Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

III.
KARDINAL JAUNA

 

        Gringoire gaixoa! San Joan gaueko txapligu handi guztien leherketak, hogei arkabuzen aldibereko danbatekoak, Parisko setiatzean 1465eko irailaren 29an igandez Tour de Billy-n zazpi borgoniar bertan hilotz utzi zituen serpentin famatuaren eztandak edo Porte du Temple-n bildutako kanoi-bolbora guztiaren zalapartak une nagusi eta dramatiko hartan ez zizkioketen belarriak atezainaren ahotik jaulkitako hitz haiek (Bere gorentasuna, Borboiko kardinal jauna esaldiak) baino zakarkiago urratuko.

        Pierre Gringoire batetik ez zen kardinal jaunaren beldur eta bestetik ez zuen gutxiesten. Ez zeukan ez ahuleria eta ez harrokeria hori. Eklektiko hutsa zen, gaur egun esango litzatekeenez. Izpiritu landu eta tinkoa zuen, zentzuduna eta barea, gauza guztietan erdian egoten dakienetakoa (stare in dimidio rerum) eta kardinalei beren gradua aitortu arren arrazoi eta filosofia liberalez beterik dagoenetakoa. Inoiz eten ez den filosofoen kasta baliotsua da, zeinari zuhurtasunak (beste Ariadna bat bailitzan) giza gertaeren labirintoan zehar munduaren sorreraz gero askatzeko harila eman diola baitirudi. Garai guztietan agertzen dira eta beti berdinak dira, hau da, aldian aldiko egoerara egokitutakoak. Eta merezi duen tornuia emango bagenio XV. mendean beren ordezkari izango litzatekeen Pierre Gringoire alde batera utzita, benetan izpiritu horrek eraginda idatzi zituen XVI. mendean aita du Breul-ek xalo bezain bikain eta edozein mendetan egoki diren hitz hauek: «Ni nazioz paristarra naiz eta hizketaz parrhistarra, grekoz parrhisiak mintzatzeko askatasuna esan nahi duelako. Askatasun hori, dela kardinal jaunekin, dela Conty-ko printze jaunaren osaba eta anaiarekin erabili dut, beti ere beren gorentasunei zor zaien begirunea gordez eta ugaria izan ohi den beren lagun osteko inor iraindu gabe.»

        Han agertuta zirrara mingotsa sortuagatik, Pierre Gringoirek ez zuen, bada, kardinalarenganako ez gorrotorik eta ez arbuiorik; alderantziz baizik. Gure poeta sen onetik ongi horniturik zebilen eta jantzi higatuegia zeukan sarrerako aipamen asko (Frantziako lehoiaren seme delfinari egindako laudorioak batez ere) bere gorentasun kardinalaren belarriak jasotzeari behar bezalako garrantzia ez emateko. Dena dela, interesa ez da poeten izaera prestuan jaun eta jabe. Poeta, oro har, hamar zenbakiaz ordezkatuko balitzateke eta kimikari batek analizatuko balu (edo Rabelais-ek esango zukeenez farmakopolizatuko balu), interesetik zati bat eta buru-estimatik bederatzi aurkituko lizkiokeela pentsatzen dut. Kardinalarentzat area ireki zenean ordea, Gringoireren buru-estimazko bederatzi zatiak, jendearen mirespenak puztu eta hanpaturik, harrigarriro handiagotzen ari ziren eta haien eraginpean poetaren izaeran arestian aipatutako interes-molekula ñimiñoa itota desagertzen ari zen. Osagai baliotsua dugu azken hau inola ere; errealitatearen eta gizatasunaren lastra, horiek ezean lurra zapaldu ere egingo ez luketelarik. Gringoire jendetza hura (pikaroz betea, egia da, baina zer axola zion horrek?) zur eta lur, harrituta, bere eztei-olerkiko zati bakoitzetik etengabe jaulkitzen ziren esaldi bikainen aurrean ahozabalik zegoela pozik ari zen sentitzen, ikusten edo, nolabait esan, dastatzen. Guztien onespen hartan bera ere partaide zela esan dezaket, eta La Fontaine-k bere Florentin komediaren emanaldian ez bezala (Zein da komedia hau egin duen astakiloa? galdetu baitzuen) Gringoirek pozik galdetuko ziokeen ondokoari beste honako hau: Zeinek egin du maisulan hau? Atera kontu, beraz, ustekabean eta bat-batean kardinala agertzeak zer-nolako ondoeza sortu zion.

        Berak nahi ez zuena gertatu zen, hain zuzen. Gorentasuna azaldu zenean entzuleak aztoratu egin ziren. Buru guztiak taulatura jiratu ziren. Handik aurrera ulertzerik ez zegoen. —Kardinala! Kardinala! —zioten guztiek. Zorigaiztoko sarrera hura bigarrenez eten zuten.

        Kardinala une batez taulatuko atarian gelditu egin zen. Zebilen bitartean, axola handirik gabe begiratu zion ikuslegoari, eta ondorioz zalaparta bizitasun-maila handiagoraino igo zen. Denek hobeto ikusi nahi zuten, beren burua aurrekoen bizkar gainean sartuz.

        Oso pertsona ospetsua zen, noski, eta hura ikusteak beste edozein komediak baino gehiago balio zuen. Karlos, Borboiko kardinala, Lyongo artzapezpiku eta kondea, Galiako primatua, Luis XI.aren senide zen anaia Pierre, Beaujeu-ko jauna, erregearen alaba zaharrenarekin ezkonduta zegoelako. Bere ama Agnes Borgoniakoaren partetik Karlos Izukaitzaren tarteko egiten zen. Dena den, Galiako primatuaren ezaugarri nagusia, izaera bereizten ziona, gorte-zaletasuna eta botererako joera ziren. Asmatzekoa da bi aldeko ahaideak edukitzeak zenbat enbarazu sortu zion, eta bere txalupa izpiritualak ez Luisi eta ez Karlosi kontra ez egiteko mundu honetako zenbat eragozpen saihestu behar izan zuen; Nemoursko dukea eta Saint-Paul-go kondestablea irentsi zituzten Karibide eta Eszila-ren parekoak baitziren haiek. Jaunari eskerrak, ibilaldi hartatik onik atera zen, eta Erromara oztoporik gabe heldu zen. Baina portura iritsita egonagatik, edo agian iritsita egoteagatik, hain asaldagarri eta neketsua izandako bere iraganeko bizitza politikoaren gorabeherak beti kezkaturik gogoratzen zituen. 1476 urtea beretzat beltza eta zuria izan zela esateko ohitura zuen, urte hartan bere ama Borboiko dukesa eta bere lehengusu Borgoniako dukea galdu zituelako eta lutu batek bestea arindu ziolako.

        Beste gainerakoan, gizon ona zen. Kardinal-bizimodu alaia zeraman, Challuau-ko erret ardoak dastatuz majo pozten bazekien, Richarde la Garmoise eta Thomasse la Saillarde ez zituen arbuiatzen eta emakume zaharrei limosna ematea baino nahiago zuen neska politei ematea. Guzti horregatik Parisko herri arloteari gogoko zitzaion. Aukera egokitutakoan parrandarako prest zegoen eta leinu ospetsuko apezpiku nahiz abade pikaroz osatutako gortetxoa ostean ez bazuen ez zen inora joaten. Behin baino gehiagotan aztoratu ziren Saint-German d'Auxerre-ri debozioa zioten emakume elizkoiak, Borboikoaren egoitzako argiztatutako leihopetik igarotzean egunez bezperak kantatu zizkieten ahots berberak edalontzi-hots artean Benedikto XII.aren (tiarari hirugarren koroa erantsi zion aita santuaren) Bibamus papaliter esaera entzunda.

        Ongi merezita irabazi zuen fama medio, aretora sartu zenean jendetzak ez zion harrera txarra egin, lehentxeago hain haserre egonagatik eta aita santua aukeratu behar zuten egunean kardinala errespetatzeko batere prest ez egonagatik. Baina paristarrak ez dira gorroto zaleak, eta gainera antzerkia beraiek aginduta hasi zenez, hiritar zintzoek kardinalari gaina hartu zioten eta garaipen hura aski zuten. Gainera Borboiko kardinala gizon ederra zenez eta oso ongi zetorkion arropa gorriz jantzita zegoenez, emakume guztiak (hau da, ikuslegoaren erdia) alde zituen. Hain gizon lerdena izan eta bere arropa gorria hain dotore eramanda gizonari berandu etortzeagatik txistua jotzea ez zen bidezkoa. Beraz, sartu, nagusiek oinordetzaz jasotzen duten herri xehearentzako irribarreaz han bildutakoaz agurtu eta emeki-emeki belus gorrizko besaulkira hurbildu zen, buruan beste era bateko pentsamenduak zituen itxuraz. Apezpiku eta abadez osatutako bere lagun-ostea (estatu nagusia deituko diogu aurrerantzean) ere taulatura joan zen ondoren, entzuleriaren zarata eta jakin-mina areagotuz. Jendeak izendatu egiten zituen, haietako zein ezagutzen zuen adieraziz. Batek, oker ez bazegoen Alaudet jauna, Marseillako apezpikua, ezagutu zuela zioen. Besteak, Saint-Denis-ko abadea. Hurrengoak, Saint-Germaindes-Pres-ko Robert Lespinasse abadea; Luis XII.aren maitale baten anaia emakoia. Guzti horiek akats eta kakofoniaz beteta esaten zituzten. Ikasleak berriz, beren madarikazioetan ari ziren. Beren eguna zuten, beren ero-festa, beren saturnalia, beren urteroko kuria- eta eskola-orgia. Egun hartan ez zegoen ezer sakraturik. Edo zein astakeria egiteko eskubidea zegoen. Gainera jendartean emakume alaiak zeuden; Simone Quatrelivres, Agnes la Gadina, Robine Piedebou. Hain egun ederrean, elizgizonez eta neska atsegingarriz hain ongi hornituta egonda, beraz, gutxienez nahierara maldizioak bota eta jainkoaren izena madarikatu behar zen. Ez zeuden isilik egoteko, eta iskanbila hartan birao eta itsuskeriazko xaribari izugarria ateratzen zen ikasleen mihi aske haietatik; urte osoan San Luisen burdin goriaren beldurrez lotuta egondako mihietatik, alegia. San Luis gizajoa! Hura zen bere justizi jauregian bertan iseka egitea, hura! Taulatura etorri berriak hartzen zituzten ahotan eta bakoitzak sotana beltz, gris, zuri edo morezkoa aukeratua zuen erasotzeko. Joannes Frollo de Molendinok, artxidiakonoaren anaia zelako, sotana gorriari ausart oldartu zitzaion eta bere begi lotsagabeak kardinalarengan zorrotz finkatuta, garrasika ari zitzaion kantuz: Cappa rapelta mero!

        Irakurlea kontura dadin hemen larrugorritan adierazten ditugun xehetasun guzti hauek, aretoko anabasa guztian oso nahasturik zeuden eta jende ospetsuaren taulaturaino heldu baino lehen itzali egiten ziren. Horrez gain, egun hartako gehiegikeriek kardinalari ez zioten asko erasan. Egun hartako askatasuna izan ere, oso txertatua zegoen usadioetan. Bere aurpegi kezkatiak aditzera ematen zuenez ordea, beste zerbaitek estutzen zuen; berarekin ia batera taulatura iritsi zen Flandesko enbaxadak.

        Ez zen politikari sakon horietakoa, eta ez zuten kezkatzen ez bere lehengusina Margarita Borgoniakoak bere lehengusu eta Vienako delfin Karlosekin egingo zuen ezkontzaren ondorioak eta ez Austriako dukearen eta Frantziako erregearen arteko harreman onaren iraupenak. Ezta Ingalaterrako erregeak bere alaba alde batera uzteagatik izan zezakeen jarrerak ere. Guzti horrek buruhauste gutxi ematen zion eta horregatik lasai edaten zuen gauero Chaillot-eko erret ardoa, Luis XI.ak Eduardo IV.ari adeitasunez emandako ardo hartako botila batzuek (Coictier medikuak apur bat moldatuta eta zuzenduta, hori bai) egunen batean Luis XI.ari Eduardo IV.a paretik kenduko ziotela pentsatu ere egin gabe. Austriako duke jaunaren enbaxada txit agurgarriak lehentxeago aipatutako ezergatik ez zuen kardinala kezkatzen, baina beste gauza bategatik bai. Izan ere aspergarri samarra zen (arestian liburu honetan zerbait esan dugunez) derrigorrean berak, Borboiko Karlosek, ez dakit zein hiritarri harrera ona egin beharra; kardinalak zinegotziei, frantziarrak garagardo-edale flandestarrei ongietorria egin beharra, alegia. Jendaurrean egin behar gainera. Inola ere erregeari gustu emateko inoiz burututako eginkizun gogaikarriena zuen.

        Horregatik atezainak Austriako duke jaunaren mandatari jaunar ozen aldarrikatu zuenean, munduko txairotasunik handienaz (bere burua hain ongi estudiatzen zuenez) sarrera alderantz jiratu zen. Aretoko guztiek ere, zer esanik ez, gauza bera egin zuten.

        Binaka eta serio sartu ziren, Karlos Borboikoaren elizgizon-oste handi-mandia ez bezala, Maximiliano Austriakoaren berrogeita zortzi enbaxadoreak, buruan Joan aita agurgarria (Saint-Bertingo abadea eta Urrezko ardi-larruko kantzelaria) eta Jacques Goykoa (Dauby-ko jauna, Gante-ko baile nagusia) zirela.

        Isiltasun handia nagusitu zen aretoan, nahiz eta barre-hots txiloi batzuk entzun. Izan ere pertsonaia haietako bakoitzak atezainari batere ikaratu gabe bere deitura bitxi eta tituluak adierazten zizkion eta atezainak segidan deitura-titulu haiek nahastuta eta itxuraldatuta iragartzen zituenean jendea barreari eutsi ezinik uzten baitzuen. Loys Roelof, Lovaina hiriko zinegotzia, musde Clays Etueldekoa, Brusselako zinegotzia, musde Paul Baeustekoa, Voirmizelleko jauna eta Flandesko lehendakaria, Joan Coleghens maisua, Anberes hiriko alkatea, Jorge Moere, Gante hiriko udaleko zinegotzi -burua, Gheldolf van der Hage, aipatutako Hage hiriko zinegotzi burua, eta Bierbecque-ko jauna, eta Joan Pinnock, eta Joan Dymaerzelle, etab. etab. Baile, zinegotzi eta alkate; alkate zinegotzi eta baile. Denak zurrun, tente, almidoitu, balus eta damasko-ihalez apain, buruan Txipreko urre-harizko borla lodiz horniturik belus beltzezko kapelak zituztela. Flandestar buru ospetsuak, serioak eta duinak inola ere; Rembrandtek bere Gaueko erronda izeneko koadroaren hondo beltzean nabarmentzen dituenak bezain serio eta itzal handikoak. Eman behar kopetan idatzita zeukatela Maximiliano Austriakoak, agiriak zioenaren arabera, haien sen on, ausardia, eskarmentu leialtasun eta zintzotasunean konfiantza osoa zuela.

        Bazegoen ordea, salbuespen bat. Aurpegi fin, bizkor, maltzur bat bazen; tximino eta diplomatikoaren muturra zuena, zeinaren aurrean kardinalak hiru urrats eman eta erreberentzia handia egin baitzuen. Gilermo Rym zen, Gante hiriko kontseilari eta sari-ordaintzailea.

        Gutxik ezagutzen zuten orduan Gilermo Rym. Adimen bizkorrekoa zen, inola ere. Iraultza-garaian bizi izan balitz, distiratsu ibiliko zatekeen gertaeren aitzindari, baina hamabosgarren mendean isilpeko azpikerietara mugatu eta satorlanean bizi beharra zeukan, Saint-Simon-go dukeak esaten duenez. Gainerakoan, Europako lehen azpikariak estimatua zuen oso. Luis XLarekin noiznahi aritzen zen azpijokoan eta erregearen isilpeko arazoetan maiz hartzen zuen parte. Guzti hartaz arrastorik ere ez zeukan, noski, kardinalak mazkal itxurako flandestar baile harengana zuen adeitasuna ikusita txundituta zegoen jendetzak.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997