|
Parisko Andre Maria VI. Febo, dena den, ez zen hil. Klase horretako gizonak oso gogorrak dira. Felipe Lheulier maisuak, erregearen abokatu bereziak, Esmeraldari hiltzear dago oker esan zion, edo bestela txantxetan. Artxidiakonoak hil egin da esan zionean, ez zekien haren berri, nahiz eta hori gertatuko zela uste. Ez zuen besterik espero eta ez zuen besterik nahi. Maite zuen neskari etsaiaren berri onak ematea gogorregia izango zen. Egoera hartan beste edozein gizonek ere berdin jokatuko zukeen. Feboren zauria larria zen, noski, baina ez artxidiakonoak nahi adinakoa. Errondako soldaduek zaurituta laster eramandako botikaria zortzi egunez beldur izan zen hilko ote zitzaion, eta latinez ere esan zion berari. Baina gaztetasunak gainak hartu zituen, eta askotan gertatu ohi den legez, iragarpenak eta diagnostikoak gorabehera, natura medikuaren muturren aurrean gaixoa salbatuz jostatu zen. Artean botikariareneko ohean zegoela egin zizkioten Felipe Lheulier eta Ofizio Santuko inkisidoreek lehen galderak, batere onik egin ez bazioten ere. Horregatik, bere burua hobeto sentitu zuen goiz batean, botikariari urrezko ezproiak ordainetan utzi eta ezkutatu egin zen. Gainerakoan, gertaera hark ez zion prozesuaren instrukzioari eragozpenik sortu. Orduko justizia oso gutxi arduratzen zen prozesu kriminaleko argitasunaz eta garbitasunaz. Salatua zintzilikatu. Hori zen bere egiteko guztia. Epaileek nahikoa froga bazuten Esmeraldaren kontra. Gainera Febo hil egin zela uste zuten, eta ez ziren gehiago kezkatu. Febok, dena dela, ez zuen urrutira ihes egin. Queue-en-Brie-n, Parisetik gertu Ile-de-France-n zegoen bere goarniziora joan zen. Nolanahi ere, prozesu hartan egoterik ez zuen nahi. Lotsagarri geratuko zen susmoa zeukan. Azken finean, arazoari buruz gauza garbirik ez zuen ateratzen. Edozein soldadu bezala elizkoia ez izateaz gain sineskeria asko zuen, eta ez zen lasai geratzen gorabehera haietako ahuntza, Esmeralda ezagutu zueneko egoera bitxia, bere maitasunaren berri emateko era, neska ijitoa izatea eta, azkenik, fraide itxurako mamua burura etortzen zitzaizkionean. Historia hartan maitasuna baino magia gehiago sumatzen zuen; agian sorgina, edo deabrua beharbada. Komedia zen, dena dela, edo, orduko hitzetan esanda, berak paper tamalgarria (kolpeak eta isekak jasoz) jokatu beharreko auto sakramentala. Kapitaina goibel zegoen, nolanahi ere. Gure La Fontaine-k hain ederki deskribatutako lotsa zuen: Honteux comme un renard qu'une poule aurait pris. Arazoak zarata handirik ez ateratzea espero zuen. Han agertu gabe, bere izenik ia aipatu ere egingo ez zutelakoan eta gehienez ere Tournelle-ko alegatutik kanpo erabiliko ez zutelakoan zegoen. Horretan zuzen zebilen. Izan ere orduan ez zegoen «Tribunaletako gazeta»rik eta Parisko justizia ugarietan diru-faltsutzailea uretan irakin, sorgina urkatu edo heresea erre gabeko asterik ia ez zegoenez, plazetan Temis feudal zaharra mahukak bilduta urkamendietan, eskaileretan edo pikotetan bere lanean ikusten ohituta zeuden. Horri ez zitzaion garrantzirik ematen. Orduko handi-jendeale apenas zekien kalean zihoan kondenatuaren izenik. Gehienez ere ikuskizun trakets haiek jendailak zituen gogoko. Exekuzioa kalean ohiko gorabehera zen; okinaren labea edo ganadu-larrutzea bezalakoxea. Borreroa, beste harakin bat zen; zertxobait ilunagoa, agian. Besterik ez. Febo beraz, laster ahaztu zen Esmeraldaren (edo Similar-en, berak esan ohi zuenez) xarmaz, ijito edo fraide jantziko mamuaren (bost axola zitzaion bata ala bestea izan) sastakadaz eta prozesuaren emaitzaz. Baina bere bihotza libre zegoenez gero, Fleur-de-Lys-en irudia etorri zitzaion. Febo kapitainaren bihotzak, garai hartako fisikak bezalaxe, hutsari beldurra zion. Gainera Queue-en-Brie-ko bizimodua aspergarria zen. Esku latz eta zartatuzko ferratzaile- eta behizain-herria zen; legoa-erdiz bidean ezker-eskuin zegoen etxe zaztar eta txabolaz osatutako queue edo isatsa, alegia. Fleur-de-Lys bere azken aurreko amodioa zen; dote xarmanteko neska polita. Goiz batez, beraz, erabat sendaturik eta bi hilabetean ijitoaren arazoa amaitua eta ahaztua egongo zelakoan, zaldun maitatia harro heldu zen Gondelaurierkoen etxeko atarira. Jaramon handirik ez zion egin Andre Mariako sarrera aurreko plazan bildurik zegoen jendeari. Maiatza zenez gero, prozesio, Mendekoste edo festaren bat izango zela pentsatu zuen. Atariko zirgiloari zaldia lotu eta alai igo zen bere emaztegai ederraren etxera. Neska balearrik zegoen bere amarekin. Fleur-de-Lys-ek bere bihotzean gorderik zeuzkan sorginaren eszena, ahuntzarena, letra madarikatu haiek eta Feboren urrunaldi luzeak. Hala ere, bere kapitaina soingaineko berri, ezpata-zorro distiratsu eta itxura suharrez ikusi zuenean, atseginez gorritu egin zen. Neska noble hura ere inoiz baino xarmantago zegoen. Bere ile hori-ederrak bikain txirikordaturik zeuzkan eta emakume zurbilak hain dotore nabarmentzen dituen kolore urdin argiko soinekoa zeraman (Colombe-k erakutsi zion xehetasun hura), begia areago edertzen duen maitasun-ahuleriazko begiradaz zuelarik. Febo, Queue-en-Brie-ko emagalduak alde batera utzita emakumerik aspaldian sumatu ere egin gabe zegoenez, txundituta geratu zen Fleur-de-Lys ikusita. Egoera hartan gure ofizialak itxura gozo eta adeitsua erakutsi zuen, eta ondorioz bakeak berehala egin zituzten. Gondelaurierko anderea ere, beti bezala ama gisa bere besaulki handian eserita, ez zen ezer aurpegiratzeko gauza izan. Fleur-de-Lys-ek aurpegiratzeko zeuzkanak ere, laster bihurtu ziren urruma maitekor. Neskatxa leihotik gertu eserita zegoen, beti ere Neptuno-ren kobazuloa bordatuz. Kapitaina zutik zegoen haren aulki-bizkarrari helduta eta neskak ahots isil samarrez amultsuki egiten zion errieta. Zer egin duzu azken bi hilabete honetan, gaizto horrek? Zin degizut erantzun zion Febok, galderaz urduri samar artzapezpikua ere liluratzeko bezain eder zaudela. Irribarrea atera zitzaion, eutsi ezinda. Ongi da, ongi da, jauna. Utzi nire edertasuna alde batera eta erantzun mesedez. Ba, lehengusina maite, goarniziotik dei egin zidaten. Non dago goarnizio hori? Eta ni despeditzera zergatik ez zinen etorri? Queue-en-Brie-n. Febo pozik zegoen lehen galderak bigarrena saihesteko bidea ematen ziolako. Hemen bertan dago eta! Nolatan ez zara behin ere ni ikustera etorri? Galdera hark Febo estu samar hartu zuen. Izan ere... zerbitzua egin beharra... eta horrez gain, nire lehengusina xarmant hori, gaixo egon naiz. Gaixo! errepikatu zuen izuturik. Bai... zaurituta. Zaurituta! Neska gajoa nahastuta geratu zen. O! Ez ikaratu horregatik esan zion Febok lasai antzean. Ez da ezer. Borroka bat, ezpata-kolpe bat. Zer axola dizu? Zer axola didan? oihu egin zuen Fleur-de-Lys-ek bere begi ederrak malkoz beteta altxatuz O! Ez dakizu zer diozun. Zer izan da ezpata-kolpearen gorabehera hori? Dena jakin nahi dut. Tira, eder hori! Neure konpondu ezinak izan ditut Mahe Fedy-rekin, Saint-Germain-en-Laye-ko tenientearekin eta elkarri, larrua apur bat zulatu egin diogu. Besterik ez. Kapitain gezurtiak oso ongi zekien ohore-arazo batek emakumearen aurrean gizona goraldu egiten zuela. Fleur-de-Lys-ek hain zuzen, beldurrez, atseginez eta mirespenez hunkituta begiratzen zion aurpegira. Ez zen, ordea, guztiz lasai geratu. Erabat sendatua egongo zarela espero dut, nire Febo maite hori! esan zion Ez dut zure Mahe Fedy-rik ezagutzen, baina bilau hutsa da. Zergatik haserretu zarete? Bere irudimena oso sortzailea ez zela eta, balentriari irtenbidea aurkitu ezineko kinkan zegoen Febo. Al dakit bada?... Hutsa, zaldi bat, hitz batzuk! Lehengusina maite hori esan zuen gaiz aldatzearren. Zer dela eta dago plazan horrelako zalaparta? Febo leihora hurbildu zen. Ene Jaungoikoa! Begira zenbat jende dagoen plazan! Ez dakit esan zion Fleur-de-Lys-ek, baina badirudi sorgin batek gaur goizean eliz aurrean barkamena eskatuko duela, gero urka dezaten. Kapitaina seguru zegoen Esmeraldaren arazoa amaituta zegoela eta Fleur-de-Lys-en hitzek ez zuten ikaratu. Hala eta guztiz ere, galdera-pare bat egin zion. Zer izen du sorginak? Ez dakit erantzun zion. Eta zer egin duela diote? Neskak bere sorbalda zuriak altxatuz ihardetsi zion oraingoan. Ez dakit. Jaungoiko maitea! esan zuen amak Sorginak hain ugari direnez, izenik ere jakin gabe erretzen dira orain. Zeruko hodei guztien izena jakitea litzateke. Dena den, lasai egon gaitezke; gure jainko maiteak ongi erregistraturik baititu. Une hartan andere agurgarria altxatu eta leihora inguratu zen. Ene Jainkoa! Arrazoi duzu, Febo. Jendaila ugari bildu da hor. Jaungoiko maitea! Teilatuetan ere badaude. Nire gazte-denbora gogorarazten dit honek, Febo. Karlos VII.a sartu zenean gaur adina jende bazen. Ez dakit zein urtetan zen. Gauza hauek esaten dizkizudanean badirudi zahar-kontuak direla, baina niretzat gazte-kontuak dira. O! Nolanahi ere, jendea orain baino hobea zen. San Antonioko portaleko matakanetan ere bazegoen. Erregeak erregina zaldi gainean zeraman eta ondoren dama guztiak beren jaunekin zaldietan zetozen. Barre asko egin genuen, gogoan dut, Amanyon Garlandekoa txikiaren ondoan Matefelon jaun erraldoia, ingeles-piloa hil zuena, joan zelako. Frantziako noble guztien prozesioa zen, banderak distiratsu zituztela. Batzuek zutoihalak eta beste batzuek banderak zeramatzaten. AI dakit nik zer zen han? Calan-go jauna zutoihalaz, Joan Chateaumorantekoa banderaz, Coucy-ko jauna banderaz, eta Borboiko dukea izan ezik beste inork baino oihal gehiagorekin... Tristea da, benetan, gauza horiek garai batean izan zirela eta gehiago ez ditugula ikusiko pentsatzea! Bi maiteminduek ez zioten alargun agurgarriari entzuten. Febo bere emaztegaiaren aulkiaren bizkarrari heltzera itzuli zen, handik bere begirada haragikoia Fleur-de-Lys-en lepokoaren zirrikituetatik sakon sartzen zelarik. Lepoko hura noizbehinka hain egoki erdi irekitzen zenez, hainbat gauza gustagarri ikusteko eta beste hainbat irudimenaz asmatzeko aukera ematen zion Febori. Isla leunezko azal hartaz liluratuta, honela zioen berekiko: Zuria ez dena nola maita daiteke? Biak isilik zeuden. Neska gazteak aldika bere begi liluratu eta gozoak Feborengana altxatzen zituen eta ileak udaberriko eguzki-printzarekin nahasten zitzaizkion. Febo esan zion bat-batean Fleur-de-Lys-ek isil samar. Hiru hilabete barru ezkonduko gara. Ni izan ezik beste emakumerik ez duzula maitatu zin egin behar didazu. Zin degizut, ene aingeru hori! erantzun zion Febok bere begirada suharra ahots zintzoaren doinuari erantsita, Fleur-de-Lys limurtu nahian. Une hartan Febo berak ere agian sinetsiko zuen esandakoa. Bitartean andere zaharrak, bi ezkongaiak hain ederki konpontzen ari zirelako liluratuta, gelatik irten egin zuen etxeko-lanen bat egitekotan. Febo konturatu zen horretaz, eta bakardadeak kapitain menturazalea adorez beteta, burua ideia bitxiz bete zitzaion. Fleur-de-Lys-ek maite zuen, bere senargaia zen, neska eta biok bakarrik zeuden eta garai batean harengana izandako joera (lehengo freskotasunaz ez bazen ere, berotasunaz bai behintzat) berpiztu egin zitzaion. Azken finean, garia heldu baino lehen jatea ez da hain krimen larria. Ez dakit buruan pentsamendu hauek ibili zituenetz. Nolanahi ere, haren begirada ikusita Fleur-de-Lys bat-batean ikaratu egin zen. Ingurura begiratu, eta amarik ez. Hau da beroa, hau! esan zuen gorriturik eta urduri. Bai erantzun zion Febok. Ia eguerdia da eta eguzkiak enbarazu egiten du. Gortinak itxiko ditugu. Ez, ez! oihu egin zuen neskatxa gajoak Airea behar dut. Eta ehiza-txakur-taldearen arnas hotsa entzuten duen oreina bezalaxe, jaiki, leihora korrika joan, ireki eta balkoira atera zen. Febo, gogoz kontra bazen ere, ondoren joan zitzaion. Andre Maria aurreko plazan (balkoiaren parekoan, dakigunez), ikuskizun bitxi eta goibela zegoen. Hari esker, Fleur-de-Lys lotsatiari beldur izateko arrazoia aldatu egin zitzaion. Alboko kaleetatik heltzen zen jendetza ikaragarriak, plazaren ingurumariak leporaino bete-bete eginda zeukan. Plaza inguratzen zuen harresi txikia ez zitekeen aski libre mantentzeko, baldin eta esku-kanoiak hartuta alkabuzari eta alabardarizko bi ilara trinkoz sendotu ez balitz. Lantza eta arkabuzezko baso hari esker, plaza hutsik zegoen. Sarrera, apezpikuaren ikurrez hornitutako alabardari-multzo batek zaintzen zuen. Elizako ate zabalak itxita zeuden, plazako ehunka leiho ez bezala. Hauek erabat zabalik zeuden, milaka buru gutxi gorabehera artilleri parke bateko kanoi-bolak bezalaxe pilaturik zeudelarik. Jendaila haren gainazala, gris, zikina eta lohitsua zen. Eman beharreko ikuskizunak, biztanleriako mailarik baxuenekoen arreta erakartzen zuen, noski. Txapel horizta eta ile zikinezko inurritegi hartatik ateratzen zen zarata baino gauza gogaikarriagorik ez dago. Jendetza hartan oihua baino barrea gehiago entzuten zen eta gizon baino emakume gehiago zegoen. Noizbehinka, zurrumurruan ahots garratz eta zorrotzen bat nabarmentzen zen. ............................. E! Mahiet Baliffre! Hor zintzilikatu behar al dute? Hauxe tuntuna! Hemen barkamen-eskea da, atorra-mantarretan. Jaungoikoak aurpegira eztulka egingo dio latinez! Eguerdian egiten da beti. Urkatzen ikustea nahi baduzu, Greve-ra joan zaitez. Bai. Gero joango naiz. ............................. Entzun, Boucandry. Egia al da aitorleari muzin egin diola? Hala dirudi, Bechaingne Hara beste sinesgabea! ............................. Usadioa da, jauna. Jauregiko bailegoak gaizkilea epaitu ondoren exekutatzeko Parisko probestuaren esku utzi behar du, laikoa bada, edo apezpikutegiko arduradunaren esku, elizgizona bada. Eskerrik asko, jauna. ............................. Ene Jaungoikoa! esaten zuen Fleur-de-Lys-ek Neska gajoa! Pentsamendu hark saminez betetzen zuen jende gainean zerabilen begirada. Zarpail-pilo hartaz baino neskaz askoz ere arduratuago zegoen kapitainak, amultsuki zimurtzen zion atzetik gerria emaztegaiari. Irribarrez erreguka jiratu zen neska: Mesedez utz nazazu orain, Febo! Ama etorriko balitz, zure eskua ikusiko luke! Orduan eguerdiko hamabiak jo zituen astiro Andre Mariako erlojuak. Jendetzarengandik atsegin-algara lehertu zen. Artean hamabigarren kanpai-kolpearen dardara itzali gabe zegoelarik, buru guztiak zurrunbilotu egin ziren olatuak haize-boladaren eraginez bezala, eta aldi berean plazatik, leihoetatik nahiz teilatuetatik zalaparta ikaragarria altxatu zen. Badator! Fleur-de-Lys-ek eskuaz begiak estali zituen, ikusi nahi ezta. Eder hori! esan zion Febok Sartuko al zara? Ez erantzun zion, eta itxitako begiak ireki egin zituen jakin-minaren eraginez. Arasa-zaldi normandiar sendo batek tiratako gurdia, jantzi moreen bularraldean gurutze zuri handiak zituzten soldaduak zaldi gainean inguruan zihoazela, Saint-Pierre-aux-Boefs kaletik plazara zetorren. Jendeari kolpeka, erronda-sarjentuek bidea irekitzen zioten. Gurdiaren ondoan justiziako eta poliziako ofizial batzuk zihoazen zaldi gainean. Beren jantzi beltz eta zaldiz ibiltzeko trebetasun faltagatik nabarmentzen ziren. Jacques Charmolue zebilen guztien buru. Zorigaiztoko organ, neska gazte bat zegoen eserita, eskuak atzean loturik zituela eta ondoan apaizik gabe. Atorra-mantarretan zihoan, bere ile beltz luzeak (orduko ohitura urkamendi barreneraino heldu arte ez moztekoa zen) lepo eta sorbalda erdi biluziraino aske zintzilik zuela. Belearen lumajea baino ile beltz eta distiratsuago haietan zehar, soka gris zimurra bihurrituta eta korapilatuta zegoela ikus zitekeen. Lepauztai finak urratzen zizkion neska gajoari, harra lorean bezala lepo inguruan zeukan lokarri hark. Soloa haren azpian kutun txiki batek distira egiten zuen txirtxila berde artean. Utzi egin zioten hura eramaten, hil behar dutenei horrelakorik ukatzen ez zaienez, noski. Leihoetatik begira zaudenek, gurdiaren hondoan bere emakume-senaz ezkutatzen saiatzen zen hanka biluziak ikusten zizkioten. Oinetan ahuntz txiki bat lotuta zegoen. Kondenatuak bere hortzekin heltzen zion gaizki lotutako atorrari. Eman behar bere miserian erdi biluzik hala denen aurrean agertzeagatik gehiago sufritzen zuela! Ai! Lotsa ez da, ez, zirrara haien menpe egoteko egina. Jesus maitea! esan zion bizi Fleur-de-Lys-ek kapitainari Begira, lehengusu hori! Ahuntza zuen ijito lotsagabe hura da! Hitz haiek esan bitartean Feborengana jiratu zen, zeinak begiaz gurdian finko baitzituen. Oso zurbil zegoen. Zein ahuntz eta zein ijito? esan zuen totelka. Nola! erantsi zuen Fleur-de-Lys-ek Ez al zara gogoratzen?... Febok eten egin zion jarduna. Ez dakit zertaz ari zaren. Febok barrura sartzeko keinua egin zuen, baina ijito hark beste batean bezalaxe jeloskortasuna piztu zionez, Fleur-de-Lys-ek mesfidantzaz betetako begirada zorrotza bota zion. Noizbait sorgin haren prozesuan kapitainen bat nahastuta ote zegoen esan ziotela bururatu zitzaion. Zer duzu? esan zion Febori Badirudi emakume horrek urduri jarri zaituela. Febo irri zuriz erantzuten saiatu zen. Ni? Bai zera! Tira, tira! Hortaz, gera zaitez eta azkenera arte ikusiko dugu agindu zion. Zorigaiztoko kapitainak han geratzea beste aukerarik ez zuen. Dena dela, kondenatua behera (gurdiko oholetara) begira zihoan eta horrek zerbait lasaitzen zuen. Esmeralda zen, inola ere. Laido eta zorigaitzaren azken maila hartan ere, eder zekusan eta haren begi beltz handiek handiago ziruditen masailak argalduta zituelako. Aurpegi zurbila garbi eta ezin hunkigarriago ageri zuen. Masaccio-ren Ama Birjin batek Rafael-en baten airea duen bezalaxe, neskak ere lehen bere garaian izandakoaren antza zuen, baina ahulago, argalago eta eroriago zegoen. Gainerakoan, bere lotsa izan ezik dena axolarik gabe utzia zeukan. Izan ere izuak eta etsipenak erabat lur jota utzi baitzuten. Bere gorputza hila edo hautsia bailegoen, gurdi-zabuen arabera jauzika zihoan. Begirada triste eta urrun zuen. Ninietan malkoren bat ikusten zitzaion artean, baina geldirik (izozturik, hobeto esan) zeukan. Bitartean, zaldun-talde ilun hura jendetzaren alaitasun-oihu eta jarrera bitxien artean igaroa zen. Historialari leial izan asmoz ordea, esan beharra dago neska hain ederra eta eroria ikusita begira zeuden asko errukitu egin zirela; baita bihozgogorrenak ere. Gurdia plazan zegoen. Erdiko ate handiaren aurrean geratu egin zen. Segiziokoak alboetan lerrokatzeari ekin zioten. Jendearen zurrumurruak atertu egin ziren, eta larritasun nahiz handitasunez betetako isilune hartan, ate nagusiaren bi orriak beren kontzetan biratuta zabaldu egin ziren txirularen antzeko kirrinka aterata. Orduan elizaren barrena luze, ilun, doluz jantzirik, aldare nagusian urruti pizturik zeuden kandelen argia ozta-ozta nabari zela ikusi zen, argiz gainezka zegoen plazaren erdian kobazuloko ahoa bailegoen. Barrenean, absideko ilunpetan, zilarrezko gurutze itzel bat suma zitekeen gangatik lurreraino zintzilik zegoen zapi beltz batean bordaturik. Nabe osoa hutsik zegoen, nahiz eta koruko eserleku urrutietan apaiz batzuen buruak nola edo hala ikusi eta ate nagusia ireki zenean kondenatuari botatako salmo goibelak zatika doinu tristez kantatzen ari zirela entzun ahal izan. «... Non timebo millia populi circumdantis me; exsurge, Domine; salvum me fac, Deus! «... Salvum me fac, Deus, quoniam intraverunt aqua usque ad animam meam. «... Infixus sum in limo profundi; et non est substantia.» Aldi berean, aldare nagusiko harmailetan beste ahots bat eskaintza triste hau kantatzen hasi zen: «Qui verbum meum audit, et credit ei qui misil me, habet vitam aternam et in judicium non venir; sed transit a morte in vitam.» Ilunpetan galduriko zahar batzuek udaberriko aire epelak laztandu eta gaztetasun nahiz bizitasunez betetako neska eder hari urrutira kantatzen zioten salmoa, hileta-mezakoa zen. Jendea debozioz ari zen entzuten. Neska gajoak, izuturik, bere begirada eta pentsamenduak elizako barren ilunean galdurik zeuzkan. Bere ezpain zuriak otoitzean ari bailitzan mugitzen ziren eta borreroaren laguntzailea gurditik jaisteko laguntzera inguratu zitzaionean, ahopeka hitz hau entzun zion behin eta berriz: Febo. Eskuak askatu eta jaitsarazi egin zuten. Ahuntza ere askatu eta jaitsi zuten, zeina bere burua libre ikusita beeka hasi baitzen. Oin hutsik joan behar izan zuen plazako zoru gogorrean atariko harmailetaraino. Lepotik zintzilik zuen soka berekin zeraman arrastaka, ondoren zebilkion sugea bailitzan. Orduan elizako kantuak isildu egin ziren. Urrezko gurutze handi bat eta kandela-ilara bat ilunpetan aurrera zihoazen. Suitzarren alabarda-hotsa entzun zen eta geroxeago hurrenez hurren kasulaz eta dalmatikaz jantzitako apaiz eta diakonoen prozesioa poliki-poliki kondenatuarengana etorri zen salmoak abestuz. Neskaren begirada ordea, gurutzearen ondoren prozesio-buruan zihoanarengan finkatu zen. O! esan zuen isil samar eta ikaraz Apaiz hori orain ere! Artxidiakonoa zen, bai. Ezkerrean xantreordea eta eskuinean xantrea zituen, azken hau bere karguari zegokion makila zeramala. Begiak finko eta irekirik zituela, ozen kantatuz zihoan: «De ventre inferni clamavi, et exaudisti vocem meam, «Et projecisti me in profundum in corde maris, et flumen circumdedit me». Ojibazko atarian, gurutze beltzeko gainjantzi zilarreztatu handi batean bildurik, argitara agertu zenean, hain zurbil zegoenez jendetzako batek baino gehiagok koruko hilobi-lauzetan belauniko zeuden marmolezko apezpiku bat zela pentsatu zuen; handik jaiki eta hil behar zutena jasotzera hilobi-atarira etorri zela, alegia. Neska, bestea bezain zurbil eta estatua itxurako, ia konturatu ere ez zen egin eskuan argizari horizko kandela astuna piztuta ipini ziotela. Eskribauak bere ahots ozenez barkamena eskatzera kondenatu zutela esandakoan ere ez zen ohartu. Amen erantzutea eskatu ziotenean, Amen esan zien. Bere onera etor zedin, apaizak zaintzaileei utz zezaten keinu egin eta harenganaino joan behar izan zuen. Orduan odola buruan irakiten sentitu zuen eta haserre-hondar bat piztu zen arima kamuts eta hotz hartan. Artxidiakonoa poliki hurbildu zitzaion. Egoera larri hartan ere, neskak bere biluztasunera lizunkeria, jelosia eta grinaz betetako begirada distiratsua bota ziola sumatu zuen. Gero ahots indartsuz honela mintzatu zitzaion: Neska hori! Jaunari barkamena eskatu al diozu zeure hutsune eta bekatuengatik? Neskaren belarrira inguratu zen eta honela hitz egin zion (ikusleek azken aitortza zela pentsatu zuten): Onartuko al nauzu? Oraindik ere salba zaitzaket! Neskak finko begiratu zion: Zoaz infernura edo salatu egingo zaitut! Apaizari irribarre beldurgarria atera zitzaion. Ez dizute sinetsiko. Krimenari eskandalua eranstea besterik ez zenuke egingo. Erantzun bizkor. Onartzen al nauzu? Zer egin diozu nire Febori? Hilda dago erantzun zion apaizak. Une hartan artxidiakono doilorrak oharkabean burua altxatu zuen eta plazaren aurrez aurreko ertzean, Gondelaurierkoan etxeko balkoian, kapitaina zutik ikusi zuen Fleur-de-Lys-en ondoan. Zalantza egin zuen une batez. Eskua begi aurretik pasatu eta berriz begiratu zuen. Madarikazio bat murmuratu eta aurpegiko zain guztiak uzkurtu egin zitzaizkion. Hil zaitez, bada! esan zuen ahopeka. Inork ez zaitu izango. Orduan eskua ijitoaren gainean ipinita ahots tristez oihu egin zuen: I nunc, anima anceps, et sit tibi Deus misericors! Zeremonia goibel haiei amaiera emateko esaera beldurgarria zen; apaizak borreroari egiten zion seinalea, alegia. Jendea belaunikatu egin zen. Kyrie Eleïson esan zuten ojibapean geratutako apaizek. Kyrie Eleïson errepikatu zuen jendetzak, itsaso haserrean palastadak bezala buru gainetik korritzen duen zurrumurrua sortuz. Amen esan zuen artxidiakonoak. Kondenatuari atzea eman zion, burua bular gainera erori zitzaion, eskuak gurutzatu egin zituen eta apaiz-taldera bildu zen. Geroxeago katedraleko arku lainotsuetan ezkutatu egin zen, gurutze, kapa eta kandelekin batera. Ahotsa ere poliki-poliki itzali zen koruan, etsipen-bertset hau abesten ziharduela: Omnes gurgiltes tui et fluctus tui super me transierunt! Aldi berean suitzarren alabarda-punta burdintsuak kolpatuz, zarata nabeko koloma artean emeki-emeki itzaltzen zen eta erlojua kondenatuaren azken ordua markatzen ari zela zirudien. Hala ere, Andre Mariako ateak zabalik geratu ziren, eliza hutsik, beltz, doluz, kandela eta ahotsik gabe, ikus zitekeelarik. Kondenatua geldirik zegoen bere lekuan, zer aginduko zioten zain. Zigor-sarjentuetako batek Charmolue maisuarengana joan behar izan zuen, ikuskizun hartan atari handiko baxuerliebea aztertzen hasi zelako. Batzuentzat Abrahanen sakrifizioa dago han irudikatuta eta besteentzat filosofoen eragiketa, eguzkiaren ordez aingerua, suaren ordez egurra eta artisauaren ordez Abrahan daudelarik. Ikustaldi hartatik ateratzea nahikoa kostatu zitzaien arren, azkenean Charmolue maisua jiratu egin zen eta keinu bat eginda horiz jantzitako bi gizon, borreroaren laguntzaileak, ijitoari inguratu egin zitzaizkion eskuak lotzekotan. Zorigaiztoko neskari, halabeharrean azken geltokiraino eramango zuen gurdira igo baino lehen bizitzako nahigabe mingarriren bat bururatu zitzaion. Gorritutako begi lehorrak altxatu egin zituen zerurantz, eguzkirantz, han-hemenka trapezio eta triangelu urdinez ebakitako hodei zilarreztatuetarantz, eta gero lurrera jaitsi zituen, etxeei, jendeari... begiratuz. Bat-batean, horiz jantzitako gizona eskuak lotzen ari zitzaionean, oihu ikaragarria egin zuen; pozezko garrasia. Han urruti, plaza-izkinako balkoian, bera ikusi zuen; bere laguna, bere jauna, Febo! Epaileak gezurra esan zion! Hura zen. Berbera. Ez zegoen zalantzarik. Han zegoen, eder, bizirik, uniforme liluragarriz, kapelan lumak eta aldean ezpata zituela. Febo! deiadar egin zuen Nire Febo! Maitasun eta ametsezko ikaraz besoak luzatu nahi izan zizkion, baina loturik zeuden. Orduan kapitaina bekozkoa ipintzen ikusi zuen, ondoan helduta zeukan gazte ederrak destainazko ezpainez eta begi haserrez begiratzen ziolarik. Gero Febok heldu ez zitzaizkion hitz batzuk esan zituen eta neska-mutilak balkoiko beiren atzera ezkutatu ziren presaka. Febo! oihu egin zuen etsita Zuk ere sinetsi egin al diezu? Pentsamendu beldurgarri bat etorri zitzaion. Febo Chateauperskoa hiltzeagatik kondenatu zutela gogoratu zuen. Ordura arte dena jasan zuen, baina azken kolpe hark neurri guztiak gainditu zituen. Korderik gabe lurrera erori zen. Goazen! esan zuen Charmoluek Eraman gurdiraino eta buka dezagun! Inor ez zen konturatu ordura arte atariko ojiben gainean, erregeen estatuen galerian, guztiari begira ikusle bitxi bat egon zela. Ordura arte adi-adi, lepoa luze-luze eginda, hain aurpegi itsusiaz egon zenez, bere arropa erdi gorri-erdi moreagatik izan ez balitz harrizko munstro haietako bat (zeintzuen ahotik seiehun urtez katedraleko teilatu-hodi luzeetako urak hustu baitira) zela esan zitekeen. Ikusle hura eguerdiaz gero Andre Mariako atarian gertatutako guztiaz jabetu zen. Hasiera-hasieran, inor ohartu gabe, galeriako kolomatxo bati korapilozko lokarri bat gogor lotu zion, muturra beheko harmailetaraino heltzen zelarik. Hori egin ondoren ikusmiran geratu zen lasai, noizbehinka aurretik igarotzen zen zozoren bati txistua joz. Bat-batean, borreroaren laguntzaileak Charmolueren agindua betetzera zihoazenean, balaustradaren beste aldera jauzi egin, oinez, belaunez eta eskuez lokarriari heldu eta fatxadan ur-tanta beiran bezalaxe jaisten ikusi zuten. Teilatutik erortzen ari den katua baino bizkorrago joan zen bi borreroengana. Bere bi ukabil ikaragarriez bi gizonak eraitsi, umeak panpina bezala ijitoa esku batez hartu eta jauzi batez elizaraino iritsi zen, neska bere buru gainera altxatuz eta ahots ikaragarriz oihu eginez: Asiloa! Asiloa! Asiloa! errepikatu zuen jendetzak, eta hamar mila txalok pozez eta harrotasunez distirarazi zuten Quasimodoren begi bakarra. Astinaldi hura zela eta, kondenatuari kordea itzuli zitzaion. Begiak ireki eta Quasimodori begiratu zion. Berehala itxi zituen berriz, bere salbatzaileaz ikaratuta. Charmolue, borreroak eta segizioko guztiak zur eta lur geratu ziren. Izan ere Andre Mariako katedral barruan kondenatua ez zegoen derrigortzerik. Katedrala babeslekua zen eta edozein giza justiziaren esparrua atarian amaitzen zen. Quasimodo ate handiaren parean geratu zen. Bi hanka handiak elizako zoruan pilare erromaniko astunak bezain sendo finkaturik zituen. Bere buru handi-iletsua, sorbalda artean lepo ordez adatsa duten lehoiek bezala sartua zuen. Bere esku latzez neska gaztea zapi zuria bezala altxatuta zeukan, baina hain kontuz zerabilkienez, hautsi edo zimelduko ote zitzaion beldur zela zirudien. Eman behar bazekiela gauza hauskor, eztitsu eta preziatu hura beste esku batzuez erabiltzekoa zela. Batzuetan ukitzera ere, ezta arnasaz ere, ez zen ausartzen. Gero, bat-batean, bere bular koskatsuaren kontra besarkatu zuen, maitea edo altxorra izango balu bezala; neskaren amak besarkatu izan balu bezala, alegia. Bere iratxo-begiak, neskarengana jaitsita, samurtasun, samintasun eta gupidaz betetzen zuen. Gero bat-batean, argitasunez beteta altxatzen zen. Orduan emakumeak barrez eta negarrez hasi ziren. Jendetza pozez zoratzen zegoen, zeren Quasimodo orduan bere edertasuna erakusten ari baitzen. Umezurtz hura, kalean aurkitutako haur hura, hondakin hura, ospetsu eta kementsu sentitzen zen. Bazterturik zeukan gizarteari aurrez aurre begiratzen zion, hain indartsu eragiten ziolarik. Harrapakina kenduta, giza justiziari aurrez aurre begiratzen zion, hutsari hozka egin beharrean ziren tigre, morroi, epaile eta borreroei; bera hain ezdeusa izanik, jauna lagun zanpatuta utzitako erregearen indar guzti hari. Gainera hunkigarria zen hain izaki itsusiak zorigaiztoko neska hura babestu izana; Quasimodok heriotzera kondenatutako gajo hura salbatu izana, alegia. Naturako eta gizarteko muturreko miseriek, elkar ukitu eta elkarri lagundu zioten. Garaipen-minutu batzuk igaro ondoren, Quasimodo bat-batean elizara sartu zen bere karga zeramala. Beti balentrien egarri den herriak, nabeko iluntasunean ikusi nahi zuen, haien begirada eta txaloetatik hain azkar ezkutatu zelako damutan. Bat-batean Frantziako erregeen galeriako mutur batean agertu zitzaien eta eroa bezala joan zen heriosuhar beste muturreraino, besoetan berak lortutakoa altxatuz eta deiadarka: Asiloa! Jendetza txaloka hasi zitzaion berriz. Galeria zeharkatu ondoren, berriro eliza barrenera murgildu zen. Une bat geroago goiko plataforman ikusi zuten beti ere ijitoa besoetan zeramala eta oihu zegiela: Asiloa! Eta jendetzak txalo jo zion beste behin. Hirugarren eta azken aldiz ere agertu zitzaien kanpandorre gainean. Handik hiri guztiari harro erakutsi zion salbatu zuena, eta bere trumoi-ahotsak, hain gutxitan entzun eta inoiz ulertzen ez zitzaionak, zangar errepikatu zuen hirutan hodeietaraino: Asiloa! Asiloa! Asiloa! Gora! Biba! deiadar egin zuen herriak. Oihu ikaragarri haiek ibaiz beste alderaino iritsi ziren, Greveko jendea eta urkamenditik begirik kentzen ez zuen giltzapeko emakumea harrituta utzirik. Parisko Andre Maria |