|
Parisko Andre Maria II. Erdi Aroko edozein hiritan, eta Luis XII.a arte Frantzia osoan, asilorako lekuak zeuden. Asilo-leku haiek, hiria itotzen zuten lege penal eta eskumen basatizko pilo hartan giza justiziaz gaindi zeuden irla antzekoak ziren. Horietara iristen zen edozein hiltzailek salbatutzat jo zezakeen bere burua. Errebal bakoitzean urkamendi adina asilo-leku zegoen. Zigorgabetasun-gehiegikeria zen hura, oinaze-gehiegikeriaren ondoan. Bazirudien bi alderdi txar haiek elkar konpondu nahi zutela. Errege-jauregiak, printzeen egoitzak eta batez ere elizak, asilo-leku ziren. Inoiz hiri osoa ere aldi baterako asilo-leku izaten zen; bertara biztanleak erakarri nahi zirenean, batez ere. 1467an, Luis XI.ak Paris asilo-leku izendatu zuen. Hiltzaileak oina asilo-lekuan ipini orduko, sakratua zen, baina ez zuen handik mola ere irten behar. Urrats bat kanpora eman bezain laster lehengo olatua zetorkion gainera. Gurpila, urkamendia eta oinaze-tresnak prest zeuden babeslekuaren inguruan txoria noiz harrapatuko, marrazoak ontziaren inguruan bezalaxe. Klaustroan, jauregiko eskaileran, abadiako baratzean edo eliz atarian zahartutako jendea ikusi izan da. Asilo-lekua, beraz, beste edozein bezalako presondegia zen. Inoiz parlamentuko dekretu bereziren bati esker asilo-lekua bortxatu eta kondenatua borreroaren esku uzten zuten, baina egia esan, horrelakorik oso gutxitan gertatzen zen. Parlamentuak apezpikuei beldur zien eta bi Idase haiek haserretzen zirenean, toga eta sotana ez ziren egokitzen. Batzuetan hala ere, Parisko borrero zen Petit-Jean-en hiltzaileen kasuan adibidez, edo Joan Valleret hildako Emery Rousseau-renean, justizia Elizaren gainetik pasatu zen eta epaiak bete egin ziren. Parlamentuaren dekreturik ezean baina, erruki inork armaturik asilo-lekua bortxatzen bazuen! Badakigu Roberto Clermontekoa, Frantziako mariskala eta Joan Chalonskoa, Champagne-ko mariskala, nota hil ziren. Eta kondenatua Perrin Marc zen; diru-trukalari baten enplegatu eta hiltzaile ezdeusa. Baina bi mariskalek Saint-Meryko ateak bortxatu zituzten. Hori zen bekatua. Asilolekuez zegoen errespetua hain handia zenez, tradizioaren arabera animaliengana ere iristen zen. Aymoin-ek dioenez, Dagoberto ehizatzen ari zen bele bat Saint-Denys-en hilobian babestu zen. Zakur-taldea bat-batean geratu eta zaunkaz egon zen. Elizek normalean, gela txiki bat prest izaten zuten babes bila zetozenentzat 1407an, Nikolas Flamel-ek Saint-Jacques-de-la-Boucherie-ko gangen gainean haientzat gela bat eraikiarazi zuen eta lau libera, sei sos eta hamasei denari paristar kostatu zitzaion. Andre Marian, alboko kaperen teilatuan, arbotantepean, klaustroaren aurrez aurre, zegoen gela; hain zuzen oraingo dorrezainaren emazteak lorategia ipini duen lekuan, zeina Babiloniako lorategi zintzilikatuen ondoan letxuga palmondoarekin edo atezaina Semiramis-ekin konparatzea bezalakoa baita. Quasimodok, dorre eta galerietan zehar bere garaipen-ikur gisa haraxe eraman eta utzi zuen Esmeralda. Ibilaldi hark iraun bitartean, neska gaztea erdi lo, erdi esna zihoan bere onera etorri gabe. Ez zuen ezer sentitzen. Airean flotatuz zihoan eta norbaitek lurretik gora zeraman. Noizbehinka bere belarrian Quasimodoren barre-algarak eta ahots ozena entzuten zituen. Begiak zerbait irekitzen zituenean, bere azpian Paris milaka arbel eta teilaz pikardatua ikusten zuen, mosaiko gorri-urdina bailitzan. Aurrean berriz, Quasimodoren aurpegi alai eta beldurgarria zekusan. Orduan betazalak erori egiten zitzaizkion. Dena amaitu zela pentsatzen zuen; bere zorabioan urkatu egin zutela, eta patua gidatu zuen izpiritu itxuragabeak, jaun eta jabe zeramala. Ez zitzaion begiratzera ausartzen eta utzi egiten zion eraman zezan. Baina kanpai-joleak, ileak nahasita eta arnasestuka, babes-gelan utzi zuenean, haren esku handiak besoan min ematen zion soka kontuz askatzen sentitu zituenean, gau ilunean ontziak hondoa jota bidaiariak asaldaturik esnatzen dituen moduko astindua nabaritu zuen. Kordea ere itzuli zitzaion. Pentsamenduak banaka zetozkion eta Andre Mariako elizan zegoela konturatu zen. Borreroaren eskuetatik norbaitek eraman zuen, Febo bizirik zegoen eta ez zuen maite. Batak besteari hainbeste sumintasun eragindako azken bi ideia hauek, batera zetozkion burura kondenatu gajoari. Aurrean zutik zegoen eta beldurra zion Quasimodori, honela mintzatu zitzaion: Zergatik salbatu nauzu? Adi-adi begiratu zion, neskak zer zioen asmatu nahian. Ijitoak berriz egin zion galdera. Orduan oso begirada tristeaz, joan egin zen. Neska harrituta geratu zen. Geroxeago itzuli zitzaion Quasimodo eta oinetan pakete bat utzi zion. Emakume eskuzabal batzuek eliz atarian neskarentzat emandako arropa batzuk ziren. Orduan bere buruari begiratu zion, eta erdi biluzik zegoela konturatuta, gorritu egin zen. Bizia berriz zetorkion. Quasimodo ere bazirudien zerbait lotsatu zela. Bere esku handiaz begiak estali eta berriro joan egin zitzaion, baina oraingoan poliki. Presaka ekin zion janzteari. Soineko zuria zen eta estalkia ere bai; Ospitaleko nobizien habitoa. Bukatu orduko Quasimodo berriro hurbildu zitzaion. Otarra zekarren galtzarbe batean eta koltxoia bestean. Otarrean botila, ogia eta janari batzuk zeuden. Lurrean ipini eta honakoa esan zion: Jan ezazu. Koltxoia lurrean zabaldu, eta: Lo egin. Izan ere bere otorduaren eta bere ohearen bila joan baitzen kanpai-jolea. Buhameak begiak altxatu zituen eskerrak eman nahian, baina txintik ere ez zitzaion atera. Gizajo hura itsusi porrokatua zen. Neskak burua jaitsi zuen beldur-ikaraz. Orduan gizona honela mintzatu zitzaion: Beldurtu egiten zaitut. Benetan itsusia naiz, ezta? Ez nazazu begira. Entzutearekin aski duzu. Egunez hemen egongo zara eta gauez eliza guztian zehar ibil zintezke. Ez irten ordea elizatik, Jainkoarren! Ez egunez eta ez gauez. Galdua zinateke. Hil egingo zintuzkete eta ni ere hil egingo nintzateke. Hunkituta, burua altxatu zuen erantzun asmoz, baina ordurako ezkutatua zen. Bakarrik geratu zen munstroa zirudien, hark esandako hitz bitxiez ametsetan eta bere ahotsaz harrituta. Ahots latza zen, inola ere, baina gozoa ere bai aldi berean. Gero egoitza aztertu zuen. Sei oin karratuko gela txikia zen. Argizulo bat zeukan eta zerbait inklinatutako lauzazko teilatuan ate bat zuen. Animali formako xurrutarri batzuk inguratzen zuten eta lepoa luzatzen ari zirela zirudien, argizulotik hobeto ikus zezaten. Teilatu ertzetik, milaka tximiniaren goialdeak ikusten zituen, bere begi aurrean Parisko sukalde guztietako kean igotzen zirelarik. Ikuskizun tristea benetan ijito gaixo, umezurtz, hiltzera kondenatu, ez aberri, ez familia eta ez etxe, zerua goian eta lurra behean zebilen zorigaiztoko emakume harentzat. Bakardade-pentsamendu hura sekula baino latzago bururatu zitzaionean, buru iletsu eta bizartsu bat sentitu zuen bere esku-belaunetan. Beldurtuta (edozerk ikaratzen baitzuen orduan), begiratu egin zuen. Ahuntza zen, Djali trebea. Quasimodok Charmolueren taldea sakabanatu zuenean atzetik joan zitzaien eta han zegoen oinetan gutxi gorabehera ordubetez laztanka, neskak begira ziezaion lortu ezinik. Ijitoak orduan musuz bete zuen. O! Djali esaten zion. Ahaztu egin zaitut! Zuk beti pentsatu duzu nitaz! O! Zu ez zara esker gaiztokoa, ez! Eta une hartan, esku ikusezin batek bere bihotzeko malkoak aspalditik estutzen zituen pisua altxatu balu bezala, negarrez hasi zen. Negar malkoak jaulki ahala, haiekin batera bere samintasunaren alderdi garratz eta zorrotzena zihoala sentitu zuen. Ilundu zuenean, gaua eta Ilargia ederretsita, eliza inguratzen duen goiko galerian ibili zen. Barrena arindu egin zitzaion. Han goitik begiratuta izan ere, lurra hain zen barea! Parisko Andre Maria |