Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
KARIBIDE-TIK ESZILA-RA

 

        Urtarrilean agudo iluntzen du. Kalean ez zegoen argitasunik Gringoirek Jauregitik irten zuenean. Iluntasun hura atsegin zitzaion. Karrika ilun eta hutsen batera heltzeko irrikitzen zegoen, han bere erara gogoetari ekitearren eta filosofoa poetaren zauria sendatzen has zedin. Bere teatro-ahaleginak izandako porrot izugarriaren ondoren, ez zen ausartzen Port-au-Foin-en aurrez aurre Grenier-sur-l'Eau kalean zeukan gelara itzultzen. Gizajoak bere eztei-olerkiagatik probestu jaunak eman behar zionarekin Gilermo Doulx-Sire maisuari (Parisko apatx bikoitzekoen zerga-biltzaileari) zorretan zeukan sei hilabeteko errenta, hots, hamabi sos paristar, ordaintzea espero zuen. Galtza, atorra eta kurloa barne, zeukan guztia baino hamabi aldiz handiagoa zen kopuru hura. Aldi batez Kapera Santuko altxor-zainaren kartzelako atakapean babestuta, gau hura non igaro zezakeen pentsatu zuen. Parisko adokin guztiak aukeran zituenez, aurreko astean Savaterie kalean, parlamentuko kontseilari baten atarian ikusi zuenaz gogoratu zen; mando gainera igotzeko balio duen harri horietako batez, hain zuzen. Estutasunak jotakoan eskalearentzat edo poetarentzat buruko egokia izango zela pentsatua zuen lehendik, eta Jainkoari eskerrak eman zizkion hain ideia ona izan zuelako. Baina Jauregi-plaza zeharkatu eta Cite-ko kale-multzo bihurrira (non arreba zahar diren Barilleirie, Vieille Draperie, Savaterie, Juiverie, eta beste hainbat kale oraindik ere beren bederatzi pisuko etxeekin hortxe baitaude) sartzekotan abiatzera zihoanean, eroen aita santua ikusi zuen, jendetza bere zarata, piztutako suzi, antzerkiko musika eta guzti jauregitik irten eta prozesioan Gringoirerengana zetorrela. Hura ikusita, bere barrenak haserrea areagotu egin zion eta ihes egin zuen. Bere porrot dramatikoaren zorigaitzean, egun hartako festa gogorarazten zion edozerk sumindu egiten zuen, zauria berriz ere odolduz.

        Saint-Michel-go zubira joan nahi zuen, non gaztetxo batzuk lehergarri eta suziri batzuk botatzen ari ziren.

        —Utikan artifiziozko kandelak! —pentsatu zuen Gringoirek Pont-au-Change aldera jiratuz. Zubiburuko etxeetan hiru zapi zintzilikatu zituzten, erregea, delfina eta Margarita Flandeskoa irudikatuz. Beste sei zapi txiki ere bazeuden, hurrenez hurren Austriako dukearen, Borboiko kardinalaren, Beaujeau-ko jaunaren, Joana Frantziakoaren eta Borboiko jaun bastart edo sasikoaren eta ez dakit beste zeinen erretratuekin. Dena suziz argiztatua zegoen, jendeak ikus zitzan.

        —Zorionekoa Joan Fourbault pintatzailea! —esan zuen Gringoirek hasperen handia eginez eta zapiei atzea emanez. Kale bat zegoen bere aurrean. Nahikoa huts eta beltz zerizkion zarata guztietatik eta festaren eragin orotatik at geratzeko. Bertara murgildu zen. Pauso batzuk emanda, bere oinak behaztopa egin zuen. Trabatu eta erori egin zen. Maiatzeko adarra zen; goizean egun hura ospatzeko ikasleek parlamentuko lehendakari baten atarian ipinitakoa. Gringoirek beste ezbehar hura ere tinko gainditu zuen. Jaiki eta ibai ertzera heldu zen. Zibil-dorretxoa eta kriminal-dorretxoa atzean utzi ondoren, erret lorategian horma luzearen barrena ibili zen, zoladurarik gabeko hareatza hartan lokatza orkatilaraino heltzen zitzaiola. Cite-ko irlaren mendebalderaino iritsi zen eta handik Passeur-aux-Vaches izeneko irlatxoari begira geratu zen. (Orain ez dago irlatxorik, brontzezko zaldiarekin eta Pont-Neuf-ekin desagertu zelako). Irlatxoa ilunpetan masa beltz gisa agertzen zitzaion tartean zegoen ur zurixkako korronte estuaren beste aldean. Lanpara txiki baten argiari esker, ganadu-ontzilariak gauetan babesteko zeukan erlauntza itxurako txabola moduko bat suma zitekeen.

        —Zorionekoa hi, behi-ontzilari! —pentsatu zuen Gringoirek— Hik ez duk ospearen ametsik eta ez duk eztei-poesiarik egiten! Bost axola hiri ezkontzen diren erregeak eta Borgoniako dukesak! Zelaietan hazi eta behiek jaten dituzten margaritez gain ez duk besterik ezagutzen. Poeta honi berriz, txistua jotzen ziotek eta hemen nagok hotzak, hamabi sos zorretan ditudala. Zapata-zoruak hain higatuak ditudanez, hire lanparako beira gisa ere erabil daitezkek. Mila esker, ganadu-ontzilari! Hire txabolak nire begiei atsegin eman eta Paris ahaztarazi zidak!

        Bere estasi liriko antzeko hartatik, zorioneko txabolatik ateratako sanjoan-suziri bikoitzaren eztandak esnatu zuen. ontzilariak nonbait, festa haietan berak ere parte hartu nahiz, txapligua bota zuen.

        Eztanda hark Gringoireri azala oilo-ipurdi utzi zion.

        —Festa madarikatua! Hemen ganaduzalearen txabola ondoan ere ez ote naiz libratuko?

        Gero oinetan zuen Sena ibaiari begiratu eta tentazio beldurgarria etorri zitzaion burura.

        —Pozarren botako nuke neure burua, ura hain hotza ez balego!

        Orduan etsi-etsian, beste erabaki bat hartu zuen. Eroen aita santutik, Joan Fourbaulten zapietatik, maiatzeko adarretatik, lehergarrietatik eta txapliguetatik libratzerik ez zeukanez, onena festetan parte hartu asmoz Greve-ko plazara inguratzea izango zen.

        —Han gutxienez —pentsatu zuen—, suteko ilintiren bat aurki dezaket berotzeko eta hiriko otordu publikorako mahaiburuan ipiniko zituzten azukrezko hiru armarri handietatik apur batzuk jateko aukera ere izan dezaket.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997