bat zegoen saminduta. Eraman zaituztenean han nengoen. Galdetu dizutenean ere hantxe nengoen. Otso-koadrila halakoa! Nire krimena zen, nire urkamendia, zure buru gainean emeki-emeki zutitzen ikusten nuena. Testigantza, froga edo alegatu bakoitzean, ni han nengoen. Guruzbide honetan eman dituzun urrats guztiak kontatu ahal izan ditut. Hantxe nengoen pizti basati horrek... O! Oinazeena ez neukan aurrez pentsatuta! Entzun. Oinaze-gelan ere egon naiz zurekin. Borreroaren esku higuingarriek arropak kendu eta erdi biluzik erabiltzen ikusi zaitut. Zure oina ikusi dut. Oin hari behin muin eman eta hiltzeagatik inperioa emango nukeen. Nire burua zapalduko balu berebiziko atsegina emango lidakeen oin hura, brotzegi beldurgarri hartan sartuta ikusi dut; bizidunaren atalak haragi-pilo odoltsu bihurtzen dituen tresna ikaragarri hartan. Madarikatua! Hura ikusten ari nintzela, neure jantzien azpian sastakaiz bularra urratzen nuen. Garrasi hura egin zenuenean, haragira sartu zitzaidan eta bigarren garrasia egindakoan bihotzeraino! Begira. Oraindik ere odoletan dagoela uste dut.

        Sotana ireki zuen orduan. Apaizaren bularra tigrearen erpeek urratu balute bezalaxe zegoen eta saihetsean artean orbaindu gabeko zauri handi samarra zeukan.

        Neskak atzera egin zuen izututa.

        —O! —esan zion apaizak —Erruki zaitez nitaz, neska hori! Dohakabea zarela uste duzu, baina ez dakizu zorigaiztoa zer den. O! Emakume bat maitatzea! Apaiza izatea! Gorrotatua izatea! Arimako indar guztiez maitatzea. Bere irribarre txikienagatik ere odola, erraiak, fama, osasuna, hilezkortasuna eta betierekotasuna, bizi hau eta hurrengoa, dena emateko prest egotea. Bere esklaborik leialena bezala haren menpean jartzeko errege, jeinu, enperadore, goiaingeru edo jainkoa ez izana sentitzea. Amets eta pentsamendutan gau eta egun besarkatuta edukitzea, eta soldadu-jantzi batez maiteminduta ikustea! Ikaratuta arbuiatuko duen apaiz-sotana besterik eskaini ezina! Harroputz ergel bati bere maitasun eta edertasunezko altxorra eskaintzen dion bitartean jeloskor eta amorraturik aurrean egon beharra! Erretzen zaituen gorputz hori, bular leun horiek, haragi hori, beste baten laztanekin taupaka gorritzen ikusi beharra! Ene jaungoikoa! Bere oinak, besoak, sorbaldak maitatzea! Bere zain urdinez, azal beltzaranaz, gau osoan gelako zoruan bihurritzeraino pentsatzea eta harentzat amestutako laztan guztiak oinaze bihurturik ikustea! Larruzko ohean etzanaraztea besterik lortu ez izana! O! Horiek dira infernuko suaz goritutako benetako kurrikak! Zorionekoa bi oholen artean zerraz erdibitzen dutena edo lau zaldiz lau zati egiten dutena! Ba al dakizu zer oinaze den gau luzetan zeure odol-hodiak irakiten, bihotza lehertzeko zorian, burua eztanda egin beharrean, eskuei horzka eginez egotea? Labe gorian maitasun, jeloskortasun eta etsipenezko pentsamendutan etengabe erabiltzen zaituzten borrero gupidagabeak dira! Arren, neskatxa! Atseden-une bat eman iezadazu! Sugar honentzat errauts-apur bat mesedez! Xuka ezazu, otoi, nire bekokira tanta loditan ateratzen ari den izerdia! Ume horrek! Esku batez zigor nazazu nahi baduzu, baina besteaz laztandu arren! Erruki zaitez nitaz, neskatxa! Errukitu, otoi!

        Apaiza lurreko uretan zebilen, eta harmailen ertzak kolpatzen zituen bere buruaz. Neska gazteak entzun eta begiratu egiten zion.

        Azkenean akituta eta arnasestuka isildu zenean, neskatxak ahots ahulez honela esan zuen berriz:

        —O! Nire Febo!

        Apaiza belauniko joan zitzaion arrastaka.

        —Mesedez! —erregutu zion —Barrenik baduzu ez nazazu arbuia! Maite zaitut! Errukarria naiz! Izen hori ahoskatzen duzunean, nire bihotzeko zuntz guztiak hortzekin xehatu egiten dituzu! Arren! Infernutik bazatoz zurekin joango naiz hara! Dena prest daukat horretarako. Zu zauden infernua nire paradisua izango da, zu ikustea jainkoa ikustea baino xarmangarriagoa denez! O! Esadazu. Maite al nauzu? Edozein emakumek honelako maitasunari uko egingo balio, mendiak ireki egingo liratekeela sinetsiko nukeen. A! Zuk nahiko bazenu! Zein zoriontsu ginatekeen! Ihes egingo genuke. Nik lagunduko nizuke horretan. Edozein lekutara joango ginateke. Munduko bazterrik eguzkitsuena, zuhaitzez hornituena eta zerua urdinena duena aurkituko genuke. Elkar maitatuko genuke, geure arimak elkarri emango genizkioke, elkarren egarria aseezina izango litzateke eta gure maitasun agortezinaren edalontzian itzaliko genuke.

        Neskak irribarre ikaragarri eta distiratsuaz eten zion jarduna.

        —Begira, jauna! Atzazalak odolduta dauzkazu!

        Apaiza une batez harrituta geratu zen, bere eskuei begira.

        —Tira! —esan zion azkenean gozotasun arraroaz —Irain nazazu, iseka egin nahi baduzu, zanpa nazazu, baina zatoz nirekin. Azkar ibil gaitezen! Bihar da. Greve-ko urkamendia, alegia! Prest dago. Ikaragarria izango da zu gurdian joaten ikustea! O! Arren! Orain bezain garbi ez dut inoiz nabaritu zenbat maite zaitudan! Zatoz nirekin! Salbatu ondoren ni maitatzeko behar adina denbora har ezazu. Nahi bezain luze gorrota nazazu, baina zatoz. Bihar da! Bihar! Urkamendia! Zure heriotza! Salba zaitez!

        Besotik heldu zion. Aztoraturik zegoen eta eraman egin nahi zuen.

        Neskak finko begiratu zion.

        —Zer gertatu zaio nire Febori?

        —A! —esan zion apaizak besoa utziz —Ez duzu errukirik!

        —Zer gertatu zaio Febori? —errepikatu zuen lehor.

        —Hil egin da! —oihu egin zion elizgizonak.

        —Hil! —ihardetsi zuen, lehen bezain lehor eta hotz —Beraz, zergatik hitz egiten duzu bizitzaz?

        Gizonak ez zion entzuten.

        —O! —esan zuen ahopeka bere golkorako —Hila egongo da. Sastakaia sakon sartu zen eta egingo nuke puntaz bihotzeraino heldu nintzela. O! Nire bizia sastakai haren muturrean zegoen!

        Neska gazteak amorratutako piztiak bezala gainera jauzi egin zion eta neurriz gaineko indarrez eskailerako harmailetaraino bultza zuen:

        —Joan zaitez, mamu hori! Zoaz, hiltzaile hori! Utz nazazu hiltzen! Gure odolak zure bekokian ezabaezineko orbana utz dezala! Zurea ez naiz inoiz izango! Inoiz ez! Ezerk ez gaitu elkartuko. Ezta infernuak ere! Zoaz, madarikatu hori! Zoaz betiko!

        Apaizak behaztopa egin zuen eskaileran. Oinak bere soinekoaren tolesturatik askatu, kriseilua hartu eta aterainoko harmailak poliki-poliki igotzeari ekin zion. Atea berriz ireki eta irten egin zuen.

        Bat-batean, neskak haren burua ikusi zuen berriro. Izu-itxura ikaragarria zeukan. Amorru eta etsipenezko ahotsez honela egin zion garrasi:

        —Hilda dagoela diotsut!

        Neska lurrera ahozpez erori zen eta harez gero ziegan ilunpetan istilari dardara eragiten zion ur-tanta baino ez zen entzun.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997